rssgaur8 logotipoa

Ostegunero

Kioskora asteazkenero heltzen den “El Jueves” agerkari satirikoaren azken alea bahitu du “Euskaldunon Egunkaria” itxiarazi zuen epaile berberak. Nagusiki komikiak argitaratzen dituen aldizkariak monarkia espainolaren oinordekoak irudikatu ditu, biluzik, larrutan, beren ohatzean… Baina, nolaz bururatu ote zaie? Printzeek eta printzesek ez baitute ez kakarik, ez pixik ez larrutan egiten. Betidanik izan da horrela. Ez dira gizaki hilkorren pareko. Beren odola urdina da, gurea gorria. Ez dute lanik egiten, baina diru arazorik ere ez dute. Ez dira izango Zapaterok iragarri duen 2.500 euroko dirulaguntzaren onuradun, izen ahoskaezina duen haurra erditu berri badute ere. Ez… Ez dute premiarik. Egunero bizi dira dirulaguntzei esker-eta.

Hautsak harrotu ditu albisteak. Bahiketa, zentsura ekintza, blogetan, BBCn, Digg.com gunean… izan dute hizpide. Hedabide ultrakontserbadoreek izan ezik, denek defenditu dute, epelago edo gogorrago, adierazpen askatasun eskubidea. Baita karikatura aurpegia berezkoa duten Borboiak tartean direnean ere. Euskaldunok nahiko genuke geure hedabide eta agerkariak zentsuratu edo erasotzen dituztenean horrelako aldarri argia entzungo bagenu, geure herrialdea baino hegoalderago dagoen beste hortatik, batez ere. Eta esan beharrean sentitzen naiz, bahiketa hau oso larria izanda ere, are eta larriagoa iruditzen zait hedabide bat oso-osorik eta behin betiko ixten denean. Baina berdin du, egunean egunekoari heldu behar zaio eta nik ere salatu nahi izan dut “El Jueves” aldizkariaren alearen bahiketa.

Gertatutakoari emandako erantzunen artean batek sutu banau, ETB2ko “Pasalo” saioko aurkezleena izan da hori. Albisteak aurkezteko duten joera horiari jarraiki, ondokoa bota zuten: «Jaun andreok, iraganeko garaietara itzuli gara. Frankismo garaiko zentsura garaira». Edo antzerako zerbait… Nola liteke ETBko aurkezle batek tamaina horretako astakeria botatzea, masailak gorritu gabe? Nola da posible ETBko aurkezle batek Euskal Herrian gertatu diren adierazpen askatasunaren aurkako hainbat eraso hain erraz ahaztea? Adierazpen askatasunaren alde egunero egiten da, ez urtean behin, ez ostegunetan soilik. “Egin”, “Ardi Beltza” “Kalegorria”, Egin Irratia eta “Euskaldunon Egunkaria” itxi zirtuztenean, edo Nicola Lococok “Yogi hartzaren tribulazioak” idatzi zuenean.

Eljueves.es Bad Request (Invalid Hostname)


Del Olmo epaileak El Jueves aldizkari satirikoaren alea bahitu ostean, egunean zehar webgunea zentsuratu ote duten zurrumurru izan da.

Gaur goizean behin baino gehiagotan “service unavailable” agertzen zen webgunera sartzeko saioa egiterakoan. Baina, antza denez, zerbitzariak gainezka egin duelako.

Gau partean, ordea, “Bad Request (Invalid Hostname)” da agertzen den mezua. Eta honek itxura askoz ere txarragoa du.

Eguneraketa, 2007ko uztailak 23 (12.50): Berriz ere ikusgai dago “El Jueves” aldizkariaren webgunea.

Epaileak agerkariaren webgunea bertan behera utzi ostean, zentsuratutako azala ageri zen tokian webgunearen aurkako prozedura ageri da orain.

2. eguneraketa (15.30): Ez naiz ni izango gisa honetako zentsura ekintzek argitalpen bati sona ematen diotela defendatuko duena… baina “El Jueves”en edizio digitalak berpiztu ondoren daukan publizitate guztiari erreparatuta (Telefonica, Renault, Yoigo) kontrakoa ere ez dut esango…

Eguneraketa: 2007ko uztailak 24 (00.25):
Orain gauza bitxia gertatzen da. Hemen goian dagoen irudia epaileak “El Jueves”i igorritako jakinarazpenari zegoen lotuta atzo eguerdian. Orain, aldiz, agerkariak azal berria argitaratu du (hemen azpian ikusgai daukazuena). Eta lehen epailearen jakinarazpenaren lotura azal originala bilakatu da berriz… Nik ez dut lotura aldatu, ordea.

Eguneraketa (12.40): Alexa guneak zabaldutako datuen arabera, sekulako gorakada izan du Eljueves.es guneak azken egunotan sortutako harrabotsaren harira. Publizitate sarrerak ere handitzen darrai gune horretan. Lehenago aipatutakoez gain, orain Simpsondarren filmaren bannerra ere ikus daiteke. Eta langile bila ere ari dira, zehazki segapotoentzako joko eta webgune programatzaileak. Hemen azpian jarri dudan grafikoa “audientzia” gorakada horren erakusle da:

Eguneraketa, uztailak 25:
Badirudi beren zerbitzarian epailearen agindua berrezarri dutela, eta jatorrizko azala berriz kendu.

Euskal herri kazetaritza, New Yorketik

Apirilean Virginia Tech Unibertsitatean gertatutako sarraskiaren harira herri kazetaritza izan banuen galaxia honetan hizpide, oraingoan beste herri kazetaritza adibide nabarmen bat ekarri behar dut lerro binariootara.

Asteazkenean Manhattanen lurrin hodi baten leherketak eragindako psikosiaren lekuko zuzen izan dira 39 bat euskal herritar eta kantabriar. Eta, horietako batek, Eñaut Agirrek, Mendizale baten blogetik zabaldu du lekukotasuna 17 urterekin.

Eta zabal zabaldu ere, informazio zehatz eta mardula sareratu baitu egunotan maisuki, eta Youtubeko bideoekin atondu.

Gogoan dut World Trade Centerren aurkako erasoak gertatu zirenean GARAko Mundua sailean lan egitea tokatu zitzaidala. Orduan, gogor lan egin behar izan genuen bertan bizi ziren euskaldunen lekukotasunak biltzeko. Besteak beste, New Yorken bizi eta 2005ean zendu zen Mario Salegi. Internet ezinbestekoa izan zen orduan, baina telefonoa ere bai.

Pearl Harbor berri bat bezalakoa izan da”, izan ziren Salegiren hitzak.

2001ean, hiruzpalau euskaldun eta hedabidearen artean bitartekari lanak nik neuk egin nituen. Oraingoan, baina, Eñautek ez du hedabide konbentzionalen makinaria erdoilduaren beharrik izan bere mezua helarazteko. Web soziala aski izan du. Bitarteko guztiz neutrala.

Eñautek eskainitako bertatik bertarako kontakizuna benetan zirraragarria da, kontatzen duenagatik, lekuko batek zuzenean kontatzen duelako, eta euskaraz kontatu digulako. Nik neuk, telebistan entzundako goiburu bat izan ezik, ez dut beste inolako mediotan jarraitu gertakaria. “Mendizale alferrak” (ez dirudi hain alferra denik, bada) eman didan informazioa aski izan dut. Mementuz bederen.

Ea behingoz post hori iruzkinez josten dugun, ez baitut uste horrelako aukera askorik izan dugunik orain arte. Zuzenean lekukoari galdetzeko aukera… Pasadizo batzuk ekarri nahi izan ditut hona, nahiz eta gomendagarriena osorik irakurtzea den.

“Hainbeste polizia ezberdinen artean, eta poliziek airera egindako tiroen eraginez (oraindik argitu gabe dago zergatik), segituan sakabanatu zen talde osoa”.

“Pare bat kale gehiago urrundu ginen eta erabat izuturik utzi ninduen zerbait ikusi nuen, gizon bat kaltzontzilotan, hauts gisako batez estalirik eta urradura mordoarekin. Gainera sekulako brummm hotsa zegoen, kalteturiko eraikina gainera erori behar balitzaigu bezalakoa”.

“Hala eta guztiz ere oraindik ez dago argi hauts-lokatz hori kaltegarria izan litekeen edo ez, zenbait azterketatan amianto arrastoak topatu baitituzte. Dena dela ni behintzat ez nintzen gehiegi zikindu, beste batzuekin alderatuz”.

“Zorionez ez zen ezer gehiago izan eta eskerrak. Esperientzia bortitza izan zela behintzat ezin ukatu! Eta hori bai, gaur bertan joan naiz atzo galdu nuen jertse berdina erostera, benetan gogokoa bainuen eta orain gainera balio historikoa izango du niretzat!”.

Bueno Eñaut, ea hurrengoan zure mendi txangoen berri izaten dugun berriz, horrelako astindu baten berri beharrean. Baina tira, gisa honetako beste albisterik zuzen zuzenean jakinarazteko aukera izanez gero, ez izan zalantzarik! Bien bitartean, zure jertse berri horren irudia Slidesharera igo beharko duzu, sortu duen ikusminari erreparatuta, denok ikusi ahal izan dezagun ;)

PD: Zabaldun ikusia

Alkateak

Hilabete batzuk igaro dira udal hauteskundeak erabaki zirenetik. Orduan, kanpainaren pasarte batzuen harira zutabea idaztekotan egon nintzen. Donostiako bi alkategai nagusi ziren protagonista. Baina azkenean beste gauza “garrantzitsuago” batzuek bereganatu zuten zutabe mardul honen arreta.

Lehenengo pasarteak egun alkate den Odon Elorza zuen aktore nagusi. Hiriburura kostaldeko trenean bertaratu nintzen egun hartan, eta Lugaritzen jaitsi nintzenean, kamerak, flashak eta kazetariak ikusi nituen aztoratuta. Nasan aurrera egin ahala jabetu nintzen egoeraz. Bagoietako batean alkate eta alkategai zena ikusi nuen eserita. Antza denez, kanpaina garaiko prentsaurrekoa deitu zuen geltoki berrian. Eskaileratan gora joan nintzen eta PSEren furgoneta ikusi nuen aparkatua. Sarreratik gertu, aparka ezin daitekeen toki batean. Beti exenpluarekin predikatzen… Elorza bere auto ofizialean irudikatu nuen. Bietako bat. Geltokitik nahiko gertu duen etxetik trena hartzera joateko. Ala lantokitik, Udaletxetik, geroago kontrako bidea egingo zuen trena hartzera joateko. Maiz erabiltzen dut ez bagoietan ezta geltoki gehienetan ere komunik ez duen “hirugarren munduko” tren hori. Eta behin bakarrik ikusi dut egun berriz ere alkate dena bertan.

Bigarren pasartea beste alkategai nagusiak interpretatu zuen. Egunkariko erredakzioan nengoela, EAJko hautagai Xabier Ezeizabarrenaren prentsaurreko deialdia jaso nuen. Bizikletaz egingo zuen Antiguatik Erdialderako bidea, helmugan adierazpenak egiteko. Ekitaldi hartara ere hedabide ugari gerturatu zen. Eguraldiak, alta, ez zion mesederik egin, eta bere flekiloa busti-busti eginda agertu zen egunkarietako orrialdeetan… Donostiako bidegorriak maiz erabiltzen ditut. Baina euria ari duenean, nahiago izaten dut autobus publikoa hartu lantokira blai eginda iritsi baino. Ez egun eguzkitsuetan ezta euritsuetan ere ez dut Ezeizabarrena pedalei eragiten ikusi.

Hauteskunde kanpainak zipristintzen dituzten egoera irrazionalak dira, antzezpen hutsa. Eta ondorio argi bat atera nuen. Politikariek, edo beren kanpainak diseinatzen dituzten profesionalek, inozotzat dituzte hautesleak. Eta irudi eskas batekin pertsuaditzeko gai direla uste dute.

Albiste hau irakurri nuen atzo. Estatu espainoleko alkate hauta-berrien %90ak igo du dagoeneko bere soldata. Bigarren ondorioa atera dut. Agian kanpainak diseinatzen dituztenek arrazoi dute.

Zazpi izugarrikeriak

Munduko zazpi mirari berriak izendatu ditu ekimen pribatu batek. Aintzinako zazpi mirarien artean, jakina da Gizako piramideak direla zutik dirauten bakarrak. Orain, Erromako Koliseoa, Rio de Janeiroko Kristoren estatua, Petra, Machu Picchu, Taj Mahal, Txinako Harresi Handia eta Chichen Itza gaineratu dituzte. Zazpi eraikin miragarri berrien hautaketa sistemari erreparatuta, zilegitasunik gabeko ekimena iruditu zait. Izan ere, bozketa Internet eta telefono mugikorren bidez egin dute eta, bistan da, horrek berriz utzi du agerian mundua bitan, behinik behin, zatitzen duen haustura digitala. Zenbait herrialdetan, zazpi mirariak hautatzeko erabili den teknologia ez baitago herritar gehienen eskura. Madrilgo egunkari digital bateko erabiltzaile baten ahotan izan dut beste proposamen baten berri. Zazpi mirariak baizik, gizateriaren zazpi izugarrikeriak aukeratzeko deia zabaldu du. Mementuz, osatu duen zerrendan ondoko proposamenak ikusi ditut, besteak beste: Afrikak pairatzen duen gosea eta heriotza, Ekialde Hurbilaren suntsiketa, terrorismoa, Lurraren berotzea, energia nuklearra, hiesa eta farmazia industriaren zikoizkeria, politikariak, kalashnikov metraileta (60 urte bete ditu), espekulatzaileak, etorkinen itsasarteko heriotza… Izugarrikeria horietako batetik gertu egon berri naiz ni. Txarrena da, ohartu ere ohartu gabe egon naizela. Kanariar Uharteetara txangoa egin dut duela pare bat aste. Eta, denbora luzez izan ez bada ere, Tenerifeko hondartzak zapaldu ditut. Behin baino gehiagotan ikusi ditut, argazkietan, herritar afrikarren gorpuak hondartza horietan zerraldo. Eta Kanariar Uharteetan hori gertatzen dela jakinda banengoen ere, hareatzan etzanda nengoen bitartean ez nintzen kontziente izan. Buruan ez zitzaizkidan iltzatu izugarrikeriaren isla diren bi izen horiek: Los Cristianos eta Las Americas. Euskal Herrira bueltan, lagun batek gogorarazi dit bi hondartza horietara iristen direla kaiukoak, hain zuzen ere. Astindua eman dio nire gogoari. Galdetu dit ea Polizia asko ikusi nuen. Inozoa ni, turisten diru-zorroak babesteko zeudelakoan nengoen… Izugarria da kontrastea. Batzuk eguzkia hondar gainean etzanda hartzen dugun bitartean, besteek heriotza topatzen dute hondar berberean etzanda. Ezjakintasuna da gizateriaren izurrietako bat. Baita nirea ere.

Dariola egin dezagun elkarrekin!

Europar Batasunak zinema sustatzeko Youtuben sareratu duen bideoaren harira, GAUR8ko erredakzioan artikuloa idazten hasi da lankide bat gaur. Hainbat filmetako sexu eszenak bildu eta orgasmoz betetako “44 segundotako sexu eztanda” osatu dute.

Laster sortu da eztabaida, GARAko erredakzioan. Europar Batasunaren kanpainaren leloetako bat, izan ere, «Let’s come together» baita. Eta laster hasi gatzaio elkarri galdetzen ea nola esango genukeen hori euskaraz.

Gazteleraz, «Corramos juntos» edo «Corrámonos juntos» izango litzateke. Baina euskarazko esamoldeen artean, kolokiala eta jatorra denik ez zaigu burura etorri. «Hazia isuri» esaldiak giza anatomiaren edo ugaltze sistemaren liburu batetik ateratako espresioa dirudi eta, gainera, gizonezkoen isurtzeari bakarrik egiten dio erreferentzia. 3000 hiztegiaren arabera, «eyacular» hitzak bi adiera ditu.

1 líquido: isuri, jario, erion

2 semen: eiakulatu, hazia isuri

«Eiakulatu» hitza ere ez zait xamurregia egiten eta genero bereizketari eusten dio, gainera. Agian, «isuri» erabil genezake genero bazterketarik ez egiteko? Baina, testuingururik gabe, «isuri (egin) dut» esaldiak esanahia galduko luke. Eta «jario»rekin ez zait formularik bururatzen.

Ingelesez «etortzea» («to come») orgasmoa izatearen sinonimotzat badute ere, geure kulturan «joan» gehiago erabiltzen dela esango nuke. Baina, erdarazko «irse», «me he ido» edo «¿te has ido?»ren eragina nabarmenegia litzateke akaso. Eta, «joan», «joan egin naiz», edo «joan al zara?» ere, testuingurutik kanpo ulergaitzak suerta daitezke. Esan dezadan «korritu» ez daidala batere jatorra iruditzen.

Bi irakurketa etorri zaizkit orduan gogora. Euskaraz, lagunarteko edo elkarrizketa hizkuntzan beste edozein hizkuntzatan hainbeste erabiltzen den esamolderik ez badago, kaskarra da euskaldunon hizkuntzaren egoera. Ala, bietako bat, euskaldunon bizitza sexualaren osasun egoera ezbaian dago…

Halako batean, Wazemankeko «Zalantzak non, euskaltzaindia han» esketxeko superheroia bailitzan, lankide zarauztar bat etorri zait eta nire bi teoria posibleak zapuztu dizkit, zorionez. Ez dakit zein den euskararen eta euskaldunen bizitza sexualaren osasun egoera, baina hiztegietan ez agertzeak ez du esan nahi kaleko hizkeran esistitzen ez denik. «Guk ‘daiola egin’ esaten diogu koadrilan», esan dit profeta salbatzaileak.

«Dariola egin» edo «Gainezka egin» emakumeen nahiz gizonen orgasmoa adierazteko hagitz egokiak ;) iruditu zaizkit.

Beraz, «Egin dezagun dariola elkarrekin!», «Egin dezagun gainezka elkarrekin!».

PD: Eta, zuek, nola esaten (egiten) duzue?

Txip txip hurra?

Diru kopuru txikiak ordaintzeko sistemek dagoeneko hainbat urte egin dituzte geure artean. Mugikorraren SMS mezu laburren bidezko mikro-ordainketak, adibidez, gero eta gehiago erabiltzen dira erosketa txikiak egiteko.

Baliteke, hala ere, mugikorren bitartezko erosketak bultzatuko dituzten teknologia berriek laster argia ikustea, edo dagoeneko asmatu direnak aurki erabiltzeko modua ahalbidetzea [1][2][3][4]. Labur azalduta, demagun edariak saltzen dituen makina baten alboan jarri eta sakelako telefonoaren bitartez freskagarri bat erosteko aukera dugula. Ez txanponik ezta txartelik ere erabili gabe…

Egun, Internetetik kanpo, gisa horretako ordainketak kreditu txartelek dauzkaten txipen bitartez egiten dira. Dirudienez, aurrerantzean txanpondegi-txartelak eta telefono mugikorrak uztartuz bideratu ahal izango dira mikro-ordainketak. Alegia, autobusera igo eta txartela makinaren zirrikituan sartu beharrean, telefonoaren haririk gabeko konexioren baten bitartez bidaia ordaindu ahal izatea. Ez dakit zenbat denbora igaroko den hori gertatu arte.

Bien bitartean, Gipuzkoako aurrezki kutxak gutuna bidali dit etxera, Gaztekutxa txartel berriarekin batera. Normalean banketxeak bidaltzen didan propagandari kasurik egiten ez badiot ere, oraingoan goitik behera irakurri dut bidali didaten «informazioa». Kutxak azaldu duenez, EMV (Europay Mastercard Visa) estandar teknologikoa eta segurtasun-txipa dira Gaztekutxaren berrikuntza nagusiak. SEPA ekimenak (Europako Ordainketa Eremu Bakarra) bultzatutako estandar honek «etxeko merkatu» berri bat sortzea du helburu, mugak gaindituz. Babes gehiago ere eskaintzen omen du iruzurrak eta beste gorabehera batzuk saihesteko. Europar Batasunean 2010. urtea baino lehen derrigorrezkoak izango dira neurri hauek, eta Kutxak aitzindaritzat jo du bere burua.

«Alegia, txartel bakar batekin gehiago eta errazago kontsumitzeko, gauza gehiago erosi ahal izateko asmakuntza», esan diot nire barrenari. Ulergarria, banketxe baten ekimena dela kontuan hartuz gero. Baina gehiago ere bada Gaztekutxa berria. «Txip txip hurra» lelopean, Kutxak zenbait kontzertutarako sarrerak zozketatuko ditu bezero gazteen artean. Ezetz asmatu… David Bisbal eta Ricky Martin. Hau da marka hau!

Googleheim


Lankide batek erakutsi dit. Baskonia saskibaloi taldearen eztabaidagune bat begiratzen ari zela aurkitu du Googleheim, interneteko euskal bilatzailea! Ni lehenago ikusi gabe nengoen, baina The J Files blogean abenduan eman zuten euskal bilatzailearen berri. ;)