rssgaur8 logotipoa

Haurra, amagaiaren sabelean

Bideo eder bat igo dute Euskaltubera.Natura” alorrean sailkatu dute. Jakina, zergatik harritu?

Egunotan “ezagun” edo egin den amagaiarena dela uste dut (Sustatu, GAUR8…), haurdunaldiaren esperientzia “Predictor Positive” blogean kontatzen ari eta, ez dakit lehenengo aldiz, izeba izan berri den neskarena. Tarte honetan Maddiren lehengusua jaio baita eta, zorionak denei beraz!

Hemen utziko dizuet bideoa. Ez dut deskribatuko. Laburra bezain ederra da, benetan.

Zinemaldia 2007: Blogs&Movies

Bi ediziotan egin dut kazetari gisa lan GARA egunkariarentzako Donostiako Nazioarteko Zinemaldian.

Aurten ere akreditatua nago, eta asteburu honetan egunkariarentzako egingo dut lan.

Datorren aste osoan zehar ibiliko naiz Kursaaletik Maria Kristina hotelera, handik Antzoki Zaharrera, Principe aretoetatik igaro ondoren Antiguaberriko zineman amaitzeko.

Ikusten dudana hemen kontatuko dut egunez egun. Gainera –dela bideo kamerarekin, argazki kamerarekin edo segapotoarekin– harrapatzen ditudan bideoak Euskaltubeko nire kontura igo eta Gutenberg Galaxian «enbotatzeko» asmoa ere badut.

Izan ere, gaur goizean Euskaltubera hainbat trailer sareratu dituzte, gehienak Zinemaldiko Sail Ofizialekoak. Dagoeneko nahikoa material dagoenez, azalean Zinemaldiaren inguruko bideoak nabarmentzea pentsatu dut.

Aurtengo Zinemaldira joateko asmoa baduzue, ez ahaztu zuen sakelekoa edo kamera eramatea. Agian Richard Gererekin gurutzatuko zarete (ilea urdindua duenetik guapoago dagoela dio nire amak), edo Lucio Urtubia anarkistarekin, edo Euskal Herriko aktore eta zuzendariekin. Izan prest zuen kameraren begia, Westernetan bezain azkar tiro egiteko. Eta, nahi izan ezkero, erakutsi bideo horiek Interneten!

Bien bitartean, Sail Ofizialeko inaugurazioko Eastern Promises filmaren aurrerapen edo trailerra txertatuko dut hemen. David Cronenberg da zuzendaria eta Viggo Mortensen protagonista.

iPhone bat Euskal Herrian

Asteburu honetan, GAUR8n, Los Angelestik Euskal Herrira ekarritako iPhone baten inguruan erreportajea idatzi nuen. Bideo hau osagarria da.

Jainkoa ez da existitzen (eta ez daki euskaraz)

Lankide batek pasa dit. Atzo, Googleren Adsense zerbitzura sartu, eta ohar hau agertu zitzaion.

Holakorik! Sekula ikusi gabe nengoen!

Jainkoa ez da existitzen (eta ez daki euskaraz).

Ostegunero, Graffitin

Radio Euskadiko “Graffiti” saiotik ostegunero izango den tertulian parte hartzeko proposamena egin didate.

18:00tik 19:00ra egingo da saioa, astero, eta egunerokotasunezko gaiak landuko badira ere, arreta berezia ezarriko zaie Interneti eta informazioaren teknologia berriei. Jon Bilbaok adierazi didanez, beste blogari eta “teknofilo” batzuekin partekatuko dut mahaia. Lehenengo saioa, ostegun honetan bertan, irailak 20!

Aspaldian apur bat baztertuta nuen irratigintza tradizionala. Podcastetara ohitu naiz, dagoeneko, eta horiei ere ez diet arreta berezirik jarri azkenaldian, nire iPod Shufflea izorratu zitzaidanetik.

Portzierto, Mediamarkt delako dendatik, sei hilabete baino gehiago pasa ostean, garantiapean zegoen tramankultxoa konpondu dutela esateko SMS bat igorri didate. Horiek bai azala! Sei hilabete!!!

Tira, nahi duenak, beraz, Radio Euskadin aurkituko nau ostegunero, eta egunero hemen.

Be Oinez, my friend

Euskal Herriko WIFI Gida, revised

Gutenberg Galaxia izeneko blog honetan estrainekoz idatzi nuen egunean, martxo aldera, Tagzanian hasitako Euskal Herriko WIFI Gidaren berri eman nuen.

Orduan, Gari Araolazak hainbat gomendio egin zizkidan iruzkin bidez. Izan ere, mapa hura blog honetan txertatzerakoan, Tagzaniako nire erabiltzailea baliatu nuen, WIFI gida osatzeko ezarritako tag edo etiketa nagusiak erabili ordez.

Hainbat kezka azaldu nizkion Gariri WIFI gida osatzerako orduan kontuan hartu beharreko kriterioei buruz. Oraindik erantzun ez didan arren, konturatu naiz eibartarrak arrazoi zuela. Izan ere, mapa etiketa edo tag bitartez enbotatuz gero edonork osatu dezake. Denon artean osatzen joan gaitezke. Erabiltzaile bati lotuta badago, aldiz, ez.

Denborak eman dio arrazoi. Tarte honetan ez baitut mapa hori osatzeko astirik izan. Akaso hasieratik Gariren irizpideei jarraitu izan banie, orain mapa hori osatuago legoke. Baina ez da horrela, «wifigida» gako hitza duen azken gune geolokalizatua nik neuk sartu bainuen, orain hilabete dezente.

Gaur ekimentxo hori berreskuratu nahi nuke. Euskal Herriko Internet erabiltzaileek gero eta WIFI sarbide gehiago ezagutzen dituztelakoan nago. Beraz, laguntza ere eskatu nahi nuke, denon artean WIFI gida txukun bat osatzeko.

Tagzaniako mapan lekuak kokatzeko nahikoa da webgune horretan izena ematea. Inoiz WIFI konexiorik duen toki bat geolokalizatuz gero, «wifigida» etiketa erabiltzea nahikoa da gero Euskal Herriko Wifi Gidaren mapan agertzeko. Mementuz,
Euskaltube gunean ere txertatu dut bertsio «enbotatua» ekimentxo hau sustatzeko asmoz.


wifigida tagged map – Tagzania

Irailaren 11

Euskaltube.com gunean zenbait konponketa egin nituen bart gauean.

Irailareen 10a zen, oraindik, Euskaltube-ko kode “enbotatua” Wordpresserako zuzentzen hasi nintzenean, baina gauerdia gainera etorri zitzaidan amaitzerako.

Gaur iraliaren 11 da. Sei urte pasa dira. Oraindik gogoan dut erredakziora iritsi eta telebistan irudiak ikusi nituenekoa.

Euskaltube-ra jo dut kodea frogatzeko. Arraultza prrejitu baten bideo eder bat jartzeko asmoa nuen. Baina Osama Bin Ladenen azken bideoa aurkitu dut, nire harridurarako. Al Jazeeratik ateratakoa. Jakina, irailaren 11 da.

Euskaltube, Youtuberen euskal klona

Azkenaldian lanean aritu naizen proiektu pertsonal berri bat ezagutarazi dut gaur sarean. Beta bertsioa da, oraindik aldaketa asko behar ditu hobetze aldera beraz: Euskaltube.com

Prentsa oharra: EUS | ES

Egunotan hainbat iradokizun jaso ditut, eta badakit nondik etorriko diren nire zailtasun nagusiak. Horregatik, hemen, ezer baino lehen, hobetu beharreko hainbat gauza zerrendatu nahi nituzke. Akatsik nagusienak.

Hostinga: Euskaltube bezalako proiektu batek hosting edo zerbitazri indartsu bat behar du ondo funtziona dezan. Bideoaren luzeraren eta konexioaren arabera, arabera, motel ikus daitezke bideoak. Mementuz, oinarrizko hosting batean dago ostatu hartuta Euskaltube, handitzen joan beharko dena, erabilpenaren arabera.

Softwarea: Euskaltube.com PHPmotion izeneko softwarean oinarritua dago. Ez da software askea, baina gisa honetako proiektu baten beharra kontuan hartuta egokien iritzi izan diodan softwarea erabiltzea erabaki dut mementuan, PHPmotion da hori.

Estandarrak: Euskaltubek ez ditu Interneteko estandarrak betetzen. Balidatzaile batera joz gero, hainbat hobespen ez dituela betetzen geratzen da agerian. Badakit zeinen garrantzitsua den batez ere etorkizunari begira, eta gai honi heltzeko asmoa ere badut.

Diseinua: Diseinu aldetik ere badago zer hobeturik. Bistan da. Besteak beste, taula bidez baino kapa bidez garatutako diseinua izatea da gure helburua.


Irisgarritasuna:
Estandarrak ez betetzearekin batera irisgarritasun gomendioak ere ez ditu oraindik betetzen. Hobetzeko beste afera bat.

Hizkuntza: Baliteke zenbait xehetasun euskaratu gabe egotea. Denborarekin webgunearen %100 euskaratua egotea da gure asmoa.

Konfigurazioa: Konfigurazio aldetik ere baliteke hainbat akats azaltzea. Agerian geratu ahala zuzentzen joango gara.

Nabigatzaileak: Euskaltube.com Firefox nabigatzailearekin erabiltzeko pentsatua dago. Sumatu dugu, hala ere, Firefoxen bertsio ezberdinetan eta beste nabigatzaile batzuetan, baita GNU-Linuxen distribuzio ezberdinekin ere, desitxuratua ager daitekeela. Hori ere konpontzeko bidean gara.

Hauek dira akats edo arazoetako batzuk. Guztiak hobetu eta txukundu beharrekoak. Euskaltube proiektu pertsonala da, eta beraz edozein laguntza izango da ongi etorria.