Dei galduak
Komunikazioaren gizartean bizi gara. Etengabe gaude teknologiaren bidez konektaturik eta, maiz, gehiago komunikatzen gara bitarteko teknologikoak erabiliz aurrez aurre baino. Vicent Partal Vilaweb.cat guneko zuzendariak behinola esan zidan bezala, egun kontua ez da sarera konektatu gaitezkeen ala ez, deskonektatzeko gai ote garen baizik.
Nik, tarteka, deskonektatzeko beharra sentiten dut. Lanaren eta komunikazio molde berrien eraginez, informazioak gainezka egiten didala sentitzen dut eta aldentzeko beharra sortzen zait. Ahal dudanean, sakelekoa akiduraz hil dadin uzten dut. Bateria amaitzen laga, hainbat ordu edo egun igaro ondoren biziberritzeko.
Hautazko inkomunikaziotik esnatzen naizenean, atzean utzitako harremanak berreskuratu behar izaten ditut. Hainbat dei galdu telefonoan, beste zenbait sms erantzuteke eta e-posta gutunak sarrera ontzian. Errealitatera itzultzen naute, eta aldi baterako baztertutako egunerokotasunari berriz heltzera behartzen. Nekagarria egiten zait askotan.
Horixe egin dut Aste Santuko asteburuan. Eta pare bat egun geroago, bazko-igandean, elezahar kristauaren sinismenari jarraiki, berpiztu ditut nire komunikazio digitalak. Nire hautua izan da, ordea. Nahi izan dudalako inkomunikatu naiz. Eta mundu birtualarekiko deskonexioak iraun duen bitartean, egunotan militar espainolen eskuetan eroritako euskal herritarrekin akordatu naiz, ezinbestean.
Nik inkomunikatu beharra sentitzen nuen bitartean, haiei inkomunikazioa inposatu diete. Munduarengandik zeharo deskonektatu dituzte. Errealitatetik baztertu, bat-batean eta bortizki. Bat ere birtuala ez den izuaren mundura eramateko. Gazte horietako bat epaitegitik zein egoeratan irten den ikusi dut. Eta besteen tortura testigantzak ere irakurri ditut. Bildurraren pertsuasioaren maisuen teknikak pairatu dituztela bistakoa da.
Nekez irudika dezaket ikararen mundu ilun horretatik bueltatu direnek izan ditzaketen sentipenak. Bizi artean, krudelkeria horren guztiaren gordintasuna irudikaezina baita. Eta latza behar du izan, oso, inkomunikatu aurreko munduarekin harremana berreskuratzeko ahaleginak…
Isolamendutik bueltan, lagun hauen dei galduari erantzuteko beharra sentitu dut lehendabizi.
This entry was posted on Asteartea, Apirila 10th, 2007 at 1:33 pm and is filed under media. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.


Have your say
Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.
Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.
Line breaks and paragraphs are automatically converted.
Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.