rssgaur8 logotipoa

Primaderako liliak eta negu gorriak

Udaberriarekin batera heldu da aurten ETAren su-eten iragarpena, egia da. Eta badirudi eguraldiak ere lagundu egin duela herri honek hainbeste premiarekin behar zuen itxaropen izpia.

Euskal gizartearen gehiengoari eragindako poza ukaezina eta ulergarria den arren, azkenaldian, kaleari Springfield hiriko egun argitsu baten antza hartu diot. Ekaitzaren ondoko barealdian txo- riak kantari, Erromako zubia ageri eta Homer jauna bere auto amerikar zaharra errepideetan barrena gobernatzen, ezjakintasunaren irribarrea ezpainetan. Baina “The Simpson” telesailari falta ez zaion alderdi garratza ere ikusi dut karrikan.

Erakunde armatuaren iragarpena ospatzekoa bada, pentsatu nahi dut iragarpen horrek atzean dituen «sukaldeko» beste lanen ondorioz izango dela ospatzekoa. Alegia, bide zuzenean ekin diogula, baina hasiera besterik ez dela, bidezidorrak antzuak izango direla eta helmuga, oraindik ere, ez zaigula zeru-ertzean ageri, askoren imaginarioan baizik. Harrizko gurpilak, dabilen harriak, au- rrera egingo badu, tente zaindu beharko dugu, bultza egin beharko diogu eta bi- dean oztopo bat paratzen diotenean saihesten lagundu.

Springfield hiriko kaleetan sartu-irten bat egin eta etxera noala, gauza askok berdin jarraitzen dutela ohartu naiz. ETAk ez du inor hiltzen dagoeneko, ez du lehergailurik zartarazten. Herri honetan sufritzen dutenen arteko batzuek arnasa sakon hartu ahal izango dute, ziur. Baina beste hainbestek, ez. Ospatu, benetan ospatu, sufritzen dutenen arteko zati horrek ez ezik beste zatiak ere sufritzeari utziko balio izango nuke zer ospatu.

Dakidala, presoek kartzelan eta urruti jarraitzen dute; guardia zibilek eta beste poliziek torturatzeari utzi ote dioten, ez dakit; gizarteko sektore handi batek bere eskubide zibil eta politikoak urratuak ditu eta gizarte osoari ukatzen zaio bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea. Zer dute ospatzeko?

Zein polita den udaberria, baina fruituak uda ostean heltzen dira. Ordura arte taxuz egin behar izaten du baserritarrak. Oraingoan, «euskal udaberria» deitu zaion honetatik uda iritsi artean urtaro bat baino gehiago pasa beharko da. Goizik loratu dira primaderako liliak, asko dira igaro beharreko negu gorriak.