Barrapunton argitaratu albiste bat Interneteko zentsuraz mintzo zen pasa den hilaren bukaeran. Bertan ESKE-k [ Europako Segurtasun eta Kooperazio Erakundea ] kaleratu berri duen ‘Governing the Internet‘ txostena aipatzen da.
Bertan sareko askatasunak bizi duen egoeraz mintzo dira, eta ez dute, ez, pozteko moduko albisterik kaleratu. Txostenaren arabera, “hogei bat Estatutan Interneten erabileran eragina duten murrizketak areagotu egin dira. Berdin dio demokrazia edo diktadurapean bizi. Estatuek onartzen edo gustuko ez dituzten edota beldurra sorrarazten dieten diskurtsoak ezabatu edo isilean gordetzen dituzte”. Txostenak, batez ere, Kazajistan, Georgia, Sudan, Bielorrusia, Txina eta Iran aipatzen ditu.
Kazajistan-en kasuan legeen anbiguotasuna azpimarratzen du, honek bertako administrazioari unean uneko, eta beti ere, bere intereseko diren irakurketa eta interpretazioak egiteko aukera irekitzen baitio. Pentsa, erabiltzaile indibidual edo erakunderen baten mezu bat nazioaren aurkako erasotzat har dezakete. Arraroa izan eta guretzat sinestezina badirudi ere, Kazajistango Estatuak Interneten monopolioa du.
Bestalde, Malasiako kasua ere aipatzen du ESKEren txostenak. Bertako ministro batek Islam-arentzat edo Erregearentzat erasokorrak izan daitezkeen edukiak zabaltzen dituztenentzat kartzela zigorrak ezartzea proposatu du. Hori bai erasoa, erasorik badago.
Interesen arabera funtzionatzen duen mundu anker honetan, informazioa zabaltzea ahalbidetzen duten medioetan zentsura beti exitituko da.
Askatasunaren urak mugitzen du Internet, eta korronte horri norabidea aldatu edo presak jartzea onartezina bezain zentzugabea da.
Interneten nabigatze hutsak informazio andana sortzen du. Interneteko leiho ezberdinak irekitzean ‘cookie‘-ak [ en ] [ fr ] [es ] deitzen diren fitxategiak sortzen dira gure sisteman. Cookie hauek gure bisitak kontrolatzen dituzte. Leihoan egin dugun ibilbidea gordeko dute, eta horrek Interneteko erabiltzaile gisa gure profila ezagutu eta sortzeko aurkera ematen die berau behar dutenei: zer dugun gustuko, klikatzen dugun publizitate mota, maiztasuna, etab. Cookie-ak berez sortzen dira, baina badugu noiz eta non sortzen diren jakiteko beta. Firefox-eko menuan Editatu>Hobespenak>Pribatutasuna>Cookie-ak>Mantentze epea>Galdetu niri beti aukera jartzen badugu, cookie-bat sortzera doan bakoitzean onartzen dugun edo ez galdetuko digu. Probatu, ikusi, eta ahoa itxi. [ Internet Explorer erabiltzen baduzu, zeren zain zaude? Deskargatu Firefox-en euskarazko bertsioa librezaleko webgunetik ].
Sistema hau erabiltzen du Google-k gure inguruko informazioa jaso eta gero horren arabera bisitatzen ditugun webguneetan erakutsiko duen publizitatea aukeratzeko. Webgune honetan informazio hori guztia jasotzearen arrazoiak azaltzen dizkigute [ en ]. Windows sistema eragileak ere etengabe bidaltzen dio Microsoft-i [ en ] gure sistemaren inguruko informazioa: zein programa ditugun instalatuak, zeintzuk eguneratuak eta zeintzuk ez, besteak beste. Asko dakite gutaz: gehitxo, aukeran.
Baina honek ere arazoak sortzen dizkie Google eta Microsoft bezalako enpresei. Duela gutxi, adibidez, Google-ek Europar Batasunaren eskakizunei jarraiki [ es ], bere erabiltzaileen datuak 18 hilabeteetan [ es ] [ bakarrik? ] gordetzea erabaki du. Hilabete horiek guztiak pasa ondoren, datuak irakurgaitzak bihurtzen dira, baita Google berarentzat ere. Aurreraupauso galanta, inondik ere.
Baina pribatutasunaren [ en ] [ fr ] [ es ] eta profilaren kontua ez da mundu birtualera mugatzen: ez beldurtu alperrik, beraz. Gure kreditu txartela eman digun bankuko edozein langilek ere gure profila osatu dezake. Eroskik ere egiten du. Atentzioaren ekonomian bizi gara, eta hor, erabiltzailea, eroslea edo bezero potentziala gero eta gehiago ezagutzea da armarik eranginkorrena. Errealitatea da: ez beldurtu beraz, baina honetaz guztiaz jabetzea ez dago sobera.
Sentsazio hori sortu digu Espainiar Estatuko Kongresuaren webgune berriak: nahita ere okerrago ezin daitekeela zerbait egin. Maiz entzundakoak gara zerbait ongi ez egiteko hobe dela zuzenean ez egitea eta antzeko esaldiak, baina tira, dirudienez denon belarrietara ez omen dira iristen!
Azken egunotan blogosferan zehar diru publikoz egin den lan txapuza honen inguruan hainbat istori ezberdin irakurtzeko aukera izan dugu. 14.000.000€ behar izan dituen lan txundigarria: segurtasun arazoak, erabilera kaxkarra, motela eta estandareak betetzen ez dituena (bakarren bat betetzen badu ortografikoak direlakoan gaude).
Ez dakigu zenbateraino lotsatu diren lan hau aurkeztu ondoren jasotako erantzunengatik, baina gauzak bizkor aldatzeko hartu duten lan ezagatik gutxi pentsatzen dugu. Hauxe da beste behin XXI. mendean Administrazio Publikoak ematen duen eredua: eskasa.
Baina tira, gauzak ongi egin daitezkeela adierazteko eta tonu alai batean beste webgune bat aurkeztu digute. Diseinua bera eta edukia antzekoa, baina baditu bi ezberdintasun haundi: behar izan den diru kopurua askoz txikiagoa dela eta estandareak betetzen direla. Gainera askoz ere denbora gutxiagoan egina dela dirudi.
Beraz, beste modu batean lan egitea posible dela ikusita, zein da Administrazio Publikoak gauzak ganoraz egiteko duen arazoa?! Nolako ustelkeriaz inguratuak gaude horrelako gauzak oraindik ikusteko aukera badugu?
Espainiar Administrazio Publiko elektronikoaren legea onartu zen atzo. Berez aurreikusiak zeuden zuzenketak baino egokiagoak hartu dira azkenean, Cha, BNG, IU, ERC ICV eta Talde Sozialistaren botuei esker, batez ere. Aurreikusitakoetan, ez ziren ez NBEak software librea eta estandare irekien inguruan egiten dituen gomendioak kontutan hartzen, ezta Europar Batasunak egiten dituen elkarreragingarritasunaren [en] [fr] [es] ingurukoak ere.
Erabakitakoarekin, bazterketa teknologikoa saihesteko neurriak hartu dira, eta legedian, detaile gutxiago edo gehiagorekin, estandare irekien definizioa sartu da.
Halere, ‘…kasuaren arabera eta modu osagarrian…’ matizazioak bere horretan jarraitzen du. Eta ez da broma. Honek hego Euskal Herriko herritarroi Administrazio Publiko espainiarrarekin formatu itxiak erabiltzeko aukera ematen digu, eta beraz, Administrazio Publikoak gure tramitazioei erantzuteko beharra du. Hau honela, formatu itxi horiek erabili ahal izateko, Espainiar Estatuko Administrazio Publikoak software jabeduna eskuratu beharko du. Gainera, guztion artean ordaindutako eta Administrazio Publikoak erabiliko duen softwarea ez da lizentzia librepean zabalduko, eta gure datuekin zer egiten duten ezingo dugu jakin, iturburu-kodea ez baita publikoa izango.
Gora gardentasuna, publikotasuna eta informazioaren eta ezagutzaren jendartea. Nola nahi dute aurrera egitea mugak besterik jartzen ez badizkigute?
Horixe eztabaidatu zuten Espainiar Estatuko Senatuko Administrazio Publikoaren Komisioan, pasa den maiatzaren 31 eta ekainaren 7an. Emendakin andana aurkeztu zituzten Senatuko taldeek, baina PP eta PNV izan ziren, batez ere, estandare irekien aldeko proposamenen aurka jarri zirenak. Beraien gehiengoarekin, ekainaren 7an, Espainiar Estatuko Senatuak Administrazio Publikoa estandare irekien erabilerara ez behartzea erabaki zuen, ‘kasuaren arabaera eta modu osagarrian, erabilera orokorrekoak diren beste estandare batzuk erabiltzeko’ aukera irekia utziz. Noski, erabilera orokorrekoak diren beste estandare horiek guztiak ez dira estandare irekiak. Hispalinux, estandaresabiertos.org eta beste erakunde batzuk sinatu duten dokumentuan, adibidez, hartutako erabakiarekin herritarren hiru eskubide teknologiko garrantzitsu zapaltzen dituztela salatu dut.
Espainiar Estatuko Senatuan onartu diren zuzenketekin, honela gelditu da testua: Administrazio Publikoak estandare irekiak erabiltzeaz gain, kasuaren arabera eta modu osagarrian, herritarren artean erabilera orokorrekoak diren beste estandare batzuk erabiliko ditu’. Estandare irekien definizioa ezabatu da, eta ez da bermatzen Administrazio Publikoak erabilitako teknologiak domeinu publikokoak izatea. Hau paradoxa: Espainiar Estatuko Administrazioa publikoa da, edo ez?.
Alta, Frantziar Estatuan estandare irekien aldeko jarrera nahiko nabaria da. Gainera, estandare irekien kontuan apostu garbia egiteaz gain, gai berdinarekin lotutako proiektu handiak burutu dira, eta hauek errealitate bilakatzen ari dira pixkanaka: Gendarmeria Frantses osoak, Parlamentuko zerbitzu ofimatikoak eta Administrazio Publikoaren gehiengoak OpenDocument [fr] [es] [ ISO 26300 ] formatu irekien gainean egiten dute lan. Ez dago batere gaizki.
Estandare irekiak herritarren eskubide teknologikoen oinarrietako bat dira: Administrazio Publikoarekin Internet bidezko harremana, publikoa izango bada, estandare irekiekin bakarrik uler baitaiteke. Folckore-koek zerbait badakite: parre egiten digute, aurpegira. Inoiz konturatuko gara…
Bizitza kontraesanez betea dagoen neurri berean, mundua desorekez gainezka dago. BBK eta euskararena horietako bat da. Baina, desorekak, tamalez, sobera ditugu.
Duela oso gutxi IPlingece erakundeak munduko Internet erabiltzaileen dentsitate-mapa kaleratu zuen, geolokalizazioa deitzen zaion teknika erabiliz eratu dutena. Geolokalizazioa Internetera konektatutako ordenagailu bat, gailu mugikor bat edo erabiltzaile bat munduko mapan kokatzea ahalbidetzen duen sistema da: konexio birtualak mapa errealean lekutzen dituen metodoa da geolokalizazioarena. Munduko mapa horretan zerbait nabarmentzen bada, mundu mailako Internet erabiltzaileen dentsitate desoreka da. Desoreka erabiltzaileen banaketan, eta desoreka herrialde eta herrien garapenean. Eta baita dentsitate errealaren eta dentsitate birtualaren artean ere.

Egindako azterketaren arabera, munduko erabiltzaileen erdiak baino gehiago [ %55,9 ] herrialde bakar batean biltzen dira: AEBetan. Hurrengoa, bere osotasunean, Europa da, erabiltzaileen kuotaren %21,5arekin. Eta Asia gero, %14arekin. Baina desorekak are nabarmenagoak ere izan daitezke: Ozeanian erabiltzaileen %2,8a biltzen dira, %1,5a Afrikan, %0,5 baino gutxiago Ekialde Erdian eta %0,09a Ertamerikan. Adierazgarria.
Nabaria da Interneten hedapena ez dela dentsitate errealaren araberakoa, herriaren garapenaren eta bizi-kalitatearen araberakoa baizik. Berez, teknologiaren demokratizazioa, informazioaren eta ezagutzaren eskuragarritasuna eta bizi-kalitatearen hobetzea ekar dezaketen tresnak, munduko desoreken isla bilakatzen ari dira: ispilu birtual bezain errealak dira. Mundua konektatzeko ahalmena duen sare erraldoia eta alfabetazio teknolgikoaren oinarri den softwarea [ ikus 'One laptop per child' iniziatiba ], distantziak txikitzeko erabili beharrean, aurrez urruti genituenak urruntzen ari dira: ikustezin bilakatzen dituzte. Maiatzaren 17a Interneten Munduko Eguna izendatu dugu, baina oraingoz Interneten Eguna deitzearekin nahikoa eta gehiegi zaigu. Biharkoa, beraz, ospatzeko eguna izateaz gain salaketa eguna ere izango da.
Aurrekoan komentatu genuen BBK-ren euskararekiko arduragabekeria www.bilbaobbklive.com webgunea zela-eta. Honen aurrean, BBK-k euskararekiko dituen berezko irizpideak aztertu nahi izan ditugu. Eta horretarako BBK-aren Gizarte-Ekintzen plan estrategikora jo dugu. Honakoak dira, besteak beste, euskarari egiten dizkion erreferentziak:
Beharrizan soziokultural orokorretako diagnostikoa: Euskararen egoera ez dago normalizatua.
Printzipioak eta baloreak
Euskara: herri honen berezko hizkuntza den aldetik, bere ezagutza, zabalkunde eta ikerkuntza sustatuko dira.
eta are gehiago…
Unibertsaltasuna: Gizarte-Ekintzen jarduerak gizarte osoa du xede.
eta beraz, non gelditzen dira printzipioak, lehentasuna edo dena delakoak? Plan estrategikoak, ez betetzeko dira? Eta betetzen ez badira, erantzunkizunak exijitu daitezke, ezta? edo… zer bestela?
BBK-k euskararekiko duen konpromiso idatziaren eta benetako aplikazio errealaren arteko jauzia salagarria dela deritzogu. Eta horregatik jarri gara beraiekin kontaktuan. Kontatuko dizuegu…
Webguneen etiketatze-sistema izan genuen mintzagai azken post-ean. Euskarazko edukiak benetan euskarazko edukiak direla adieraztea ahalbidetzen duen sistema da etiketatzearena. Hau, noski, webgunearen garatzaileen ardura da: euskarazko edukiak bilatzaileetan modu egokian antola ahal daitezen.
Baina Interneten euskarari eman behar zaion tratamenduak badu honen aurreko urrats bat. Euskarazko edukiak euskarazko eduki gisa etiketatu ahal izateko, existitu egin behar du. Alegia, webguneak euskarazko bertsioa izan behar du. Hau da lehen urratsa: euskarazko bertsioa garatzeko prestutasuna izatea.
Azken egunotan adibide garbi bat azaldu da Interneko leihoan. Bilbao Live Festival 2007-ren webgune ofiziala: www.bilbaobbklive.com. Webgune honek ekainaren bigarren erdian Bilbon egingo diren kontzertu batzuen berri ematea du xede, eta sarrerak eskuratzeko argibidideak ere ematen ditu. Baina ez dute erabiltzaile euskaldunongan pentsatu, antza. Bilbon eta BBk laguntzaile edo babesle ofizial izanda, ulergaitza bezain onartezina da webguneko euskararen absentzia. Kontzertuetan erabiltzaile euskaldunik ez dela izango pentsatzen ote dute? Edo utzikeria, alferkeria hutsa da? Ez dute euskararengan errentagarritasunik ikusiko, antza.
Idatzi genien, webgunean kontakturako aukera ematen dutelako. Baina ez dugu erantzunik jaso, ez eta jarrera aldaketa minimorik somatu.
Euskararen Interneteko presentziaren korrikaldian, garatzaileak dira lehenengo postuan ateratzen direnak. Beraien ardurapean daude lehen bi erabakiak: webgunearen euskarazko bertsioa garatzea, eta behin garatuta modu egokian etiketatzea.
Euskarak egungo jarrerak aldatzea behar eta merezi du, ezta?
Aurreko artikuluan aipatzen genituen Osanet-en arazoak neurri batean sufritzea ekiditzeko asmoz edo bizitza sanoa egitearren soilik, zer diozue gipuzkoako mendateetan barrena ibiltzeari? Beste ideia on bat erdibidean geratzen zaiguna. Pena.
Zabaldu bitartez izan dugu honen berri, eta Igor-ek bota du honakoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen ‘Gipuzkoako Mendi Ibilbideak’ webguneko guztiaz gozatzeko aukera izateko Autodesk-en [es] MapGuide [en] instalatzera behartzen gaituzte, Microsoft-en Windows-pean dabilen plugin [es] bat. Betiko kontu zaharra: teknologia bati lotzen gaitu eta berau doakoa izan arren, beharrezkoa den beste tresnak(sistema eragilea) ez du ezaugarri hau betetzen; eta gainera inork ez digu bermatzen doakoa dena ere beti horrela izango denik.
Honen ondoren Arkaitzek irisgarritasunari buruzko iruzkin bat idatzi du: mailarik altuena betetzen dutela adierazi arren, berez, irisgarritasun mailarik baxuenera ere ez da iristen. Irisgarritasuna erabiltzaile orori sarbidea ahalbidetzeari deritzo, batez ere gabeziaren bat duenari laguntzeko. Beraz, betetzen ez duten zerbaiten arrandia egiten dute kontrakoa dela argi ikusten denean.
Eta guk gure aldetik euskararen etiketazio eskasari buruz ohartarazi nahi dugu. Azken hau pertsona arruntentzat oharkabean pasatzen da, baina ez Google eta antzeko bilatzaileentzat, eta guretzat ere ez kasu hontan. Webgune bat sortzean honen edukiak zein hizkuntzatan egongo diren zehaztu daiteke, eta ondorioz bilatzaileek datu guztiak indexatu eta antolatzean hizkuntzaren araberako diskriminazioa egin dezakete. Kasu hontan euskarazko edukiak dituzten webguneak ere erdaraz iragartzen dira eta ondorioz gaizki indexatuko dira. Euskarazko eduki onak (adibide paregabea) sortzea beharrezkoa bada, hauek behar bezala etiketatzea oso garrantzitsua da etorkizuneko arazoak ekiditeko.
Hiru akats larritzat hartzen ditugu: zorionez konpontzeko errazak azken biak, baina ea zuzenketarako zenbat denbora pasatzen den. Tira, gaurkoz nahiko, baina jarraituko dugu azken bi gai hauetaz solasean, eta e-torkizunerako prestatzen gabiltzan proiektutxo bati buruz… adi egon!
Aurreko idatzietatik ekintzetara pasatzeko gonbita luzatu nahi dugu. Modu erraz batean, testutxo bat prestatu dugu, eta hau gure herriko e-adminitrazioko arduradunei bidaltzera gonbidatu nahi zaituztegu. Guztion artean benetan guztiontzat izan daitekeen eta izan behar duen e-administrazio bat lortzeko behar zaitugu!
Agur t’erdi,
Herritar naizen aldetik eta niretzat ere zerbitzuak ematen dituzuenez, benetako atzipen unibertsala bermatzeko honakoak kontutan hartzea beharrezkoa dela uste dut:
- Eskainitako zerbitzu telematiko guztiek estandareak behar bezala betetzea.
- Zerbitzuetaz gozatzeko beharrezkoak ditugun tresna guztiek estandareak ongi betetzea.
- Tresna irekiekin lan egiteko aukera bermatzea, inolako lotura edo menpekotasun teknologiko espezifikorik eduki gabe.
Besterik gabe,
herritar guztiontzat izango den e-administraziora bidean urratsak emateko prest egongo zaretelakoan,
mila esker aldez aurretik.
Izen Abizenak
Mezu hau gutxienez Osanet eta Izenpe batzuetara bidaltzera gonbidatzen zaitugu, baina baita zerbitzu publikoak ematen dituen eta atzipen unibertsala bermatzen ez duen beste edozein erakunderen helbidera ere (udal, polikiroldegi, liburutegi, eskola…).
Eta badakizue, norbaitek bere esperientzia pertsonalen berri eman nahi badigu, gustura irakurriko dugu 