rssgaur8 logotipoa

euskara eta webguneen garapen irizpideak

Webguneen etiketatze-sistema izan genuen mintzagai azken post-ean. Euskarazko edukiak benetan euskarazko edukiak direla adieraztea ahalbidetzen duen sistema da etiketatzearena. Hau, noski, webgunearen garatzaileen ardura da: euskarazko edukiak bilatzaileetan modu egokian antola ahal daitezen.

Baina Interneten euskarari eman behar zaion tratamenduak badu honen aurreko urrats bat. Euskarazko edukiak euskarazko eduki gisa etiketatu ahal izateko, existitu egin behar du. Alegia, webguneak euskarazko bertsioa izan behar du. Hau da lehen urratsa: euskarazko bertsioa garatzeko prestutasuna izatea.

Azken egunotan adibide garbi bat azaldu da Interneko leihoan. Bilbao Live Festival 2007-ren webgune ofiziala: www.bilbaobbklive.com. Webgune honek ekainaren bigarren erdian Bilbon egingo diren kontzertu batzuen berri ematea du xede, eta sarrerak eskuratzeko argibidideak ere ematen ditu. Baina ez dute erabiltzaile euskaldunongan pentsatu, antza. Bilbon eta BBk laguntzaile edo babesle ofizial izanda, ulergaitza bezain onartezina da webguneko euskararen absentzia. Kontzertuetan erabiltzaile euskaldunik ez dela izango pentsatzen ote dute? Edo utzikeria, alferkeria hutsa da? Ez dute euskararengan errentagarritasunik ikusiko, antza.

Idatzi genien, webgunean kontakturako aukera ematen dutelako. Baina ez dugu erantzunik jaso, ez eta jarrera aldaketa minimorik somatu.

Euskararen Interneteko presentziaren korrikaldian, garatzaileak dira lehenengo postuan ateratzen direnak. Beraien ardurapean daude lehen bi erabakiak: webgunearen euskarazko bertsioa garatzea, eta behin garatuta modu egokian etiketatzea.

Euskarak egungo jarrerak aldatzea behar eta merezi du, ezta?

osasun publikotik mendira

Aurreko artikuluan aipatzen genituen Osanet-en arazoak neurri batean sufritzea ekiditzeko asmoz edo bizitza sanoa egitearren soilik, zer diozue gipuzkoako mendateetan barrena ibiltzeari? Beste ideia on bat erdibidean geratzen zaiguna. Pena.

Zabaldu bitartez izan dugu honen berri, eta Igor-ek bota du honakoa: Gipuzkoako Foru Aldundiak egin duen ‘Gipuzkoako Mendi Ibilbideak’ webguneko guztiaz gozatzeko aukera izateko Autodesk-en [es] MapGuide [en] instalatzera behartzen gaituzte, Microsoft-en Windows-pean dabilen plugin [es] bat. Betiko kontu zaharra: teknologia bati lotzen gaitu eta berau doakoa izan arren, beharrezkoa den beste tresnak(sistema eragilea) ez du ezaugarri hau betetzen; eta gainera inork ez digu bermatzen doakoa dena ere beti horrela izango denik.

Honen ondoren Arkaitzek irisgarritasunari buruzko iruzkin bat idatzi du: mailarik altuena betetzen dutela adierazi arren, berez, irisgarritasun mailarik baxuenera ere ez da iristen. Irisgarritasuna erabiltzaile orori sarbidea ahalbidetzeari deritzo, batez ere gabeziaren bat duenari laguntzeko. Beraz, betetzen ez duten zerbaiten arrandia egiten dute kontrakoa dela argi ikusten denean.

Eta guk gure aldetik euskararen etiketazio eskasari buruz ohartarazi nahi dugu. Azken hau pertsona arruntentzat oharkabean pasatzen da, baina ez Google eta antzeko bilatzaileentzat, eta guretzat ere ez kasu hontan. Webgune bat sortzean honen edukiak zein hizkuntzatan egongo diren zehaztu daiteke, eta ondorioz bilatzaileek datu guztiak indexatu eta antolatzean hizkuntzaren araberako diskriminazioa egin dezakete. Kasu hontan euskarazko edukiak dituzten webguneak ere erdaraz iragartzen dira eta ondorioz gaizki indexatuko dira. Euskarazko eduki onak (adibide paregabea) sortzea beharrezkoa bada, hauek behar bezala etiketatzea oso garrantzitsua da etorkizuneko arazoak ekiditeko.

Hiru akats larritzat hartzen ditugu: zorionez konpontzeko errazak azken biak, baina ea zuzenketarako zenbat denbora pasatzen den. Tira, gaurkoz nahiko, baina jarraituko dugu azken bi gai hauetaz solasean, eta e-torkizunerako prestatzen gabiltzan proiektutxo bati buruz… adi egon!