rssgaur8 logotipoa

Google Developer Day

Hasi da Google Developer Day, Madrilen bezala munduko beste hainbat tokitan ere.

Prentsaurreko batekin hasi da 11.00tan Madrilgo Kongresuen Udal Jauregian

Google enpresaren azken berrikuntzak aurkeztu dituzte, aurkezten ari dira oraintxe. APIak dira mintzagai nagusi. Googleko arduradunek jakinarazi dutenez, «tresna kolaboratibo eta ingurune irekieen aldeko apustua» egingo du. Informazio gehiago, hemen.

Gero, mundu osoko 400 programatzailerekin batera ekitaldiei emango zaio hasiera, 12:00ak aldera.

Egun osoan zehar lantaldeak osatuko dira Googleko programatzailen aginduetara tailerretan parte hartu ahal izateko «Building blocks» edo «Piezak elkartzen» lelopean.

Antolaketa aldetik oso landua dago billkura hau. Ikusgarria da, halaber, aurkezpenerako erabiltzen ari diren eskenatokiak.

Googleko programatzaileak beren bata txuriarekin agertu dira jendaurrera, atzean “I’m feeling lucky” idatzita duena, hain zuzen.

Mash-up eta off-line aplikazioak

Horiek dira Googleko arduradunek momentuz gehien aipatu dituzten hitzak.

Mash-up delakoak aplikazio ezberdinak nahastuz sortutako aplikazioak dira.

Hemendik aurrera garatuko dituzten aplikazioen artean, off-line edo konexiorik gabe erabilgarri izango direnak azpimarratu dituzte, RSS irakurgailu bat, adibidez.

Google Gears
Gaur Madrilen aurkeztu dituzten proiektuen artean Google Gears da akaso aipagarriena.

Google Gears programatzaile komunitateari bideratutako kode irekiko tresna bat da, off-line aplikazioak garatzera bideratuta egongo dena.

Mementuz, nabigatzailearentzako gehigarri hau hastapen fasean dago eta hobetze lanetan laguntzeko programatzaileen esku jarriko dute.

eguneraketa: GAUR8 Bernardo Hernandez Googleko Estatu espainoleko Marketin eta Ekoizpen arduradunarekin izan zen. Hemen irakur dezakezue.

Pirolisia

Ez da gaixotasuna, ez. Ezta tratamendu bat ere. Ez da modako spa batean asmatu duten terapia berria… Egungo labeek dakarten autogarbiketa sistema da. Labeen munduan, antza, azken asmakuntza. “Labemania” aldizkariko azalean agertzen den labe modelorik berri eta dirdiratsuenaren ezaugarririk aipagarriena. Edozein etxek beretzako nahi duen aparailua.

Karlos Argiñano sukaldari ezagunari entzun diot azkenaldian, telebistan, pirolisia-ren berri. Saltsa guztietako perrexil goierritarrak berriro ere agerian utzi du antzerkirako duen gaitasuna. Oraingoan, iragarki baten bidez. Akaso ez “Airbag” filmean perretxiko
hilgarriekin egindako tortilla baten inguruan apustuzale porrokatuaren azalean sartu zenekoan bezain trebe. Baina bere estiloan.

Arrasate edo Mondrau-ko “Fagor” enpresaren labeak dira sukaldariak iragartzen dituenak. Baina, egia esan, nik ez dut labe berri baten premiarik. Eta pirolisia-ren beharrik ez dudan susmoa dut, gainera. Beste zerbaitek bereganatu du nire arreta, jakina.

Bi hizkuntzatan ikusi baitut iragarkia. Lehendabizi gaztelaniaz. Eta ez diot ezer arrarorik sumatu. Erdaraz dago, bai, eta Argiñanok erdaraz egiten du, baita berekin agertzen den emakumeak ere. Aktore sekundario-ak… jatorrizko gaztelaniazko bertsioa da, nolabait.

Euskarazko bertsioa ikusi dudanean, aldiz, xehetasun txiki batek harritu nau. Argiñanok, euskalduna izaki, euskaraz egiten du. Sukaldariaren kasuan, iragarkia euskaratzeko ez dute bikoizketa baliatu. Behingoz –esan diot nire barrenari– euskarazko jatorrizko bertsioa egin dute. Baina… oso-osorik? Bada, ez. Euskarazko iragarkian nire begiari min egiten dion detaile txiki bat ikusi baitut. Iragarkiaren jario naturala eteten duen ezaugarri bat. Emakumearen ahotsa bikoiztu baitute. Itxura guztien arabera, euskarazko bertsioa bi hizkuntzotan grabatu zuten, ondoren neskaren ahotsa euskaraz doblatzeko.

Logikaren kontrakoa iruditu zait. Besterik gabe. Iragarkia euskaraz nahiz gaztelaniaz egin asmo bazuten, zergatik ez zituzten bi aktore elebidun hautatu hasiera-hasieratik? Ez al daude? Nire uste apalean, askoz ere errazagoa, azkarragoa eta eragingarriagoa. Di-da!

[bideoa] Slashdot

Piraha tribua

Ingelesezko wikipedian badu sarrera. Piraha tribua da. Amazonian bizi den 200 kide inguruko gizataldea, Maci ibaiaren erriberan.

Adituek esan dutenez, munduan hitz egiten diren 6.000 hizkuntza bizien artean arraro eta sinpleena da piraha hizkuntza. Ez omen dute izenordainik, zenbakirik, kolorerik, aditz denborarik ezta menpeko esaldirik erabiltzen, eta zortzi kontsonante eta hiru bokal dituzte soilik. Baina komunikatzeko gaitasuna dute, jakina.

Daniel Everett Manchestergo Fonetika eta Fonologia irakaslearen hausnarketa berretsiko balitz, Noam Chomskyren gramatika unibertsalaren teoria zapuztuko omen luke. Antza denez, mundu osoko hamaika hizkuntzalarik jarraitutako teoria, hain zuzen. Everett 25 urtez bizi izan da indigena hauekin eta, esan duenez, ondo ezagutzen du hizkuntza: “Behar dudan edozein gauza esan dezaket, aurrez aipatutako mugen baitan”.

1977. urtean hasi zituen ikerketak, Maci ibaian barrena nabigatzen ari zela abesten eta txistu eginez komunikatzen zen tribua aurkitu zuenean. Ezagutzen zituen hizkuntzen artean inoiz entzun ez zituen hotsak iruditu ei zitzaizkion, eta bere emazte eta seme alabekin bertan bizitzen geratzea erabaki zuen.

Piraha tribuaren hizkuntzan zenbakirik ez dago, ezta kontatzeari lotutako hitzik ere. Ez “guztia”, ez “batzuk, ez “gehiengoa, ez “gutxitua”, ez “banan bana”, ez “ezer”? Portugeraz hamar arte kontatzen irakasten saiatu omen zen Everett, ibaiko harreman komertzialak mantentzen lagunduko zielakoan. Baina zorzi hilabeteren buruan amore eman zuten indigena amerikarrek.

Piraha tribuak, eta hizkuntzak, ingelesezko Wikipedian agertuta ere (euskarazkoan ez dago), ez du Interneten beharrik izan orain arte bizirauteko. Gizatalde murritza da, ahatik, baina ez du hizkuntza galdu. Beren gizartean bizitzeko ezinbesteko komunikabidea baita. Beste kontu bat da hemendik aurrera biziraungo ote duen.

Hizkunza ez baita, arrazarekin gertatzen den bezala, geneen bitartez transmititzen den gauza bat. Piraha hizkuntzak iraungo du, baldin eta piraha herriak bizirauten badu. Eta piraha herria biziko da, hizkuntzak aurrera egiten badu.

Hazruido: Euskal Herriko hiru proiektu irabazle

Gaur Guggenheim Museoan egindako Blogak 2.0 jardunaldietan Startup 2.0 eta Hazruido lehiaketetako sariak banatu dira.

Bigarren honetan, marketin biralera bideratutako alorrean, Euskal Herriko bi ekimen suertatu dira irabazle. Lehenengo postuan Todosconlapantoja.com proiektua sailkatu da, Ibon Mujika eta Alex Dola EITBko langileen eskutik.

Bigarren postuan, idazten dizuen honek sortutako Ubuntutribe.com.

Beste alorrean, txapelketarako sortutako «habitaquo» hitza Google.es gunean bilatuz gero emaitzen artean lehenengo eta bigarren postuetan agertzearena, habitaquo-habitaquo.blogspot.com (David Martínez) eta habitaquo.nortejoven.com (Tuterako Javier Lorente) guneek irabazi dute.

Sari garrantzitsuagoak dira (eta proiektuak ere) Startup 2.0 izenekoan lehian aritu direnen artean banatu direnak. Tagzania.com eta Nireblog.com sailkapenetik kanpo geratu baziren ere, aipamen berezia egin diete.

Irabazleak, Sclipo.com (Bartzelona), 5min.com (Israel) eta Properazzi.com (Bartzelona) izan dira, hurrenez hurren.
Finalisten artean, Trivop.com eta 11870.com geratu dira baztertuta.

Rob Malda (Slashdot) Euskal Herrian

Ron Malda, Slashdot guneko fundatzailearen hitzaldiarekin hasi dira Blogak 2.0 jardunaldiak Guggenheim Museoan.

Saiatuko naiz hemen esan dituen eta jaso ditudan zenbait esaldi idazten, egunak aurrera egin ahala.

Rob Malda Bilbon

Esaldiak:

«Slashdotek azkenengo 5 urtetan bisitari gehien izan ditu zerbaitekin apurtu izan duenean… Sarritan ikusi dugu hori, moldea apurtu izan dugunean, nolabait. Columbine edo irailaren 11… gogoan dituzue ezta?»

«Zazpi segunduro esaten didate tontoa naizela»

«Egunero milaka sarrera, RSS irakurketa, eta 3 milioi orrialde zerbitzatzen ditugu»

«1999an nire herrian zegoen baino jende gehiagok irakurtzen zuen Slashdot…»

«Freaky direnek eta ez direnek irakurtzen dute»

«Hardwarea: Master DB 1 eta lau datu base esklabu».

«Denok dakigu bilaketa egiteko Google dela honena»

«Ajax-ek oso ondo funtzionatzen du»

Historiak aukeratzerako orduan: «Hainbat gai irakur daitezke Slashdoten. Star Trek-ek edo Gobernuak zein koloretako azpiko arropa duzun jakin nahi duela»

«Pertsona talde bat da, istorio horiek webgunean jartzen dituena. Izen errealak, goitizenak… Baina denak dira existitzen diren pertsonak».

«Ez gara New York Times, ez gara egunkari garrantzitsu bat. Idazkera perfektua ez da funtsezkoa gure kasuan… Blogetatik eta hedabideetatik jasotzen dugu informazioa…. Ingelesezko irakasleen negar egiten dute Slashdot irakurtzerakoan».

«Hizkuntza pobrea edo behartsua da maiz, ni oso nagia naiz adibidez».

«Irakurleek egindako lana aitortu nahi nuke. Eta hipertestuaren garrantzia».

«Iruzkin onenak eta garrantzitsuenak aukeratzeko irakurlearen lanean konfiantza dugu. Horrexegatik du Slahsdotek 1etik 5erako puntuaketa sistema».

«Milaka moderatzaile daude beraz… Lan ona egiten duten ala ez? Nire ustez herri herri epaimahai handi bat bezalakoa da»

Ubuntu Tribe: Eskatu gabeko memea

Ubuntu Triberen zerbitzariaren loga txibato hutsa da. Txoritxo batek esan dit inor whois (norda) egiten aritu dela domeinua norena den jakiteko. Baina Godaddy-k izen emate pribatua egiteko aukera du, 8 dolar gehiagoren truke.

Ardurak aitortzeko ordua da. Ni, nire neskalagun Itziar. Nire arrebak, nire amona, nire gurasoak, osabak, lagunak, nire loba, erabili ditudan WIFI eta LAN konexio guztiak. Zuek. Webgunea bisitatu eta aipatu duzuenok. Euskara. Euskal Herria. Eta Mundua. Mundutik Euskal Herrira etorri zaigun milaka eta milaka “turista”.

Hasiberria naiz blogetan. Ez ordea Interneteko euskal esparruan. Baina Ubuntu Triberekin bizi izan dudan zirrara ezin dut beste laneko beste bizipenekin alderatu, kasik. Agian GARAko webgunean albiste oso garrantzitsuak eman behar izan ditugunean, ez dago zehaztu beharrik zeintzuk.

Akaso, behinola, Nafarroako gobernuaren erabaki arbitrarioen ondoren Iruñean Korrika zirraragarria bizi izan nuenekoa. Patxi Gaztelumendi, Igor Elordui, Edurne Brouard, Gotzon Hermosilla, Aek-ko zimaluzea! (bai zu, Joxe Leon)… Edizio ezbedinak elkarrekin nahasten baditut, barka. Barka Iruñean egon ez bazinen. Malkoek ez zidaten ondo ikusten uzten.

Oh! Ubuntu Basque Tribe Iruñeko ziudadelan dago kokatua Tagzanian!

Ekarpen ausarta egin nahi izan dut. Bideoa Youtuben 20.000 aldiz ikusi izan ez balitz, agian ez nuke meme hau idatziko! Egia esateko, gurutze batean kokatuko ninduzuela uste izan nuen, Patxi. Txapelketak saria baitauka eta… Zer esan, zerbait izatekotan, guztion lanagatik izango da. Baina badakizue, ondo ulertu duzue, eta zuen erantzunekin lasaitu nauzue. Pello Zabalak Arantzazuko email batetik zoriondu gaitu!

Benetako helburua beste bat izan da. Eta erdietsi dugu, denok. Euskara eta euskal kultura, software askearekin batera, jalgi dugu interneteko plazara, berriz. Ohikoak ez diren arrazoiengatik, berriz.

Amets birala deitu dio norbaitek. Baina ni egiteko gai garelakoan nago. GAUR8 abiatu genuenetik eta GARAko azken orrialdeko zutabea hasi dudanetik igorri nahi izan dudan sentimendu optimista berbera du kanpaina honek. Esan dezadan, bide batez, bi agerkari hauek ez dutela inolako harremanik Ubuntu Triberekin.

Baina bide onetik jarrraitu nahi badugu, Andoni Sagarnaren aholkuari kasu egin beharko diogu, eta Teketenenari, Luistxok esaten digunari, Zubiagari, Iratxe&Mikeli… kanpoko erreferentziei, Info7ri, GARAn lanean ari diren teknikari, diseinatzaile, nire lankide kazetariei eta bestelakoei. Nire erreferentziak dira, aipatu ez ditudan beste askoren artean. Egin bilaketa bat Googlen eta aurkituko dituzue.

Ekimen honen oinarria software askearen, kultura librearen eta euskararen aldeko jarrera da. Marketin teknika ezberdinen inguruko eztabaida ere piztu nahi izan du, jarduera esperimental baten bidez, eta piztu ere piztu du. Esan dezadan edozein kritika onartzeko prest nagoela.

Beste zutabe bat ere badu eta aitortu nahiko nuke. Beraiek, badakit, izan dute Ubuntu Triberen berri. Ideia horiek guztiak gauzatzeko garrantzia handia izan du Sergio Monge irakaslearen ardurapean EHUko ikasleek egindako lan batek. Euskal iPod-en bideoak, kanpaina grafikoak eta blogak Ubuntu Triberengan eragin handia izan dute. Oso ona zuen lana!

Beraz, badakizue, tribukide izan nahi baduzue, izan tribukide. Baina ez soilik Tagzaniako mapan zuen kokapena jarriz. Instalatu Ubuntu. Gustatuko zaizue. Eta bideoak egiteko, Ubuntu Studio. Zaila egiten zaizuela? Galdetu! Ubuntu Basque Experincekoak erantzuteko irrikatzen daude. Hasi berria naiz blogatzen. Barkaidazue nire eskatu gabeko meme hau. Ez baitit inork eskatu ;)

Ze lasaitasuna, euskaraz soilik idatzi behar hau, beste bi hizkuntzatara itzuli gabe. Baditu bere abantailak.

PD: Nire Ubuntu Edgy-a, arriskuaren bildurrez eta HDan nahikoa leku ez zegoelako, ez dut orain artean Feisty Fawnera eguneratu. Baina atzo, Gpartedekin azkenean nire partizioak orekatzea lortu nuen, eta gaur bertan egingo dut! Zin dagit.

PD2: Testu hau iragan ostiralean hainbat laguni mezu “polemiko” bat bidali baino lehen dago idatzia. Geure akats horren ondorioz izandako kritikei erantzuteko asmoa dut, banan bana, aurrerago. Eta blog honetan Ubuntu Triberen inguruan jaso ditudan irakasgaiak partekatzeko asmoa ere badut.

PD3: Ah, eta ia ahaztu zait. [zaratasoilikez] manifestuan esan bezala, ikusentzunezkoen eta kultura librearen inguruan lanean jarraitzeko asmoa dut Ubuntu Triberen bidez.

Lodia eta librea!

Halaxe esan omen zion bospasei urteko haur batek bere amari, handitzen zenean zer izan nahi zuen galdetu zionean: «Lodia eta librea!». Joan den asteburuan entzun dut, umeen esanak biltzeko txokoa duen telebista saio batean.

Izugarri erantzun polita iruditu zitzaidan. Batzuetan, ero txiki horien buruetatik pasatzen denak sekulako karga izan ohi duelako. Eta botatzen dituztenean, lasai asko botatzen dituzte egia handiak. Harrigarria da sarri umeen esanek duten heldutasuna. Eta nagusion kontraesanak, konplexuak eta aurreiritziak hausteko duten gaitasuna.

Aipu gogoangarri hori egin zuen neskatoa zazpikia da, garaiz aurretik jaiotakoa. Jatea ez omen du gogoko, eta amak sekulako lanak egin behar ditu mokadu bat ahoan sar dezan. Txikia da, haatik, eta mehea. Nahi baino arazo gehiago sortzen dizkio afera horrek, antza. Eta argi du nagusitan zer izan nahi duen. Askea ez ezik, gizenagoa!

Zer pentsatua eman dit umearen esaldiak. Egun indarrean den irudiaren eta estetikaren diktadura ekarri dit gogora berriz. Gaztetxoen eta ez hain gazteen jarduna gero eta gehiago baldintzatzen duen gorputzaren gurtzaren kultura. Inor ez dago eragin horretatik salbu.

«Bikini operazioa» gero eta gertuago dago eta laster izango gara eragin horren lekuko. Baita hedabideetan ere. Janeurri miragarriek, solariumak, gimnasioak eta beste hamaika produktuk beren presentzia indartuko dute erakusleiho-pantailetan.

Hark ez du itxura hutsagatik gizenagoa izan nahi, segur aski. Loditzea hainbat buruhauste gainetik kentzearen sinonimoa da, akaso, beretzat. Itxuraren aginte horrek, izan ere, jende askori arazo larriak sortzen baitizko. Azalekoa dirudien arren, ez da edonolako kontua. Sakonekoa eta larria da.

Eta libre izan nahi duela esaten duenean ere, zer-nolako arrazoia duen mukizu txiki horrek. Arazo hori gaindituta, libreago ikusten du bere burua. Aurreiritzi, konplexu eta kontraesanetatik libre. Ez du lan xamurra izango…

Nire ilobak urte eta erdi beteko ditu aurki. Eta hemen nago ni, hitz egiten noiz hasiko zain. Ea nire konplexu, aurreiritzi eta kontraesanetatik libreago egiten nauen bere berba hazkorrak.

Baserri kings

Urolako ezagun batzuk topatu nituen joan den asteburuan eta hizketan aritu ginen tartetxo batez. Haietako batek kontatu didanez, «beldurra» ere pasa omen zuen orain gutxi Donostian.

Merkatalgune handi bateko komunean lau bat lagun aurkitu omen zituen bertan geldi, besoak gurutzatuta eta bizkarra paretari itsatsita. Jantzi zabalak zeramatzaten soinean, baita urre nahiz zilarrezko kateak eta kapela ere. Azala geurea baino ilunagoa. «Lating king horietakoak?», galdetu nion txantxetan. «Bai bai, horietakoak».

Lagun talde horrek ez zion ezer txarrik egin. Begirada maltzurrek, kasik mehatxuzkoek, beldurtu zuten, antza, gizasemea. Eta ziztuan atera omen zen bertatik, ez dakit bere beharrak egin gabe ala eginda. «Geuk ere sortu beharko diagu baserri kings», esan zuen orduan bere lagunak, ohartarazpen tonuarekin.

Gero eta gehiago dira geure herri eta, batez ere, hiriburuetan bizi diren etorkinak. Bistan da. Eta gero eta aizago entzuten ditut gisa honetako aipamenak. Jakina, orain kontatu dudana txantxa moduan bota zuen, baina benetan kezkagarriak diren astakeriak ere entzuten dira, batez ere telebistan.

Azkenekoa, etxebizitzaren inguruko eztabaida batean. Gizon ilehori haren esanetan, «etorkinak errekonkista prestatzen ari dira», eta beraiek dira gaitz ororen iturri. Baita etxebizitzaren arazoaren eragile ere. Hamaika entzuteko… Laster hasiko da Le Penn bat horrelakoak esaten, eta Euskal Herrian ere baietz arrakasta izan.

Atzo, kostako trenean lanerako bidean nindoala, ezezagun bat eseri zitzaidan alboan eta ordenagailu eramangarria atera zuen. WIFI sarera konektatzeko saiakera egiten hasi zen, eta nire ikusmina piztu zuen: «Hemen konexiorik ba al dago?». Erantzun zidanean konturatu nintzen mutila hegoamerikarra zela. Eta tartetxo batean geure iritziak trukatu genituen, konexioen inguruan. Gustora sentitu nintzen. Ez dakit, etorkinekin adeitsu jokatzea balentria izango balitz bezala. Bera ere gustora aritu zen, uste dut. Guztiz normala izan beharko zukeen gauza bat… Donostiara iristear ginela, Martuteneko geltokia ezagutzen ote nuen galdetu zidan. Baietz esan nion, baina Renfeko trena hartu behar zuela. «Bai, bertan dago militarren egoitza, ezta?», esan zidan.

Pentsatzekoa da lan bila zihoala Loiolara.

Gaztezulo.com

Irutxuloko herri astekariko orrialde bat izaten hasi zen Gaztetxulo, ni neu eta Ekaitz Agirre languna “erdialdeko korresponsalak” ginen garai hartan.

Irutxulo barruko Gaztetxulo hartan hainbat aldiz idatzi genuen Ekaitz eta biok. Ondoren aldizkari izateko saltoa eman zuen Gaztetxulok.

Aldizkaria sortu zuen lantaldeko kide izan ginen, beste zenbait jenderekin batera. Nire memoriak ziria sartu nahi ez badit behintzat, esango nuke Union Artesanan izan zela Gaztetxulo couche paperaren munduan murgiltzeko konspirazioa. Edo, akaso, Irutxuloren egoitzan bertan izango zen… zenbat urte pasa diren dagoeneko. 10, gutxienez!

Gaur, prentsa oharra jaso dugu GAUR8ko erredakzioan. Gaztezulo eduki eta itxura berrituta dator. Honatx oharra:

«Gaztezulo aldizkaria berrituta etorri zen apirilean. Eta orain, maiatzean, webgunearen txanda da; www.gaztezulo.com martxan da. Sartu eta dastatu.

Webgunearen oinarri nagusia parte hartzea da. Beste gazteekin hitz egiteko, aholkua eskatzeko edo emateko, zalantzak argitzeko, unibertsitateko apunteak trukatzeko, planak egiteko, jendea ezagutzeko, deialdiak egiteko, gela bilatzeko, bizikleta salgai jartzeko… Ezinkonta ahala aukera duzue, beraz, Euskal Herriko zulozaleok. Protagonistak zuek zarete. Zuon zuloa da Gaztezulo.com.

Zer dakar, zehatz mehatz, gaztezulo.com-ek?

-Orain arteko edukiak. Gaztezulok zazpi urtetan kaleratutako artikulu guzti-guztiak topatuko dituzu, bilatzeko modu errazean, gainera.

-Disko eta liburu kritikak. Gaztezulok argitaratutako disko eta liburu kritika guztiak: 800dik gora.

-Zinema inoiz ez bezala. Azken zazpi urteetan zinema aretoetan estreinatu diren eta egun dvd formatuan ikus daitezkeen film garrantzitsuenen kritika eta puntuazioa dakar Gaztezulok: 500dik gora kritika topatuko dituzu, euskaraz idatzitako kritika bilduma handiena eta eguneratuena da! Eta horrez gainera, karteldegiko filmeen puntuazioa, estreinatzear diren buruzko informazioa, aktore ezagunenen profila…

-Sexua. Sexuzaleak gara, eta horren lekuko da ehundaka erreportajeez osatutako Gaztezuloren bilduma. Baina, horrez gain, sexuari buruzko zalantza oro argituko du Larraitz Arando sexologoak gure weborrialdean.

-Internet. Internet munduari buruzko erreportajeen bilduma. Gorka Julio interneten adituak erabiltzaileen zalantzak argituko ditu.

-Gaztezuloren parranda proposamena…. Nora joan nahi duzu asteburuan parrandan? Aldez aurretik gaztezulo.com-en sartu-irtena egitea eta aukeratutako herrian nolako giroa dagoen eta derrigorrez zein tabernatara joan behar duzun—edo nora ez…— begiratzea komeni zaizu.

-…hitzordua egin eta jendea ezagutu! Dena dela, juergasmoan ibiltzeko, bertako jendeak egingo dizu ondoen gidari lana. Horregatik, zergatik ez duzu hitzordua egiten bertako gazteren batekin? gaztezulo.com-en beste gazte batzuekin harremanean jar zaitezke. Webgunea udako festa sorta luzearen atarian abian jarri zaigu. Demagun, beraz, Lesakako sanferminetara joan nahi duzula: webgunean proposamena egin ahal izango duzu, eta beharbada, lesakarren batek erantzungo dizu eta hitzordua jarriko duzue. Eta agian, beste gazte batzuk ere animatu egingo dira. Hori bai tentazioa…

-Apunteak, lanak eta abar. Unibertsitariei ere lagundu nahi die Gaztezulok. Alferrikako lana egin ez dezazuen, batik bat. Ikasi bai baina atalean unibertsitateko apunteak, lanak eta antzekoak zintzilik jarri eta har ditzakezue. Azterketetan irakasleek hori gehiegi ez nabaritzea, erabiltzaileen esku, noski.

-Harpidedunentzako abantailak. Gaztezulo aldizkariaren harpidedunok zulo berezia izango duzue Etxekoak izeneko atalean; zozketak, zuentzako informazioak, iradokizunak egiteko aukera…

-Eta beste hamaika kontu. Agenda; gela edo etxebizitza bilatzeko aukera; saltzeko, erosteko edo trukatzeko tokia; argazkiak…

Maiatza erdialdean gehiago

Maiatza erdialdean webguneak beste berrikuntza garrantzitsu bat eskainiko du. Modu berezian parte hartzeko aukera bikaina. Beste webgune bat Gaztezulo.com-en barruan. Baina horren berri aurrerago emango dizuegu.