Gaurko Gara-n irakur daiteke albistea. Bertan Nazio Eztabaida Guneak atzo emandako prentsaurrekoaren berri ematen du, eta bide batez, Nazio Eztabaida Guneak “lanerako zein harremanetarako” garatu duen “tresna komunikatiboa” aurkezten digute: naziogunea.net.
Webguneak hiru atal nagusi ditu: Nazio Eztabaida Gunea, Nazio Eztabaida eta Nazio Estrategia. Era berean, Nazio Garapenerako Biltzarra, Konponbidea Sustatzeko Batzordea, Milakabilaka eta Gogoeta XXI-en inguruko informazioa ere aurki daiteke.
Zalantzarik gabe, “Euskal Herria aintzat hartzen duen eta bere etorkizuna eraikitzearen alde dagoen ororentzat zabalik” dagoen proiektua da. Eta sarera iritsi da, informazio iturri eta ekarpen eske.
Animo eta aurrera.
Oporrak ere bukatzen dira. Ezer ez omen da betirako. Hala diote batzuek. Eta ez zaie arrazoirik falta. Duela ez hainbeste urte, Microsoft Office ofimatika pakete bakarra zela eta beti hala izango zela ematen zuen. Eta alternatiba librea [ OpenOffice ] baduen arren, inoiz ez dela bestea baino hobea izango pentsatzen genuen.
Gerora beharrak aldatu dira. Ez da nahikoa dokumentuak gure ordenagailuan izatearekin. Bizimoduak, azkartasunak, mugikortasunak… behar emozionalak eraldatzeaz gain, gure izaera teknologikoa ere aldatu du. Dena sarean behar dugu. Mugak deuseztatu behar dira: fitxategien alferrikako bidalketak eta sortzen diren kopiak saihestuz. Hortik sortu zen Google-n online pakete ofimatikoa, Google Docs [ en ] [ fr ] [ es ]. Eta horrelaxe argudiatzen dute bideo batean.
Denborarekin garatzen joan diren online pakete ofimatiko honek aurkezpenak egiteko aukera ere ematen du jada. Horrela eman zuten aditzera Google-ko blogean. Hau, eta aurreko aplikazioak, webgunean erakutsitako publizitatetik mantentzen dira. Hori da Google-n negozio eredua: softwarea zerbitzu bezala saltzea.
Microsoft-entzat mehatxu garbia da. Eta hasi da mugitzen, ito baino lehen. Horretarako, ordenagailuen fabrikatzaileek pakete ofimatiko bat hardware-aren barnean sartzeko aukera izango dute [ es ]. Honek ere publizitatea izango du diru iturri, baina ordenagailuak publizitate lehenetsia izango du instalatua. Hori bai, Internetera konektatzean, publizitate eguneratua hartuko du saretik.
Microsoft probatzen ari da: bere negozio ereduak epe luzera balioko dion edo ez. Eta Google? Zer da Google, gure behar teknologikoetara egokitzen den edo gure behar teknologikoak sortzen dituen enpresa? Erantzun ezak ere beldurra ematen du…