rssgaur8 logotipoa

Ezker abertzalea, hauteskundeetan

Atzo goizean Bilbora joan behar izan nuen lanera, aspaldiko partez. Autobusa hartu eta abiatu nintzen euskal hirira.

Iragarrita zegoen, baina Elgoibar inguruan alimaleko elur malutak hasi ziren goitik behera eta, nola ez, A-8an egon ginen nahi baino gehiago Pesako autobusean gindoazenak. Denbora pasa edo, nire kamera digitalari eragitea erabaki nuen. Baina dena okertzen den egun horietan gertatzen den bezala, bateria bukatzear zegoen eta pare bat tiro egin ahal izan nituen bakarrik.

Ze amorrua ematen duen argazki bat atera nahi eta makina gertu ez duzunean… Emaitza, atera ahal izan nuen argazki kaxkarrena.

Azkenean iritsi nintzen Termibus geltokira eta, Txakurkalera joan behar nuenez, lurrazpikoa hartu behar izan nuen Alde Zaharrerako norantzan. Ordurako nahiko berandu nenbilen, Bilbon topatu behar nituen mintzakideak ohartarazita zeuden arren.

Eskaileratan behera nindoala ohartu nintzen bi lagun egunkari bat banatzen ari zirela bertatik igarotzen zen ororen artean. Euskal Herriko Metropolian nago -pentsatu nuen-, eta hemen doako egunkariak Donostian baino zabalpen handiagoa dute. “Que“, “20 Minutos“, “Adn” edo “Metro” bezalakoak. Azken hau da Easo Ederrean, Renfeko geltokian kasu, banatzen ikusi dudan bakarra.

Ordurako besapean neraman nirea, baina Metropoliak zer eskaintzen zidan aztertzea erabakita pasa nintzen egunkari hori banatzen ari zen pertsonarengandik gertu-gertu. Jaso nuen zortzi orrialdeko berripapera.

Ukimenari dagokionez beste edozein bezalakoa iruditu zitzaidan. Maketazioa nahiko sinesgarria. Titularrari erreparatu nion, Thyssen eskailera mekanikoetan behera. “La izquierda abertzale se presenta a las elecciones”, du izenburu nagusia.

Orduan hartu nion susmoa. Titular hori, estilo kontu sinpleagatik, idazkera kontuagatik, ezin izan zitekeen ez “Que” ez “Metro”rena. Agerkaria tolestuta neramanez, mantxeta ikusi gabe neukan. Buelta eman nionean ikusi nituen “Badator” izena eta izartxoaren logoa.

Ezker abertzalearen hauteskunde kanpainak sortutako agerkaria da. Nik eskuetan dudanak Bilbo du ardatz, alegia, udal hauteskundeetarako espreski sortua da. Ez dakit beste herri edo hiriren batean ere agertu ote diren.

Harritu egin nintzen, itxura eta gisa guztietako jendeak arreta jarri ziola ikusita. Izaera politiko hutsezko afitxa zela agerikoago balitz, jendeak ez luke jasoko edo lehenengo zakarrontzira botako luke, seguraski. Baina, nire iritziz, debaldeko egunkari bat eskuartean zutela sinistuta egin zioten gehienek kasu. Eta kanpaina diseinatu zuenak bazekien hori, ondo jakin ere.

Unibertsitateko irakasle batekin gogoratu nintzen. Haren arabera, kazetaritza idatziaren etorkizuna debaldeko prentsa espezializatua izango omen zen urte gutxiren buruan. Ez du bete betean asmatu (askoz ere etorkizun gehiago zituen gordeta kazetaritzak), baina hedabide batzuk bederen bide hori hartu dute.

Agidanez, Bilbon honez gero ohikoa bilakatu da egunkari horien presentzia, Europako beste hiriburu handietan gertatu bezala. Eta horren erakusgarri deritzot atzo gure metropoli bakarrean ikusitakoari.

Helburua, gainera, ondo aztertuta zegoen. Egunkaritxoak semiotika kontu sinple bezain eragingarri batekin bota zituen behera target-aren aurreiritziak, zeharkatu zuen lehenengo harresia. Lehenengoa bakarrik.

Ezker abertzako jendeak seguru aski segituan ezagutuko du mantxeta, eta ez dio muzin egingo panfletotxoari. Egunotan kartel, banner eta albisteetan ikusi duelako lelo hori: “Badator Euskal Herria, badator Euskal Herri berria”. Esaldiak berak emango luke semantika azterketa bat egiteko aukera. Hortik ondorioztatu dut argitalpenaren helburua jende berriarengana heltzea zela, ohiko hautesle multzo trinkoarengana baino.

Baina gauza bat ahaztu zitzaion kanpaina pentsatu zuenari. Ni neu, “Metro” zelakoan, ez hartzekotan egon nintzen. Banuelako beste irakurgairik, dagoeneko ezaguna nuelako eta ez didalako gauza interesgarri gehiegi eskaintzen. Azkenean hartu nuen, ordea, beste ehunka lagunek bezala.Hori ezin uka!

Podkaraz, euskarazko I. podcast erakustaldia

Info7 Irratiak, UEUko eta EHUko Kazetaritza Sailekin elkarlanean, euskarazko podcasten lehen erakustaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu du.

Bertan azaltzen denez, “amarauneko azken aurreko sukarra ditugun arren, euskarazko podcastgintza ahul samar dabil oraindik” eta “egoera hori astintzeko eta geure artean podcastgintzaren kultura indartzeko” antolatu du erakustaldi hau internet bidezko irratiak.

Baldintzak

Edozertaz edo edozeinetaz soinu-erretratu bat egitean datza lehen edizio honetako baldintza. Egoera bat agertarazi, pertsona bat deskribatu, denok egin eta inor onartzera ausartzen ez den hori kontatu… Nahi duzuna, baina atera diezaiogun errealitateari – norberarenari- soinu-argazkia!”, jakinarazi dute Info7tik.

Podcasten iraupenak 3 eta 5 minutu bitartekoa izango beharko du. Izena emateko ondoko helbidera igorri behar da mezua podkaraz(abildua)info7(puntu)com.

Mezu horretan xehetasun hauek zaladu behar dira:

Podcastaren izenburua
MP3 fitxategia zintzilik dagoen guneko url-a edo lotura
Egileraren datu pertsonalak

Erakustaldian parte hartzeko azken eguna maiatzaren 15a izango da.

Epaimahaiaren erabakiz erakustaldiko podcastik onenari “Euskal Podcast Labela” emango zaio. Gainera, podcastik onenak bere programazioan eskainiko ditu Info7 Irratiak.

Edan ase arte, zuen baimenarekin

(entzun irakurri baino lehen)

Mikel Peruarenak eta Txus Aranburuk email bidez jakinarazi didate, “Edan ase arte” izeneko beren proiektu literario-musikalak dagoeneko baduela bloga.

Inguruan badut oso literaturjalea den, eta besteon sabelak ere asebetetzen dituen, lagun bat. Nahiko eszeptikoa da blogen eta bestelakoen inguruan, eta gustatzen zaio nire fedea kolokan jartzen… saiatzea. Beti da eskertzekoa horrelako jarrera kritikoa.

Uste dut, “Edan ase arte”ko lagunek eman didatela aipatu dudan pertsona horri, nolabait, komunikabide hauek dituzten aukerak erakusteko eta erakartzen (saiatzeko) beta. Ea zein den emaitza.

Alegia, adierazteko eta literatura kontsumitzeko modu ezberdinak daudela, komertzialtasunaren gainetik. Beste arlo askotan legez. Funtsean, blogari eta idazle askok sen berbera dute, baina bide ezberdinak hautatzen (edo uztartzen) dituzte.

Bada… (hau ez da mikronika bat, abixauta zaudete) Peruarenak eta Aranburuk poesia eta akordeoi-bandoneoi musika uztartzen duen ikuskizuna plazaz plaza eraman ostean, orain sarean ere argitaratzea erabaki dute. Sarreran badaukate halako intentzio aitorpen bat.

Bertan deskubritzen dizkigu Peruarenak bere inspirazio iturriak eta elikatura proiektu hau gosetuen artean debalde banatzera bultzatu duten arrazoiak: “Azken hiru urteetan idatzi, berridatzi eta berberridatzi ditudan poemak antolatzen ari nintzela oroitu nintzen teaz (nahiz kafeinomanoagoa naizen teinomanoa baino) eta liburuak sarreran duen poema idatzi nuen: Harrera. Gero Miguel Hernandezen poema hori topatu nuen. Beranduago Bertolt Brechten poemaz akordatu nintzen, Mikel Laboak abesten zuena“.

Hori da Peruarenaren liburuaren sarrera hitzen jatorria:

 

Ase dezakeguna baino

egarri handiagoa daukagu.

Erantzun ditzakegunak baino

galdera gehiago dauzkagu

 

Hernaniko Kronikak eta Oier Guillenek eman dute literatur proposamen honen berri, besteak beste. Txusek doinua jartzen die Mikelek idatzi eta irakurritako hitzei. Hain zuzen ere, 2006an Irun Hiria Saria irabazi zuen poema sorta.

Lehen, posta zerrenda moduko baten bitartez igortzen zituen Peruarenak bere elikagai literarioen pakete humanitarioak. Orain, jendearengana ailegatzeko beste modu bat aurkitu dute. Nire uste apalean, oso interesgarria. Nahi dudanean izango baititut eskuragarri bere sormenak.

Gainera, Creative Commons lizentziapean eman dituzte argitara lanak, Patxi Gaztelumendik berriki bere blogean egin bezala. Dituzte, diot, ez dutelako testuekin soilik egin. Ikusentzunezko erakustaldiaren soinu frogak ere topatu ditut, baimen berdinekin zintzilikatuta.

Gutenberg Galaxian lizentzia hori oinarri hartuta Evocara igo ditut fitxategi horiek, hemen modu errazago batean entzungai egoteko. Blogofago nahiz blogofobo sutsuenak ere erraz entzuteko moduan egon dadin. Ardo ona gustoko duenarentzako.

Edan ase arte. Irakurri eta entzun kutxa beltza iritsi bitarte.
Zuen baimenarekin.

Mundu hunec iduri itsasoa: iguerica ezdakiena ithotcera doha

Duela egun batzuk Gutenberg Galaxian ezagutarazi nizuen liburu eskuizkiriatuko esaera zaharretako bat da izenburuan dagoena. Eta orain dela ehun urte idatzita dagoen arren, egun duen “bigentzia“gatik bereganatu du nire arreta.

Euskarazko esaera zahar bilduma eskuz datzita eta takigrafiatuta duen XIX. mendeko liburuxkaen gainean informazio gehiago emateko moduan naiz gaur.

Istorio honen lehenengo kapitulua irakurri bazenuten, jakingo duzue orduan oraindik zalantzaz beterik zeudela bertan esaten zirenak, atsotitzen, estenografiaren eta egile ezezagunaren inguruan.

Hiru ezaugarri horien gainean badut berrikuntzarik joan den astean egindako zenbait ikerketaren ondorioz. Imanol Amiano lankideak esan zuen bezala, beraz, argia eta takigrafoak!

Atsotitzak kontatu ditut, eskuz idatzita daudenak. 418 inguru bereizteko gai izan naiz. Alfabetikoki antolatuta daude eta gehientsuenak traskripzio estenografikoa dute. Hauei liburuan inprimatuta datozen esaerak gehitu behar zaizkie. Kasu batzuetan horiei ere itzulpen takigrafikoa gehitu zien egile ezazagunak.

Alfabetoko letra bakoitzeko atsotitz batzuk egunez egun hasiko naiz hemen berridazten, gaur hasita.

Gainera, Gotzon Garateren atsotitzen bilduman baliokidetzarik ote duen ere begiratuko dut, eta izatekotan alboan ipini. Egilea eta takigrafiari buruz gehiago jakin artean, tarteka joango naiz gehiago argitaratzen.

Acheriak, buztana luze, bera bezala besteak uste
(Azeriak puztena luze, berak ala duenak bertzeak ala uste)

Aita bilzaleri seme barreiari
(Biltzari hona, barreiari hona)

Alaba ezkontzerat nahi denean, semea ordu denean
(Alaba ezkont ezak nahi duenean, semea ordü denean)

Aski dakik, bizitzen badakik
(Baliokidetzarik ez)

Alaba sorhi denean esconzeco, ezta erraz begirazeco
(Alaba zorhi denean ezkontzeko, ezta erratz begiratzeko)

Adiskidea gauza tchipian behar da phorogatu, handian emplogatu
(Baliokidetzarik ez)

Mundu hunec iduri itsasoa: iguerica ezdakiena ithotcera doha
(Mundu hunek dirudi itsasoa, igerika eztakiena ondarrera doa)

AnarkOS (1.0)

Maiz, anarkiari buruz hitz egiten denean, kaosarekin, nahasmenarekin edo antolaketa ezarekin lotzen den kontzeptua da. Ezkutatu egiten dira sistema politiko gisa dituen zutabeak edo utopikotzat jotzen dira ezartzen dituen oinarrizko arauak. Finean, jendearen borondate onean oinarritutako ondasunen banaketa, trukea bultzatzen duen gizartea eta ordena publikoaren eragingarritasuna jartzen da zalantzan.

Komunikazioaren teknologiaren aroan, ordea, anarkozaletasuna ahalbidetzen duten tresnak jaio dira. Edo, hobeki esanda, agian intentzionaltasunik gabe anarkiaren alde ezkutu eta onuragarri guztiak biltzen dituzten kontzeptuak, lan egiteko moduak eta ekoizpenak eraiki dira. Internetek ahalbidetzen du ideal horiek guztiak uztartzeko beharrezkoa den azpiegitura. Komunitatea eta komunitatearen parte- hartzea baita sistema anarkiko horren zutoin nagusia. Sareak horien hazkundea ahalbidetu du.

Interneten gisa orotako jendarte birtualak eratu dira. Gehientsuenak aisialdiarekin lotuta daude. Asko eta asko hobbie baten inguruan iritziak partekatzeko ziberespazioan elkartzen diren taldeak dira. Sexua, kirola, politika… Eta antolaketak ere oso ezberdinak dira batzuen eta besteen artean. Mundu errealarekin paralelismo bat eginez, esan daiteke ezagutu diren sistema politiko guztiek dutela simil digital bat. Topaguneko kudeatzaileak irudika ditzakeen guztiek. Anarkiak ere bai.

Gizartearen garapen librearen alde egiten duten elkarte edo topaguneek bereganatu dute anarkia beren antolaketa eredua osatzeko. Komunitateak, anarkoeszeptikoek bestelakoa pentsa badezakete ere, ezarritako arau minimoak betetzen ditu eta, halaber, arauei muzin egiten dienik sortuz gero, komunitatea bera da horiek betearazteko zilegitasuna eta ahalema duena. Bertan parte hartzen duten norbanakoek interes ezberdinak izan baditzakete ere, denen artean gobernatzen dute bapore digitala, eta helburu komun bat daukate. Jatorrian, bederen, gizartearen hobebeharrez, jendearen ongizatearen alde edo jakituriarentzat onuragarri diren proiektuak garatzen dituzte, itzulian ordainik jaso gabe.

Izan ere, sari pertsonal handia izan daiteke hori.

Mikronikak, NDS kronikak

Maiz entzun dut interneten, eta blogetan bereziki, labur idazteak duen garrantziaz, “jarraitzaileak” hitz jarioaren jarioaz aspertu nahi ez badituzu behitzat. Eta, egia esateko, sintesia ez da nire bertuteetako bat. Istorio on bat dudala uste dudanean, luze jotzen dut, kiribiltzen naiz pertsiana bainintzan. Hori diote mingain gaiztoek.

Blog honek izan dezakeen irakurle talde urriaren hobebeharrez, bada, nire teklatuari mugak jartzea erabaki dut, noizbehinka bederen, eta NDS Kronikak izena jarri diodan saio berria hasi, NDSkrk, alegia.

Gehiago ere esango nuke, ia ahaztu baitzait eskuz idaztea, ordenagailuaren esklabu izaki.Ez dut uste bakarra izango naizenik… Nire espediente kaligrafikoak ere argilunak dauzka,eta hemendik ehun eta hogei urtera inork nik idatzitako esku-oharrak topatzen baditu, euskara estenografiatua deskubritu duela pentsatuko du, fijo. Idazkera kriptografiatua.

Etxetik aldendu bezain pronto ibili ohi naiz WIFI sarbide bila, arrazoi ezberdinak medio internetera sartzeko beharra dudanean. Eta portatilak, edo eramangarriak edo dena delakoak hiru kilo eta erdi pisatzen dituenez (museoko pieza. Bi urte pasatxo ditu-eta…) ez dut beti gainean eramateko gogorik izaten.

E-posta jaso ote dudan ikusi edo bestelako kontsultaren bat egiteko (ez sinistu burtsako indizeak jarraitzen ditudanik), aski dut oso gertuko dudan pertsona bati Nintendo DS ttipia lapurtzearekin (traizioa). Askoz ere diskretoagoa da, bai.

Nire buruari proposamen bat egin diot. Mikronikak idazten hasiko naiz NDSko esploratzaile murritzaren bitartez internetera konektatzen naizenean. Ez dakit ekimen honek nire irakurleen %50 aspertzen bukatuko ote duen (alegia, arreba ala osaba), baina arriskatzea beste aukerarik ez dut blogarien dekalogoari kasu egingo badiot.

Pantaila (ispilu?) ukigarrian (?) idazteko luma zuriak hizkiak banan bana klikatzera derrigortuko nau eta ea horrela autozentsura kuantitatiboa ezartzen diodan nire buruari. Jakina, NDS ttipiarekin murgiltzen naizen bakoitzean. Ohitura zaharrak (edo onak ziren?) ez dira galdu behar, eta tarteka nire txapak pairatu beharko dituzue, hona etortzen jarraitzen baduzue behintzat.

Datorren geltokia, NDS kronika.

Euskaltzain bat blogari

Euskal blogosferan bada blog bat, beste guztien artean ezberdina. Iparroratza da, 2006ko abenduaren 24an euskaltzain oso izendatu zuten Andoni Sagarna “hizkuntzaren teknologoaren” bloga.

Ez dakit zergatik, iruditu zait behar baino apalagoa dela Sagarnaren blogaren oihartzuna geure blogosfera honetan. Ez soilik orain dela gutxi Euskaltzaindiako 26. aulkian eseri delako, bere curriculumak ere euskal blogosferarentzat ustez interesekoak diren hainbat ezaugarri biltzen dituelako baizik. Sagarna letren eta zientzien munduak uztartzen dituen aditu horietako bat da, goi mailako industria ingeniaria Nafarroako Unibertsitatean eta letretan doktore Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan.

Tekno-euskaltzaletasunaren firmamentuak euskaltzain izendatu eta berehala goraipatu zuen, orokorrean, erabakia. Euskararen normalkuntzak teknologia berrien abiadurari jarraitu nahi badio, ezinbestekoa delako Andoni Sagarnaren profila duten adituek ere euskararen etorkizunaren ardura hartzea. 

Elhuyar Kultur Elkarteko sortzaile taldeko kide izan zen 1972an. 1985an izendatu zuten elkarteko buru, 1994a arte. 1981etik 1992ra, gainera, UZEIko Zuzendari Teknikoa izan zen, eta euskaltzain urgazle izan da osoko kide baino lehen, 1987tik.

1989 eta 1993 urteen artean EAEko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen, eta 1999. urtera arte Eusenor enpresan Zuzendari Tekniko lanak egin zituen, euskarri ezberdineko hainbat proiektu garatuz. Besteak beste Euskalerria.org web posta zerbitzaria abian jarri zuen Plazagunea enpresan informatika proiektu arduradun izan da 1999tik 2004ra.

Egun zenbait lan uztartzen ditu. Elkar enpresa-taldeko I+G+b (Ikerkuntza+Garapena+Berrikuntza) arloko zuzendaria da, baita Euskara Zientifikoa irakasgaiko irakasle, Nafarroako Unibertsitateko Industria Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan.  Eusko Ikaskuntzaren Hiznet Hizkuntza Plangintzako ikastaroan irakasle ere bada.

2.0 euskaltzaina

Sarean ibili gara Andonik utzitako arrastoaren bila. Ez hainbeste berari buruz idatzi-esan direnak bilatzeko, sareari egin dizkion ekarpenak ikusteko baizik. Kazetari lana kuxkuxero lana bilakatzen denean…

Iparrorratza blogaz gain, Sagarnak Flickr-en ere badu kontu bat, eta bertan zintzilikatzen ditu bere argazkietako batzuk. EiTBren eguraldiaren blogera ere bidali ditu zenbait irudi, Usurbilen harturtakoak. Donostian jaio bazen ere, herri sagardogile honetan bizi baita Sagarna.

Sarean aurki daitezkeen lanen artean, Telekomunikazioaren Hiztegia aipatuko nuke, aibidez. Ez duzue uste Euskalbar-en hau ere gaineratzea komeni denik?

Euskaltzain izendatu zutenean zenbait blog eta weblogetan izandako erreakzioa irakur daiteke, halaber, Redox blogean, Ixa Taldearenean, eta Filoblogen eta Sustatun.  Euskaltzain donostiarrari egindako elkarrizketa bat ere dago irakurgai, hemen.

Sagarna galdekatu ezazu GAUR8n

Datorren astean Andoni Sagarnari elkarrizketa egingo diogu GAUR8n. Hitzordua jarria dugu, eta itaunak prest. Baina zuek ere parte har dezazuen nahi dugu.

Horretarako, blog honetan iruzkin bat bidal dezakezu, Sagarnari egin nahi zenioken galdera idatzita. Galdera kopuruaren arabera, sorta bat hautatuko dugu zuen zalantzak euskaltzainari helarazteko. Nahi baduzue, ateak irekita dituzue.

Euskal Herria metropolitan

Euskal Herriak behar dituen tren eta trenbide ereduaren inguruko eztabaidak pil pilean egon behar lukeen honetan, Burdinbidean izeneko blogak proposamen erakargarri bat dakar oraindik autoak gidatzen ikasi ez dugunontzat.

Xabier Pagolak aurkezpenean esaten duenez, “gure herrian dauden burdinbideen maitale eta erabiltzaileetako bat naiz. Blog honetan trenbidearekin zerikusia duen oro jakin ahal izango duzu: azken orduko albisteak, nere argazkiak, zurrumurruak, erreportaiak…”.

Eta benetan webgune interesgarria osatu du, beti ere trenbidearen inguruko hainbat gairi helduz: Trenak zineman, trenbidean gertatutakoak, grafitiak eta erasoak, abiadurahandiko trenak…

Dagoeneko sortuak dauden azpiegituren inguruan hitz egiten duen heinean, egun bizirik behar lukeen eztabaida horri egiten zaion ekarpen baliotsua iruditu zait Burdinbidean bloga. Eta erabiltzaile naizen aldetik ere baliagarri zait eguneroko bizitzan.

Aurkitu ditudan gauza guztien artean atentzioa beresiki deitu dit Euskal Herriko trenbide Azpiegitura izeneko JPEG batek. Gogora ekarri dizkit Bilbon oraindik metroa egin gabe zegoenean Londonen, Parisen, Moskun edo Madrilen ikusi izan ditugun lurrazpikoen plano horiek.

Gainera, Euskal Herriaren ikuspegi metropolitano moduko bat iradoki dit, Euskal Hiriaren mitoaren plasmazio erreala.

Garraiobideak ere komunikabideak dira, ez soilik lekuen artean, pertsonen artean erei.

Aportazio xume legez, askotan bururatu zaidan gauza bat gaineratu nahi nuke. Ideia itzela litzateke Donostiatik Bilbora bi ordu eta erdi baino gehiago tardatzen duen trenean WIFI sarbide bat paratzea. Aurrekariak badaude, eta zenbait proiektu ere.

Hala ere, egia esateko, WIFI sarea jarri baino lehen hobe lukete komunak jartzen pentsatzen hasiko balira. Horrela ordu beteren buruan pixalea sartu zaion bidaiariari ez diote itxoin beharko Zumaiako apeaderoan (ez pentsa, geltoki askotan ere ez dago komunik, bulegoetan ez bada).

Orrialde honetan, Obscure services goiburupean katalogatzen dituzte Euskotrenen hainbat linea. Ez da harritzekoa.

Parisko metroa Madrilgo metroa

Moskuko metroa Londongo metroa

To blog or not to blog, blogeatu ala blogatu

Euskaltzaindiako arduradunak lehenago hartutako erabaki baten inguruan berriz ere deliberatzen egongo diren bitartean, informazio eta komunikazioaren teknologia berriek eragiten dituzten neologismoen inguruan hausnartuko nahi nuke nik.

GAUR8k, blogari propioez gain, blog berriak sortzeko aukera ere zabaldu du bere webgunean. Izan daitezke banakako blogak, gai zehatz baten inguruan arituko direnak, edo izan daitezke blog kolektiboak.

Kontua da, aukera hori zabaltzerako unean, GAUR8ko erredakzioan zalantza bat sortu zitzaigula. Ohar bat idatzi beharra zegoen gure irakurleei aukera horren berri emateko.. Leloa do you wanna blog with us? edo antzerako zerbait izan behar zen.

Euskaratzerako orduan, gurekin blogeatu nahi? izan zen lehenengo proposamena, baina laster piztu zitzaizkigun zalantzak.. Blogeatu erdarakada hutsa littzateke. Gaztelerako bloguearren kutsadura. Izena blog bada, eta blog bat duenari blogari esaten bazaio, blogetan aritzeari blogatu esan beharko litzaioke, ala? Nik blogatzen dut, zuk blogatzen duzu, haiek blogatzen dute…

To blog, bloguear, blogatu… hori da galdera.

PS: Interneten begira aritu naiz euskal blogariek ze aditz erabiltzen duten ikusteko. Gorka J. Palazio unibertsitateko irakasleak Creative Commons lizentziapean argitaratu duen hiztegi batean “blogeatu” aipatzen du. Ahuntzaren Eguerdiko Doministikua blogean Iturrik lagatako iruzkin batean, berriz, “blogatu” esaten du. Mikel Larreategik “blogeatu” erabiltzen du, halaber. Eta Patxi Gaztelumendik ere “blogeatzen” darabil.

Ziberfeudalismoa (eta II)

XXI. mendeko jauntxoek gobernatutako mundu birtualean, herri xeheak boteretsuen segurtasun zerbitzuak kontratatu ditu, ezinbestean. Bizilagunek jasan omen eta propagandista digitalek kontatu dituzten erasoen eraginez, aditzen diren gaitz larrien ugalketari gizarteak dion beldurraren ondorioz…

Baina jendarme digitalek zuloz jositako hesiak eraikitzen dituzte herritarren bizileku birtualen perimetroan. Artean, jauntxoak beraien gaztelu eta dorretxeetako horma zibernetiko sendoen babespean bapo bizi dira, laborari xumeen ondasunak bereganatuz.

Herritarrek, berriz, gero eta oldarraldi bortitzagoak jasaten dituzte. Baina ondasun birtualen segurtasunaren arduradunen eraginkortasuna beste jauntxoren batek lurraldea bereganatu nahi duenean soilik geratzen da agerian. Zurrumurrua zabaldu da karrika digitalean: Jauntxoak berak omen dira eraso larrienen iturri. Jauntxoen soldatapean lan egiten duten mertzenario-robotek, gainera, une oro zelatatzen dute herri xehea, segurtasuna beren esku utzi izanaren aitzakian.

Izan ere, beldurra da beren negozioaren zutabe nagusia, izua guztiz desagertuko balitz, busyness gozoak ere alde egingo lieke-eta. Hortaz, gizarteak ezezagunaren aurrean sentitzen duen ikara bizirik mantentzea komeni zaie.

Pinguino itxurako zaldun bat iritsi da ñu baten gainean trostan, unibertso paraleloko zelaietan zehar. Herri xeheari zuzendu zaio. Agerian utzi ditu boteretsuen asmo eta jardun ilunak. Eta babesa eskaini dio herriari, trukean hamarrenik eskatu gabe.

Ordura arte elkarren arteko ustezko arerioak ziren jauntxo guztiek bat eginda eraso diote urruneko zaldun ezezagunari. Aliatuen bertsio birtual berri bat, haien begietara «gaizkiaren ardatza» denaren aurka.

Ez da mesias batengandik espero zuten itxura eta, nork daki, agian hain juxtu horrexegatik, jendea batu zaio.

Ziberfeudalismoa da, eta iraultza bat behar du.

  1. ekarpenak

  2. Azken bidalketak

  3. atalak

  4. fitxategiak

  5. RSS Euskal Blogosfera