rssgaur8 logotipoa

software librearen ‘haize eza’

Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil” zioen DUTen kantu hark. Orain gutxi iragarri dute taldearen behin betiko desegitea. Urteetako ibildeari amaiera eman diote. Baina lau diska utzi dituzte gure apalategietan. Hamaika kantu soinu banda partikularrean. Eta milaka hitz, milaka mezu, oroitzapenetan.

Badira desagertzen ez diren mezuak, eta askorik astindu ez arren, tinko mantentzen diren banderak ere existitzen dira. Horietako bat da DUT: haizerik gabe ere trapu bilakatuko ez den bandera musikala.

Software librearen bandera ere, trapu bat izan daiteke aldeko apostu haizerik ez badabil.

Azkenaldion, eta gure gertuko ingurunean, teknologia libreen banderak haizerik sentitu badu, hori sarean izan da. Idoia Zenarruzabeitiak argi utzitako ezetzari eta azterketa tekniko-ekonomikoa publiko egiteko beldurrari, inon erantzun bazaio, hori Interneteko sareen sarean izan delako. Hortik sortu zen Librezaleko kideen iniziatiba bat: Bai Software Libreari‘ wikia. Wiki honen helburua, Eusko Jaularitzaren ezetzari buelta ematea da. Gertakari nagusienen kronologia egin eta hauen aurrean jasotako erreakzio andana biltzea.

Bertan ere irakur daiteke duela hiru aste pasatxo, Idoia Mendia sozialistak, idatziz eskaera berri bat egin zuela: azterketa tekniko-ekonomikoa publiko egitea.

Eskaera hori haseratik egin zen sarean, software libreari baiezkoa ematen dioten haize korronteetan. Dokumentu hori erabakiaren oinarria zela esan ziguten, eta hori horrela ulertuta, berau eskatzea zen egin genezakeen aldarrikapenik zentzuzkoena. Eta bide horretan kokatzen da, egun, dramaren eztabaida. Asko, dokumentu hori ez dela existitzen pentsatzera ere iritsi gara, eta hori oihukatu dugu mila forma ezberdinetan. Baina, “konbikzio handirik gabe galdezka ari naiz, oihukatzeak ala entzuteak, zer egiten gaituen libre”. Auzi teknologiko honetan, beste kasu askotan bezala, “askatasun desiratuak ez gaitu askatuko” [ DUT, Haize eza ].

Software librearen banderak, apostu politikoaren haizea behar duela jakina da. Izan ere, Administrazio Publikoak software librearen aldeko jarrera praktikoa hartu eta errealitate bihurtzeak, lurralde eremu horretako industriaren eraldaketa ekar baitezake. Industria teknologiko lokala indartzeko biderik eraginkorrena da. Ez da brometarako kontua beraz, eta “ez badiogu neurri hartzen aurrean dugunari, neurria honek hartuko digu, eta ibiliko gara atzetik, galdurik.. hor nonbait…” [ DUT, Hor nonbait ].

Eztabaida mahai gainean dago. Bakoitzaren egungo bideak ere argi daude, baina bide okerretik dabilena ez dabil ondo. Bide zuzenetik oker dabilena ez dabil ondo. Bide okerretik zuzen dabilena ez dabil ondo. Ez gabiltza ondo… Ondo dabiltzalakoan ez dabiltza ondo, norabide okerreko zuzenbidean, zuzena ez dabil ondo okerrak ondo bagabiltza, eta ez gabiltza oker! [ DUT, Oker ].

Adiorik ez DUT, software librearentzat.