Basque Substation of the Internet
Silicon Lautada blogak Web 2.0 kontzeptuari beste ikuspegi batekin begiratzeko aukera eskaini du joan den astean. Orriotan ideia honi buruz idazten dudan bakoitzean nire joerak salatzen nauelakoan nago. Beti sentitzen baitut azalpena ondoko esamoldearekin hasteko joera: «Askotan entzun den kontzeptua ulertzeko»…
Oraingoan ez dut egingo. Silicon Lautadan bertan egileak ondo asko asmatu baitu bere azalpenari jarri dion izenburuarekin: «Web 2.0 delakoa hobeto ulertzeko (…edo gehiago nahasteko)». Ez baita erraza 2.0 deitzen zaion horren dimentsio guztiak batera aztertzea, eta sarearen garapen abiadurak berak ezinezko egiten duelakoan nago. Hilabete honetan atera diren tresna berriak aztertzen ari garen bitartean beste hainbat tresna berri agertu baitira. Eta datorren astera arte ez gara enteratuko…
Lehen aipatu dudan blogean, Web 2.0 delakoa azaltzen duten zenbait mapa, e-liburu eta eskulibururen berri ematen du egileak. Besteak beste, We the Media izeneko testua, Web 2.0 e-liburua, eta Subway Stations of Internet izeneko mapa. Bere hitzetan: «Ahh, Web 2.0, mundu digitala ulertzeko (eta erabiltzeko esango nuke nik) era berriena aspaldidanik dago geure artean. Funtsezko bilakatzen ari dira bloga, wikia, mashup, api etab. bezalako kontzeptuak eta horien atzean dagoena. Egia da askotan alde teknologikora soilik murgiltzen garela eta gizarte kolaborazioa, komunikazioa, Internet eta teknologia berriak ulertzeko era berritu horri garrantzi gutxiago ematen diogula».
Nik sentipen kontrajarria daukat Web 2.0 zabalpenaren inguruko jardunaz. Batetik, batzuetan joera teknikoegia erabiltzen delakoan nago. Baina, bestalde, joera horren beldurraren eraginez, maiz gehiegi sinplifikatzen dela ere esango nuke.
Silicon Lautadan aipatutako dokumentuak adibide zopa handia dira. Eta, agian, hainbeste azalpen eman gabe, onena adibideak eskura jarri eta norberak, duen interesaren arabera, bisitatu eta aztertu ditzan da modurik egokiena. Esan bezala, 2.0 unibertsoa hain da zabala guztia batean azaltzea ezinezko egiten baita.
Mila adibide jarri izan ditugu kontzeptua ulertarazten inoiz saiatu garenok. Eta uste dugu jendeak gehien ezagutzen dituenak azpimarratuta ulergarriago egiten dugula gure solasa. Internet osoa dagoeneko Web 2.0 bilakatu dela esango nuke, ordea. Edo behintzat agertzen diren tresna berri esanguratsuenak halaxe direla, eta oso-osorik 2.0 ez direnek ere 2.0 tresna gisa sailka ditzakegunak erabiltzen dituztela.
Jendeak, seguraski, 2.0 tresnak baliatzen dituela jakin gabe, kontzeptu hori inoiz entzun ere egin gabe, erabiltzen ari da. Betiko adibideak: Youtube, Wikipedia, eBay, Google, Flickr, Picasa… eta hain handiak ez diren beste batzuk ere bai.
Bada, Arabako lautadatik helarazitako mapa horiek adibide mordoa jartzen dute nahi duenaren eskura. Hortik hasita, ehunka webgune daude bisitatzeko eta interesak bultzatuta murgiltzen dena azkenean tresna horien pertsuasioak harrapatuta geratuko da. (Tira, ikusmin apur bat behintzat piztuko diolakoan nago).
Web 2.0 e-liburuarekin batera «poster-mapa ikusgarria argitaratu da eta benetan, merezi du eskolak emateko momentuan, edo Web 2.0 honen nondik-norakoa ulertzeko (eta azaltzeko), ondoan izateko, ahalik eta handien!», blogariaren esanetan.
Eta O’reilly Radar-ek argitaratutakoa, «benetan ikusgarria baino ikusgarriagoa da, zalantzarik gabe. Tokioko metroko mapa oinarri hartuta, Web 2.0 zerbitzuak biltzen dira gaika edo, hobeto esanda, estazioka, eta Interneteko Joeren Mapa (Trends Map) deitu dute».
Beraz, orain hainbestetan, edo hain gutxitan, entzuten den esamolde hori hobeki ulertzeko abiapuntu ezin hobeak dira testu eta irudi horiek guztiak.
Silicon Lautadan galdera bat ere egin diote irakurleari: «Web 2.0ren inguruan dauden CC edo copyleft lizentziapeko testuen artean zein euskaratuko zenukete?». Nik oraindik mapa handi horiek ondo begiratu behar ditut iritzia eman baino lehen. Baina O’reillyrena, lehenengo begiradan, oso erakargarria egin zait (lurrazpikoen mapak izugarri gustatzen zaizkit).
Beste burutazio bat ere badut, baina. 2.0 dimentsio horretan euskarak, txikia bada ere, badu bere txokoa. Handiekin alderatuta, mapa horietan mikroskopioarekin begiratu beharko genuke euskarazko Web 2.0 tresnak aurkitzeko. Munduko mapa itzultzearekin batera, ni Euskal Herriko substation edo apeaderoa egitearen aldekoa naiz. Txikia izanda ere, unibertso horren zatitxo bat baita.
Aste honetan bertan izan dugu teoria horren erakusle bat. Txioka.net izeneko gunea. Azken aldiko 2.0 tresna arrakastatsuenetako baten eraldaketa da. Euskal Herritarren Twitter komunitatea. Pentsatzen hasita, kostaldeko tren horretan hainbat geltoki dagoeneko badatozkit burura, eta seguru laster berriak eraikiko direla. Hasiz gero, maiz berritu beharko dugulakoan nago.
PD: Artikulo hau GAUR8ko paperezko edizioan argitaratu eta gero, goian ikus dezakezuen mapa osatu dut. Bale, ez naiz O’reilly ;), eta egindakoa ez da Subway Stations of The Internet. Ziur naiz hainbat gauza kanpoan geratu zaizkidala. Beste batzuk hainbesteko “joera” markatzen dutenik duda egingo dit norbaitek. Web 2.0 zer den eta zer ez den ezatabaidatuko dute beste batzuek. Beti bezala, edozein iradokizun ongi etorria izango da Gutenberg Galaxian. Beti dago mapa eguneratuak egiteko aukera, diseinua ere finduz. Ea ikonoak txikitzen goazen proiektuak garatu ahala. Berriei leku egin behar zaien seinale, zaharrenak hil gabe.
Xabier Pagolaren Euskal Herriko Burdinbide Azpiegitura jatorrizko mapan oinarritua. Jarraian, ikuskatu ditudan hainbat webguneren loturak:
“Web 2.0 delakoa hobeto ulertzeko (… edo gehiago nahasteko)” Premine
“Euskara 2.o tresnak” Iratxe Esnaola
“Lokalizazioa, menuak eta jana (EH 2.0rako)” Luistxo Fernandez
“EH 2.0 (I) Lokalizazioa” Mikel Iturria
“Euskara eta Code & Syntax, nazioarteko aldizkari baten azalean” Sustatu
“Ordenagailua euskaraz erabiliz” Zibergela
“Pootle erabiliz, Librezaleren urrats inportantea software euskaratzean laguntzeko” Sustatu
“Zenbat blog daude euskaraz?” Joxe Arantzabal
PD2: Xabierren erantzunaren zain, gogoratu dut lehenago ere baimena eman zidala bere mapa helburu komertzialik gabe erabiltzeko. Aipuak behar bezala eginda, hor doa, beraz.
PD3Bi tresna edo webgune garrantzitsu ahaztu nituen. Biak Gorka Juliorenak. Bloginfluence.net eta Kexatu. Bigarrena desagertutzat eman nuen nire lapsus mental bat dela medio. Baina ez da desagertu. Barkamenak Teketeni, beraz. Hurrengo bertsiorako!
This entry was posted on Astelehena, Abuztua 6th, 2007 at 3:06 pm and is filed under blog, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


on Abuztua 6, 2007 at 7:37 pm Premine wrote:
Mila esker. Larunbatean irakurri nuen paperezko edizioa eta gaur ikusi dut hemen eta adrenalina igo egin zait
.
Mapan bi kontu aipatuko nizkizuke: euskalgnu.org faltan botatzen dudala (bai egia da oso aktibo ez daudela azkenaldi honetan) eta eitb soberan dagoela (eitb web 2.0ri = musika militarra musikari).
Umm, lau katu gara eta mapa eraikitzeko momentuan tirabirekin hasten gara…
on Abuztua 6, 2007 at 8:08 pm haritz wrote:
Aupa Premine:
Hori hori!
Zuen iritzia jasotzea da nahi dudana.
Zalantzak izan ditut. Hainbat gauza bururatu arren, kanpoan utzi ditut azkenean. Ez dakit. Ez da Web 2.0 mapa ere. Interneteko euskal joerak edo.
EITB jarri badut, ez dakit, eitb24.com guneak duen erreferentzialtasunagatik (gustatu ala ez), euskaraz dituen edukiengatik eta,beste gauza batzuren artean, ZuzeuKztari eta gisa horretako promoak
dituelako da.
Ezin izan dut ezikusiarena egin, nolabait esatearren. Agian euskara hutsean ez egonagatik ere kanpoan beharko luke… Baina orduan zer hainbat hizuntzatan dauden beste batzuekin. Bestalde, euskarazko edukiak edo menua maila onargarrian dituztenak sartzen hasiko bagina, orduan GARA eta beste hainbat toki ere… Beraz, zer egin?
Euskalgnu sartu beharko dugu hurrengo bertsio batean (zure blogean jarri duzuna, O’reilly radarrekoa, bigarren bertsioa da berez). GNU Linux ikonoak ere horretarako daude, Euskalgnu barruan hartzen dute nolabait (me he cubierto las espaldas). Eta Ubuntu izan duen zabalpenagatik berezitu dut.
Badira beste batzuk mapan seguraski Euskalgnuk baino erreferentzialtasun gutxiago duenik. Demagun, Marrapuntu. Baina fiosofiaz oso 2.0 denez… Dinux, adibidez, azken mementuan bururatu zait eta herri aldizkariei edo informazio lokalari buruz asko dago jartzeko, oker ez banago. Esaterako, Larrabetzu.org pasa egin zait.
Salerosketa guneekin ere zalantzak izan ditut. Ez al dira 2.0? Eroski.es, Nonbait.com, Vueling.com, Megadenda.com, euskaraz daude. Eta enpresak? Plazagunea, CodeSyntax, Elurnet, garai bateko Zuhar informatika zerbitzuak? Unibertsitateak… EHU, Nafarroako liburutegien katalogoaren bilatzailea euskaraz dago… Desagertu direnak, Kexatu.net kasu, ere?
Mapa hori hasiera da. Nahi bada, osa genezake. Bete dezagun ahaztu zaizkidanekin, eta batez ere etorriko direnekin!
Eskerrik asko Premine!
on Abuztua 17, 2007 at 4:03 pm ana m. wrote:
Nik Nireblog.com botatzen dut faltan.
on Abuztua 20, 2007 at 8:27 am haritz wrote:
Kaixo Ana:
Arrazoi osoa duzu! Uste dut presaren presaz ahaztu egin zitzaidala. Deskuidos, Nireblog ezagutzen baitut, besteak beste Startup 2.0n lehiatu zelako. Bigarren bertsiorako beste bat beraz. Eskerrik asko gogorarazteagatik eta laster arte!
on Iraila 16, 2007 at 11:28 am Basque Substation of the Internet « irakasle ibiltaria wrote:
[...] egin nuen bertan web 2.0 aplikazioak metro mapa batean antolatuta agertzen direlarik. Orain, “Basque Substation of the Internet” agertzen zaigu. Euskal web 2.o [...]
on Iraila 17, 2007 at 2:18 pm xiber wrote:
Irakaskuntza alorrekoen artean, karrajua (www.karrajua.org) falta dela uste dut, oso webgune interesgarria eta 2.0 oso-osorik.
on Iraila 17, 2007 at 6:50 pm gorka zabaleta wrote:
Zumaian ere badugu interneteko geltokia: http://www.baleike.com. Hiru urte egin ditugu jada. Albisteen edizio jarraitua eskaintzen dugu, batik bat. Hungarian egon berriak gara, Piraguismoko Munduko Txapelketetan, herriko bost piraguistek hartu baitute parte -tartean Oier Aizpurua, laugarrenez munduko txapeldun-. Jarraipen berezia egin diegu, kronika, elkarrizketa, argazki eta bideoekin.
on Iraila 17, 2007 at 7:40 pm 3ARRANO wrote:
Nik 23 ere gehituko nuke: http://www.23hq.com
Argazkiak partekatzeko gune txukun bat da, guztiz euskaratua.
on Iraila 17, 2007 at 7:51 pm 3ARRANO wrote:
(Barkatu, euskaraz ikusteko: http://www.23hq.com/eu )
on Iraila 17, 2007 at 8:46 pm asier wrote:
Oso artikulu interesgarria, eta mapa are interesgarriagoa (zuk zeuk pizkat gutxietsi duzun arren :-)).
Uste dut Euskal Webgintzaren irudi borobila adierazi duzula, eta ez bakarrik web 2.0 delakoarena. Txikiak gara, eta mundu honetan denok ezagutzen garen arren, ikuspegi orokorrak beti dira baliagarri. Eskerrik asko!
on Iraila 18, 2007 at 11:11 am haritz wrote:
Joe! Eskerrik asko zuen ekarpenengatik!
Karrajua eta Baleike ezagutzen nituen. Berez, badakit mapan gauza asko daudela gaineratzeko. Ea hurrengo bertsioa txukundu eta osatzen dudan laster.
Bestalde, http://www.23hq.com ez nuen ezagutzen eta, beraz, merci ezagutarazteagatik!
Zuen iritziak kontuan izango ditut hurrengorako.
Laster arte!