rssgaur8 logotipoa

pribatutasuna zalantzan 18 hilabetez

Interneten nabigatze hutsak informazio andana sortzen du. Interneteko leiho ezberdinak irekitzean ‘cookie‘-ak [ en ] [ fr ] [es ] deitzen diren fitxategiak sortzen dira gure sisteman. Cookie hauek gure bisitak kontrolatzen dituzte. Leihoan egin dugun ibilbidea gordeko dute, eta horrek Interneteko erabiltzaile gisa gure profila ezagutu eta sortzeko aurkera ematen die berau behar dutenei: zer dugun gustuko, klikatzen dugun publizitate mota, maiztasuna, etab. Cookie-ak berez sortzen dira, baina badugu noiz eta non sortzen diren jakiteko beta. Firefox-eko menuan Editatu>Hobespenak>Pribatutasuna>Cookie-ak>Mantentze epea>Galdetu niri beti aukera jartzen badugu, cookie-bat sortzera doan bakoitzean onartzen dugun edo ez galdetuko digu. Probatu, ikusi, eta ahoa itxi. [ Internet Explorer erabiltzen baduzu, zeren zain zaude? Deskargatu Firefox-en euskarazko bertsioa librezaleko webgunetik ].

Sistema hau erabiltzen du Google-k gure inguruko informazioa jaso eta gero horren arabera bisitatzen ditugun webguneetan erakutsiko duen publizitatea aukeratzeko. Webgune honetan informazio hori guztia jasotzearen arrazoiak azaltzen dizkigute [ en ]. Windows sistema eragileak ere etengabe bidaltzen dio Microsoft-i [ en ] gure sistemaren inguruko informazioa: zein programa ditugun instalatuak, zeintzuk eguneratuak eta zeintzuk ez, besteak beste. Asko dakite gutaz: gehitxo, aukeran.

Baina honek ere arazoak sortzen dizkie Google eta Microsoft bezalako enpresei. Duela gutxi, adibidez, Google-ek Europar Batasunaren eskakizunei jarraiki [ es ], bere erabiltzaileen datuak 18 hilabeteetan [ es ] [ bakarrik? ] gordetzea erabaki du. Hilabete horiek guztiak pasa ondoren, datuak irakurgaitzak bihurtzen dira, baita Google berarentzat ere. Aurreraupauso galanta, inondik ere.

Baina pribatutasunaren [ en ] [ fr ] [ es ] eta profilaren kontua ez da mundu birtualera mugatzen: ez beldurtu alperrik, beraz. Gure kreditu txartela eman digun bankuko edozein langilek ere gure profila osatu dezake. Eroskik ere egiten du. Atentzioaren ekonomian bizi gara, eta hor, erabiltzailea, eroslea edo bezero potentziala gero eta gehiago ezagutzea da armarik eranginkorrena. Errealitatea da: ez beldurtu beraz, baina honetaz guztiaz jabetzea ez dago sobera.