rssgaur8 logotipoa

Nahita ere okerrago ezin…

Sentsazio hori sortu digu Espainiar Estatuko Kongresuaren webgune berriak: nahita ere okerrago ezin daitekeela zerbait egin. Maiz entzundakoak gara zerbait ongi ez egiteko hobe dela zuzenean ez egitea eta antzeko esaldiak, baina tira, dirudienez denon belarrietara ez omen dira iristen!

Azken egunotan blogosferan zehar diru publikoz egin den lan txapuza honen inguruan hainbat istori ezberdin irakurtzeko aukera izan dugu. 14.000.000€ behar izan dituen lan txundigarria: segurtasun arazoak, erabilera kaxkarra, motela eta estandareak betetzen ez dituena (bakarren bat betetzen badu ortografikoak direlakoan gaude).

Ez dakigu zenbateraino lotsatu diren lan hau aurkeztu ondoren jasotako erantzunengatik, baina gauzak bizkor aldatzeko hartu duten lan ezagatik gutxi pentsatzen dugu. Hauxe da beste behin XXI. mendean Administrazio Publikoak ematen duen eredua: eskasa.

Baina tira, gauzak ongi egin daitezkeela adierazteko eta tonu alai batean beste webgune bat aurkeztu digute. Diseinua bera eta edukia antzekoa, baina baditu bi ezberdintasun haundi: behar izan den diru kopurua askoz txikiagoa dela eta estandareak betetzen direla. Gainera askoz ere denbora gutxiagoan egina dela dirudi.

Beraz, beste modu batean lan egitea posible dela ikusita, zein da Administrazio Publikoak gauzak ganoraz egiteko duen arazoa?! Nolako ustelkeriaz inguratuak gaude horrelako gauzak oraindik ikusteko aukera badugu?

atzo onartu zen legea

Espainiar Administrazio Publiko elektronikoaren legea onartu zen atzo. Berez aurreikusiak zeuden zuzenketak baino egokiagoak hartu dira azkenean, Cha, BNG, IU, ERC ICV eta Talde Sozialistaren botuei esker, batez ere. Aurreikusitakoetan, ez ziren ez NBEak software librea eta estandare irekien inguruan egiten dituen gomendioak kontutan hartzen, ezta Europar Batasunak egiten dituen elkarreragingarritasunaren [en] [fr] [es] ingurukoak ere.

Erabakitakoarekin, bazterketa teknologikoa saihesteko neurriak hartu dira, eta legedian, detaile gutxiago edo gehiagorekin, estandare irekien definizioa sartu da.
Halere, ‘…kasuaren arabera eta modu osagarrian…’ matizazioak bere horretan jarraitzen du. Eta ez da broma. Honek hego Euskal Herriko herritarroi Administrazio Publiko espainiarrarekin formatu itxiak erabiltzeko aukera ematen digu, eta beraz, Administrazio Publikoak gure tramitazioei erantzuteko beharra du. Hau honela, formatu itxi horiek erabili ahal izateko, Espainiar Estatuko Administrazio Publikoak software jabeduna eskuratu beharko du. Gainera, guztion artean ordaindutako eta Administrazio Publikoak erabiliko duen softwarea ez da lizentzia librepean zabalduko, eta gure datuekin zer egiten duten ezingo dugu jakin, iturburu-kodea ez baita publikoa izango.

Gora gardentasuna, publikotasuna eta informazioaren eta ezagutzaren jendartea. Nola nahi dute aurrera egitea mugak besterik jartzen ez badizkigute?

“…kasuaren arabera eta modu osagarrian…”

Horixe eztabaidatu zuten Espainiar Estatuko Senatuko Administrazio Publikoaren Komisioan, pasa den maiatzaren 31 eta ekainaren 7an. Emendakin andana aurkeztu zituzten Senatuko taldeek, baina PP eta PNV izan ziren, batez ere, estandare irekien aldeko proposamenen aurka jarri zirenak. Beraien gehiengoarekin, ekainaren 7an, Espainiar Estatuko Senatuak Administrazio Publikoa estandare irekien erabilerara ez behartzea erabaki zuen, ‘kasuaren arabaera eta modu osagarrian, erabilera orokorrekoak diren beste estandare batzuk erabiltzeko’ aukera irekia utziz. Noski, erabilera orokorrekoak diren beste estandare horiek guztiak ez dira estandare irekiak. Hispalinux, estandaresabiertos.org eta beste erakunde batzuk sinatu duten dokumentuan, adibidez, hartutako erabakiarekin herritarren hiru eskubide teknologiko garrantzitsu zapaltzen dituztela salatu dut.

Espainiar Estatuko Senatuan onartu diren zuzenketekin, honela gelditu da testua: Administrazio Publikoak estandare irekiak erabiltzeaz gain, kasuaren arabera eta modu osagarrian, herritarren artean erabilera orokorrekoak diren beste estandare batzuk erabiliko ditu’. Estandare irekien definizioa ezabatu da, eta ez da bermatzen Administrazio Publikoak erabilitako teknologiak domeinu publikokoak izatea. Hau paradoxa: Espainiar Estatuko Administrazioa publikoa da, edo ez?.

Alta, Frantziar Estatuan estandare irekien aldeko jarrera nahiko nabaria da. Gainera, estandare irekien kontuan apostu garbia egiteaz gain, gai berdinarekin lotutako proiektu handiak burutu dira, eta hauek errealitate bilakatzen ari dira pixkanaka: Gendarmeria Frantses osoak, Parlamentuko zerbitzu ofimatikoak eta Administrazio Publikoaren gehiengoak OpenDocument [fr] [es] [ ISO 26300 ] formatu irekien gainean egiten dute lan. Ez dago batere gaizki.

Estandare irekiak herritarren eskubide teknologikoen oinarrietako bat dira: Administrazio Publikoarekin Internet bidezko harremana, publikoa izango bada, estandare irekiekin bakarrik uler baitaiteke. Folckore-koek zerbait badakite: parre egiten digute, aurpegira. Inoiz konturatuko gara…