Kazetariak
Sareko lanpostu bilatzaile batean agertutako iragarki baten harira, ikamika piztu zen duela gutxi programatzaile komunitatearen artean. Antza denez, enpresa batek lanpostu deialdia zabaldu zuen, baina programatzaileak bilatu beharrean, beste arlo batzuetan ikasitako jendearen bila ari zen. Programatzen jarduteko, ikastaro batzuk eginarazi eta horietako zenbait aukeratuko zuten. Programatzailek lan esparruko “intrusismoa” salatu zuten sarean. Lotsagarri iritzi zioten soslaia jakin hori ez zuen jendea (letretakoa edo, esan dezadan) bilatzen ari zirelako. Haien esanetan, garapenerako ere kaltegarri izan zitekeen joera hori. Eta, batez ere, gremioaren lan gaitasuna zalantzan jartzea deitoratu zuten.
Programazioarekin ez bezala, kazetaritzarekin beste pentsamolde erromantiko eta, nire ustez, utopikoagoa dago. Esan nahi baitut, kazetariaren jardunari buruz hitz egiten denean, herri kazetaritzaz, informazioaren jario horizontalaz eta 2.0 kontzeptuaz hitz egiten dela. Inolaz ere “lan intrusismoaz”. Orokorrean, interneteko erabiltzaileen artean, aski ongi ikusia dago ustez blogariek kazetariei egiten dieten itzala.
Niri, Interneten ustezko horizontaltasunarekin bezala gertatzen zait kazetaritzaren aferarekin ere. Informazioa horizontalagoa da orain baina, batetik, haustura digitalak bere horretan darrai eta, bestetik, ekonomikoki indartsuak diren hedabideek laugarren boterea izaten jarraitzen dute. Batzuetan, komunikabide tradizionalen jarduna salatu eta agerian uzteko balio du herri kazetaritzak. Eta beste hainbat gauzarako ere. Indarra du, baina ez esku beltzek edo itzaleko amarruek hainbeste.
Herri kazetaritza badago, eta azaleratzen da baldintza jakin batzuek bat giten dutenean. Herritarrek beste komunikabide batzuk ere erabiltzen dituzte. Bai… kazetaritzak konpetitzaile bat du: Herritarra. Hala ere, “benetako” kazetaritzaren adibiderik onenak profesionalen eskuetatik iritsiko zaizkidala pentsatzen jarraitzen dut.
Programatzaileek bezala, ni ere sinetsita nago kazetari esperientzia duen lagun batek (ikasketak ez zaizkit hain baliagarriak iruditzen…) eskarmenturik ez duenak baino aukera gehiago duela “kazetaritza ona” egiteko. Ofizioaren trikimailuak dira. Berdin du paper gainean ala blog batean idazten duen kazetaria bada. Baina eskarmentua duena. Izango da profesionalik kazetaritzaz deus ez dakienik. Programatzaile ikasketak izanda ere programatzen ez dakienik. Eta alderantziz.
This entry was posted on Astelehena, Abuztua 20th, 2007 at 9:01 am and is filed under media. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Abuztua 27, 2007 at 12:09 pm Iban Arantzabal wrote:
Ados: “Programatzaileek bezala, ni ere sinetsita nago kazetari esperientzia duen lagun batek (ikasketak ez zaizkit hain baliagarriak iruditzen…) eskarmenturik ez duenak baino aukera gehiago duela “kazetaritza ona” egiteko.”
Kazetari sena deitzen diot horri nik. Kazetari sena duenak badaki edukiak zein garrantzi duen. Gerokoa da zein formatuz baliatuko den eduki hori emateko. Batzuetan izango da telebista, besteetan izango da irratia, edo bloga, edo papera… Eta bai, medio bakoitzak bere trukotxoak eta egiteko era ditu, hizkuntzak motak medioak beste dira, baina errazagoa da medio batera zein bestera moldatzea edukiarekin asmatzea baino. Eduki ona egitea… hori da benetan zaila. Kazetaritza karrerak laguntzen duen? ez dakit. Unibertsitateak pistak eskainiko balitu ez da gutxi. Norberaren esku geratzen da noraino sakondu. 4 urte pasa eta dena dakienik nekez aurkitu daiteke, ezta?
Nik kazetari sena badu kontratatuko nuke programatzaile bat. Ez zait intrusismoa iruditzen.