MS :: maitasun-gorroto harremana?
Duela aste gutxi batzuk, Nigeriako gobernuaren erabaki susmagarri baten berri izan genuen, Mandriva-tik Steve Ballmer-i zuzendutako gutun baten bitartez. Honen arabera, itxuraz, Nigeriako gobernuak, bertako ikastetxeetako prezio baxuko 17.000 ordenagailuetan Mandriva Linux banaketa instalatzeko tratua egina zuenean, Microsoftek, kantxan azaldu, eta eskaintza komertzial baten bitartez, Nigeriako gobernuari Mandrivari erositako ordenagailuetan, Mandriva Linux sistema eragilea kendu eta Windows jartzea proposatu zion. Hauek, onartu egin zuten. Zer ezaugarri ote zituen eskaintza komertzial horrek…
Eskaintza komertzial zikinak egin izanaren salaketa zilegi ez dela esan du Steve Ballmer-ek. Eta bakoitzak bere beharretara gehien egokitzen den teknologia aukeratzeko askatasuna izan behar duela aldarrikatu.
Badirudi aukera aske bakarra Microsoft erabiltzea dela.
Halere, zorionez, Nigeriako gobernuak, azken unean, Microsoften eskaintza ez onartzea erabaki zuen.
Baina zerbait aldatzen ari da. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien munduko bi leihakide nagusienak, Microsoft eta Google, elkarri hitz polittak esanez ikus daitezke azkenaldion.
Microsoftek Google bilatzailerik onena dela adierazi zuen, eWeek webgunean irakur daitekeenaren arabera. Adierazpen berdinetan, online zerbitzu gehienetan Microsoft berak eskaintza hobea zuela ere azpimarratu zuen, noski. Halere, ez da gutxi, Google bere leihakide nagusitzat duen batentzat. Zergatik ote.
Bata bestearen kontrako adierazpenak jarrera normaltzat hartzen ditugun garaiotan, norabide aldaketak ematen ari dira. Microsoft-ek gorrototik maitasunera pasatzeko gogoa duela ematen du, momentu batez bada ere. Kode irekiko sistemen aldeko adierazpenak eta Apple-n iPhone-aren inguruko ezaugarri positiboak azpimarratzera ere iritsi da. Estrategia edo lapsusa? Denborak esango du.
