Kontraesanak
Venezuelako RCTV kateari Chavezen Gobernuak emititzeko lizentzia berritu ez diola-eta, zenbait kontraesan sortu zaizkit. Gauza asko esan dira alde batetik nahiz bestetik; esan dituzte lizentzia kentzearen aldekoek eta aurkakoek. Eta harrabots ozenaren ondorioz gai horretan ezer gutxi sakondu dela uste dut. Aitortu behar dut, lehenik eta behin, ez ditudala ondo ezagutzen afera horren gorabehera eta xehetasun guztiak. Informatzeko ahalegina egin dut, irakurriz, entzunez eta ikusiz [1] [2] [3]… Ezer berririk ez topatu izanaren sentipena dut, ordea. Edozein hedabide ixtearen aurkakoa naiz; esan beharrik ez dagoela uste dudan arren, berriz esan nahi nuke. Baita nire ideologiaren kontrakoak direnak zarratzearen kontra ere, jakina. Euskal Herrian ezagutu eta pairatu ditugu «pertsiana jaisteak». Baina, itxura guztien arabera, ezin esan daiteke RCTVrena horietako kasu bat izan denik, beste ixte saio batzuk defendatu egin dituzten medioek kontrakoa sinistarazi nahi izan badute ere.

Tasio, GARAn
Nire kontraesanek bere horretan diraute, baina. Izan ere, Euskal Herrian aski ondo ezagutzen ditugu lizentziak arbitrarioki banatzearen ondorioak. Baita behinola erregimen jakin baten babespeko lizentziak jaso zituzten hainbat mediok egun mantentzen duten «ondarea» ere. Orduan… zilegi izan al daiteke zilegitasunik gabeko lizentziak jaso dituztenei, Gobernu aldaketa baten ondorioz, lizentziak baztertzea? Lizentzia baztertzearen aldeko argudioa ezin izan daiteke ondokoa: «RCTVek Chavez begipuntuaren xedean jarri, eta kolpistek tiro egiten dute», edo halakoren bat. Ezagunegia egiten zait, bidegabeegia. Antza, badira beste arrazoi batzuk. Venezuelako esparru radioelektrikoa oposizioaren edo eskuindarren eskutan omen dago. Eta esparru hori ez da amaigabea, ez da infinitua. Beraz, bidezko tokia egin beharko litzaieke beste gisa bateko hedabide komunitarioei, berezko entzule kuota izanda ere, ahotsik ez duten horiei. Adierazpen askatasuna ez baita zentsura garbiaz bakarrik zapaltzen. Mila bide eta trikimailu daude ardilarrua jantzita adierazpen askatasunaren aurka ekiteko. Baina zenbait argumentu geure buruaren aurkakoak iruditzen zaizkit. Kontraesankorra naiz, badakit. Baina boterearekiko (datorren tokitik datorrela ere) halako mesfidantza kongenitoa dut.
PD: Paperezko bertsioan idatzita ez zegoen ohar bat: Berez, kable bidez eta Internet bidez emkititzeko aukera izaten jarraitzen du RCTVk.
This entry was posted on Asteartea, Ekaina 19th, 2007 at 12:19 pm and is filed under media. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Ekaina 20, 2007 at 5:35 pm Hetzordua wrote:
Kaixo!
Gai korapilotsua da, baina hala ere RCTVri ez zaio lizentzia kendu, egin dena ez-berritzea izan da. Teknokoki ezberdinak dira, nahiz eta politikoki antzekoa izan daitekeen. Bestalde, aipatzen duzun bezala, kable, internet eta satelite bitartez emititzen jarrai dezakete. Bestetik oso bideo interesgarria dago gaiaren inguruan, hor goian jarri duzun 2. lotura hori. Luzea eta gazteleraz, baina interesgarria.