Piraha tribua
Ingelesezko wikipedian badu sarrera. Piraha tribua da. Amazonian bizi den 200 kide inguruko gizataldea, Maci ibaiaren erriberan.
Adituek esan dutenez, munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntza bizien artean arraro eta sinpleena da piraha hizkuntza. Ez omen dute izenordainik, zenbakirik, kolorerik, aditz denborarik ezta menpeko esaldirik erabiltzen, eta zortzi kontsonante eta hiru bokal dituzte soilik. Baina komunikatzeko gaitasuna dute, jakina.
Daniel Everett Manchestergo Fonetika eta Fonologia irakaslearen hausnarketa berretsiko balitz, Noam Chomskyren gramatika unibertsalaren teoria zapuztuko omen luke. Antza denez, mundu osoko hamaika hizkuntzalarik jarraitutako teoria, hain zuzen. Everett 25 urtez bizi izan da indigena hauekin eta, esan duenez, ondo ezagutzen du hizkuntza: “Behar dudan edozein gauza esan dezaket, aurrez aipatutako mugen baitan”.
1977. urtean hasi zituen ikerketak, Maci ibaian barrena nabigatzen ari zela abesten eta txistu eginez komunikatzen zen tribua aurkitu zuenean. Ezagutzen zituen hizkuntzen artean inoiz entzun ez zituen hotsak iruditu ei zitzaizkion, eta bere emazte eta seme alabekin bertan bizitzen geratzea erabaki zuen.
Piraha tribuaren hizkuntzan zenbakirik ez dago, ezta kontatzeari lotutako hitzik ere. Ez “guztia”, ez “batzuk, ez “gehiengoa, ez “gutxitua”, ez “banan bana”, ez “ezer”? Portugeraz hamar arte kontatzen irakasten saiatu omen zen Everett, ibaiko harreman komertzialak mantentzen lagunduko zielakoan. Baina zorzi hilabeteren buruan amore eman zuten indigena amerikarrek.
Piraha tribuak, eta hizkuntzak, ingelesezko Wikipedian agertuta ere (euskarazkoan ez dago), ez du Interneten beharrik izan orain arte bizirauteko. Gizatalde murritza da, ahatik, baina ez du hizkuntza galdu. Beren gizartean bizitzeko ezinbesteko komunikabidea baita. Beste kontu bat da hemendik aurrera biziraungo ote duen.
Hizkunza ez baita, arrazarekin gertatzen den bezala, geneen bitartez transmititzen den gauza bat. Piraha hizkuntzak iraungo du, baldin eta piraha herriak bizirauten badu. Eta piraha herria biziko da, hizkuntzak aurrera egiten badu.
This entry was posted on Igandea, Maiatza 27th, 2007 at 12:00 pm and is filed under filo. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Maiatza 31, 2007 at 10:41 am Alan King wrote:
Nolakoa da hizkuntzaren eta kulturaren arteko harremana?
Aupa Haritz. Zure artikuluak interesa eta jakinmina piztu dit, eta orain arte pirahã herriaren berririk ez nuenez, Wikipediaren esteka horri jarraituz aurkitu dudan Daniel Everett hizkuntzalariaren artikulu luze bat irakurri dut. Hizkuntza horri buruzko informazio gehienaren iturri bera izaki, prentsa popularrean zabaldutako kazetarien (barkatu!) interpretazio, sinplifikazio eta nahasketa guztien atzean dauden fundamentuzko gauza batzuk euskal irakurle batzuentzat laburbiltzea edota argitzea -zuk emandako notiziaren osagarri, interesa dutenentzat- erabaki dut, hizkuntzalari eta hizkuntza txikien ikertzaile naizen (eta hemengo hainbat irakurle hizkuntzalariak ez zareten) aldetik.
Chomsky-ren aipamenetik abiatu nahi nuke lehenbizi. Akaso norbaitek jakin nahi luke Everett-ek dioenak “gramatika unibertsalaren teoria” nola “zapuztuko omen lukeen”. Kontua hau da: Chomsky-ren ustez, haurrak mundura etortzen dira beren inguruko hizkuntza entzun bezain laster berehala ikasteko “programazio” biologiko batez ornituta. Eta hona hemen sinesmen horren ondorio interesgarri (eta harrigarri?) bat: hala bada, orduan haurrek beren hizkuntza azkarrago ikasten dute beren inguruko kultura baino. Beraz, kultura ezagutzea ez litzateke beharrezkoa hizkuntza ikasteko, eta kasu horretan, ezingo litzateke esan “hizkuntza bat ezin da ezagutu kultura ezagutu gabe” edo antzekorik. Funtsean horixe da Chomskytarrek pentsatzen dutena, hain zuzen: hizkuntzaren egitura gizakien ezaugarri biologiko edo genetikoen menpe dagoela, eta ez gizatalde honen edo bestearen ekoizpen sozial eta kulturalaren ondoriozko fenomeno bat.
Chomsky estatubatuarraren ikuspegi horrek azken berrogei urteetan zehar oso eragin handia izan badu ere, batzuek hasieratik defenditu dugu, hizkuntzalaritzaren barruan, kontrako pentsakera mota bat. Euskal Herrian, zorigaitzez, hizkuntzalaritza oso gutxi landu den arloa izanda, teoria Chomskytarrak irakatsi dira gehienetan (ezer irakastekotan) eta gutxiegitan kritikatua izan da teorion funtsezko oinarria.
Denok dakigu, noski, hizkuntzaren alderdi batzuk kulturaren ispilu izaten direla -lexikoa, kasu- baina hori ez da hemen eztabaidatzen dena. Hasierako galdera gaizki formulatu dut (nahita, “titular” deigarriago bat lortzeko…), benetako galdera hauxe delarik: Ba al dago harremanik hizkuntza baten EGITURAREN eta kulturaren artean - eta nolako harremana da, egotekotan? Chomsky-ren erantzuna, ikusi dugunez, ezezkoa da. Badago beste teoria bat, garai batean oso eztabaidatua eta gaur egun ez hainbeste, Sapir-Whorf hipotesia delakoa, zera esaten duena: hizkuntzak moldatzen duela gizakion pentsakera (eta hortaz, kultura ere). Hau eta Chomsky-k dioena beharbada ez dira hain inkonpatibleak: hizkuntza oso txikitatik ikasten baldin badugu, eta kultura beranduago, gure hizkuntzak geure kognizioari eta kulturari eragitea litekeena da, noski.
Everett-ek defenditzen duen ideia, berriz, alderantzizkoa da (edo hirugarren bidea), hots, kulturak hizkuntzaren egitura erabakitzen edo mugatzen duelako hipotesia. Beraz, berak dioenez, kasua ez da pirahãtarrek ez dakitela kontatzen (eta kopuruak bereizten) beren hizkuntzak horretarako tresnarik (zenbakirik, alegia) eskaintzen ez dielako, ez. Alderantziz dela dio: beraien hizkuntzan ez dago zenbakirik, hain zuzen, pirahã herriaren kulturan inork ez duelako ezer kontatu nahi edo behar (nolabait esateko) eta beraien bizimodu tradizionalak zenbakiez pentsatzeko ohitura garatzeko inongo arrazoirik edo motibaziorik eman ez duelako. Everett-ek azpimarratzen duenez, ez da gertatzen hau herri “primitibo” bat delako edo berezko ezintasun batengatik, baizik eta, beraien kulturan, ez zaielako “interesatzen” modu horretan pentsatzea eta kitto.
Hizkuntzak berak, eta areago hizkuntzaren egiturak koordinatu kulturalen ispilu eskain dezakeela dio Everett-ek, eta azken matizazio horrekin, hain zuzen, egungo hizkuntzalari gehienen (eta “dogma” Chomsky-tarraren) aurka ari da. Pirahãeran -dio- zenbakirik ez egoteaz gainera, ez dago singularra eta plurala bereizteko modurik, ezta inongo zenbatzailerik ere hizkuntzaren gramatika osoan, eta haren ustez hori ez da kasualitate hutsa. Kasualitatea ez den bezala -beti ere haren ustez- denbora gramatikalak ez bereiztea hizkuntza hartan, esate baterako. Hizkuntzan ez ezik kulturaren mailan ere kokatzen ditu “bitxikeria” horiek (guretzat): pirahã herrikoek ez daukate kopuruak beste kopuruekin konparatzeko inolako ohiturarik (horregatik beraiengana hurbiltzen diren merkatari brasildarrek oso erraz engainatzen dituzte trukeetan, pirahã-ek ez baitakite tratu ona eta txarra bereizten). Era berean, “historiarik” ez daukate, antzinako denbora ez baita beraien ikusmoldean existitzen, eta aditzaren denbora-bereizketarik eza horren ondoriotzat jotzen du, ez alderantziz.
Everett-ek dioenez, hizkuntzaren egitura benetan ulertzeko, dagokion kultura ulertzea ezinbesteko aurrebaldintza da. Eta ez du inolako zalantzarik uzten sinesmen hori hizkuntza txikiak ikertzen dituzten hizkuntzalari askori kritika moduan botatzeko bere asmoaz. Ez bazatozte hona bizitzera, dio, kultura eta bizimodua ongi ezagutzera, eta ez baduzue jendearekin beren hizkuntzan, beren moduan, komunikatzen ikasten, hizkuntzari buruz ateratzen dituzuen ondorioak ez dira fidagarriak izango. Bestalde, dio, hizkuntzei buruzko ideia finkoak eta teoria zehatzak baldin badakartzazue ikerketa honetara, eta hizlarientzat garrantzitsuak diren xehetasunei erreparatu beharrean zuen aldez aurretiko hipotesiak berresteko generalizazioak besterik bilatzen ez baduzue, lortzen dituzuen emaitzak balio gutxikoak izan daitezke. Bestela esanda, hizkuntza ezagutu nahi baduzue, ikasi hiztunek nola pentsatzen duten lehenbizi. Hizkuntzalari gehienentzat (”formalistak izan nahiz funtzionalistak izan”, berak dioenez), argudio hauek aski heterodoxoak dira, eta proposatzen duena gutxitan betetzen da, salbuespenak salbuespen.
Nire uste apalean, euskaldunentzat eztabaida sakon honek badu zerikusirik, bi arrazoi nagusirengatik. Batetik, orain arte bide hau ia urratu gabe dagoen arren, etorkizunean euskaldunak munduko hizkuntza txikien berreskurapenerako lanetan aintzindari bihur litezkeelakoan nago.
Disparate hutsa? Zergatik ba? Historikoki, euskaldunek munduan (eta batez ere Ameriketan) zehar ibiltzeko gaitasuna eta joera askotan erakutsi dute, batzutan ez hain entrepresa ohoretsuetan baina bestetan propio beste herriengana beren elkartasuna zabaltzeko asmoz eta, etxean jasandako injustiziek eta eskuratutako esperientziek eta trebetasunek prestatuta eta ornituta, gizaki baztertu eta erasotuen aldamenean kausa defendagarriak lagundu eta babestu nahian.
Gaur egun, logika ukaezin bati jarraituz, euskaldunek globalizazioaren ondorio latzak erresistitzeko mugimenduetan jardun beharko dute, bai arrazoi ideologikoengatik, baita biziraupen hutsagatik ere. Hizkuntzen berreskurapenerako mugimenduez ari bagara, berriz, mundu osoak gaur egun Euskal Herriari begira dago hemengoa kasurik arrakastatsuen eta ospetsuenetako bat delakoan. Azkenik, munduko hainbat eta hainbat herri daude, pirahã-en modukoak, gure laguntza behar dutenak; konparazioz, euskaldunak oso, oso aberatsak dira: aberatsak diruz, bai, baina baita ere beste baliabideetan: boterioan, gaitasunean, prestakuntzan, esperientzian, motibazioan eta erantzun bat emateko aukeretan. Zer emanik edukita, eskua estutu eta anai-arrebei bizkarra besterik eman behar ez ote diegu? Arrisku larri-larrian dauden munduko beste hizkuntzen premia ezaguturik (eta gaurko informazio-sare globalen aurrean ez du balio, dagoeneko, ezjakintasunaren aitzakiak), noren eskuetan utziko dugu lan hori bestela? Estatu Batuetako hizkuntzalari akademiko edo elizakoien menpe, beraien helburu nagusia teoria intelektual edo dotrina erlijioso bat baieztatzeko eta zabaltzeko grina izanik? Nork daki hobekien zer egin behar den mehatxupeko hizkuntza baten berreskurapena lortzeko, nork zergatik berreskuratu behar diren hizkuntza horiek, eta nork dauka berreskurapenagatik lan egiteko arrazoi, interes eta motibazio gehiena: irakasle gringo batek, misiolari kristozale batek, ala milaka eta milaka euskaldun arruntek?
Ameslari hutsa izango naiz ni baina euskaldunei gerra hori (gerra baita, hain zuzen ere; erlojuaren aurkakoa behintzat bai, eta gehienetan beste zerbaiten kontrakoa baita…) bere egitea proposatzen diet, gaur egun euskaldunen eskarmentuaren eta izaeraren, izateko moduaren eta izateko arrazoiaren ondorio logiko eta natural gisa. Eta dei horri inork erantzuten badio, orduan goiko lerroetan planteatzen diren galderak oso pertinenteak bihurtzen dira, “gerra” horretara zein filosofiarekin eta zein helbururekin goazen argitzea komeni izango baita.
Baina bestalde, euskaldunek euskaldun bezala, euskararen beraren berreskurapen prozesuari begira, honetaz zer hausnartu badaukatela iruditzen zait. Kulturak eta hizkuntzak, hizkuntzak eta kulturak, nolako harremana ote? Euskal kultura ondo ezagutzeko eta ulertzeko, euskaraz jakitea ezinbesteko baldintza da, bai ala ez? Eta alderantziz: euskara benetan ezagutzeko, euskal kulturaren ezagupena derrigorrezko aurrebaldintza ote da? Hizkuntza ikastea kultura ezagutzetik bana daiteke? Eta zer da (bide batez) euskal kultura? Eta azkenik, ba al dakigu benetan, gaur egun, zer den “normalizazioa” eta zer den euskal kultura berezi bat zer izan den zeharo ahanztea eta inguruko erdaldunek bezalaxe “kontatzen ikastea” - beraien moduan?