Fabrikak
Tabacalera inauguratu omen dutela irakurri dut egunotan. Bai, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea, nahiz eta nik, itzulpen literala eginda, hitzez hitzezkoa, Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Gunea esango nukeen.
Blogarien artean ere izan da hizpide. Hasier Etxebarriak izen bat topatzeko eztabaida abiarazi zuen berean, eta baita Sustatun ere. Azken honetan, egun batzuk lehenago, politikeoz betetako inaugurazioaren berri eman zuten, eta euskarak beste behin ere jasan duen utzikeriaren testigantza luzatu ziguten, di-da batean.
Iturri izan zen, nire aburuz, egunotan Donostian ikusi ditugun inaugurazio guztien atzean zer dagoen argien erakutsi zuena, bere Harrikada horietako batean. Eta nik egunotan bueltaka izan ditudan burutazio batzuk plazaratu nahi nituzke.
Tabacaleraren inguruan funtsezko galdera bat datorkit. Zerri deitzen diote gure politikoek inaugurazioa? Donostiako eraikin esanguratsu honen albotik maiz igarotzen naiz eta badut proiektuaren berri eman zutenetik bertan egindakoaren berri. Urtebeteren buruan lauzpabost ekimen: Dfoto erakusketaren zatitxo bat, zenbait festa, Zinemaldiari lotutako guateke bat edo beste…
Bitartean, barruan apenas egin duten berrikuntzarik. Instalazioak ez dira oinarrizkoak ere. Tabako fabrikak duen potentzial osoaren zati nimiño bat besterik ez da ikus daitekeena. Zerri deitzen diote hauek, bada, inaugurazioa? Kartel bat goitik behera zintzilikatu, argi oso cool batzuk jarri eta pintxo fashion batzuk zerbitzatzeari? Gainera, elitismoz inguratutako ekitaldi batean? Super-artista ezagunen bati berriz leku egin eta kitto. Glamour donostiarra… Hori da ahotan darabilten politika parte hartzailea.
Tabacaleraren ingurunea xixko eginda dago. Mundaiz bidea ikusi besterik ez dago. Legerik gabeko hiria da hori. Autoak abiadura handian, eta Tabacalerako festalariek ehun metro oinez egin nahi ez dituztelako bidearen bi albotan aparkatutako kotxeak. Eraikina ere burnizko hesi batek inguratuta dago, herritarrengandik oso gertu, bai.
Interes asko dago Tabacaleraren inguruetan. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Abiadura Handiko Trena, intermodala deitzen dioten autobus konexioa. Burdinbidean blogean hemen eta hemen irakur daiteke proiektuari buruz.
Eraikuntzako putreak dagoeneko inguruetan ari dira hegan, goi goitik zelatan. Odon Elorza alkateak orain gutxi etxez etxe zabaldutako berripaper propagandistikoa ikusi besterik ez dago. Interneten ere baliokidetza du, baita flash ikusgarri bat ere. Guztia ideiak, proiektu estrategikoak, oraindik zutaberik ez dutenak…
Bien bitartean, Donotiako Gas Fabrika nola eraisten ari diren ikusi dut. Txikitzen. Lagun historialari batek esan dit, berez, barruan zegoen 1880. urteko gasometroa dela babes historikoa duena. Beraz, bertatik atera eta eraikina bota. Bidean, bertan lo egiteko tokia topatu zuten etorkin batzuk ere bota dituzte.
Zer gertatu da Euskal Filmategiaren proiektuarekin? Hasieran Gas Fabrikan jarri behar omen zuten, eta gero Tabacaleran. Orain, ez batean ez bestean. Nik, zin dagit, Gas Fabrikaren moldaketa proiektu oso xarmanta ikusi nuen paperean… Zertarako balio ote dute orduan Elorzak bidali dituen panfleto horiek guztiek? Ze sinesgarritasun dute?
Tabacalera, Victoria Eugenia, San Telmo Museoko proiektua, gasometro bat dantzan, Gladis Enea ereaberritzearen truke bi gorosti hilda, lur mugikorrak non nahi, babes ofizialeko zozketak, Koipe Fabrika behera, ladrilloak gora eta Mundaiz bidea urak itota…
Etxera bidean jarraitu dut. Tabacalera “inauguratua” ikusi ondoren. Egia auzoko lurrazpiko pasabidean, bi lagun, kartoi artean daude lo. Donostia awesome honetan, bi homeless hotzari aurre egiten. Egunak argitzen duenean, munipak aterako dira beren erratzekin, hauteskunde egunerako dena garbi egon dadin.
This entry was posted on Asteartea, Martxoa 27th, 2007 at 12:47 pm and is filed under urban. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.




on Martxoa 27, 2007 at 1:41 pm neuke wrote:
Dudarik gabe, azkenaldian behin eta berriz esaten dudan eta horren beste gustatzen ez zaidan esaldia baieztatzen da: bakoitzak bere txilborrera. Pena da, baina hala da. Donostia glamur-tu nahi izanetik snoob-eatzera, eta gure agure maiteak 20m2ko etxetxoetan dutxa exkax baten faltan!
Politikariok, zaindu hobeto zuen menpetan gauden guztiak eta utzi itsurakeriari!