azterketa publiko eta ez publikoak
Eusko Jaularitzak egiteko eskatu eta diru publikoz ordaindu duen ditxosozko azterketa irakurtzeko betarik ez dugu izan oraindik. Baina, gaurdaino, mundu mailan, zerrenda amaigabea osatzen duten gisako azterketak egin dira, noski. Eta beraz, Eusko Jaularitzarenaren faltan, beste batzuk aipatu behar. Hemen bi nabarmendu nahi ditugu: bata, MIT, Ameriketako Estatu Batuetako ikerketa zentrorik esanguratsuenean egina; eta biga, Europako Batzordeko software librearen inguruko lantalde batek garatua.
MIT-eko azterketa ekonomikoa 2002an kaleratu zen ‘Public Subsidies for Open Source? Some Economic Policy Issues of the Software Market‘ izenburupean [ http://opensource.mit.edu/papers/schmidtschnitzer.pdf ]. Haseran termino ekonomikoetan mintzo zaigu dokumentua. Dio, ikuspuntu estatiko batetatik, software librea eraginkorragoa dela, kostu marjinalekin funtzionatzen duelako [ alegia, dohan eskaini edo banaketak suposatzen duen prezioan saltzen dela ]. Hain modan dagoen berrikuntzaz ere hitz egiten du MITeko azterketak. Zentzu honetan ere, software librearen aldeko apostua egiten du. Software jabeduna garatzen duten enpresek, beraien jabetza intelektuala babeste aldera, ez dute programaren iturburu kodea publiko egiten. Hori horrela, inork ezin ditu bertan aurkitutako akatsak zuzendu edota inork ezin du programa bera benetako beharretara egokitu. Software jabedunaren kasuan, garapenaren eboluzioa eta berrikuntza maila enpresaren hormen barruan dauden pertsonengana mugatzen da. Software librearen kasuan, milioika begi daude begira. Eta Gobernu lokalen iniziatibak ere aipatzen ditu, esate baterako, Alemania, Frantzia, Italiako zenbait udalerri, Taiwan, Norbegia, etabar luze bat. Horien artean, jarraian aipatu dudan Europako Batzordeko dokumentua ere nabarmentzen du.
Europako Batzordeko software librearen inguruko azterketa honek 2000. urtean ikusi zuen argia. Izenburua ‘Free Software / Open Source: Information Society Opportunities for Europe?‘ zen. Lantalde hau Europako Batzordeko Informazioaren Jendartearen Zuzendaritza Nagusiaren iniziatibaz jarri zen martxan. Lantalde anitza da, nazioarteko aditu asko biltzen dituena. Azterketa honek softwarea-ren merkatuaz, eredu ekonomiko berriez, software librearen eragin zuzenez, jabetza intelektualaz eta etorkizuneko eszenatoki posibleez hitz egiten du. Hontaz guztiaz gain, ordea, software librearen aldeko mugimendua babeste aldera, lantaldearen beraren aholku batzuk ere aurkezten dira dokumentuan. Bertan, software librea aukera eta baliabide garrantzitsu kontsideratzen dute. Eta bestalde, software libreko aplikazioen inguruko formazioaren beharra, instituzioak software librearen abantailez baliatzeko erakundeen sorreraren ezinbestekotasuna eta software librearen erabilerak dituen eragin sozio-ekonomikoak ikertzearen garrantzia ere azpimarratzen dituzte. Bide batez, Europako zenbait erakunde eta enpresek software librearen komunitatean duten motor izaera ere aipatzen dute. Eta azkenik, software librearen merkatuak industria teknologikoaren arauak aldatzeko gaitasuna duela oinarri hartuta, potentzialitate hau hobekien ulertzen duten herrialde, herri, erakunde eta enpresak urrats bat aurrerago kokatuko direla ere esaten dute azterketa horretan.
Azterketa gehiago ere badaude: zerrenda amaigabea da. Denek ez diote gauza bera, batzuk software librearen aldekoagoak dira besteak baino. Hemen bi erakunde esanguratsuren azterketak gerturatu nahi izan ditugu. Pena baita, fisikoki gertuen dugun instituzioak egindako azterketa ezin lortzea. Zergatik ote.
This entry was posted on Ostirala, Urtarrila 25th, 2008 at 7:26 pm and is filed under Orokorra. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Urtarrila 26, 2008 at 10:45 pm Eneko wrote:
Ildoari jarraituz, mezu honetan garatzen ari den FLOSSMetrics (Free/Libre Open Source Software Metrics) ikerketa proiektu europarrean barnean Guide for SMEs txostena aipatzen nuen ( hemen .pdf formatoan, adi 1.800 KB). Eta ondo diozuen moduan, beste asko daude.