Almendra olioa Van Goghentzat
![]()
Txikitan, belarriko mina tarteko lata ederra ematen nuenean, amak almendra olio ttantta batzuekin bustitzen zidan belarri barrena. Erremedio ezagun bezain zaharra da, antza, belarriko minak leuntzeko. Sorgin xamarra da eta nire ama…
Aitortu behar dut ez zaidala inoiz gustatu inork donostiar bati ñoñostiar esatea. Are gutxiago donostiar hori euskalduna bada. Badakit nire buruaren kontra egiten ari naizela. Nahikoa da zer gustatzen ez zaizun esatea, gero denek gustatzen ez zaizun hori etengabe errepika dezaten. Beti esan dut, erdi txantxetan, ñoñostiarrak badirela, baina baita donostiar peto-peto eta jatorrak ere. Horiei, nahi izanez gero, usadioak agintzen duen bezala deitzeko gomendioa egin ohi diet adar-jotzaileei: Kaxkariñak.
Etxeko sendabide hori berriz ere erabiltzekotan izan naiz egunotan, Euskadi Gaztearen azken kanpainaren harira. Itoiz taldearen “Lau Teilatu” kantari makina bat bertsio egin dizkiote, besteak beste Nahi Ta Nahiez taldearen reggae aldaera. Eta ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu… Esango nuke, jatorrizkoarekin ere, gogaituta amaitu nuela entzunaren entzunaz. Baina aditu dudan azken hau jasanezina egin zait, gogaikarri baino gehiago.
Ez nekien La Oreja de Van Gogh taldeko abeslariak eta Mikel Erentxunek egindako bertsioa zenik. Patxi Gaztelumendiri irakurri nion bere blogean. Eta bata nahiz bestearen gainean aurreiritzi dezente dudan arren (edo atzeiritzi, nork daki), abesten duena Ainhoa Arteta bera dela esango balidate ere nire iritziak bere horretan jarraituko zukeela uste dut. Ez atzera, ez aurrera.
Dagoeneko irakurri ditut irrati formula honen kanpainaren gaineko iritziak, lerro hauetan irakur dezakezuena baino mamitsuagoak gehienak. Abestiaren bertsio ñoñostiarra egin dutela ere entzun dut. Nola ez digute ba ñoñostiar esango, gure ustezko enbaxadore bakarrak bi horiek direla badirudi? Bixente hilobitik aterako balitz, almendra olio ttantta pare bat isuriko nizkioke belarri zuloan barrena. Osorik geratzen zaion horretan, noski.
This entry was posted on Asteazkena, Urria 3rd, 2007 at 11:20 am and is filed under filo. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Urria 3, 2007 at 12:06 pm sapi wrote:
single-en zerrenda irakurrita, aukeraketa ona iruditu zitzaidan eta erosteko asmotan nenbilen, baina lehenengo kanta hori izanda, emuletik jaitsi eta kanta hura ezabatuko dut. Benetan penagarria kanta.