rssgaur8 logotipoa

Gutenberg hil da, gora Gutenberg!

Blogari ezagun batek teoria bitxi baina eraginkor bat kontatu zidan behin, sarekoRIP Gutenberg plataforma global bat lehenbizikoz lokalizatu zeneko hartan, esango nuke. Alegia, euskaratu, eta Euskal Herrian sustraitu zen garaian. Urte batzuk badira ordutik, baina gaur egun interneten inguruan bizi dugun eztabaida aurrikusi zuen, nolabait, orduan blogari ere ez zen lagun hark, esango nuke berriz.

Bada, haren esanetan (ez dira hitz zehatzak), euskara hainbat urte berandu, dezente, ailegatu zen inprentara. Guk dakigula, hain zuzen, 90 urte. Gutenbergek 1455eko otsailaren 23an hasi zuen “Biblia”ren inprimatze prozesua eta bost urte beranduago bukatu zuen. 180 liburu inprimatu, koloretu eta enkuadernatu zituen, uste denez, eta 1.282 orrialde zituen bakoitzak. Gutenbergen 60 “Biblia” ezagutzen dira gaur egun, 12 pergaminoan eta 48 paper gainean.

Beñat Etxeparek Bordelen plazaratu zuen 1545ean “Linguae Vasconum Primitiae”, euskaraz inprimatuta ezagutzen den lehen liburua. Blogari hark, Euskal Herria eta euskara internetera garaiz, edo behintzat ez 90 urte beranduago, iristearen garrantziaz ohartarazi nahian zebilen. Eta, nirekin behintzat, lortu zuen.

AEBetako defentsa departamenduak sortu zuen ARPANET sarea (Advanced Research Proyect Agency Network) izan zen interneten aurrekaria (History of internet). 1990. urtean desagertu eta NSFNET (National Science Foundation Network) sareak barneratu zuen. Hori izan zen internet militarren eskuetan egoteari utzi eta gizarteratzeko lehen urratsa. NFSNETek eta CSNETek (Computer Science Network) laster konektatu zuten elkar, AEBetako unibertsitate ezberdinak lotuz. Beranduago, Europarekin kateatu ziren, EUNET ikerketa sarearekin. Izan zuen arrakastari eta NSFri esker, AEBetako Gobernuak erakunde independenteen esku uzi zuen sarearen kudeaketa, 1995 urtetik aurrera.

Basque-L posta zerrenda izan zen euskaldunak modu antolatu batean interneten agertu ziren lehenengo aldia, 1993ko abenduan. Marta Lourdes Llanosek sortu zuen Euskal Herriari lotutako gaien inguruan eztabaida sustatzeko helburuarekin. Urte bete beranduago iritsi ziren lehenengo webguneak. Ofizialki, Blas Pedro Uberuagaren www.buber.net (1994eko udazkena) eta Euskal Herriko Unibertsitatearen www.ehu.es dira aitzindariak.

Euskal ziberkulturan beste data esanguratsu bat 1995eko urria da, “Euskadi Informacion” izeneko agerkaria agertu zenekoa. Espainiako prentsa eskuindarrean 1996an argitaratutako artikulu baten ondoren, euskal webgune baten aurkako lehen ziber-sabotaje ekintza pairatu zuen: e-posta bonbardeaketa.. Gertakari hark mugarria ezarri zuen gure historia birtualean. Ordura arte ezezaguna zen indar ekintza erabili zen batzuek gogoko ez zuten ahots bat zentsuratzeko.

Hariari berriz helduz, esan daiteke euskara eta euskaldunak ez garela beraz hain berandu ailegatu internetera, inprentarekin alderatuz behintzat. Gaur egun aldaketak azkarrago gertatzen diren heinean, batez ere komunikazioaren eta teknologiaren alorrean, hiruko erregela horrek agian ez du balio irakurketa zientifikoa egiteko.

Euskarak interneten osasun onik ez duela iritzi diotenei «Gutenberg Sindromea» dutela esaten diet nik. Denborak ezberdinak izanik ere, interneten euskarak osasun ona duela deritzot-eta, hiztun kopuruari erreparatuta eta beste hizkuntza komunitate batzuekin alderatuta, bederen. Sasoikoago egon daitekeela beste kontu bat da. Kirola eginarazi beharko zaio.

Gutenberg Galaxy” Marshal McLuhan edukatzaile, filosofo eta irakasle kanadiarraren liburua da. 1963. urtean argitaratu zuen. Bertan, komunikazioak gizakiari nola eragin dion aztertzen du: hizkuntzak, idazkerak, inprentak, telegrafoak, irratiak, telebistak… Gizakia jaio zenean besapean ez zekarren edozein sormen teknologia bezala ulertzen zuen hark. Baita hizkuntza ere. Nahiko ikuspegi ezkorra izan arren, gizartearen ohiturak eraldatuko zituen sare moduko bat irudikatu zuen McLuhanek. Bereak dira «Global Village» eta «Medioa da mezua» esamoldeak.

Lekukoa 1995ean hartu zion Nicholas Negroponte Massachusettsko Teknologia Institutoko irakasleak. “Being Digital” liburuan aurrikusi zuen bitek osatutako euskarrian garraiatu zitekeen edozein datuk sarea izango zuela errepide urte gutxiren buruan. Atomoek osatutako euskarriek baino bide azkar, merke, erginkor eta… seguruagoa? Eta sasi-aditu askok eta askok berehala iragarri zuten paperaren heriotza.

Hasi berri dugun txoko honetako lehenengo goiburuak lerro hauetan labur azaldu dudanaren metafora bokazioa du. Gutenbergen heriotza «beltza zuri gainean» aldarrikatzeak kontraesankorra irudi dezake. Baina inprentatik igaro bitartean interneten ere ari zen bidaiatzen testu hau. Atomoak eta bitak, batera. Izan ere, begirada honek GAUR8k bere egin duen xagua eta paperaren arteko amodio istorioa izango du ardatz. Horri ekarpena egiten saiatuko gara orrialde honetatik. Komunikazioari buruz idazten, izandakoari, denari eta izango denari arreta jarriz.

Hil ez bada, gutxiago falta zaio behintzat.

This entry was posted on Larunbata, Martxoa 10th, 2007 at 12:56 am and is filed under filo. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

5 Comments so far

Be the first to comment on this entry.

Have your say

Fields in bold are required. Email addresses are never published or distributed.

Some HTML code is allowed:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>
URIs must be fully qualified (eg: http://www.domainname.com) and all tags must be properly closed.

Line breaks and paragraphs are automatically converted.

Please keep comments relevant. Off-topic, offensive or inappropriate comments may be edited or removed.