Gorriek Durango kiskali zutenekoa

Lasai. Ez naiz ni hori esango duena. Duela 70 urte bota zion sarjentu faxista batek Eusko Gudarosteko bolondres anarkista bati: ¿Durango? ¡Durango lo incendiaron los rojos!
Mariak kontatu dit GAUR8ri eskainitako elkarrizketan. 24 urte bete zituen Durango bonbardatu zuten egunean. Gaur 94 beteko ditu.
70 urte beranduago, oso hunkigarri egin zait lekuko baten ahotan zibilen aurkako lehenengo bonbardaketa sistematikoaren berri jasotzea.
Mariaren senar Antxoni hori esan ziotenean, ebakuntza egin berria zuen buruan. Gerra Garraioetan ari zen Durangon lanean, Gipuzkoatik ihesi. Zinismoaren muturreko adibidea, gudari hura Durangon bertan larriki zauritu baitzuten bonba italiarrek.
Adibide hori erabili nahi izan dut gerra garaian gezurrek, propagandak eta pertsuasioak duen eraginari buruz idazteko. Izan ere, nolabait, M-11ko gezurrak dakarzkit gogora. Testuinguru ezberdinetan gertatu badira ere, bi kasuetan gezurtiek ez baitzuten beren helburua erdietsi. Gaitzerdi!
Gernika da populazio zibilaren aurkako lehenengo bonbardaketen artean sonatuena, besteak beste Picassoren “Guernica” obra unibertsalari esker. Baina Durango izan zen lehenengoa eta Otxandiok, Elorriok, Elgetak eta Bilbok ere pairatu zituzten bonbardaketak.

He decidido terminar rápidamente la guerra en el Norte. Si la rendición no es inmediata arrasaré Vizcaya hasta sus cimientos, comenzando por sus industrias de guerra. Dispongo de medios para hacerlo. General Mola.
Gerra komunikazioari buruz gaur aipatuko duran lehenengo adibidea da, Frankistek zerutik etsai eta herritarrei jaurtitako afitxetako testua. Italiarrek Etiopian ere erabili zuten mehatxu euria.
Pentsatzekoa da zer nolako ikara sortuko zuen mezua jasotzen zuenarengan. Eta laster beren azalean sufritu zituzten mehatxuaren ondorengo ekintzak. Mariari elkarrizketa egin nionean, agerikoa zen aparailu hegalari ezezagun haiek sortu zioten izua. 1937an ez baitzen ohikoa, bistan da.
Zerua ere beztu omen zen Maritxuren arabera, eta pilotuen hazpegia ere ikusi zuela dio behin eta berriz. Semeak, Albertok, oroitzapen horiek izuaren eta denboraren ondorio direla iritzi dio.
Nik ez dut bonbardaketa bat bizitzeko zoritxarrik izan. Baina oktabilla horien eta burnizko hegazti erraldoi haien pertsuasio botere ikaragarriaz ez dut inolako zalantzarik.

Nuestros aviones bombardearon objetivos militares en Durango y más tarde los comunistas y socialistas encerraron a los curas y monjas en las Iglesias, asesinándolos a balazos sin piedad y quemando después las iglesias.
Queipo de Llanos generalaren hitzak dira. Nik, 70 urte ondoren, bertsio hori ezereztu dezakeen lekuko bat topatu dut… Eta Historiak lehenagotik ere bere lekuan jarriak zituen gauzak. Baina ez da beti horrela izan eta, akaso, egongo da oraindik sinistuko duenik.
Joseph Goebbels Hitlerren propagandista ofizialaren gezurra hamaika aldiz errepikatuz gero… horri ez zaio arrazoirik falta. Eta frankistek ere ondo zekiten. Biek ala biek “Gudaren artea” liburua izango zuten iturri akaso, indarkeria ekintzekin batera hitzezko ekintzek duten garrantzia aitortzen aitzindaria.

Kontrako aldean koka dezakegu, diametralki, George Lowther Steer kazetaria. Etiopian eta Euskal Herrian izan zen sarraskien lekuko, baina ez lekuko mutu.
28 urte zituela, Steerrek telegrama bat bidali zion Bilbotik, “The Times” agerkariari, 1937ko apirilaren 27an. Kontserbadoreetan kontserbadoreena izanda ere, egunkariko editoreak enpresako buruzagiekin aztertu ostean erabaki zuen kazetari gazteak esaten zuenak sinesgarritasun osoa zuela, hitzek zuten tono larriari erreparatuta.
“The Times”ek oso osorik plazaratu zuen telegrama hura eta Europan sekulako oihartzuna izan zuen Gernikako bonbardaketak. Gezurra ez zitzaion orduan ere egiari gailendu.
Pentsatzekoa da dagoeneko etorriko zitzaizuela burura orain gutxi Iñaki de Juanarekin gertatutakoarekin duen paralelismoa.

Kanpora begirako komunikazioak bezala, barnera begirakoak ere berebiziko garrantzia du guda garaian. Orduko Sobiet Batasunaren eta Alemaniaren arteko Stalingradoko aurrez aurreko bataila erabakigarrian, soldadu xehe naziek ez omen zuten inolako komunikaziorik kanpoaldearekin.
Antza denez, jasotzen zuten adierazpen bakarra Führer-aren ustezko gutun pertsonal bat zen. Gerraren norabide zuzenaz mintzo ziren gehienetan idazki haiek. Eta maiz, goxoki batek lagunduta ailegatu ere ailegatzen ei ziren.
Buruzagiak egoeraren larriaz jabetuta zeudenean ere, azkenengo unerarte, ez omen zuten inolako informaziorik banatu, azken finean, biktima ziren soldaduen artean.
Propaganda kanpaina interno bat zerabilten agintari naziek, negu hotzak eta prestakuntza ezak dagoeneko nahiko kaltetutako soldaduen egoera animikoa altxa nahian. Handik gutxira garaitu zituzten sobietarrek.
Zorionez, gaur egun ez gaude hain isolaturik. Eta horren adibide dira SMS mezuek eta Internetek M-11o gezurra birrindu zutenekoa, Steerrek Gernikako falaziarekin egin bezala. Baina oraindik gara gezurren, eta egia ez osoen, biktima.
Hain juxtu ere, II Gerra Mundialean erabili zen beste propaganda mota bati interneten aurki dakioke gaur egun paralelismoa. “Enemy at gates” filmean fikzioarekin nahastuta jasotzen den legez, sobietarrek frankotiratzaile oso fin bat omen zuten eta laster ustiatu zuten horren botere pertsuasiboa. Hau ere Stalingradon gertatu zen.
Soldadu propioen artean historia epikoek eragina zutela ohartuta, frankotiratzailearen istorioa zabaltzeaz arduratu ziren. sobietarrak Naziek ere laster sortu behar izan zuten beren superheroia. Jakina, helburua etsairen morala jaistea ere bazen.
Gaur egun, Irakeko okupazioaren harira, erresistentziaren adar batek antzerako arma erabili du. Juba deitzen dioten tiratzailea da eta bere bideoek arrakasta izugarria izan dute Youtuben. Guda mediatikoaren parte da, kontrarioak egiten duen bezala. (Egia esateko, bideo mordoa egon ohi zen, baina gaurkoan bakarra topatu dut)

Askotan entzun dugu, batez ere espainiar eskuindarren ahotan, 1936an hasitako gudarekin “orrialdea pasa” behar dela. Kontraesan jasanezina egiten zait, gehiegikeria haien biktima izan zen pertsona bat alboan dudala.
Argi dago behar bezala konpondu gabeko gatazka baten ondorio dela. Gatazka baten biktima izan diren guztiek behar baitute nolabaiteko (beti eznahiko) aitortza publikoa eta osaketa morala. Guztiek esan dut, bai, baita bizirik dirautenek ere. Finean, beste komunikazio afera bat da.
Beldurraren pertsuasioa, generazioz generazio kutsatzen dena, oso eraginkorra da. Mariari egunkarian argazki eta guzti agertuko zela esan nionean, oraindik inguruan dituen “karka horiek” (sic) zer esango ote duten beldur dela esan zidan. Saiatu ginen modurik goxoenean 70 urtetan bizi izan duen izu hori uxatzen. Ez da behin betiko izanen, baina. Galtzaileen bandoan dago-eta.

PS: Hegazkinena eta Steer kazetariarena izan ezik, argazki guztiak Durangokoak dira. Nire eskerrik beroenak Gerediaga Elkarteari argazkiak uzteagatik.
Kuxkuxeatu ditudan guneak:
La Ofensiva de Mola
70 aniversario del bombardeo contra la población civil de Durango
Azul Mahon gune falangista
Siglo XXI editores (pdf)
Durango, isildutako bonbardaketaren estreinaldia [eu] [es]
Radio Euskadiko Boulevard saioa
Ihesi, Eskal Herriko Gida (Argia)
George L. Steer, 60 años despues
Adios a los 30 bloga
Harrikadak bloga
Garagoitiko Orakulua bloga
Alberto Eloseguiren bloga
War stories
Shapes of Time
Buber.net foroa
Eusko blog (ingelesez)
Eitb24.com
Gerrako kazetariei buruzko jardunaldiak
Zeruko argia, 1977
Sare Antifaxista bloga
Guernica – Geschichte eines Luftangriffs
Telegram from Guernica
Testimonials
San Francisco Gate
George L. Steer. Gernikan izan zen Kazetaria
El arbol de Gernika
This entry was posted on Larunbata, Martxoa 31st, 2007 at 12:37 am and is filed under media. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Apirila 23, 2007 at 3:16 pm Eraso faxista gehiagorik ez! - Izal gazte ta errebelde wrote:
[...] Hemen duzue lotura.Bonbardeaketaren argazki batzuk hemen dituzue.Honen iguruko informazio gehiago: 1 / 2 .Gernikako bonbardeaketaren inguruko bideoa: Aurten betentzen dira bonbardeaketen 70garren [...]