rssgaur8 logotipoa

Geroglifikoak

Astean zehar, noizbehinka, lantokitik atera eta inguruko taberna batera joateko ohitura dut. Laneguna amaituta, egunkariak patxada handiagoarekin irakurtzeko denboratxo bat hartzea gustoko dut. Baina maiz ezagun eta lagunak topatu ohi ditut eta, orduan, ez da irakurketarako betarik izaten. Hitzegiteko garaia da-eta.

Lagun horien artean badira bi taberna berdinera joateko ohitura dutenak. Haiek, periodikoa irakurtzeaz gain, beste denborapasa batzuk ere jartzen dituzte praktikan. Eta elkar topatzen dugunean, niri ere jolas horietara batzea gustatzenzait. Saio horietako batean, AEBetako estatuak zerrendatzen hasi ginen lau lagunon artean. Eta, emaitza zehatza orain gogoan ez badut ere, nahiko arrakasta izan genuela esango nuke. Gutxienez, AEBetako estatu guztien %50a baino gehiago izendatu genuen. Harro-harro joan ginen orduan etxera, geure buruari honako galdera eginez: Amerikako zenbat estatu zerrendatzeko gai izango ote da bertako biztanleria, bataz beste?

Beste joko batzuk ere jarri ohi ditugu praktikan. Hitz saldak, adibidez. Aurrekoan, tabernara iritsi eta nire bi lagunak topatu nituen, GARAren eguneko alea mahai gainean zutela, hitz saldaren orrialdean irekita. Taula oraindik txuri-txuri zegoen, lauki bat bera ere tintaz zikindu gabe. Solasalditxoaren ondoren ekin genion erronkari. Hasi eta bukatu, denbora errekorrean.

Tabernako hitzorduak maiz izaten dira iradokizunak biltzeko unea, bestalde. Alegia, askotan egunkariaren inguruko iradokizunak egiten dizkidatela. Eta maiz izaten dira tabernatan… Azkenekoa, hitz salda adikto horietako baten ahotan iritsi zitzaidan. Kontatu zidanez, faltan botatzen ditu geroglifikoak GARAko denborapasen artean. Nik, jakina, iradokizuna behar den lekura helarazteko konpromisoa hartu nuen.

Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoa ulertzea GARAko hizki saldak deszifratzea baino are konplikatuagoa da. Eta ez da inolako jokoa, askotan hitz joko konplexua dirudien arren. Nire lagunak tabernako solasaldian gogorarazi zidan bezala, hemen geroglifikorik ez dugunez, GAUR8 gehigarriko blogean bat jartzea otu zait. Ea asmatzen duzuen

+NAREN +NAREN -O + ?

Internet, galaxia bat bailitzan

Cosmos aldizkarian ikusi dut. Proceedings of the National Academy of Sciences agerkariak Interneten itxura irudikatu du, sarearen topologia aztertu du, egituraren azterketa matematikoa eginez.
Internetek, sare baten antza baino esfera batena duela da azterketaren ondorioetako bat.

Nik galaxia baten antza hartu diot, edo unibertsoarena… Eta sare bateko trafikoa grafikoki monitorizatzen duen Etherape aplikazioaren itxura ere dakarkit gogora.

Kontraesanak

Venezuelako RCTV kateari Chavezen Gobernuak emititzeko lizentzia berritu ez diola-eta, zenbait kontraesan sortu zaizkit. Gauza asko esan dira alde batetik nahiz bestetik; esan dituzte lizentzia kentzearen aldekoek eta aurkakoek. Eta harrabots ozenaren ondorioz gai horretan ezer gutxi sakondu dela uste dut. Aitortu behar dut, lehenik eta behin, ez ditudala ondo ezagutzen afera horren gorabehera eta xehetasun guztiak. Informatzeko ahalegina egin dut, irakurriz, entzunez eta ikusiz [1] [2] [3]… Ezer berririk ez topatu izanaren sentipena dut, ordea. Edozein hedabide ixtearen aurkakoa naiz; esan beharrik ez dagoela uste dudan arren, berriz esan nahi nuke. Baita nire ideologiaren kontrakoak direnak zarratzearen kontra ere, jakina. Euskal Herrian ezagutu eta pairatu ditugu «pertsiana jaisteak». Baina, itxura guztien arabera, ezin esan daiteke RCTVrena horietako kasu bat izan denik, beste ixte saio batzuk defendatu egin dituzten medioek kontrakoa sinistarazi nahi izan badute ere.

Tasiok GARAn argitaratutako bineta
Tasio, GARAn

Nire kontraesanek bere horretan diraute, baina. Izan ere, Euskal Herrian aski ondo ezagutzen ditugu lizentziak arbitrarioki banatzearen ondorioak. Baita behinola erregimen jakin baten babespeko lizentziak jaso zituzten hainbat mediok egun mantentzen duten «ondarea» ere. Orduan… zilegi izan al daiteke zilegitasunik gabeko lizentziak jaso dituztenei, Gobernu aldaketa baten ondorioz, lizentziak baztertzea? Lizentzia baztertzearen aldeko argudioa ezin izan daiteke ondokoa: «RCTVek Chavez begipuntuaren xedean jarri, eta kolpistek tiro egiten dute», edo halakoren bat. Ezagunegia egiten zait, bidegabeegia. Antza, badira beste arrazoi batzuk. Venezuelako esparru radioelektrikoa oposizioaren edo eskuindarren eskutan omen dago. Eta esparru hori ez da amaigabea, ez da infinitua. Beraz, bidezko tokia egin beharko litzaieke beste gisa bateko hedabide komunitarioei, berezko entzule kuota izanda ere, ahotsik ez duten horiei. Adierazpen askatasuna ez baita zentsura garbiaz bakarrik zapaltzen. Mila bide eta trikimailu daude ardilarrua jantzita adierazpen askatasunaren aurka ekiteko. Baina zenbait argumentu geure buruaren aurkakoak iruditzen zaizkit. Kontraesankorra naiz, badakit. Baina boterearekiko (datorren tokitik datorrela ere) halako mesfidantza kongenitoa dut.

PD: Paperezko bertsioan idatzita ez zegoen ohar bat: Berez, kable bidez eta Internet bidez emkititzeko aukera izaten jarraitzen du RCTVk.

Ubuntu 7.10 Tribe 1 aurkeztu dute!

Joño! Hau ez nuen espero! Ziberespazioan erdi galdua nebilen Donostiako Udaberri tabernan, zerbetzatxo bat alboan, eta hara non topatu dudan berri interesgarri bat.

Google.es eta Google.com guneetako albisteen bilatzailean bilatuaren bilatuaz, uste dut egun batzuk lehenago ikusi nuela, gehiegi erreparatu gabe. Gaur, gazteleraz ikusi dut. Eta, gizarajoa ni, ulerterrazagoa egin zait.

Bada, irakurri dudanez, Ubuntu 7.10 Tribe 1 bertsioa kaleratu berri dute.

Jaitsi: Ubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Edubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Kubuntu 7.10 Tribe 1.
Jaitsi: Xubuntu 7.10 Tribe 1.

Diotenez, Tribe 1 behin behineko bertsioa da, gero Ubuntu 7.10 Gutsy Gibbon bilakatuko dena. Urrian ikusiko omen du argia bertsio berri honek. Ikaragarria da. Oraindik Feisty Fawn, edo kasik, Edgy Eft barneratu gabe, eta laster berria!

Bertsio berrituak mementuz dakartzan aldaketen artean, Debianekin egindako aldaketak (barka nire ezjakintasuna afera hauek deskribatzerako orduan) eta 2.6.22 Kernelaren aktualizazioa ei dira aipagarrienak. Ubunturen aldaera guztiek izango dituzte aldaketa hauek (honek agerikoa dirudi, ez?).

Tribe 1 hastapena besterik ez da, Gutsy Gibbon-en oinarria, baina antza akats handirik gabekoa. Nork esango luke Ubuntu Tribek gisa honetako tribukide berria izango zuenik! ;)

George Orwellen 1984, orain euskaraz

Txalaparta argitaletxeak bihar aurkeztuko du George Orwellen “1984” lanaren euskarazko itzulpena. Oskar Aranak egin du euskaratzea.

Argitaldari nafarrak jakinarazi duenez, «XX. mendeko libururik esanguratsuenetako bat da 1984. Aurreko mendearen erdian idatzi zuen Orwellek bere distopia, bere utopia negatibo hau. Luma zorrotz batez eta aparteko intuizioaz inguru hits eta gupidagabea proiektatu zuen etorkizunerantz».

«Ontasunarentzat ez dago lekurik Winston protagonistaren munduan. Anaia Nagusiaren eskutik gezurrak, beldurrak eta gorrotoak dena hartu dute 1984an: hizkuntza, morala, maitasuna… Itxaropenik bada, proletarioen baitan da», gaineratu du Txalapartak.

Pasarte bat ere ekarri du goghora prentsa oharrean:

Anaia Nagusiaren aurpegia aienatu egin zen, eta, haren lekuan, Alderdiaren hiru sloganak agertu ziren letra lodi eta larriz:

GERRA DA BAKEA

ASKATASUNA DA ESKLABUTZA

EZJAKINTASUNA DA INDARRA

Leiho begiluzea

Alfred Hitchcock zinegilearen “Rear Window” izenburua euskaratzeko, hiztegietan aritu naiz begira. Eta horratx bilaketaren emaitza. Leihoa da Internet eta informatikaren munduko imaginarioan ikonorik bereizgarriena. Leihoak irekitzen ditugu euri edo haizearen beldurrik izan gabe. Eta txoriak beren aurka talka egingo ez duela jakinda ixten ditugu berriz.

Googlek zenbait tresna eskura jarri zituenean, Maps edo Earth kasu, leiho gehiago ireki zituen geure egongelako horman. Lurreko ia edozein tokitako satelite irudiak, mapak, hiru dimentsiotako orografia. Ilargia ere, bertatik bertara. Mila leiho zabalik, GAUR8ko leloak dioen bezala.

Internetek, mila baino, infinitura arteko leiho andana ireki du. Baina, agian leihotik sartzen den argi izpiek itsututa, leiho jakin baten presentziaz ez gara ohartu. Edo ahaztu zaigu kanpora begirako leihoak irekitzen genituen bitartean, barrura begirakoak ere parez pare zabaldu ditugula. “Leiho begiluzea” da, begirale indiskretoa. Guk jakin gabe begira ari zaigun hori.

Begirada hori berriz ere agerian geratu da Googlek garatu duen tresna berri batekin. Street View du izena. Mementoz Amerikako Estatu Batuetako zenbait hiri daude ikusgai. Labur azaltzeko, Google Maps aplikazioaren gehigarria da eta hiriko kaleen irudiak eskaintzen ditu. Auto barruan egongo bagina bezala ikus ditzakegu kaleak, etxeak, jendea… Errenkadan maisuki paratutako argazki panoramikoen bitartez, geure burua New Yorken, Las Vegasen, Miamin, San Frantziskon edo Denverren barrena irudikatzea errezagoa da orain. 360 graduko ikusmira.

Duela zenbait aste Street View tresnaren berri izan nuenean, lankide batek segituan esan zidan laster egingo zuela talka jendearen pribatasun eskubidearekin. Laster izango zituela arazoak Googlek. Ez dakit honez gero lege arazorik izan duen. Baina hainbat lagun egoera «konprometituan» geratu dira begirale indiskretoaren begi ninian izoztuta.

Mutil gaztea hesia saltatzen, baimendutako gehiengo abiadura gainditu duen auto gidaria, kale bazterrean txiza egiten ari den gizona, eta «tangatxoa» agerian duen neska

Eztabaida dagoeneko piztu da sarean. CIAk hori bera egiten duela agerikoa balitz, ez al genuke salatuko?

[bideoa] Google eta hizkuntzak

Sim City

2006ko apirilean, su-etenaren harira, “Primaderako liliak eta negu gorriak” izeneko iritzi artikuloa idatzi nuen GARAn. Orduan, udaberriarekin batera, egun eguzkitsu batean, ailegatu zen albistea. Orain, ostarteak dira nagusi, euri zaparrada batzutan, xirimiria bestetan, eta tarteka eguzki printza batzuk. Antza, negu gorria bizitzea tokatuko zaigu berriz, uda iristeko gutxi falta denean.

Su-etenaren amaiera dela eta, zenbaitek Call of Duty tiroketa jokora jolastea hobe litzatekela irakurri dut. Baina egoeraren ardura beste batzuena ere badela uste dut nik. Akordio politikoa erdiestea betebehar zuten herriaren ustezko ordezkari diren politikariei, guztiei, leporatzen diet nik egoeraren ardura. Edo arduraren zati bat behintzat. Eta borreroarena egiteko 3Dko jokorik balego, horixe gomendatuko nieke gobernuen soldatapeko beste batzuei.

Izan ere, batzuk hobe lukete 2000. urteko Sim City-ra jolastu politikari politikeroarena egiten jarraitu baino. Hiri bat gobernatzea helburu zuen joko hartan, errebolta edo manifestazio bat suertatzen zen bakoitzean agintariek aukera bakarra zuten eskura: Polizia bidali eta “matxinatuak” zapaldu. Herriari erabakitzeko mekanismorik aitortzea ez zegoen interfazeko aukeren artean. Ez dakit Sim City 4ari ahalbide hori gaineratu ote dioten, baina ez dut uste. Gure politikoek, antza, ondo ikasi zuten lezioa. 2007. urtean ez dirudi beren interfaze mentalean aukera hori aktibatu dutenik eta.

Biluzik

Gordon Lee Georgiako (AEB) komiki saltzailea da. Epailearen aurrera eramango dute aurki, marrazki «lizunak» omen dituen liburuxka baten promoziorako aleak kalean banatzeagatik. “The Salon” izena du komiki eztabaidatsuak eta, bertan, Nick Bertozzi egileak kubismoaren historia irudikatu du, misterio, hilketa eta XX. mendeko artisten ateraldiekin jantzita.

Antza denez, istorioaren pasarteetako batean, Bertozzik biluzik erretratatu du Picasso, Georges Bracque margolariari bisita egiten dion unean. Egileak berak azaldu duenez, metafora moduan egin nahi izan du irudikapen hori: «Bere izaera nabarmendu nahi izan dut. Pertsonaia dibertigarria da Picasso komiki honetan. Txantxazalea eta bohemioa. Baina hain dago artearekin liluratua, ez baita ohartzen soinean arroparik ez daramanik ere».

2004. urtean, istorio grafikoaren argitaldariak debaldeko aleak igorri zituen liburutegietara, aurrerapen gisa. Besteak beste, ale horiek Georgiako saltzailearen dendara ere iritsi ziren. Eta Leek, jakina, doako ale horiek irakurleen artean banatu zituen, kalean.

Egun gutxira, Poliziak liburu saltzailea atxilo eraman zuen «eduki lizunak» banatzeari lotutako zazpi kargu ezberdin leporatuta. Agidanez, ale horietako bat 9 urteko haur baten eskutara ailegatu zen, inork nola ez dakiela. Gurasoek segituan Poliziari deitu zioten, eta laster atxilotu zuten dendaria. Ekainean epaituko dute eta urte beteko kartzela zigorra eror dakioke.

Komikiko irudiak ikusi ditut eta, egia esan, nahiko light iruditu zaizkit. Ez zaizkit inor mintzeko modukoak iruditu. Akaso ez naiz ni hori epaitzeko egokiena, ohituta nagoelako edo erlijio tenpluetatik (bisitan salbu) urrun ibiltzen naizelako. Baina ez zaizkit «lizunak» iruditu.

Joan den asteburuan bertso saioa ikusteko beta izan dut, Leitzan. Herri bertso-saioa edo, are gehiago, lagun artekoa. Betidanik txunditu nau bertsolariek errealitatea biluzteko duten gaitasunak. Maiz ironia finaz, bestetan gordinago. Ez nuke nahi Polizia orain bertso saio orotan agertzea, baina han bota zirenak alegiazko Picassoren pitilina baino askoz ere zorrotzagoak iruditu zitzaizkidan. Baita onak ere, alajaina!