rssgaur8 logotipoa

Castrati

Nicolas Sarkozy esanezinezkoaren azken proposamenaren bidetik etorri zait gogora Gerard Corbiau zuzendariaren «Farinelli, il Castrato» filma. XVI. mendean, eliza katolikoak ez zien emakumeei abesbatzan parte hartzen uzten. Emakume ahotsak nahi zituzten, ordea, eta hori lortzeko nerabeak zikiratzen hasi ziren. Gizontzerakoan, soprano, mezzo-soprano eta alto voice ahots-hariak abesteko gai izango ziren. Laster, abesbatzatik operako taula gainera pasatu ziren castrati-ak, baina 1870. urtean debekatu zuten zikiratze boluntarioa Italian.

Errepublikako presidentearen azken ideiaren berri dagoeneko izango zenuten, bolo-bolo baitabil. Pederastia delituengatik kondenatutako pertsonak «kimikoki zikiratzea» proposatu du. Horregatik gogorarazi dit zinemagile belgikarraren filma, Sarko-ren burutazioek musikarekin deus ikustekorik ez duten arren.

Irentze kimikoa prostata minbizia tratatzeko asmatu zuten. Dirudienez, sexu erasoak egin dituztenak «baretzeko» ere erabili izan da baina, adituen hitzetan, «arrakasta eskasa» izan du. Finean, gizonezkoon desira sexuala neurtzen duen testosterona jarioa behin betiko etetea du helburu. Zikiratuak «burutapen erotiko» gutxiago izango omen ditu; ez omen zaio zakila zutituko eta hazia isurtzearen ondorioz ez omen du orgasmorik ere sentituko. Hori irakurri dut…

Nikoren asmoek beste pelikula bat ere ekarri didate burura: Stanley Kubricken “Laranja Mekanikoa”. Pasarte batean, bortizkeriatan maiz aritzen den lagun bati begiak irekiarazten dizkiote eta irudi gogor mordoa ikustera behartzen dute. Esperimentuzaleen helburua pertsona bortitza birgizarteratzea da. Bada, Sarkozy, “Farinelli” eta “Laranja Mekanikoa” filmak koktel-ontzi berberean sartu, astindu, eta “Il castrato quimico” edo sortu dut zutabe honen imaginarioan.

Zalantzarik gabe, gai korapilatsua da bortxatzaileena, baita zikiratzearena ere. Baina, nire iritzi apalean, desira sexualak eta bortxakeriak gutxi dute ikustekorik. Norbaiti bere gogoaren kontra mina kontzienteki egiteari ez nioke desira sexuala deituko, nahiz eta organo sexualak tartean egon. Are gutxiago haurrei buruz ari bagara. Hori min egiteko gogoa da, eta ez desira sexuala. Gainera, zakila eraso-arma gisa erabiltzen duen gizakiari arma hori kenduta ere, min egiten jarraitu nahi izanez gero seguru aurkituko duela beste modurik.

Adarkadak

Modak, bizitzako beste alorrei bezala, kazetaritzari ere sakon eragiten diola sinistuta nago. Argazki kamera batek gertakari hau edo hura izoztu izan ez balu, seguru aski ez litzateke aipagai izango han eta hemengo egunkarietan. Ezta kazetari trebeenak xehetasun guztiak bertatik-bertara bilduta ere. Argazkiaren beraren ikusgarritasunagatik izan ez balitz, ez litzateke ikamika piztuko. Gauza berdina albiste batek morboa esaten zaionaren ezaugarri guztiak metatuko ez balitu: Gertakariaren ondorioak pareko larritasuna izanda ere, egunkarien azalek ez liokete lekurik eginen.

Nork gogoratzen ditu zakur «oldarkorren» haginkadak? Garai batean, astero-astero izaten genuen pitbull edo rotwailler baten erasoaren berri. Zikloak iraun zuen bitartean, ziur nago kazetariak azken hozkadaren atzetik ibiliko zirela, scooparen bila. Azkenaldian, baina, ez da nire belarri eta begietara horrelako berririk iritsi. «Arriskutsu» izateari utzi al diote zakur «arriskutsuek?».

«Botiloi» edo antzerako izena jarri dioten «fenomenoak» ere gorabeherak izaten ditu. Aldizkako presentzia du masa hedabideetan. Batzuetan, deialdi muskilenak ere dituzte aipagai telebista eta irrati esatariek. Ekaitzaren ostean barealdia iritsi ohi da, ordea, eta hilabetetan ez da berriz entzuten «fenomeno» horren berri. «Litrolarien» ramadan, gaubeila edo sabbath modukoa ote? Abstintentzia kolektiboa? Geure koadrilak, nerabezaroan bizi zenean, «litroak» edo «eleak» egiten zituen, ez «botiloia». Eta urte batzuk pasa dira…

Badirudi entzierroetan korrika egiten duten adingabekoei tokatu zaiela orain minutu beteko fama. Iruñeko zezen mantsoen aurrean bere aitarekin lasterka ibili zen mutikoaren harira (argazkia tarteko egin zen ezagun), bigantxa batek Murchanteko gaztetxo bat zauritu duela entzun dut asteburu honetan hedabide guztien ahotan. Ez naiz ni izango adin txikikoak horrelako ekimenetan parte hartzearen alde agertuko dena. Beste ikuskizun batzuetara eramatea egoki ote den da nire zalantza: Ezkutalekutik ikusteko besterik ez bada ere, zezenketara eramatea zilegi da? Eta futbol partida batera?

Katez aldatu dut. Festak dira Bartzelonako Gracia auzoan. Castellers-ak dorrea eraikitzen ari dira. Gailurrean, zazpi urte izango ez dituen neskato bat. Bat-batean, irrist egin, eta jausi egin dira. Zauritutik ez, baina arriskuaz zipitzik ere ez.

ZUZENKETA: Paperezko GARAn argitaratutako bertsioan haurra “arin zauritu” dela idatzi nuen, baina antza larri dago. Barkamenak beraz.

Puntako teknologia

Orain hilabete batzuk Madrilera joan nintzen bi lankiderekin. Baita trenez joan ere, gauez. Gauez, eta, antza, azpikeriaz. Edo itxura hori hartu ei ziguten kaleko arroparekin jantzita burdinezko zaldian zihoazen hiru Polizia espainolek.

Dokumentazioa eskatu, ohiko galderak egin (nora zoazte, zertara, noiz arte), gure nortasunaren inguruko datuak jaso zituzten, eta pakean utzi gintuzten zalaparta gehiegi eragin gabe.

Ez dakit zein geltokiraino joan ote ziren hiru uniformedun uniformegabeak tren hartan. Geuk, Miranda de Ebro inguruan, “ohera” (sardinak bagina lez enlatatuak) joatea erabaki genuen eta ez genituen berriz ikusi. Litekeena da Madrileraino iristea, baina.

Poliziakideen “lan” sistema izan zen sobera harritu ninduena. Hiruetan ixilena zirudienak, banan bana, geure nortasun agirietako datuak esku koaderno txiki batean idatzi zituen arkatzarekin. Eta are eta esperpentikoagoa iruditu zitzaidana: Gasteizko tren geltokian laugarren polizia bat zeukaten zain. Trena geratu bezain pronto, gaizki gogoratzen ez badut bagoiko atetik jaitsi ere egin gabe, gure bidailagun berezietako batek paper gainean idatzitako ohartxoa eman zion eskura.

Joño! Hori bai puntako teknologia Espainiako Poliziak darabilena, esan nion barrenari. Datuak igorri eta kontrastatzeko mila tramankulu eta konexio mota dauden garaian, segurtasun indarrak eskuz eskuko korreoak baliatzen ditu informazioa partekatzeko! Ez dakit Arabako hiriburuan ohartxoa hartu zuenak kanuto bat bailitzan kiribildu eta uso mezulari batekin bidali ote zuen Madrilera…

Joan den astean jakin da errepideetako Guardia Zibiak sekulako jauzi teknologikoa egingo duela. Isunak eskuz ezarri beharrean, agenda elektronikoa erabiliko dute hemendik aurrera. Nire ohiko teoriatako bat zapuztu dit albisteak. Teknologia oro zibilen eskuetara iritsi baino lehen militarren eskuetatik igarotzen zela sinistuta nengoen.

Puntako teknologia bere eguneroko jardunean erabiltzen hasita, iradokizun bat egin nahi nieke nik zutabe honetatik Euskal Herrian sakabanatuta dauden guardia zibil, polizia eta militar espainolei. Eros dezatela azken belaunaldiko GPSa, hartara hemendik alde egiteko bideari errazago jarraitu ahal izateko.

Kazetariak

Sareko lanpostu bilatzaile batean agertutako iragarki baten harira, ikamika piztu zen duela gutxi programatzaile komunitatearen artean. Antza denez, enpresa batek lanpostu deialdia zabaldu zuen, baina programatzaileak bilatu beharrean, beste arlo batzuetan ikasitako jendearen bila ari zen. Programatzen jarduteko, ikastaro batzuk eginarazi eta horietako zenbait aukeratuko zuten. Programatzailek lan esparruko “intrusismoa” salatu zuten sarean. Lotsagarri iritzi zioten soslaia jakin hori ez zuen jendea (letretakoa edo, esan dezadan) bilatzen ari zirelako. Haien esanetan, garapenerako ere kaltegarri izan zitekeen joera hori. Eta, batez ere, gremioaren lan gaitasuna zalantzan jartzea deitoratu zuten.

Programazioarekin ez bezala, kazetaritzarekin beste pentsamolde erromantiko eta, nire ustez, utopikoagoa dago. Esan nahi baitut, kazetariaren jardunari buruz hitz egiten denean, herri kazetaritzaz, informazioaren jario horizontalaz eta 2.0 kontzeptuaz hitz egiten dela. Inolaz ere “lan intrusismoaz”. Orokorrean, interneteko erabiltzaileen artean, aski ongi ikusia dago ustez blogariek kazetariei egiten dieten itzala.

Niri, Interneten ustezko horizontaltasunarekin bezala gertatzen zait kazetaritzaren aferarekin ere. Informazioa horizontalagoa da orain baina, batetik, haustura digitalak bere horretan darrai eta, bestetik, ekonomikoki indartsuak diren hedabideek laugarren boterea izaten jarraitzen dute. Batzuetan, komunikabide tradizionalen jarduna salatu eta agerian uzteko balio du herri kazetaritzak. Eta beste hainbat gauzarako ere. Indarra du, baina ez esku beltzek edo itzaleko amarruek hainbeste.

Herri kazetaritza badago, eta azaleratzen da baldintza jakin batzuek bat giten dutenean. Herritarrek beste komunikabide batzuk ere erabiltzen dituzte. Bai… kazetaritzak konpetitzaile bat du: Herritarra. Hala ere, “benetako” kazetaritzaren adibiderik onenak profesionalen eskuetatik iritsiko zaizkidala pentsatzen jarraitzen dut.

Programatzaileek bezala, ni ere sinetsita nago kazetari esperientzia duen lagun batek (ikasketak ez zaizkit hain baliagarriak iruditzen…) eskarmenturik ez duenak baino aukera gehiago duela “kazetaritza ona” egiteko. Ofizioaren trikimailuak dira. Berdin du paper gainean ala blog batean idazten duen kazetaria bada. Baina eskarmentua duena. Izango da profesionalik kazetaritzaz deus ez dakienik. Programatzaile ikasketak izanda ere programatzen ez dakienik. Eta alderantziz.

Basque Substation of the Internet

Basque Substation of the Internet

Silicon Lautada blogak Web 2.0 kontzeptuari beste ikuspegi batekin begiratzeko aukera eskaini du joan den astean. Orriotan ideia honi buruz idazten dudan bakoitzean nire joerak salatzen nauelakoan nago. Beti sentitzen baitut azalpena ondoko esamoldearekin hasteko joera: «Askotan entzun den kontzeptua ulertzeko»…

Oraingoan ez dut egingo. Silicon Lautadan bertan egileak ondo asko asmatu baitu bere azalpenari jarri dion izenburuarekin: «Web 2.0 delakoa hobeto ulertzeko (…edo gehiago nahasteko)». Ez baita erraza 2.0 deitzen zaion horren dimentsio guztiak batera aztertzea, eta sarearen garapen abiadurak berak ezinezko egiten duelakoan nago. Hilabete honetan atera diren tresna berriak aztertzen ari garen bitartean beste hainbat tresna berri agertu baitira. Eta datorren astera arte ez gara enteratuko…

Lehen aipatu dudan blogean, Web 2.0 delakoa azaltzen duten zenbait mapa, e-liburu eta eskulibururen berri ematen du egileak. Besteak beste, We the Media izeneko testua, Web 2.0 e-liburua, eta Subway Stations of Internet izeneko mapa. Bere hitzetan: «Ahh, Web 2.0, mundu digitala ulertzeko (eta erabiltzeko esango nuke nik) era berriena aspaldidanik dago geure artean. Funtsezko bilakatzen ari dira bloga, wikia, mashup, api etab. bezalako kontzeptuak eta horien atzean dagoena. Egia da askotan alde teknologikora soilik murgiltzen garela eta gizarte kolaborazioa, komunikazioa, Internet eta teknologia berriak ulertzeko era berritu horri garrantzi gutxiago ematen diogula».

Nik sentipen kontrajarria daukat Web 2.0 zabalpenaren inguruko jardunaz. Batetik, batzuetan joera teknikoegia erabiltzen delakoan nago. Baina, bestalde, joera horren beldurraren eraginez, maiz gehiegi sinplifikatzen dela ere esango nuke.

Silicon Lautadan aipatutako dokumentuak adibide zopa handia dira. Eta, agian, hainbeste azalpen eman gabe, onena adibideak eskura jarri eta norberak, duen interesaren arabera, bisitatu eta aztertu ditzan da modurik egokiena. Esan bezala, 2.0 unibertsoa hain da zabala guztia batean azaltzea ezinezko egiten baita.

Mila adibide jarri izan ditugu kontzeptua ulertarazten inoiz saiatu garenok. Eta uste dugu jendeak gehien ezagutzen dituenak azpimarratuta ulergarriago egiten dugula gure solasa. Internet osoa dagoeneko Web 2.0 bilakatu dela esango nuke, ordea. Edo behintzat agertzen diren tresna berri esanguratsuenak halaxe direla, eta oso-osorik 2.0 ez direnek ere 2.0 tresna gisa sailka ditzakegunak erabiltzen dituztela.

Jendeak, seguraski, 2.0 tresnak baliatzen dituela jakin gabe, kontzeptu hori inoiz entzun ere egin gabe, erabiltzen ari da. Betiko adibideak: Youtube, Wikipedia, eBay, Google, Flickr, Picasa… eta hain handiak ez diren beste batzuk ere bai.

Bada, Arabako lautadatik helarazitako mapa horiek adibide mordoa jartzen dute nahi duenaren eskura. Hortik hasita, ehunka webgune daude bisitatzeko eta interesak bultzatuta murgiltzen dena azkenean tresna horien pertsuasioak harrapatuta geratuko da. (Tira, ikusmin apur bat behintzat piztuko diolakoan nago).

Web 2.0 e-liburuarekin batera «poster-mapa ikusgarria argitaratu da eta benetan, merezi du eskolak emateko momentuan, edo Web 2.0 honen nondik-norakoa ulertzeko (eta azaltzeko), ondoan izateko, ahalik eta handien!», blogariaren esanetan.

Eta O’reilly Radar-ek argitaratutakoa, «benetan ikusgarria baino ikusgarriagoa da, zalantzarik gabe. Tokioko metroko mapa oinarri hartuta, Web 2.0 zerbitzuak biltzen dira gaika edo, hobeto esanda, estazioka, eta Interneteko Joeren Mapa (Trends Map) deitu dute».

Beraz, orain hainbestetan, edo hain gutxitan, entzuten den esamolde hori hobeki ulertzeko abiapuntu ezin hobeak dira testu eta irudi horiek guztiak.

Silicon Lautadan galdera bat ere egin diote irakurleari: «Web 2.0ren inguruan dauden CC edo copyleft lizentziapeko testuen artean zein euskaratuko zenukete?». Nik oraindik mapa handi horiek ondo begiratu behar ditut iritzia eman baino lehen. Baina O’reillyrena, lehenengo begiradan, oso erakargarria egin zait (lurrazpikoen mapak izugarri gustatzen zaizkit).

Beste burutazio bat ere badut, baina. 2.0 dimentsio horretan euskarak, txikia bada ere, badu bere txokoa. Handiekin alderatuta, mapa horietan mikroskopioarekin begiratu beharko genuke euskarazko Web 2.0 tresnak aurkitzeko. Munduko mapa itzultzearekin batera, ni Euskal Herriko substation edo apeaderoa egitearen aldekoa naiz. Txikia izanda ere, unibertso horren zatitxo bat baita.

Aste honetan bertan izan dugu teoria horren erakusle bat. Txioka.net izeneko gunea. Azken aldiko 2.0 tresna arrakastatsuenetako baten eraldaketa da. Euskal Herritarren Twitter komunitatea. Pentsatzen hasita, kostaldeko tren horretan hainbat geltoki dagoeneko badatozkit burura, eta seguru laster berriak eraikiko direla. Hasiz gero, maiz berritu beharko dugulakoan nago.

PD: Artikulo hau GAUR8ko paperezko edizioan argitaratu eta gero, goian ikus dezakezuen mapa osatu dut. Bale, ez naiz O’reilly ;) , eta egindakoa ez da Subway Stations of The Internet. Ziur naiz hainbat gauza kanpoan geratu zaizkidala. Beste batzuk hainbesteko “joera” markatzen dutenik duda egingo dit norbaitek. Web 2.0 zer den eta zer ez den ezatabaidatuko dute beste batzuek. Beti bezala, edozein iradokizun ongi etorria izango da Gutenberg Galaxian. Beti dago mapa eguneratuak egiteko aukera, diseinua ere finduz. Ea ikonoak txikitzen goazen proiektuak garatu ahala. Berriei leku egin behar zaien seinale, zaharrenak hil gabe.
Xabier Pagolaren Euskal Herriko Burdinbide Azpiegitura jatorrizko mapan oinarritua. Jarraian, ikuskatu ditudan hainbat webguneren loturak:


“Web 2.0 delakoa hobeto ulertzeko (… edo gehiago nahasteko)”
Premine
“Euskara 2.o tresnak” Iratxe Esnaola
“Lokalizazioa, menuak eta jana (EH 2.0rako)” Luistxo Fernandez
“EH 2.0 (I) Lokalizazioa” Mikel Iturria
“Euskara eta Code & Syntax, nazioarteko aldizkari baten azalean” Sustatu
“Ordenagailua euskaraz erabiliz” Zibergela
“Pootle erabiliz, Librezaleren urrats inportantea software euskaratzean laguntzeko” Sustatu
“Zenbat blog daude euskaraz?” Joxe Arantzabal

PD2: Xabierren erantzunaren zain, gogoratu dut lehenago ere baimena eman zidala bere mapa helburu komertzialik gabe erabiltzeko. Aipuak behar bezala eginda, hor doa, beraz.

PD3Bi tresna edo webgune garrantzitsu ahaztu nituen. Biak Gorka Juliorenak. Bloginfluence.net eta Kexatu. Bigarrena desagertutzat eman nuen nire lapsus mental bat dela medio. Baina ez da desagertu. Barkamenak Teketeni, beraz. Hurrengo bertsiorako!

Irakasleak

Ez dituzte garai xamurrak bizi irakasleek. Batez ere oinarrizko hezkuntzan lanean ari direnek. Hedabideetan behin eta berriz agertzen dira ikasleen jazarpena jasan duten “andereño” edo “maixu”ak, gure garaian esaten zitzaien bezala. Edozein ikastolan galdetuz gero, kasuak ezagutu dituztela, lankideren bati gertatu zaiola edo kontatu dizkietela entzungo duzu.

Ez dut esango hezkuntzak bere garai txarrenak bizi dituenik, garai oso latzak ere ezagutu dituelako hemen jendeak lehenago, baina onenak ere bizi ez dituela esango nuke. Garaiak baitira aldatu direnak, gizartea bera, eta hezkuntzan gertazen direnak horren isla besterik ez dira.Unibertsitatekoena beste kontu bat da. Edo halaxe pentsatu izan dut beti. Haien arduraren sentipena, nik ikusitakoaren arabera behintzat, ez da oinarrizko irakaskuntzan dabilen irakaslearena. Ordurako haurrak heldu bilakatu dira eta, legez.

Ingurumarietan ari naizela, albiste deigarri bat iritsi da nire belarrietara. Eskola bateko erlijio irakasle bati ez diote kontratua berritu. Horraino, ezer berririk ez. Egunero milaka laguni bukatzen baitzaio kontratua, bi urtez lanpostu berberean egonda ere. Gotzaintzak hori egiteko erabili duen arrazoia da eskandalugarria: Emakumea dibortziatu egin zen eta gaur “pekatuan” bizi da bere bikotekide berriarekin.

Irakasleak epaitegietara eraman zuen afera eta baita auzia irabazi ere. Baina Apezpikutzak helegitea ezarri zuen, eta ezeztatu du irakasleari ordaindu behar zion kalteordaina. Orain Europako Epaitegira jo du irakasleak… urte mordoa pasako da epaia entzun arte, beraz.
Hori larria bada, are eta larriagoa da berriz ere ETB2ko bazkalosteko saio batean ikusentzuleak entzun behar izan zituenak entzundakoak, Gotzaintzaren erabakia modu nahiko epelean arbuiatu ondoren. Mahaikideeen erdiaren hitzetan, ulergarria izan daiteke erlijio eskolak emateko irakasle elizkoi bat kontratatzea. Kristaua, noski, hizlarientzat munduan, eta Euskal Herrian bertan, beste erlijiorik ez ei dago eta, antza.

Nire galderak ondokoak dira: Ze hezkuntza mota jasoko dute erlijioari buruz, eskolak ematen dizkien pertsonak erlijio bakar bat ezagutu edo behintzat irakasteko asmoa badu? Eta eskola horien helburua erlijio katolikoa irakastea balitz ere (ez nuke hori pentsatu nahi gurea bezalako Estatu laiko batean), sinismenak bultzatuta irakasten duen pertsona baten irakaspenak objektibotasun edo distantzia (ideologiko) apur batekin irakasten duenak baino gehiago balio al du?