rssgaur8 logotipoa

Debalde ala aske

Liburuaren Nazioarteko Eguna izan zen atzo, Kataluniako Saint Jordi patroiaren egunarekin batera. Euskal Herrian, hainbat ekitaldi egin zuten ospakizun horren harira. Ez naiz ni nazioarteko egunen zale, eta atzokoan liburugintza sustatzeko egin zituzt    en ekimen gehienak propagandistatzat ditut. Ez zaizkit batere eraginkorrak iruditzen…

Hala ere, Liburuaren Eguna hartu nahi dut hizpide asteartetako zutabe honetan. Izan ere, egunotan , “Totally free Math” izeneko testuliburuaren berri izan dut sarean. Egileek azaldu dutenez, «egungo algebra testuliburuen prezioari erreparatuta (110$ inguru) eta ikasleek liburuak beren artean sal ez ditzaten edizio berriak hiru edo lau urteren buruan argitaratzen direla kontuan izanik, testuliburuak debalde banatuko dituen webgune bat sortzea erabaki dugu».

Gaineratu dutenez, «ikasketak etxean egiten dituzten familientzat, matematika tutoreentzat baita testuliburu eguneratuak erosteko baliabiderik ez duten eskolentzat ere iturri erabilgarria izatea espero dugu». Mementuz algebra liburu bat zintzilikatu dute Interneten eta debalde jaitsi daiteke.

Baina debalde izatea eta askea izatea ez da gauza bera, ingelesez bietarako hitz berbera erabiltzen den arren. Algebra liburu hori doan banatzen dute, baina ez da askea. Copyright-a dauka eta, beraz, ezin daiteke askatasunez moldatu ezta banatu ere. Egileek azaldutako helburua betetzeko, askoz ere egokiago litzateke, adibidez, Wikipediak darabilen GFDL lizentzia, edo Creative Commonsek eskaintzen dituen aukeratako bat. Hori da kultura eta jakintza askea bultzatzeko modurik onena.

Bien bitartean, beste albiste bat iritsi da nire RSS irakurgailura. Europar Batasuneko Epaitegiaren erabaki baten ondorioz, Estatu espainoleko liburutegiei canon bat ezarriko zaie aurki, maileguan uzten duten liburu bakoitzeko.  Madrilgo Kongresuak aste honetan onartuko du legea eta, antza denez, liburu bakoitzeko 0,2 euro ordaindu beharko dituzte liburutegiek. «Zerga» hori tokian tokiko administrazioek ordaindu beharko omen dute, eta inola ere ez kontsumitzaileek. Kultura eta jakintza debalde eta aske izatetik oso urrun daude oraindik.

Uliako igoera, nire erlojuaren begietatik



Mikel Olasagastiri irakurri nion aurrekoan, bere blog pertsonalean, eskuratu dituen jostailuen berri. Eta txirrindularitzari buruzko Altimetrias nahiz Tropela.net guneak behatu ditut azken aldian. Lehenagotik ere banuen nire gatxet kuttunenetako baten inguruan idazteko gogorik. Eta hiru hauek eman didate azken bultzada, nolabait.

Polar AXN 500 erlojuaren limited edition bat da (kolore ezberdinak, besterik ez…): Barometroa, altimetroa, iparrorratza, termometroa eta pultsometroa dira dakartzan ezaugarri nagusiak, orduaz, egunaz, alarmaz, kronometroaz, abiadura bertikalaz eta beste feature batzuez gain.
Erlojuaren baliabideak gehiago ustiatzeko aukera ematen duen zenbait aplikazio ere badu.

Batetik, erabiltzailearen egoera fisikoa neurtzeko, fitness test izeneko tresna dauka. Atsedenean zaudela duzun bihotz taupaden maiztasuna oinarri hartuta diagnosi bat egiten du. Horretarako, erlojuan bertan erabiltzailearen ezaugarri fisikoak (adina, pisua…) ezarri daitezke. Ownindex izeneko batazbestekoa sortzen du erlojuak, norbere ahalmen fisikoaren neurria.

Kirola egiten ari zarela, zeure bihotz taupaden mugak gainditzerakoan alarmak salto egiten du. Eta altuera jakin batzuk gainditzerakoan ere abisa zaitzan eska diezaiokezu. Gainera, 14 ordura arteko datuak gordetzeko ahalmena du.

Izan ere, darabiltzan tresnei lotutako softwarea ere badakar Polar erloju finlandiarrak (Windowsentzako bakarrik). Horren bitartez, erlojuan gordetako zure kirol saioen datuak konp gorde eta kudea ditzakezu, baita prestaketa taula eta egutegiak osatu ere.

Datuak ordenagailura pasatzeko ez du kablerik behar. Hari gabeko konexio infragorria erabili dezakezu ariketen datuak ordenagailura pasatzeko. Esan bezala, nire tramankulutxo kuttunenetakoa.

Duela urte bete jasandako lesioaren eta neguko egun laburren, lanaren eta nire nagikeriaren kulpagatik, besteak beste, azkenaldian apur bat utzita neukan bizikleta.

Ostiralean, azkenik, nire burua neurtzeko saio txiki bat egitea erabaki nuen. Donostiako Ulia gainera igoera. Gorputza behartu gabe, erlojuak taupadak nire mugetatik gora zeudela esan arren. Bide batez, nire gatxet kuttuna frogatzeko aukera izan dut berriz. Badakit Uliako igoera ez dela inolako lorpena, baina hemen eskegi nahi izan dut emaitza. Entrenamendu faltan nago nabarmen!

PS: Esan dezadan erloju hau ez dela espreski txirrindularitzan erabiltzeko prestatua. Besteak beste ez dakarrelako sinkronizatutako kilometro eta abiadura horizontal neurtzailerik. Horretarako badaude beste modelo batzuk. Mendirako edo “kanpoko kiroletarako” dago egina. Nahiko pisua ere bada. Taupadak neurtzeko, jakina, trasmisore bat erabili behar da bularrean.

Virginia Tech, lekukoak informatzaile

Egunotan Amerikako Estatu Batuetako Virginia Tech Unibertsitatean izandako sarraskiak sare sozialaren eta herri kazetaritzaren adibide argi bat eskaini digu. Lehenago ere izan dira beste adibide batzuk, baina gertakari honek eduki morboso handia izan arrren ere 2.0 sarearekiko interesa dugunontzat azterketarako gai bikaina eskaini dezake.

Izan ere, Virginia Tech unibertsitatean izandako 32 ikasleen hilketaren ondoren, informazioak izan duen zabalpenak hainbat aldiz aipatu dugun herri kazetaritzaren adibidearen ezaugarri berberak ditu.

Hedabide ofizialak ezin izan dute oraingoan ere blog-ek eta lekuko zuzenek baino azkarrago eta gertuagotik informatu. Blogak eta lekuko zuzenak izan dira informazio iturri lehenengo orduetan, ondoren hausnarketa ofizialak gailendu badira ere.

Sakeleko telefono batekin hartu eta Youtuben eskegitako bideoa izan da gertakariaren lehenengo lekukotasun grafikoa inork baino lehenago eman duena, eta hedabide ofizialak iturri horiek aipatzera behartuta egon dira.

Garai batean kazetariak lekukoaaren hitzak bertatik bertara eskuratu behar bazituen, egun askoz ere iturri zuzenagoak, azkarragoak eta bertakoagoak aurki daitezke interneten. Denbora laburrean. Izan ere, lekukoren batek edo zuzeneko informazioa duen norbaitek sarera eskegi bezain pronto egon da informazioa eskuragarri. Eta gaur egun hori egitea ez da zaila. Zailtasunik badago, horrelako egoera latz bat bizi eta idazteko gai izateko lasaitasuna berreskuratzearenak izan behar du…

Hilketak gertatu eta egun gutxi igaro direnean, dagoeneko Virginia Tech-eko informazioa zabaldu duten 2.0 tresnak gainezka daude. Eta ez da hain erraza lehenengo uneetan lekukotasun zuzenak eman zituztenak bilatzea hainbeste zarataren artean. Hala ere, hemen jarriko ditut nik ikuskatu ditudan guneak, arrapaladan idatzi dudan sarrera honen ulertzeko:

Virginia Tech Unibertsitatea
Collegiate Times, unibertsitateko ikasleen agerkaria
Icanthread01 bloga
Threat Level bloga
Argazkiak Flickr-en
Blogetako informazioen laburpena
Evil genius bloga
Gertakariaren berri Wikipedian
Bideoak Youtuben
Washington Post blogarien inguruan
NowPublic
Planet Blacksburg
Blogari-lekukoen inguruko artikuloa

Robotak esan dit: Eskandalua Etxe Zurian

Aspaldian izan nuen testua soinu bilakatzen duen tresnatxo baten berri. Alegia, teklatu bidez idatzitako testu bat irakurtzen duen robota.

Jakina, robot hark ez zekien euskaraz. Gogoan dut igelesezko fonetikarekin jolastuz euskararen antza zuen esaldi bat osatzea nola lortu nuen. Egunen batean ekarriko dut hona audio hori. Emaitza nahiko barregarria zen-eta.

Beraz ez da berria testu editagarria testu irakurri bilakatzen duen robotaren kontua. Bai, ordea, Slashdot gunean teknologia horri eman zaion erabilera. Niretzako bederen.
Slashdot-en argitaratzen diren idatzizko artikulo guztiak gisa horretako tresna batekin entzungai bilakatzen dituzte sistematikoki, eta podcast bat ere osatu dute Feedburner-en.

Ingelesa ama hizkuntza ez dugunontzat ere, esan behar dut nahiko emaitza ona lortu dutela, ulergarria, nahiz eta agerikoa den robot bat ari zaigula hizketan. Entzun, nahi baduzue, artikulo horietako bat hemen azpian.

Bertan diotenez, Etxe Zuriko hainbat e-posta desagertu egin da egunotan, hainbat afera garranitztsuren ingurukoak tartean. Besteren artean, Karl Rove aholkulari presidentzialaren komunikazioak. Dagoeneko Watergate eskandaluaren grabaketetako 18 minutu ezagunen desagerketarekin alderatu dute gertakaria. Badu mamia.

Dei galduak

Komunikazioaren gizartean bizi gara. Etengabe gaude teknologiaren bidez konektaturik eta, maiz, gehiago komunikatzen gara bitarteko teknologikoak erabiliz aurrez aurre baino. Vicent Partal Vilaweb.cat guneko zuzendariak behinola esan zidan bezala, egun kontua ez da sarera konektatu gaitezkeen ala ez, deskonektatzeko gai ote garen baizik.

http://www.flickr.com/photos/ginable/420389052/

Nik, tarteka, deskonektatzeko beharra sentiten dut. Lanaren eta komunikazio molde berrien eraginez, informazioak gainezka egiten didala sentitzen dut eta aldentzeko beharra sortzen zait. Ahal dudanean, sakelekoa akiduraz hil dadin uzten dut. Bateria amaitzen laga, hainbat ordu edo egun igaro ondoren biziberritzeko.

Hautazko inkomunikaziotik esnatzen naizenean, atzean utzitako harremanak berreskuratu behar izaten ditut. Hainbat dei galdu telefonoan, beste zenbait sms erantzuteke eta e-posta gutunak sarrera ontzian. Errealitatera itzultzen naute, eta aldi baterako baztertutako egunerokotasunari berriz heltzera behartzen. Nekagarria egiten zait askotan.

Horixe egin dut Aste Santuko asteburuan. Eta pare bat egun geroago, bazko-igandean, elezahar kristauaren sinismenari jarraiki, berpiztu ditut nire komunikazio digitalak. Nire hautua izan da, ordea. Nahi izan dudalako inkomunikatu naiz. Eta mundu birtualarekiko deskonexioak iraun duen bitartean, egunotan militar espainolen eskuetan eroritako euskal herritarrekin akordatu naiz, ezinbestean.

Nik inkomunikatu beharra sentitzen nuen bitartean, haiei inkomunikazioa inposatu diete. Munduarengandik zeharo deskonektatu dituzte. Errealitatetik baztertu, bat-batean eta bortizki. Bat ere birtuala ez den izuaren mundura eramateko. Gazte horietako bat epaitegitik zein egoeratan irten den ikusi dut. Eta besteen tortura testigantzak ere irakurri ditut. Bildurraren pertsuasioaren maisuen teknikak pairatu dituztela bistakoa da.

Nekez irudika dezaket ikararen mundu ilun horretatik bueltatu direnek izan ditzaketen sentipenak. Bizi artean, krudelkeria horren guztiaren gordintasuna irudikaezina baita. Eta latza behar du izan, oso, inkomunikatu aurreko munduarekin harremana berreskuratzeko ahaleginak…

Isolamendutik bueltan, lagun hauen dei galduari erantzuteko beharra sentitu dut lehendabizi.

Irak: Milioi bat blog bakearen alde

Matxoaren 20an jarri zuten abian One milion blogs for peace ekimena. Helburua mundu osoko milioi bat blogen atxekimendua lortzea da, Irakeko gudaren aurka.

Webgunean azaltzen dutenez (bloga ere badute) okupazioaren laugarren urteurrena betetzen den honetan (2008ko martxoaren 20a bitarte) bi zerrenda osatu nahi dituzte.

Batetik, okupazioan parte hartzen duten herrialdeetako blogak sailkatuko dituzte eta, bestetik, zerrenda globalean mundu osoko sinatzaileak bilduko.

Manifestua bi lerrokoa da. Beraz, Irakeko okupazioaren aurka dagoen edonork sinatzeko modukoa:

I believe in the immediate withdrawal of all foreign combat troops from the nation of Iraq. I believe in using my blog, in whole or in part, as a tool toward this end.

alegia, gutxi gora behera

Irakeko nazioan dauden guda tropa atzerritar guztien berehalako erretiratzearen aldekoa naiz. Nire blogaren zati bat edo osorik amaiera hori erdiesteko tresna gisa erabiltzea lagungarri izan daitekeela deritzot.

 

Apirilaren 4an egindako kontaketan, oraindik 308 blogek besterik ez zuten izena eman. Zorionez, sinatze orrian ez dute ohiko herrialde zerrenda zabalgarri horietako bat jarri eta, beraz, euskaldunok euskaldun gisa sinatzeko aukera dugu.

 

Ekimenaren osagarri gisa, Google Maps-en eratorrietako bat erabiltzea bururatu zait, baina ez soilik euskal blogariak mapan kokatzeko, mundu osokoak baizik. Agian, arduradunei ideia jakinaraztea ez legoke gaizki…

Nik dagoeneko sinatu dut.

Ubuntu 7.04: Zer espero dezakegu?

Twitterren jakin dut Ubuntu 7.04 sistema eragilearen beta bertsioa kalean dela, Arkaitzi esker. Eta laster hasi naiz informazio gehiagoren bila.

Digg-en 1.000 zabaltze baino gehiago izan dituen artikulo bat topatu dut gero. “Zer espero dezkezu Ubuntu 7.04 bertsioarengandik?” du izenburua. Apirilaren 19an plazaratuko omen dute garapen berri honen behin betiko bertsioa.

Marius Nestor Linux arloko editoreak azken aldiko GNU-Linux banaketa arrakastatsuak ekar ditzakeen berrikuntzen gainbegiratua egin du Softpedian.

Beta bertsioa instalatu eta ikuskatu omen du eta harrituta geratu da Ubunturen garapenarekin. Hala ere, beta bertsio hau ez instalatzea gomendatu du, oraindik akats asko dituelako.

Gauza berri interesgarri eta ezusteko asko dakartza azken Ubuntuak Marius Nestorren arabera.

Batetik, bartizio tresna berria azpimarratu du eta, bestetik, Windowsen migraziorako aplikazioa. Azken honekin, Firefoxeko eta Internet Explorerreko lastermarkak, idazmahai ondoak, Yahoo eta Aol bat bateko mezularitzako kontaktuak inportatu daitezke Windowseko partiziotik.

Apiril honetan Ubunturi aukera bat eman nahi dioten Windowseko erabiltzaileentat oso baliagarri deritzo egileak, nahiz eta niri bigarren mailako aferak iruditu zaizkidan.

Nvidia eta ATI bideo driverrak abiaraztea oso erraza omen da Restricted Drivers Manager tresnaren bitartez. Nire kezka da beste hardware batzuentzako driverrak instalatzeko erraztasunik ere ba ote dakarren. WIFI txartela, adibidez. Nik orain arte Ubuntu Edgyrekin soilik lortu dut WIFI txartela konfiguratzea, firmwarea tarteko zenbait txiribuelta eman ostean.

Sareko konexioak kudeatzeko Network Manager aplikazio berritua dakar 7.04 bertsioak eta, antza, WPA segurtasuna ere soportatzen du. Gaur arte ez nekien WPArik ez zuela onartzen, baina akaso ez naiz inoiz gisa honetako segurtasuna duen sarbide batera konektatzen saiatu. Edo agian saiatu naiz eta ez dut lortu. Ez dut gogoan.

Ikusentzunekoen codec-en inguruan, audio edo bideo bat irekitzen den bakoitzean Ubuntu berriak codec-ak automatikoki bilatzen ditu. Eta multimedia codec-ak instalatzea oso erraza omen da.

Sare lokal batean fitxategiak eta inpresorak partekatzeko erraztasunak ere ba omen dakartza, Avahi aplikazioaren laguntzaz.

Niretzako bigarren mailakoak diren beste gauza batzuren artean, itxura ere gogoko du Softpedian artikuloa idatzi duenak, eta 3D efektuak GNU-Linuxen ere inoiz ezagutu dituen ikusgarrienak direla esan du. Oso eskuragarri omen daude orain arte konplikatuxeagoa zen Berylek eskaintzen dituen efektuak.

Laguntza guneak ere (Redesigned Help Center) inoiz baino eskuragarriago jartzen omen ditu tutorialak eta antzerakoak eta bilaketak ere asko aurrreratu ei dira mahaigaineko bilaketarako Beagle sistemaren bidez.

Ondorio bezala, Ubunturengandik aukera berri mordoa espero dezakegula deritzo, eta baita azkarragoak ere.

Euskal iPod?

Naiara eta Janire kreatibo bikoteak ekimen bitxi baten berri eman du blogaren bitartez.

Euskal iPod izeneko produktua merkaturatzeko asmoa omen dute eta, “berria denez, hainbat arlo definitu behar dira lehenik eta behin”. Errentagarria izateko, marketing erabaki batzuk hartuko omen dituzte.

Merkaturatu nahi dutena iPod musika erreproduzitzaile arrakastatsuaren edizio mugatua da, Euskal iPod izenekoa, 8 Gb-eko edukierarekin.

Target-a edo xede taldea honakoa da: ”Euskal Herriko musikazaleak, gehienbat gazteak, teknologia berriekiko jarrera zabalagoa baitute”.

Lehiakideak, “Mp3 erreproduzitzaile guztiak eta walkman-ak. Laster mugikorrak ere”.

Komunikazioaren helburua: “Euskal edizio berezi hau erakargarria egingo dugu xede-taldearentzat. Horretarako euskaldunak arlo askotan ezberdinak garela adieraziko dugu eta horregatik euskaldunon berezitasunarekin bat datorren iPod-a sortu dugula, beste iPod-en ezberdina”.

Iragarki grafikoa, pertsonalizazioa eta txostena dagoeneko garatu dituzte. Gainera, spota zintzilikatu dute Youtuben.


Zur eta lur geratu naiz hasiera batean ekimenaren bideoa ikusi dudanean. Jolas bat ote da, ala zerbait gehiago? Izan ere, oso txukun garatutako kanpaina iruditu zait, atentzioa erakartzeko modukoa. Beraz, hiru aukera bururatu zaizkit. Unibertsitateko Publizitate ikasleen lan baten parte da (blogean zintzilikatu duten eskemari erreparatuta…), abian jartzekotan den Hazruido lehiaketara begira egindako kanpaina bat da (MTVren Amo a Laura kanpainaren antzerako viral marketing txapelketa), edo benetan Euskal iPod izeneko edizio mugatu bat merkaturatzeko aukera aurrikusi du norbaitek?

 

Apirileko arraina

Interneteko erabiltzaileeoi ziria sartzen saiatu zen atzo Google, komuneko zuloan barrena konektatzen den doako wifi konexio batekin: Google TiSP.

 

Hemen idatzi dut apirileko arrain honi buruz, baina blogera irudiak ekarri nahi izan ditut.

70 urte geroago

Durango, sarraskiaren 70. urteurrenean.