rssgaur8 logotipoa

Gorriek Durango kiskali zutenekoa

Lasai. Ez naiz ni hori esango duena. Duela 70 urte bota zion sarjentu faxista batek Eusko Gudarosteko bolondres anarkista bati: ¿Durango? ¡Durango lo incendiaron los rojos!

Mariak kontatu dit GAUR8ri eskainitako elkarrizketan. 24 urte bete zituen Durango bonbardatu zuten egunean. Gaur 94 beteko ditu.

70 urte beranduago, oso hunkigarri egin zait lekuko baten ahotan zibilen aurkako lehenengo bonbardaketa sistematikoaren berri jasotzea.

Mariaren senar Antxoni hori esan ziotenean, ebakuntza egin berria zuen buruan. Gerra Garraioetan ari zen Durangon lanean, Gipuzkoatik ihesi. Zinismoaren muturreko adibidea, gudari hura Durangon bertan larriki zauritu baitzuten bonba italiarrek.

Adibide hori erabili nahi izan dut gerra garaian gezurrek, propagandak eta pertsuasioak duen eraginari buruz idazteko. Izan ere, nolabait, M-11ko gezurrak dakarzkit gogora. Testuinguru ezberdinetan gertatu badira ere, bi kasuetan gezurtiek ez baitzuten beren helburua erdietsi. Gaitzerdi!

Gernika da populazio zibilaren aurkako lehenengo bonbardaketen artean sonatuena, besteak beste Picassoren “Guernica” obra unibertsalari esker. Baina Durango izan zen lehenengoa eta Otxandiok,  Elorriok, Elgetak eta Bilbok ere pairatu zituzten bonbardaketak.

He decidido terminar rápidamente la guerra en el Norte. Si la rendición no es inmediata arrasaré Vizcaya hasta sus cimientos, comenzando por sus industrias de guerra. Dispongo de medios para hacerlo. General Mola.

Gerra komunikazioari buruz gaur aipatuko duran lehenengo adibidea da, Frankistek zerutik etsai eta herritarrei jaurtitako afitxetako testua. Italiarrek Etiopian ere erabili zuten mehatxu euria.

Pentsatzekoa da zer nolako ikara sortuko zuen mezua jasotzen zuenarengan. Eta laster beren azalean sufritu zituzten mehatxuaren ondorengo ekintzak. Mariari elkarrizketa egin nionean, agerikoa zen aparailu hegalari ezezagun haiek sortu zioten izua. 1937an ez baitzen ohikoa, bistan da.

Zerua ere beztu omen zen Maritxuren arabera, eta pilotuen hazpegia ere ikusi zuela dio behin eta berriz. Semeak, Albertok, oroitzapen horiek izuaren eta denboraren ondorio direla iritzi dio.

Nik ez dut bonbardaketa bat bizitzeko zoritxarrik izan. Baina oktabilla horien eta burnizko hegazti erraldoi haien pertsuasio botere ikaragarriaz ez dut inolako zalantzarik.

Nuestros aviones bombardearon objetivos militares en Durango y más tarde los comunistas y socialistas encerraron a los curas y monjas en las Iglesias, asesinándolos a balazos sin piedad y quemando después las iglesias.

Queipo de Llanos generalaren hitzak dira. Nik, 70 urte ondoren, bertsio hori ezereztu dezakeen lekuko bat topatu dut… Eta Historiak lehenagotik ere bere lekuan jarriak zituen gauzak. Baina ez da beti horrela izan eta, akaso, egongo da oraindik sinistuko duenik.

Joseph Goebbels Hitlerren propagandista ofizialaren gezurra hamaika aldiz errepikatuz gero… horri ez zaio arrazoirik falta. Eta frankistek ere ondo zekiten. Biek ala biek “Gudaren artea” liburua izango zuten iturri akaso, indarkeria ekintzekin batera hitzezko ekintzek duten garrantzia aitortzen aitzindaria.

Kontrako aldean koka dezakegu, diametralki, George Lowther Steer kazetaria. Etiopian eta Euskal Herrian izan zen sarraskien lekuko, baina ez lekuko mutu.

28 urte zituela, Steerrek telegrama bat bidali zion Bilbotik, “The Times” agerkariari, 1937ko apirilaren 27an. Kontserbadoreetan kontserbadoreena izanda ere, egunkariko editoreak enpresako buruzagiekin aztertu ostean erabaki zuen kazetari gazteak esaten zuenak sinesgarritasun osoa zuela, hitzek zuten tono larriari erreparatuta.

“The Times”ek oso osorik plazaratu zuen telegrama hura eta Europan sekulako oihartzuna izan zuen Gernikako bonbardaketak. Gezurra ez zitzaion orduan ere egiari gailendu.

Pentsatzekoa da dagoeneko etorriko zitzaizuela burura orain gutxi Iñaki de Juanarekin gertatutakoarekin duen paralelismoa.

 

Kanpora begirako komunikazioak bezala, barnera begirakoak ere berebiziko garrantzia du guda garaian. Orduko Sobiet Batasunaren eta Alemaniaren arteko Stalingradoko aurrez aurreko bataila erabakigarrian, soldadu xehe naziek ez omen zuten inolako komunikaziorik kanpoaldearekin.

Antza denez, jasotzen zuten adierazpen bakarra Führer-aren  ustezko gutun pertsonal bat zen. Gerraren norabide zuzenaz mintzo ziren gehienetan idazki haiek. Eta maiz, goxoki batek lagunduta ailegatu ere ailegatzen ei ziren.

Buruzagiak egoeraren larriaz jabetuta zeudenean ere, azkenengo unerarte, ez omen zuten inolako informaziorik banatu, azken finean, biktima ziren soldaduen artean.

Propaganda kanpaina interno bat zerabilten agintari naziek, negu hotzak eta prestakuntza ezak dagoeneko nahiko kaltetutako soldaduen egoera animikoa altxa nahian. Handik gutxira garaitu zituzten sobietarrek.

 

Zorionez, gaur egun ez gaude hain isolaturik. Eta horren adibide dira SMS mezuek eta Internetek M-11o gezurra birrindu zutenekoa, Steerrek Gernikako falaziarekin egin bezala. Baina oraindik gara gezurren, eta egia ez osoen, biktima.

Hain juxtu ere, II Gerra Mundialean erabili zen beste propaganda mota bati interneten aurki dakioke gaur egun paralelismoa. “Enemy at gates”  filmean fikzioarekin nahastuta jasotzen den legez, sobietarrek frankotiratzaile oso fin bat omen zuten eta laster ustiatu zuten horren botere pertsuasiboa. Hau ere Stalingradon gertatu zen.

Soldadu propioen artean historia epikoek eragina zutela ohartuta, frankotiratzailearen istorioa zabaltzeaz arduratu ziren. sobietarrak Naziek ere laster sortu behar izan zuten beren superheroia. Jakina, helburua etsairen morala jaistea ere bazen.

Gaur egun, Irakeko okupazioaren harira, erresistentziaren adar batek antzerako arma erabili du. Juba deitzen dioten tiratzailea da eta bere bideoek arrakasta izugarria izan dute Youtuben. Guda mediatikoaren parte da, kontrarioak egiten duen bezala. (Egia esateko, bideo mordoa egon ohi zen, baina gaurkoan bakarra topatu dut)

Askotan entzun dugu, batez ere espainiar eskuindarren ahotan, 1936an hasitako gudarekin “orrialdea pasa” behar dela. Kontraesan jasanezina egiten zait, gehiegikeria haien biktima izan zen pertsona bat alboan dudala.

Argi dago behar bezala konpondu gabeko gatazka baten ondorio dela. Gatazka baten biktima izan diren guztiek behar baitute nolabaiteko (beti eznahiko) aitortza publikoa eta osaketa morala. Guztiek esan dut, bai, baita bizirik dirautenek ere. Finean, beste komunikazio afera bat da.

Beldurraren pertsuasioa, generazioz generazio kutsatzen dena, oso eraginkorra da. Mariari egunkarian argazki eta guzti agertuko zela esan nionean, oraindik inguruan dituen “karka horiek” (sic) zer esango ote duten beldur dela esan zidan. Saiatu ginen modurik goxoenean 70 urtetan bizi izan duen izu hori uxatzen. Ez da behin betiko izanen, baina. Galtzaileen bandoan dago-eta.

PS: Hegazkinena eta Steer kazetariarena izan ezik, argazki guztiak Durangokoak dira. Nire eskerrik beroenak Gerediaga Elkarteari argazkiak uzteagatik.

Kuxkuxeatu ditudan guneak:

La Ofensiva de Mola
70 aniversario del bombardeo contra la población civil de Durango
Azul Mahon gune falangista
Siglo XXI editores (pdf)
Durango, isildutako bonbardaketaren estreinaldia [eu] [es]
Radio Euskadiko Boulevard saioa
Ihesi, Eskal Herriko Gida (Argia)
George L. Steer, 60 años despues
Adios a los 30 bloga
Harrikadak bloga
Garagoitiko Orakulua bloga
Alberto Eloseguiren bloga
War stories
Shapes of Time
Buber.net foroa
Eusko blog (ingelesez)
Eitb24.com
Gerrako kazetariei buruzko jardunaldiak
Zeruko argia, 1977
Sare Antifaxista bloga
Guernica – Geschichte eines Luftangriffs

Telegram from Guernica
Testimonials
San Francisco Gate
George L. Steer. Gernikan izan zen Kazetaria
El arbol de Gernika

8. herrialdean eta 6. kontinentean Korrika

Korrika Bartzelonan

Korrika 15 zortzigarren herrialdera, diasporara, ailegatu da, beste edizio batzuetan gertatu den bezala. Eta lau kontinentetan utzi du arrastoa: Europa, Asia, Ozeania eta Amerika. Afikara, dakidanez, ez da oraindik iritsi.

Euskalkultura.com gunean agertzen dutenez, Madrilen Kongresu espainolaren eraikinaren paretik pasa da, eta korrikalariek “Lehoiak ere Korrikaren alde” ohiukatu dute.

Mar del Platan ere, bertako Euskal Etxearen eskutik, abiatu dute Korrika 15, eta ostiral honetan amaituko da Korrika Txikiarekin.

Beijinen (Txina), Korrika TX1 ospatu dute aurten bertako euskaldunek, halaber. Besteak beste, Shangaiko Euskal Etxeko kideak aritu dira antolaketa lanetan.

Azkenik, Kataluniako hiriburura ere heldu da euskararen aldeko lasterketa erraldoia. Gainera, Youtuben zintzilikatu dute azken metroen bideoa. Bartzelonako Euskal Etxeak, ohi duenez, hainbatekitaldi antolatu ditu korrikaren inguruan. Euskal etxe honen blogean egitarauak eta beste informazio batzuk daude eskura.

Korrikarekin batera, Ziberkorrikak lasterketa binarioa hasi zuen. Mundu osoko euskaltzaleek, orain arte, 74 kilometro erosi dituzte. Britainia Handia, Danimarka, Eskozia, Estatu espainola, Alemania, Argentina, Iparramerika, Suitza eta Irlandan egon da ziberlekukoa, eta lerro hauek idazterakoan Nafarroan zegoen.

Ziberlekukoaren bitartez diasporako Korrikako partaide “beterano”tzat jo ditzakegun Karlos Orue eta Miren Sanz-en berri ere izan dugu, Sydneytik (Australia).

Korrikak berriz ere Euskal Herriko zortzi herrialde zeharkatuko ditu aurten. Eta Afrikara oraindik iritsi ez den arren, seigarren kontinentean inoiz baino urrats sendoagoak ematen ari da. Interneten, alegia.

Haustura digitala

Internetek hainbat giza komunitateri antolatzeko eskaintzen dien aukeraz aritu nintzen iragan astean. Gaur beste gai bati heldu nahi diot, hain zuzen, maiz aipatzen den interneteko ustezko demokratikotasunari.

Internetek, batez ere informazioari dagokionean, nolabaiteko horizontaltasuna bermatu du. Orain, nork bere ikuspegia globalki zabaltzeko tresnak eskuragarriago ditu. Internetek gizarteari ekarpenik egin badio, hedabideen kontsumitzaile soil izatetik hedabide izatera pasatzea ahalbidetu duela da.

Lehen, informazioaren ehuneko altu bat hedabide boteretsuen mende zegoen eta hedatzeko ahalmena ere baliabide ekonomikoek baldintzatzen zuten. Inprenta, errotatiba, irratia edo telebista abian jartzea ez zegoen edonoren esku. Jakina, beti egon dira araua berresten duten salbuespenak, irrati libreak eta fanzineak kasu. Baina horiek gutxitan lortu dute masa hedabide izatea orain arte.

Muturreko adibidea da, baina sarritan entzun dudana: Poliziak lagun bat jipoitu du kalean. Inguruan zebilen pertsona batek sakeleko telefonoarekin tratu txarren testigantza grabatu du. Bideoa sarera igo eta sekulako oihartzuna izan du. Kazetari hiritar hura bertan egon izan ez balitz, eta grabatzeko aukera izan ez balu, inork ez luke izango erasoaren berri. Interneten zintzilika jartzeko aukerarik ez balego, are gutxiago.

Askoz adibide gehiago daude, akaso hain muturrekoak ez direnak. Blogak, kontrainformazio eta adierazpen askatasun esparruak… Eta hainbat baldintzek bat egiten dutenean, komunikabide herritar horiek masa hedabide bilakatzera iritsi daitezke. Edonork duelako informatzeko aukera.

Edonork? Bada… ez. Teoria horiek guztiak zapuzten dituen errealitate bat dago, mendebaldeko herrialdeetako analistek maiz ahazten dutena. Izan ere, Lurreko biztanle guztiek ez dituzte informazio eta komunikazioaren teknologiak beren eskura. Asiak 3.700 milioi biztanle ditu, baina %10,7 soilik da interneteko erabiltzaile. Afrikak 933 milioi ditu, eta %3a da sareko erabiltzaile. Ekialde Hurbilean, %10; Latinoamerikan, %17,3 eta Ozeanian %53,5. Iparramerikak eta Europak mundu osoko biztanleriaren %17,3 metatzen dute elkarrekin. Baina erabiltzaileen %49,2 batzen dute.

Hori da haustura digitala.

Iturria: Internet World Stats 2007.

Korrika, race to save Basque language

Aurtengo Korrika inoiz baino parte hartzaileagoa ari da izaten interneten. Asfaltoaren gainean lehenagotik oso ekimen soziala izanda ere, 15. edizioan sarean garatu du ezaugarri hori.

Youtuben dagoeneko zintzilikatu den bideo mordoa ikusi besterik ez dago. Edo booma bizi duen Twitter izeneko tresnarekin Korrikari eginten ari zaion jarraipena.

Blogetan ere, Korrika 15en kronika herritarrak topatu daitezke eta Flickr-en argazkiak daude ikusgai. Tagzanian, bestalde, mapan koka daitezke Korrikako kilometroak.


korrika tagged map – Tagzania

Euskal Herri osoa zeharkatzen duen heinean, gainera, Korrika oso gertakari egokia da kazetaritza soziala sustatzeko. Tokian tokiko informazioak eta informatzaileek berebiziko garrantzia baitute. Egunotan, esaterako, Korrikaren gunea erorita egon da, eta Karrajua bloga erreferentzia izan da informazioa zabaltzerako orduan.

Nazioarteko herri kazetaritza ekimen batera ere iritsi da Korrika. NowPublic webgunean, Euskal Herriko erabiltzaileek Flickr-era igotako argazkiekin ilustratu dute Aek-k antolatzen duen euskararen aldeko lasterketaren informazioa.

Race to save Basque language“, jarri dio izenburua Vancouverko herri kazetariak.

Gunean irakur daitekeenez, “Nowpublic albiste sare parte hartzaile bat da eta kazetari armada bat mugiarazten du geure mundua definitzen duten gertakariak jarraitzeko. Hamabi hilabete eskasetan, azkarren hazten ari den albiste erakundeetako bat bilakatu da konpainia hau, eta milaka erreportari dauzka 140 herrialdetan zabalduta. Katrina urakana izan zenean, NowPublic-ek beste albiste erakunde gehienek beren lantalde osoan baino kazetari gehiago zituen kaltetutako eremuan”.

Korrikaren inguruko albistea argitaratzeko unean, NowPublic guneak 77561 kide ditu 3.817 hiritan. Eta mementu horretan bertan, Korrikak bide erdia baino ez du egin, eta beraz kazetaritza sozialean ere beste erdia geratzen zai egiteko. Ea denon artean heltzen diogun!

Kazetaritza parte hartzaile horren erakusleiho ederra izango litzateke orain arte zintzilikatu diren bideoekin muntaia bakarra egingo balitz. Badago inor horretan laguntzeko prest?

Fabrikak

Tabacalera inauguratu omen dutela irakurri dut egunotan. Bai, Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Gunea, nahiz eta nik, itzulpen literala eginda, hitzez hitzezkoa, Kultura Garaikidearen Donostiako Nazioarteko Gunea esango nukeen.

Blogarien artean ere izan da hizpide. Hasier Etxebarriak izen bat topatzeko eztabaida abiarazi zuen berean, eta baita Sustatun ere. Azken honetan, egun batzuk lehenago, politikeoz betetako inaugurazioaren berri eman zuten, eta euskarak beste behin ere jasan duen utzikeriaren testigantza luzatu ziguten, di-da batean.

Iturri izan zen, nire aburuz, egunotan Donostian ikusi ditugun inaugurazio guztien atzean zer dagoen argien erakutsi zuena, bere Harrikada horietako batean. Eta nik egunotan bueltaka izan ditudan burutazio batzuk plazaratu nahi nituzke.

Tabacaleraren inguruan funtsezko galdera bat datorkit. Zerri deitzen diote gure politikoek inaugurazioa? Donostiako eraikin esanguratsu honen albotik maiz igarotzen naiz eta badut proiektuaren berri eman zutenetik bertan egindakoaren berri. Urtebeteren buruan lauzpabost ekimen: Dfoto erakusketaren zatitxo bat, zenbait festa, Zinemaldiari lotutako guateke bat edo beste…

Bitartean, barruan apenas egin duten berrikuntzarik. Instalazioak ez dira oinarrizkoak ere. Tabako fabrikak duen potentzial osoaren zati nimiño bat besterik ez da ikus daitekeena. Zerri deitzen diote hauek, bada, inaugurazioa? Kartel bat goitik behera zintzilikatu, argi oso cool batzuk jarri eta pintxo fashion batzuk zerbitzatzeari? Gainera, elitismoz inguratutako ekitaldi batean? Super-artista ezagunen bati berriz leku egin eta kitto. Glamour donostiarra… Hori da ahotan darabilten politika parte hartzailea.

Tabacaleraren ingurunea xixko eginda dago. Mundaiz bidea ikusi besterik ez dago. Legerik gabeko hiria da hori. Autoak abiadura handian, eta Tabacalerako festalariek ehun metro oinez egin nahi ez dituztelako bidearen bi albotan aparkatutako kotxeak. Eraikina ere burnizko hesi batek inguratuta dago, herritarrengandik oso gertu, bai.

Interes asko dago Tabacaleraren inguruetan. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Abiadura Handiko Trena, intermodala deitzen dioten autobus konexioa. Burdinbidean blogean hemen eta hemen irakur daiteke proiektuari buruz.

Eraikuntzako putreak dagoeneko inguruetan ari dira hegan, goi goitik zelatan. Odon Elorza alkateak orain gutxi etxez etxe zabaldutako berripaper propagandistikoa ikusi besterik ez dago. Interneten ere baliokidetza du, baita flash ikusgarri bat ere. Guztia ideiak, proiektu estrategikoak, oraindik zutaberik ez dutenak…

Bien bitartean, Donotiako Gas Fabrika nola eraisten ari diren ikusi dut. Txikitzen. Lagun historialari batek esan dit, berez, barruan zegoen 1880. urteko gasometroa dela babes historikoa duena. Beraz, bertatik atera eta eraikina bota. Bidean, bertan lo egiteko tokia topatu zuten etorkin batzuk ere bota dituzte.

Zer gertatu da Euskal Filmategiaren proiektuarekin? Hasieran Gas Fabrikan jarri behar omen zuten, eta gero Tabacaleran. Orain, ez batean ez bestean. Nik, zin dagit, Gas Fabrikaren moldaketa proiektu oso xarmanta ikusi nuen paperean… Zertarako balio ote dute orduan Elorzak bidali dituen panfleto horiek guztiek? Ze sinesgarritasun dute?

Tabacalera, Victoria Eugenia, San Telmo Museoko proiektua, gasometro bat dantzan, Gladis Enea ereaberritzearen truke bi gorosti hilda, lur mugikorrak non nahi, babes ofizialeko zozketak, Koipe Fabrika behera, ladrilloak gora eta Mundaiz bidea urak itota…

Etxera bidean jarraitu dut. Tabacalera “inauguratua” ikusi ondoren. Egia auzoko lurrazpiko pasabidean, bi lagun, kartoi artean daude lo. Donostia awesome honetan, bi homeless hotzari aurre egiten. Egunak argitzen duenean, munipak aterako dira beren erratzekin, hauteskunde egunerako dena garbi egon dadin.

Bideoa: Korrika 15 Deban

Korrika 15 Debatik igarotzen, atzo.

ndsknk1- mikronika saiakera

Hardwarea, nds ttipia. Softwarea, nintendo browser, opera software. Wifi konexioa, stranjis. Deba, EH.

Agindu bezala, mikronika bat idaztea egokitu zait gaur, nds bitartez konektatu bainaiz sarera.

Lehenengo mikronika honek, izan ditudan zailtasunak eta gatxet honekin interneten egin ahal izan dudana kontatzea du helburu.

Esan dezadan Gutenberg Galaxiara etortzen den Neuke erabiltzaileak aurreratu zigula iruzkinak ezin izan zituela igorri nds-arekin.
Bestalde, audio eta bideoak ikusentzuteko aukerarik ez dauka, ezta flash formatua irakurtzeko gaitasunik ere.

Hala ere, hainbat gune bisitatzeko aukera eman digu. Gmailen eta beste webmail batzuetan posta jaso eta bidali daiteke. Zabaldu.com-en ere sartu gara, eta ikusteko arazorik izan ez badugu ere, bozkatzeko aukerari ez dio erantzuten, adibidez.

Webguneetako idatzizko edukietara sartzeko arazorik ez. Ohiko euskarrian dauden irudiak ondo irakurri eta pantailaratzen ditu (png, jpeg, gif…). Hiperloturak ere ondo. Eta orokorrean, sareko tresna ezberdinetako kudeaketa guneetara sartzeko arazorik ez.

Pantaila ukigarrian idaztea uste baino errazagoa suertatu zait, teklatu ukigarrian alegia. Ibili ahala, errazago, sakelekoarekin bezala.

Guneen diseinuak eraldatu egiten ditu pantaila txiki bi hauetan irakurgarri egiteko. Ez dakit, css-aren bitartez edo. Eta nahiko txukun egiten du. Bistaratzeko bi aukera dauzka.

Arkatzarekin idazteko aukera ere badu eta parrafo hau horrela idatzia dago. Eskuz idatzitako euskararen interpretazio adimengabea. Nahiko ondo egiten du interpretazioa, baina apur bat astuna da. Hau ere ohitura eta familiarizazio kontua. Makinak letrak nola interpretatzen dituen ikasi behar da lehenik, edo ibilian.

Twitterren arazorik gabe ibili gara. aurbieta ere nds-arekin frogak egiten ari da. Korrika ere present. Deban jendetza bildu da korrika, Polita… Mutrikurantz egin digu ihes, euria mehatxuka ari zela. Baina ez du mehatxua gauzatu, ez da ausartu. Argazki eta bideo batzuk atera ditugu.

Opera nabigatzaile honekin, Wordpressen kudeaketa paneleko aukera gehienak eskuragarri daude, mikronika honek agerian uzten duenez.
Hau da lehen mikronika honek eman duena.

Euskal twitterrak mapan

Egunotan Twitter izeneko tresnaren berri eman digu Ingelesen Hilerriak. Sakelekoaren SMS bidez mezuak zuzenean internetera bidaltzeko sistema da, eta alderantziz. SMS bitartez blogatzeko jostailutxoa. Mikronikak bururatu zaitzaizkidanean, Nintendo DS ttipi batetik idaztekoak, horrelako zerbait nuen buruan. Eta SMSz egin ahal izateaz ere aipatu nuen zerbait, Twitter ezagutu gabe. Gaur bertan eman dut nik izena, nahiz eta oraindik ez dudan balioztatze mezua bidali.

Gutenberg Galaxia blogean berrikuntzak egiten ari nintzen, besteak beste Zabaldu.com eta Bildu.net Wordpressen gaineratzeko pluginen bila, eta bitartean aspaldi topatu nuen blog estatubatuar bat arakatzen.

Bide batez esan dezadan ez dudala lortu ez bat ez bestea. Bildu.net-ek ez dakit ba ote duen, eta Zabaldu.com-enaren berri Hiru Puntu Zero blogean topatu dut, baina Zip fitxategia ez dago eskuragarri. Argibideak eskertuko nituzke. Ez nago bat ere aktualizatuta afera honetan.

Kontua da aipatu blogean kuxkuxeatzen ari nintzela blogariaren mezu bat ikusi dudala. Twittermaps ekimenaren berri eman dit, kasualitate hutsez. Twitter-i lotuta dagoen tresna bat da, Google maps erabiltzen duena. Twitterren izena emanda bazaude, zure kokalekuaren berri eman dezakezu, eta Twittermaps-en zure mezua agertuko da esan diozun tokian, ttantta poduan, zure avatar eta guzti.

Bilatzailean Donostia ES jarri dut eta hara non agertu zaizkidan zenbait euskal twitter, tartean Teketen ere bai, euskaraz egiten duen bakarra. Tagzania ere han zegoen, ingelesez baina. Luistxo eta Gaztelumendi ere badabiltzala uste dut, baina ez zeuden mapan kokaturik oraindik. Gasteiztik, Donostiatik, Andoaindik, Bilbotik, Altsasutik eta Eibarko Azitain industrialdetik bidalitako mezuak irakur zitezkeen.

Patxik aipatutakoari jarraiki, Twitterren benetako erabilgarritasuna frogatzeko modu polita izan daiteke Korrikatik zuzenean idaztea. Twitterrek gauza berritzaile bat badauka mugikortasuna da, eta zer mugikorrago orain bertan Korrika baino!

Lekuz aldatzen bazara, Twittermaps-en kokapena berritu dezakezu, mezua nondik bidaltzen ari zaren ikus dadin. Eta gehiago ere eskaintzen du, real time-n, denbora errealean, bidali diren mezuak ere agertzen baitira Twittervision-en. Hemen itsatsi nahi izan dut, embed horietako bat egin, baina ez dut ikusi aukera eskaintzen duenik. Zinez ikusgarria da nola doan mapa mugitzen mezuak agertu ahala, mundu osoan!!! Ikaragarria…

(Laguntza orrrialdeetan badago APIari buruzko argibide zenbait. Baina ez dut gauza handirik lortu. Webgunean mezuen bagde bat jartzeko aukera soilik)

Esango nuke Luistxorena eta Karrajuakoa baino lehenago beste blog euskaldun batean ere irakurri dudala, gainetik, Twitter-i buruz. Ez dut topatzerik izan ez Technoratin ez Googlen. Bilaketa ezberdinak eginda, ere ez. Bilaketa zehaztearren, “twitter-en” idatzi dut, deklinatuz aurkituko nuelakoan.

Twitterbox, Second Lifeko Twitter

Nolakoak diren gauzak batzutan. Ez dut nahi nuena aurkitu, baina bidean beste gauza batekin egin dut topo. Orain gutxi euskal blogosferan hain komentatua izan den Second Lifen ere atera diote-eta Twitter-i probetxurik.

Irakurrri dudanez, Linden Lab-ekoek Twitterbox izeneko tresnatxoa garatu dute, bigarren bizitzan unean uneko mezu laburren sistema barneratzeko. Diotenez, “interneten aurten izan diren bi fenomeno garrantzitsuenak uztartu dituzte”

Nik laster bidaliko dut nire mezutxoa, hor ere sortzen ari den euskal komunitateari ekarpentxoa egiteko. Baina galdera beste norbaitek luzatu du lehenago, Second Liferekin ere azaldu den zalantza. Huskeria ala interesgarria?

SOS Karkizano

Euskal blogarien artean norbere buruaren biluzte saio moduko bat dabil azkenaldian ahoz aho eta postaz posta. Nolabaiteko striptease ekintza bat da, hitzezkoa, baina. «Meme»a esaten zaio eta blogariek beren bizitzaren inguruko bost alderdi ezezagun kontatzea du helburu.

Blogaria bazara, aurki «meme» bat jaso dezakezu. Fenomeno honen hedatze sistemaren oinarria gaur egun hainbeste ugaldu diren eta denok jaso ditugun e-posta mezu kateatuen antzekoa da. Blogari batek «meme»a beste blogari batengandik jaso ohi du, eta, aldi berean, beste bost kideri bidali behar die. Mezuak bere buruari buruzko bost gauza ezezagun argitaratzera bultzatzen du hartzailea. Jolasa onartuz gero, «meme»a argitaratu eta, bide batez, beste bost blogariri bidaltzen zaie gomita, katebegi lanak egiten jarrai dezaten.

Arrakasta dezente izan dute «meme»ek Euskal Herrian. Hainbat irakurri ditut eta, zergatik ez aitortu, lehenagotik ere ezagutzen nuen zenbait kazetariren «bizitza ezkutua»ren berri izateak nire ikusmina piztu du.
Baina publikoki ez ezik, eremu pribatuan ere harremanetarako bide berriek izan dute eraginik. Nire koadrilan, azkenaldian, «SOS Karkizano» goiburua duen mezu bat dabil ziberespazioan batetik bestera.

Izan ere, urteetan gure bilgune izan den alokatutako sotoaren biziraupena arriskuan dago. Karkizano, gure lokala. Desager ez dadin, kide beteranoek «kapital zabaltze» kanpaina abiarazi dute, bazkide berriak erakartzeko asmoz.

Aspalditxoan ez diet behar bezalako arretarik jarri nire koadrilako e-posta mezuei. Eta, egia esan, gure koadrilan antolatzen diren plan guztien berri izateko modu aproposena da: afariak, mendi irteerak, futbol partidak, oporrak… Taldekide batek erbia askatu ohi du eta, jarraian, beste guztiek erantzuten diote, baiezkoa edo ezezkoa hartzaile guztiei bidalita. Astero-astero errepaso bat egin ezean, ekimen horietatik guztietatik kanpo geratzeko aukera handia dago.

Behingoz, nire koadrilako mezu kateatuei erreparatzeaerabaki dut, «SOS Karkizano» kanpainarekin batera. Nik ere erantzun dut. Ezingo dut sotoaren salbamendu lanetan lagundu. Hilabete honetan hipoteka igo didate-eta.

Barrika tcharrerik arno on guti

(mezu honen jarraipena)

Bago erorira egurkariak egur bilha
(Pago eroriala (erorira), egürkari güziak laster ari dira)

Burdina bero deno, yo behar da
(Baliokiderik ez)

Baigorrin baihera urrez, ni harat orduco lurrez
(Baigorrin baxera lurrez, nik haragei nuenean urre)

Bat izaitea hobeago, bien esperantza baino
(Baliokiderik ez)

Barrika tcharretik arno on guti
(Barrika txarretik ardo onik ez.)

(alderaketa Gotzon Garateren bildumarekin)