Leiho begiluzea
Alfred Hitchcock zinegilearen “Rear Window” izenburua euskaratzeko, hiztegietan aritu naiz begira. Eta horratx bilaketaren emaitza. Leihoa da Internet eta informatikaren munduko imaginarioan ikonorik bereizgarriena. Leihoak irekitzen ditugu euri edo haizearen beldurrik izan gabe. Eta txoriak beren aurka talka egingo ez duela jakinda ixten ditugu berriz.

Googlek zenbait tresna eskura jarri zituenean, Maps edo Earth kasu, leiho gehiago ireki zituen geure egongelako horman. Lurreko ia edozein tokitako satelite irudiak, mapak, hiru dimentsiotako orografia. Ilargia ere, bertatik bertara. Mila leiho zabalik, GAUR8ko leloak dioen bezala.
Internetek, mila baino, infinitura arteko leiho andana ireki du. Baina, agian leihotik sartzen den argi izpiek itsututa, leiho jakin baten presentziaz ez gara ohartu. Edo ahaztu zaigu kanpora begirako leihoak irekitzen genituen bitartean, barrura begirakoak ere parez pare zabaldu ditugula. “Leiho begiluzea” da, begirale indiskretoa. Guk jakin gabe begira ari zaigun hori.
Begirada hori berriz ere agerian geratu da Googlek garatu duen tresna berri batekin. Street View du izena. Mementoz Amerikako Estatu Batuetako zenbait hiri daude ikusgai. Labur azaltzeko, Google Maps aplikazioaren gehigarria da eta hiriko kaleen irudiak eskaintzen ditu. Auto barruan egongo bagina bezala ikus ditzakegu kaleak, etxeak, jendea… Errenkadan maisuki paratutako argazki panoramikoen bitartez, geure burua New Yorken, Las Vegasen, Miamin, San Frantziskon edo Denverren barrena irudikatzea errezagoa da orain. 360 graduko ikusmira.
Duela zenbait aste Street View tresnaren berri izan nuenean, lankide batek segituan esan zidan laster egingo zuela talka jendearen pribatasun eskubidearekin. Laster izango zituela arazoak Googlek. Ez dakit honez gero lege arazorik izan duen. Baina hainbat lagun egoera «konprometituan» geratu dira begirale indiskretoaren begi ninian izoztuta.
Mutil gaztea hesia saltatzen, baimendutako gehiengo abiadura gainditu duen auto gidaria, kale bazterrean txiza egiten ari den gizona, eta «tangatxoa» agerian duen neska…
Eztabaida dagoeneko piztu da sarean. CIAk hori bera egiten duela agerikoa balitz, ez al genuke salatuko?
This entry was posted on Asteartea, Ekaina 12th, 2007 at 11:01 am and is filed under urban, ziber. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Ekaina 12, 2007 at 11:31 am Hetzordua wrote:
Mesedez, ez erakutsi gauza hauek azterketetan gauden bitartean… beste denbora galtze luze horietako bat da, flickr edo wikipedia moduan….
egia esan flipatuta gelditu naiz google street horrekin, baina gogoratu dut orain dela ez asko ikusi nuela kotxe bat Otxandioko kaleetan barrena bere gainean 8 kamara zituela 360º grabatzen… agian etorkizun batean leku gehiago egongo dira eskuragarri…