rssgaur8 logotipoa

Euskal-SEO, bilaketa makinen hoberentzea

Search Engine Optimization (SEO) edo Bilaketa Makinen Hobetzea [es] [eng] oso modako afera da nazioartean. Ingelesez, erdaraz edo frantsesez gai honen inguruko blog ugari dago, eta mundu osoko blogarien arreta bereganatzen dute. Bilaketei begirako posizionamendu edo kokatzea ere esaten zaio.

Bilaketa makinek zure webguneko edukiak errazago eta modu eraginkorragoan aurkitzeko kontuan hartu beharreko irizpideak biltzen dituzte SEO aholkulariek. Gainera, bilatzaile nagusietan ikusgarritasuna erdiesteko egin beharrekoak aztertzen dituzte. Izan ere, bi ezaugarri horiek webguneen trafikoari zuzenean eragiten dioten kontuak dira.

Adibide batzuk, labur labur:

Taxonomia: Zure webguneko edukien loturak modu batean ala bestean izendatzeak bilaketen emaitzei eragin diezaiekete. Horrela, www.zuregunea.com//2007/10/20/izenburuan-dauden-gako-hitzak/ gisako lotura www.zuregunea.com//?p=255 baino eragingarriagoa izan daiteke, biilatzaileentzat ikusgarriagoa eta edukiak bilatzerakoan zehatzagoa. Folksonomia izeneko aldaera ere badago.

Barrura begirako loturak: Zure guneari beste guneetan egin dizkioten loturek ere eragin dezente dute bilatzaileek garrantzia gehitu edo kentzerako orduan. Gainera, ezberdina da gune bakoitzak beste bati egiten dion estekaren garrantzia, jaso dituen loturen garrantziaren eta kopuruaren arabera.

PageRank: Googlek parametro jakin batzuk neurtuta webguneei balio ezberdina ematen diote. Esaten dutenez, blog batean maiz idatziz gero, litekeena da Googlek garrantzia gehiago ematea zure guneari hain maiz eguneratzen ez den beste bati baino. Demagun bi webgune ezberdinek euskararen inguruko edukiak dituztela. Bietako batek domeinu izenean “euskara” hitza izanda ere, baliteke Googlen “euskara” hitza bilatuta, domeinu izenean “euskara” hitza ez duen beste gune bat azaltzea lehenengo bilaketa bezala.

Ni, adibidez, harrituta geratu naiz Gutenberg Galaxia blogeko estatistikak begiratzen ari nintzela. Halako batean, norbait Googlen basque country bilatuta iritsi dela ikusi dut… Googlera joan eta froga egin dut. Zazpigarren tokian ageri da duela pare bat aste idatzi nuen sarrera hau. Begiratu iezaiozue taxonomiari

Tira, hau guztia gaur arte ezagutzen ez nuen blog bat aurkezteko besterik ez dut idatzi. Euskal-SEO du izena, eta hemen goian aipatu ditudan gai hauek guztiak jorratzen ditu bereziki.

Gaur ere kasualitate hutsez topatu dut. Technoratin Elebila bilatzaileari orain arte egin zaizkion aipamenak zelatatzen ari nintzen bitartean.

Berriz ere hasi naiz zenbat aldiz aipatu ote duten bilatzen. RSS jarioa ez dut Aurkin aurkitu, eta erreferentzia bakarrak Euskal-SEO blogeko egileak berak beste toki batzuetan utzi dituen iruzkinetan ageri dira: 29a, Prospektiba, 53R61-ren bloga, Bilbohiria Irratia eta Sarean.com.

Beste blog interesgarri bat, azpimaratzeko modukoa. Are gehiago, 2005etik idazten ari dela ikusita: Euskal-SEO.

Business Global Conference: Marrazo artean arraitxiki bat

Datorren asteazken eta ostegunean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Business Global Conference edo Negozioen Biltzar Globala egingo da.

Egitarauan ikus daitekeen bezala, “marrazo” ugari ibiliko da bertan hitzaldiak eman eta hartzen.

Aurten, dirudienez, 2.0 deritzaien proiektuei arreta berezia eskainiko dio iBGCk. Hizlarien artean, adibidez, “Redes sociales y Web 2.0″ izenburupean Barakaldoko Alianzo enpresako buru Jose Antonio del Moral (bloga) solastuko da, baita Startup 2.0 lehiaketan parte hartu zuen Sclipo webguneko Gregor Gimmy ere.

Euskal Herrian sortutako 2.0 ekimenei ere egin diete leku txiki bat. Hitzaldi eta hitzaldi artean, hainbat proiektuk bere burua enpresarioen aurrean aurkezteko aukera izango du. Gehienetan kafe garaian dira aurkezpenak, edo atsedenaldian.

Euskaltube.com ere gonbidatu dute eta, beraz, ostegunean egongo naiz bertan, 10:30ean. Esan didatenez, nahiko aurkezpen informala izango da. Atril moduko bat izango dugu, eta 30 hazbeteko pataila laua ikusentzunezko aurkezpena proiektatzeko. 15 minututan egongo gara Euskaldunako hallean, publiko zehatzik gabe, norbait noiz gerturatuko zain.

Ez dakit nola suertatuko den. Egun osoan konferentziak entzuten egon ostean, gogo gutxi geratuko zaielakoan nago. Tira, gutxienez goizean da, eta agian oraindik ez dira nekatuegi egongo. Aurkezpenak beren arreta bereganatu beharko du eta, horretan ari naiz, bideo bidezko presentazioa prestatzen. Ea lehenbailehen amaitzerik dudan, Euskaltubera igo eta hemen txertatzeko.

Euskaltube ez ezik, beste proiektu batzuk ere egongo dira. Gorka Juliok, a.k.a. Teketen, Elurnet enpresa ordezkatuko du eta Davidek, a.k.a. Ketari, Nirudia eta Nireblog aurkeztuko ditu (baita erditzear duen beste proiektu bat ere: Nire…). Alianzo eta Nvivo ere egongo dira bertan.

Arraitxiki bat izango naiz, marrazoen itsasoan.

Eraman behar dudan lookari buruz ideiarik bai?

Nafarroa Oinez 2.0

Lan txukuna egin dute Vianako Erentzun ikastolako ikasleek, pentsatzen dut irakasleren batek lagunduta ;)

Be oinez my friend” bideoa argitaratu zuten lehenengo, Bruce Lee handia agertzen zen auto baten iragarkia parodiatuz.

Orain, ikasleek hiru bideo argitaratu dituzte, jendeari asteburu honetan Nafarroa Oinezera joateko deia eginez.

Wikia ere badute, gainera. Ikastolen aldeko aurtengo jaialdiaren maskotaren izena du: Giltzi. Eta, jakina, bloga ere.

Biralitate apur bat lortu dute.

Atzo, Radio Euskadiko graffiti saioan aipatu zuten (nik ezer esan gabe): Entzun. Ikteroek ere izan dute aipagai dagoeneko, baita Paz de Ziganda ikastolako webguneak ere.

“Oinez izan, my friend” bideoa beste egun batean enbotatu nuenez, gaurkoan, formatu txikian, sareratu dituzten azkeneko bideoak jarriko ditut hemen ikusgai.

Aurten, Nafarroa Oinez 2.0!

Elebilaren aurkezpenean

Elebila bilatzaile euskaldunaren aurkezpenean nago oraintxe, Koldo Mitxelena Kulturunean.

Elekako Iñaki Irazabalbeitia ari da hizketan. Bere blogean topatu dudan post honetan, oinarrian, hemen azaltzen ari denari buruz idatzi du.

Utikan bilatzaile erdaldunak.

Beranduago idatziko dut aurkezpenaren inguruan.

Eguneraketa:
Hau idatzi eta berehala, Gorka Julio iritsi zen KMK-ko aretora atzo. Eta han egon ginen biok, Elebilaren inguruko iritziak trukatzen.

Irazabalbeitiak aurkezpena bukatuta (bere blogean irakur dezakezuena da), galderentzako tartea izan zen. Erdarazko medioak ere bazirela agerian geratu zen, “korteak” eskatu baitzizkioten gazteleraz. Kazetari mordoxka zegoen, tartean bi edo hiru telebista kamera eta Argazki Presseko Gari Garaialde.

Galderak prest nituen, eta Irazabalbeitiak erantzun zion lehenengoari. Bigarrena, baina, “teknikoegia” edo omen zen eta Igor Leturia, (a.k.a. e-gor) garatzailearekin hitz egitea aholkatu zidan. Esan, eta egin.

Elebila Windows Live Search tresnan oinarritua dago. Eta horren inguruan ere galdera egitea derrigorrezkoa zen. Irazabalbeitia bera aurreratu zitzaidan, ordea. Antza denez, Yahoo nahiz Googlerekin ere hitzarmena egiten saiatu ziren, baina Microsoft-ek eskaini zien Elekaren beharretara egokitzen zen aukera bakarra.

Galderatxo batzuk bidali dizkiot teknikariari, Igorri. Eta azkar erantzun dit. Elebila etorkizunera begira garatzeko Windows Live Searchekin hitzartu duten kontratuak ze aukera eskaintzen dizkien galdetu diot, web semantikoa ere aipatu dugu, baita Elebilaren ezaugarri nagusiaren inguruan ere:

Galdera:
Dudarik gabe, Elebilaren ezaugarri bereizgarri eta garrantzitsuena euskararen izaera gramatikala kontuan hartzen duela da. Azaldu iezaguzu nola lan egiten duen Elebilak, eta nola lortu duzuen hori garatzea.

Erantzuna (aurrerapena): Elebilak sorkuntza morfologiko bidezko galderaren hedapena erabiltzen du hori konpontzeko. IXA Taldeak egindako sorkuntza morfologikoko tresnak erabiltzen dira lema baten forma ezberdinak lortzeko, eta forma horietako edozein duten orriak eskatzen zaizkio APIari “OR” operadore baten bitartez. Horrela lortzen dugu benetako bilaketa lematizatua egitea.

Gehiago jakin nahi baduzu, asteburu honetan GAUR8n, paperean eta Interneten (giza edo makina akats batek bidalketa galarazten ez badu, behintzat).

Joxe Landa, 78 urterekin blogari

Radio Euskadin ostegunero egiten dugun tertulia “teknofiloan” (dagoeneko etiketa asumitua dut, Aurki batzailean nire blogeko RSS jarioa kategoria horretan jarri baitzuten) munduko blogari beteranoa ei den Maria Amelia galiziarrari elkarrizketa egin zioten. 95 urterekin da blogari.

Atzo, bada, aurkikuntza itzela egin nuen… Interneten begira aritu naiz ea lehenago aipatu duten: Googlen bilaketa zehatzak eginez, Sustatun, Elebilan… alperrik.

Albiste kategoria du honek… pentsatu dut. Euskal Herrian badugu blogari euskaldun eta beteranorik!

Beste blogari euskaldunek aipatu izan dutenean ere, ez diote bere blogari erreferentzia egin. Agian, subkontzienteki edo azpikontzienteki (!?) aukera baztertu, eta bilaketarik ere ez du egin inork. Teketenek Albisu vs. Landa balizko dueloa aipatu zuen behin, baina meteorologoaren blogera loturarik ez. Jakin izan balu, ziur nago egingo ziola. EtnoMet blogean ere aurkitu dut zita bat. Gertuko blog honetan ez badiote lotura egin, inon ez diotela egin jokatuko nuke. Pello Zabalaren blogean ere, ezer ez.

Lantokian galdetu dut: «Aizu Amaia, bururatzen zaizu 70 urte baino gehiago dituen blogari euskaldunik egon daitekeenik?». Eta aukera bakarra Maria Luisa Agirre tolosarra izan zitekeela esan dit (portzierto, emakume honek entrebista bat dauka! argot periodistikoan hitzeginda…). Behinola Dani Arizalak egin zion elkarrizketa bat “Beste gu” saioan eta geek hutsa da. Han agertu omen zitzaion platora, ordenagailu eramangarri, eskaner eta ez dakit zenbat katxarrorekin… 85 urte ditu, baina blogik ez.

Gure meteorologo blogariak bitakora izan aurretik Internetekin harreman estu xamarra izango zuela pentsatzekoa da. Garai batean Euskal Herriko Klimatologia eta Meteorologia Elkarteak webgune txukuna izan zuen (pena bat da, begira nola ikusten den egun… sustraia, lehor-lehorra). Esango nuke, gainera, eguraldiari begira dagoen edonork ezin ditzakeela baztertu Internetek eskaintzen dituen tresnak.

Bada, Joxe Landa da. GARAko kontrazalean egunero eguraldia iragartzen diguna. Kasualitatez edo izan dut bere bitakoraren berri, eta kosta zait bere adina jakitea. Azkenean, “Berria”n egindako elkarrizketa batean topatu dut. Itziarren jaio zen 1929an. Hona bere bloga: joxelanda.blogia.com.

Ghandi eta Che; erregea eta Otegi

Hispanitatearen Eguna omen da gaur, baina GARA egunkarian laneguna dugu. Gure egutegian, ez da jaieguna.

Nik, egia esan, ez dut ezer ospatzeko, nahiz eta martziano xamar ere sentitzen naizen batzutan. Lantokira bidean, Donostian, kaleak ez dirudi beste edozein astegun. Eta interneten ere, geldi xamar dago guztia.

Sustatu.com
, egunero 8:00ak inguruan berritua agertzen zaidana, eguneratu gabe dago orain. Eta Zabaldu.com-en ere, ez da oraindik ilaratik albisterik atera azalera.

Jenderik ezean, iragarkiei begiratu behar izan diet gaur goizean, kalean. Donostiako autobusen markesinatan, eta Kontxako pasealekuko termometro-erlojuetan, DYAren kanpaina baten bi kartel ikusi ditut. Biak ala biak deigarriak.

Ez dut argazkirik ateratzeko betarik izan, eta sarean ere ez ditut irudiak topatu, baina laster igoko ditut Flickr-era. Batean Ghandi agertzen da lurrean eserita, bere argazki ezagun batean. Eta bestean, Ernesto Che Guevara. Biek, DYAren peto horia daramate soinean. Kuriosoa da kanpaina, zalantzarik gabe.

Beste iragarki batek ere bereganatu du nire arreta. Banner bat da oraingoan. Fernan-en blogean ikusi dut. Domeinu eta ostalaritza zerbitzuak eskaintzen dituen Hostinet enpresarena da.

Antza denez, azken aldian .es domeinuen erregistroak dezente ugaritu dira. Ez dakit “ñ”a eta “ç”a nahiz tildeak dituzten hitzak erregistratu daitezkelako ote den.

Kontua da Hostinet-ek, bere zerbitzuak iragartzeko, burutazio xelebrea izan duela. Arnaldo Otegi eta errege espainola erabili ditu banner batean domeinuen erregistroa iragartzeko. Halaxe dio: “Batasuna.es: STOP… Rey.es: STOP… Pero muchos otros se pueden registrar por solo…“.

Hemen ikus dezakezue

Mediamarkt

Blogari gogorarazi dit, orain gutxi, behinola banuela audio erreproduzitzaile bat. Radio Euskadiko Graffiti irratsaioan hasi naiz tertuliakide ostegunero Interneti eta teknologiari buruz.Blogean kolaborazio berri horri buruz idatzi nuenean, Mikel Iturriak mezua utzi eta podcasting egin behar nuela gogoratu zidan. Alegia, irratsaioak interneten paratu mp3 formatuan, gero edonork bere aparailuan sartu eta edozein mementotan entzun ahal izateko. Hori baita, finean, podcasting delakoa.

Esan bezala, gogora ekarri zidan nik inoiz izan nuela musika erreproduzitzaile polit bat. Baina urtarrila aldera izorratu zitzaidan eta, bi urteko garantiarekin saldu zidatenez, Mediamarkt-era eraman nuen konpontzera. Bai, Donostiako Garbera hipermerkatuan erosi bainuen nire zoritxarrerako.

Nahiko lanpetuta ibili naiz azkenaldian. Eta proiektu batean zeharo murgilduta nengoen egun batean SMS mezu hotz, ia izoztu bat jaso nuen nire “segapotoan”. Aipatu dudan dendakoa zen eta tramankulua konpondu zutela jakinarazten zidan. Poztu egin nintzen lanerako bidean autobusez noala berriz ere musika entzun ahal izango dudalako. Baina, zenbakiak egiten hasi, eta konpontzera eraman nuenetik zazpi hilabete inguru pasa zirela ohartu nintzen… zazpi!

Joan den astean, etxean txapuza bat edo beste egiteko behar genituenak erostera joan ginen Garberara. Jakina, ezin Mediamarkt-etik igaro gabe pasa. Konponketa eta kexa gunean jende dezente zegoen eta, arrandegia bailitzan, txanda ematen zidan zenbakia hartu nuen. Apur batean esperoan egon ostean, tokatu zitzaidan aparailua jasotzea. Esan behar dut, nire aurretik zegoen lagun batek garrasika amaitu zuela dendariarekin. Ez dakit zer egin zioten eta, sinistu, ni hainbeste ere ez nintzen sutu…

Konponketa identifikatzen zuen zenbakia eman nion eta neskaren erantzuna honakoa izan zen: “Joe, zenbaki hau duela hainbat urtekoa da gutxienez!”. Ez zen bada izango, konponketa gehienez hilabete batean egingo zutela esan zidatenetik zazpi pasa zirenean! Azkenean topatu zuen katxarroa, baina nire haserrea handituz zihoan. Amaitu zuenean, hain denbora luzez aparailurik gabe egoteagatik kexa ezarri nahi nuela eta zer egin behar ote nuen galdetu nion. Bere erantzuna: “Zer erreklamatu behar duzu bada, garantiaz kanpo baitago eta, gainera, garantiaren bigarren urtean ekarri bazenuen konpontzera?”. Ba horixe bera, neska, bi urteko garantia izanda, garantia horren laurdena baino gehiago zuen eskuetan eman duela! Azkenean, kexa orria eskuratu besterik ezin nuela egin esan zidan. Eta nik: “Horixe eskatzen ari nintzen”.

Ez dut ulertzen langile batzuen jarrera. Enpresak arrazoirik izan ez, eta gainera nagusia zuritzen jarduten direnak. Nire haserrea pizteko zer beharra zegoen? Bada, piztu zuen.

freebatasuna: technoratiko hitz bilatuena

freebatasuna hitza, Technoratiko bilaketen 1. postuan

Hitzak soberan daude, berriz.

imagen-3.png

Irratiari buruz aritu behar nuen baina… freebatasuna

Gaur irratiari buruz hitz egin behar nuen.

Radio Euskadiko Graffiti saioan hiru agerraldi egin ditut dagoeneko, beste blogari batzuekin batera.

Lehenengo egunean Oier Araolaza egon zen, baita 95 urte dituen eta munduko blogari beteranoena ei den Maria Amelia.

Bigarrenean Galder, Aitor eta ni neu berriz.

Lehenengo bi saioetan bakar bakarrik egon naiz Donostiako Miramongo estudioetan.

Eta sinistu iezadazue, hasieran oso deseroso egin zitzaidan nire solaskideen aurpegiak, keinuak, begiak, ahoa… hazpegia ikusi gabe tertulian aritzea.

Atzo, nire zorionerako, ezagutzen dudan pertsona bat gonbidatu zuten, GAUR8n Mikel Olasagastirekin batera eTorkizunaz bloga egiten duen Iratxe Esnaola. Eta gainera Deustuko Unibertsitatearen Donostiako campusean irakasle denez, Miramondik hitz egin zuen.

Lasaigarri egin zitzaidan, konplizidadea zegoen eta oso gustora egon ginen (ni behintzat bai). Hobe ondo lagunduta bakarrik baino. Gainera, pozgarria da neska bat izatea gai hauen inguruan iritzia trukatzeko. Ea gehiagotan deitzen zaituzten… Nik presioa egingo dut ;)

Galder ere egon zen atzokoan, uste dut aurreko saioan baino lasaiago. Tipo jatorra dirudi, eta hausnarketa interesgarriak egiten ditu.

Bigarren saioa entzungai utziko dizuet, Fernanek grabatu zuen VLC arabiliz. Entzun hemen. Bide batez, Euskadi Digital irratiko Enredando irratsaioan Euskaltuberen harira egindako elkarrizketa ere badago: Entzun hemen.

Gaur irratiari buruz hitz egin nahi nuen… egin dut… baina.

Hitzak soberan daude. Guztia esanda dago: freebatasuna

(Teketenek hasitako meme modukoari jarraiki. Zuk ere bat egiten baduzu, ez ahaztu bukaeran memearen jatorria zein izan den idazten. Blogrolla osatu arte.)

Almendra olioa Van Goghentzat

Txikitan, belarriko mina tarteko lata ederra ematen nuenean, amak almendra olio ttantta batzuekin bustitzen zidan belarri barrena. Erremedio ezagun bezain zaharra da, antza, belarriko minak leuntzeko. Sorgin xamarra da eta nire ama

Aitortu behar dut ez zaidala inoiz gustatu inork donostiar bati ñoñostiar esatea. Are gutxiago donostiar hori euskalduna bada. Badakit nire buruaren kontra egiten ari naizela. Nahikoa da zer gustatzen ez zaizun esatea, gero denek gustatzen ez zaizun hori etengabe errepika dezaten. Beti esan dut, erdi txantxetan, ñoñostiarrak badirela, baina baita donostiar peto-peto eta jatorrak ere. Horiei, nahi izanez gero, usadioak agintzen duen bezala deitzeko gomendioa egin ohi diet adar-jotzaileei: Kaxkariñak.

Etxeko sendabide hori berriz ere erabiltzekotan izan naiz egunotan, Euskadi Gaztearen azken kanpainaren harira. Itoiz taldearen “Lau Teilatu” kantari makina bat bertsio egin dizkiote, besteak beste Nahi Ta Nahiez taldearen reggae aldaera. Eta ez zaizkit inoiz gehiegi gustatu… Esango nuke, jatorrizkoarekin ere, gogaituta amaitu nuela entzunaren entzunaz. Baina aditu dudan azken hau jasanezina egin zait, gogaikarri baino gehiago.

Ez nekien La Oreja de Van Gogh taldeko abeslariak eta Mikel Erentxunek egindako bertsioa zenik. Patxi Gaztelumendiri irakurri nion bere blogean. Eta bata nahiz bestearen gainean aurreiritzi dezente dudan arren (edo atzeiritzi, nork daki), abesten duena Ainhoa Arteta bera dela esango balidate ere nire iritziak bere horretan jarraituko zukeela uste dut. Ez atzera, ez aurrera.

Dagoeneko irakurri ditut irrati formula honen kanpainaren gaineko iritziak, lerro hauetan irakur dezakezuena baino mamitsuagoak gehienak. Abestiaren bertsio ñoñostiarra egin dutela ere entzun dut. Nola ez digute ba ñoñostiar esango, gure ustezko enbaxadore bakarrak bi horiek direla badirudi? Bixente hilobitik aterako balitz, almendra olio ttantta pare bat isuriko nizkioke belarri zuloan barrena. Osorik geratzen zaion horretan, noski.