Euskara takigrafiatua, 1888. urtean

Aitortzen dut. Blog honi hasiera emateko hautatu nuen titularra exajeratu xamarra zen agian. Baina begiradak erakartzeko goiburu deigarri bat beharrezkoa nuen! Seguraski, beldur eszenikoaren ondorioz.
Akaso nire jarrerak inprentaren kontrakoa edo irudi zezakeen. Bada, gaur da eguna konfesatu behar dudana edonolako eskuizkribu edo liburu zaharrek liluratzen nautela. Gaur egun inguratzen nauten irakurgaien artean, ez dago besterik antigoaleko horiek baino zirrara, misterio eta ikusmin gehiago sortzen didanik.
Lankide batek kontatu zidan behinola, semea Olentzeroren benetako jatorriaz ohartu zenean, entzun ere entzun zuela mutil koxkorraren fantasiaren ateak blaust! nola egiten zuen. Niri ate hori irekitzen laguntzen didate paper zaharrek. Eta miresten dut Lazkaoko benediktarren lana! XXI. mendean girotutako Umberto Ecoren e-leberri bat inspiratzeko modukoa…
Behin eta berriz errepikatu dugu dagoeneko pixel eta tintaz GAUR8k sarea eta papera uztartu nahi dituela. Eta Gutenberg Galaxian, bereziki, komunikatzeko modu ezberdinei, zahar nahiz berriei, erreparatuko diedala agindu dut. Hainbeste objektu birtual eta hiperlink artean gehiegi zorabiatu baino lehen, ukimenaren mundutik sarera zerbait ekartzeko unea da.
Zaletasun horren ondorioz, baita familian ditudan aurrekariek baldintzatuta ere (eta frankistek espoliatu ez zutenari esker), irakurgai zahar eta bitxien bildumatxo xume bat eskuratu dut denboraren poderioz. Eta, horien artean, gaur ezagutzera eman nahi dudan harri bitxi bat.

Akitaniara, Medoc izeneko eskualdera (Bordelen) duela pare bat urte egindako udako bidaian gindoazela eskuratu nuen, Landetako antigoaleko denda batean. Hasiera hasieratik beraganatu zuen libruxka hark nire arreta. Eta, ohi dudanez, segituan begiratu nituen azkeneko orrialdeak, data, argitaldari eta inprenta bila. Baionan izan zen plazaratua, 1873. urtean. “Proverbes basques et gascons” izena du.
Bi hizkuntza horietako atsotitzak biltzen ditu liburuxka honek eta, beste gauza batzuen artean, Arnaud Oihenart eta honen “Atsotizac edo refrauak” aipatzen du Gustave Brunet egileak. Liburua euskaraz eta gaskuineraz idatzitako esamoldeen bilduma bat da. Honaino, ni bezalako pertsona batentzat nahikoa erakargarria. Prezioa galdetzeko modukoa.
Baina horiek ez dira hemen aideratzeko aferak… Kontua da, liburuxka ximur eta hori hark bazuela nire arreta gehiago piztu zuen xehetasunik. Goitik behera eskuizkribuz josia dago eta nahikoa denbora eskatuko luke sakonean aztertzeak. Adibidez, liburuan bertan inprimatuta datozen eta arkatz eta lumaz idatzita dauden atsotitzen alderaketak liburuaren gainean idatzi zuenaren ezaugarri batzuk agerian utziko lituzke. Ehunka esamolde ditu euskaraz, bai eskuz eta bai berunezko tipoen bitartez idatzitakoak.
Egile ezezagunak, akaso, liburuan ikusitakoak berridatzi zituen edo, bestela, beste iturriren batetik ere jasotzen zituen euskarazko atsotitz berriak. Orduan, antza denez euskara ere jakingo zuen, edo euskaraz hitz egiten zuen jendearengandik jasoko zituen, edo agian beste liburu batzuetatik. Gainbegiratu batean badirudi liburu hori bere eskuetan izan zuenak alfbetikoki antolatuta dauden esaldiei bere uztako beste batzuk gaineratu nahi izan zizkiola, XIX. mendean. Bai, liburuaren argitaratze dataz gain, eskuz ere beste data bat idatzita duelako. 1888.
![]()
Hala ere, errazegia litzateke hori besterik gabe orain baieztatzea. Argitzeak azterketa serioagoa behar duelako, eta horrek denbora gehiago… Gauza bat argi dago, sekulako atsotitz bilduma da, asko eta asko eskuz idatzita daude, XIX. mende amaierakoa da eta mereziko luke banan bana orain arte bildutakoekin alderatzea, ezer berririk ba ote dagoen ikertzeko. Eskuz gainidatzitako esaerak, bestalde, frantsera ere itzuli zituen bigarren egile ezezagun honek. Ze usai hartzen diozue zuek?
Pentsatuko duzue horrelako ikerketagai bat eskuetan izan eta oraindik behar bezala ez aztertu izanak baduela delitua. Baina ez naiz hemen nire burua zuritzen hasiko. Nire alde esan dezaket ikusmina desbideratu didan beste txikikeria bat ere baduela “harri bitxi” honek. Frantsesera ez ezik, batez ere beste hizkuntza batera itzuli zituen euskarazko atsotitzak-eta.

Landetako herrixkan geundela -mahasti, ardo eta gazteluen lurralde eder hartara bidean- ingurune bukolikoak soilik ez, beste gauza batek ere bultzatu ninduen liburuxka erostera. Ohikoak zaizkidan karaktere eta tipoez gain, sekula ikusi ez eta ulertzen ez ditudan zirriborroak, runa moduko hizkuntza fantastiko batean egindako marrazkitxoak ditu. Eta esaldiak banan bana daude hizkuntza idatzi ezezagun horretara itzuliak. Ez da zirilikoa, ez japoniera, ez arabiera…
Pixka bat ikertu ostean ohartu nintzen zertan diren eskuizkribu misteriotsu horiek. Estenografia edo takigrafia da, esaldiak idatziz laburtzeko eta gerora berriz transkribatzeko teknika. Epaitegietan girotutako pelikuletan ikusi izan dugun horren estilokoa, bai.
Wikipediaren arabera, takigrafia Jenofonte historialari grekoaren garaitik existitzen da gutxienez -grekeraz, taxos (azkartasuna) eta grafos (idazkera)-. Ohiko idazkeran baino zeinu sinpleagoak erabiltzen dira hitzegin bezain azkar idatzi ahal izateko. Bizitza luzea du, beraz, estenotakigrafiak. Senecak (ez dakit aitak ala semeak) antolatu omen zuen teknika hau, estandarizatu edo, “Tiron eta Senecaren oharrak” izeneko lan batean.
1588. urterarte nahiko baztertua egon omen zen aipatu sistema hori, Timothy Brightek Britainia Handian berriz erabili zuen arte. Frantzian, Alemanian eta Holandan XVII. mendetik erabiltzen omen da eta Espainiara 1800. urtean ailegatu omen zen. Wikipedian dauden datuak oso argiak ez dira, baina antza “takigrafia” hitza Thomas Sheltonek (“On Kixoteren” ingeleserako itzultzailea) erabili omen zuen 1641ean, eta John Willisek “estenografia” deitu zion 1601ean.
Teknika honen oinarria traza laburrak, laburdurak eta karaktere bereziak erabiltzean datza, hizkiak, hitzak edo esaldiak ordezkatzeko. Normalean, idazkera takigrafikoak testuen zatiak baztertzen ditu eta zaila da takigrafista batek jasotako testu bat beste batek deszifratzea, ez badu lehenago jatorriko testua entzun. Takigrafia ikastea ez omen da zaila, baina erabilpen azkarra egiteko asko ibili behar ei da.

Bale, ez da Iruña-Veleia… Baina nik ez dakit inoiz euskarazko hitzak estenografiatu diren ala ez. Pentsatzekoa da, euskaraz deklaratzen den epaiketetan euskaraz estenografiatuko dela. Edo agian itzultzaileak dioena takigrafiatuko dute. Nork daki. Googlen bilatzen aritu naiz eta, bistazo azkar batean behintzat, ez dirudi gauza askorik dagoenik. Egun, takigrafia klaseak ematen direla ikusi dut, baina ez dakit euskal takigraforik ba ote dagoen.
Bagenekien AEBek euskara erabili zutela hizkuntza zifratu bezala Bigarren Mundu Gerrako Pazifikoko kanpainan eraso aginduak irratiz igortzeko… baina hau ez. Nik behintzat. Gaur egun hain modan dauden esamesen (SMS) aurrekaria?
Beste gauza interesgarri batzuk ere topatu ditut interneten. Gerraostean, neskei takigrafia irakasten zitzaien mekanografiarekin batera. Gogoratu pelikula yankietan ikusi ohi diren sekretaria-takigrafa horiek. Baina, hemen, gizonek ere ikasten zuten. Indalezio Prieto sozialistak, hori baino lehenago ere, ikasi zuen takigrafia idazkera. Emakume abertzaleen Batzak, 1922an, takigrafia, euskara eta mekanografia klaseak ematen zituen. Kriptografia moduan ere erabil daitekeela dirudi eta ezkerrentzako takigrafoa ere badago.
Nik esango nuke euskara estenografiatua idatzi zen lehenengotariko aldia izan daitekeela liburu honetan ikus daitekeena.
Eskuizkribuen ustezko egilearen inguruan ezer gutxi asmatuko nuela sinistuta nengoenean, bide onetik eraman gaitzakeen pista bat aurkitu dut ustekabean. Sareko Auñamendi entziklopedian irakur daitekenez, Antoine d’Abbadie euskaltzale ezagunak, gaztaroan, musika estenografiatzeko metodo bat asmatu omen zuen.
Gaztaroan ez ezik, beranduago ere izan zuen musikarekin loturatik. 1874an euskal doinuen lehen bildumetariko bat argitaratu zen eta bertan Antoine d’Abbadiek (1810-1897) P. Lamazou Biarnoko tenore ezagunari helarazitako doinu bat agertzen omen da. Agian, esan diot nire barrenari, musika eta estenografia saioak egin zituen berriz bere bizitzaren bukaera aldera?
Mementuz hemen geldituko dut ikerketa. Baina liburuak oraindik sekretu asko gordetzen ditu eta, egia esan, azken aurkikuntza honek zenbait ate berri ireki dizkit. Landetako saltzailearekin ere kontaktua egin dut. Ea zerbait argitzerik duen. Aurrera egin ahala, joango naiz hemen horren berri ematen. Eta zuek pistarik baduzue, jakinarazi mesedez!
| www.flickr.com
|
This entry was posted on Asteartea, Martxoa 13th, 2007 at 12:54 pm and is filed under biblio. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Martxoa 13, 2007 at 1:11 pm zabaldu.com wrote:
Euskara takigrafiatua, 1888. urtean
Takigrafia/estenografia esaldiak laburtzeko ikur bidezko idazketa teknika da. Artikulu honetan orain arte ezezaguna zen euskarazko eskuizkribu baten berri ematen da. Euskal atsotitzen liburu baten gainean, egile ezezagun batek hainbat apunte idatzi zit…
on Martxoa 13, 2007 at 2:09 pm neuke wrote:
Arratsalde on Haritz,
Lehenik eta behin, gai interesgarrian murgildu zarela iruditzen zaidala esan nahi nizuke, baina suposizio asko usten dituzu airean. Egia da dela gutxi arte takigrafia erabili ohi dela, nire amak berak erabili izan du, ikastetxeko asignatura zuen takigrafia eta nik neuk ikusi izan ditut geure etxean textu liburuak, ariketak, e.a. Baina gazteleraz. Esaten duzun bezala, euskal takigrafia existitzen bada, piskat ezagutzen duen norbaiti erakutsi (asuntu zaila) edota ezagutzen duen norbaitek hau ikusi ahalko balu… Ez al zara kazetaria? Eta zeure lantokian norbaitek ez al du jakingo?? Jakinmina piztu didazu eta airean uzten dituzun gaiak egiaztatzeko irrika utzi didazu.
Muturra sartu duzu, lagun, beraz, hemendik aurrera digitalismoaz aparte zer duzun aurkezteko demostratu beharko duzu. Liburutegi majoa baduzularen berri naiz… Zure informazioa konpartituko duzularen esperantzarekin, agur bero bat,
Neuke.
on Martxoa 13, 2007 at 7:42 pm Ekaitz Santazilia wrote:
Barkatu zinez, izena aldatu izanagatik, baina berria jaso eta hamar minutu baino ez nituen mezua idazteko. Konponduta dago. Gauza gehiago jakiteko desiatzen naukazu, ea zer berri eskaintzen dizun gaiak!
Behar duzunerako,
EKAITZ
on Martxoa 18, 2007 at 10:42 pm admin wrote:
Ieup biei:
Neukeren galderei datozen entregatan idazteko asmoa daukat, beraz, pazientzia! Baina eskerrik asko zuri ere ekaroenagatik (gaur eskerrak emateko eguna da!). Eta eskerrik asko takigrafiari buruz zuk zeuk lehenengo pertsonan izan duzun esperientzia edo ikusitakoa kontatzeagatik. Gehiago jakiteko beti da lagungarri.
Ekaitzi, berri, Euskofilia bere blogean erantzun diot… Filologia ikasle honen bloga bixitatzea gomendatzen dizuet besteoi. Zuri ere, ekaitz, pazientzia!
on Martxoa 20, 2007 at 12:53 pm Mundu hunec iduri itsasoa: iguerica ezdakiena ithotcera doha | Gutenberg Galaxia wrote:
[...] egun batzuk Gutenberg Galaxian ezagutarazi nizuen liburu eskuizkiriatuko esaera zaharretako bat da izenburuan dagoena. Eta orain dela ehun urte idatzita dagoen arren, egun [...]