e-administrazioa, Osaneten adibide txarra
e-administrazioa: XXI. mendeko politikoen ahotan maiz entzuten dugun hitza. Administrazio elektronikoa, jendarteari onura ekartzeko sistema, maiz buruhausteak besterik ekartzen ez dituena. Osakidetzaren Osanet da honen adibide garbienetako bat.
e-administrazioaren aurretik ohiko administrazioa izan dugu gure zerbitzura, honen burokrazia eta papel festa, trabak eta nahasteak barne. Zenbat aldiz suertatu ote zaigun udal, ospitale edota bestelakotan edonon paper bat ahaztu dugulako atzera eta aurrera, gelaz gela, mota guztietako kargo publikoa duten pertsonaiekin tratatu behar izatea. Edo nork ez du noizbait entzun funtzionario batek lan egiteko gogo gutxi zuen egun horietako batean jaso zuen tratu txarraren inguruko kexa. Kontu zaharrak, betiko kontuak.
Baina, hau guztia aldatzeko kontu berriak ere baditugu. Administrazioa erreazagoa egiteko pertsonaiak bere loalditik esnatzean, noizbehinka izaten dituzte ideiak, eta batzutan ere ohartzen dira administrazio publikoko zerbitzuetara atzipen unibertsala beharrezkoa dela, publikoa izango bada. Honen mesederako e-adminitrazioa garatu da, hau da, administrazioetara edonondik edonoiz sartzeko aukera, eta funtzionarioen ordutegi malguaz gain, gainontzeko herritar guztiok dugun ordutegian gauzak egiteko aukera ematen duena.
XXI. mendeak eta informazio sareek etorkizunean ekarriko dizkiguten onuretako batzuk ditugu hauek. Etorkizunean, bai, oraindik baditugu nahikoa traba. Atzipena guztiz unibertsala izan dadin, e-administrazio guztiak formatu libre eta estandarizatuak hartu beharko lituzke bere baitan eta ez sasi ia de factokozko estandareak. Berdina e-administrazioaz baliatzeko behar diren tresnekin (nabigazio programak, testu prozesadoreak…), tresna libreak bermatu beharko lirateke, eta ez diru asko balio duten tresnak.
Lehenago aipatu bezala, adibide garbiena Osakidetzaren Osanet proiektua da. Edonork edonondik medikuarekin kontsulta data eskatzeko/begiratzeko/aldatzeko e-administrazio sistema. Ideia paregabea. Baina software libre erabiltzaile garenetik, Firefox-en nabigatzeko arazoak ematen dizkigu, Windows-en gainean izanda ere!. Programazio pixkat jakinda muga hau gainditzea posible zaigu, baina kontxo, hau ez da gure lana, hau beraien lana behar luke! Ze demontregatik egon behar dugu beraiek inposaturiko muga teknologiko hauek zeharkatzeko burujan hauek pairatzen? Zergatik ez egin gauzak ongi hasieratik? Interneta hain eskura dugun garai hauetan, onargarria al da e-administrazio publikoko zerbitzuak firefox-ekin ezin erabili ahal izatea?
Gainera, gu ziur gaude, hau ez dela kasu isolatua, eta nahi eta behar baino gehiagotan gertatzen dela. Izan duzu antzeko esperientziarik? Ezagutzen duzu Firefox-ekin funtzionatzen ez duen webgunerik? Berdin da udaletakoa edo administraziokoa. Firefox-ekin atzitu ez daitekeen zerbitzu publikorik ezagutzen duzu? Eta azaltzeko prest? kontaiguzu…
This entry was posted on Osteguna, Martxoa 15th, 2007 at 8:41 pm and is filed under Orokorra. You can follow any responses to this entry through the RSS 2.0 feed. You can leave a response, or trackback from your own site.

on Martxoa 16, 2007 at 2:51 pm sapi wrote:
Hona hemen Firefox-ekin ez dabilen beste bat.
Euskaltegietan erabiltzen den Q87 aplikazioa da, Habe-rena. Erabiltzailea eta pasahitza behar da, ezin duzue konprobatu, baina nire hitza sinistu beharko duzue.
on Martxoa 16, 2007 at 7:42 pm Edu wrote:
Beste adibide bat:
Sare publikoko irakasleok badugu http://www.irakasle.net orria, non posta elektronikoaz gain, beste hainbat atal ditugun. Firefoxekin sartzeko arazoak ematen ditu, haiek “bertsio erabilterreza” deitzen diotena erabili behar da, eta sarritan saiakera bat baino gehiago behar izaten da sartzea lortzeko. Aurreko kasuan bezala, erabiltzailea eta pasahitza behar denez, ezingo duzue egiaztatu, baina niri ere sinetsi.