rssgaur8 logotipoa

Zazpi izugarrikeriak

Munduko zazpi mirari berriak izendatu ditu ekimen pribatu batek. Aintzinako zazpi mirarien artean, jakina da Gizako piramideak direla zutik dirauten bakarrak. Orain, Erromako Koliseoa, Rio de Janeiroko Kristoren estatua, Petra, Machu Picchu, Taj Mahal, Txinako Harresi Handia eta Chichen Itza gaineratu dituzte. Zazpi eraikin miragarri berrien hautaketa sistemari erreparatuta, zilegitasunik gabeko ekimena iruditu zait. Izan ere, bozketa Internet eta telefono mugikorren bidez egin dute eta, bistan da, horrek berriz utzi du agerian mundua bitan, behinik behin, zatitzen duen haustura digitala. Zenbait herrialdetan, zazpi mirariak hautatzeko erabili den teknologia ez baitago herritar gehienen eskura. Madrilgo egunkari digital bateko erabiltzaile baten ahotan izan dut beste proposamen baten berri. Zazpi mirariak baizik, gizateriaren zazpi izugarrikeriak aukeratzeko deia zabaldu du. Mementuz, osatu duen zerrendan ondoko proposamenak ikusi ditut, besteak beste: Afrikak pairatzen duen gosea eta heriotza, Ekialde Hurbilaren suntsiketa, terrorismoa, Lurraren berotzea, energia nuklearra, hiesa eta farmazia industriaren zikoizkeria, politikariak, kalashnikov metraileta (60 urte bete ditu), espekulatzaileak, etorkinen itsasarteko heriotza… Izugarrikeria horietako batetik gertu egon berri naiz ni. Txarrena da, ohartu ere ohartu gabe egon naizela. Kanariar Uharteetara txangoa egin dut duela pare bat aste. Eta, denbora luzez izan ez bada ere, Tenerifeko hondartzak zapaldu ditut. Behin baino gehiagotan ikusi ditut, argazkietan, herritar afrikarren gorpuak hondartza horietan zerraldo. Eta Kanariar Uharteetan hori gertatzen dela jakinda banengoen ere, hareatzan etzanda nengoen bitartean ez nintzen kontziente izan. Buruan ez zitzaizkidan iltzatu izugarrikeriaren isla diren bi izen horiek: Los Cristianos eta Las Americas. Euskal Herrira bueltan, lagun batek gogorarazi dit bi hondartza horietara iristen direla kaiukoak, hain zuzen ere. Astindua eman dio nire gogoari. Galdetu dit ea Polizia asko ikusi nuen. Inozoa ni, turisten diru-zorroak babesteko zeudelakoan nengoen… Izugarria da kontrastea. Batzuk eguzkia hondar gainean etzanda hartzen dugun bitartean, besteek heriotza topatzen dute hondar berberean etzanda. Ezjakintasuna da gizateriaren izurrietako bat. Baita nirea ere.

This entry was posted on Asteazkena, Uztaila 11th, 2007 at 3:01 pm and is filed under filo, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

Iruzkinik ez

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.