rssgaur8 logotipoa

e-kintza zuzena

Aurreko idatzietatik ekintzetara pasatzeko gonbita luzatu nahi dugu. Modu erraz batean, testutxo bat prestatu dugu, eta hau gure herriko e-adminitrazioko arduradunei bidaltzera gonbidatu nahi zaituztegu. Guztion artean benetan guztiontzat izan daitekeen eta izan behar duen e-administrazio bat lortzeko behar zaitugu!

Agur t’erdi,

Herritar naizen aldetik eta niretzat ere zerbitzuak ematen dituzuenez, benetako atzipen unibertsala bermatzeko honakoak kontutan hartzea beharrezkoa dela uste dut:

- Eskainitako zerbitzu telematiko guztiek estandareak behar bezala betetzea.
- Zerbitzuetaz gozatzeko beharrezkoak ditugun tresna guztiek estandareak ongi betetzea.
- Tresna irekiekin lan egiteko aukera bermatzea, inolako lotura edo menpekotasun teknologiko espezifikorik eduki gabe.

Besterik gabe,
herritar guztiontzat izango den e-administraziora bidean urratsak emateko prest egongo zaretelakoan,
mila esker aldez aurretik.

Izen Abizenak

Mezu hau gutxienez Osanet eta Izenpe batzuetara bidaltzera gonbidatzen zaitugu, baina baita zerbitzu publikoak ematen dituen eta atzipen unibertsala bermatzen ez duen beste edozein erakunderen helbidera ere (udal, polikiroldegi, liburutegi, eskola…).

Eta badakizue, norbaitek bere esperientzia pertsonalen berri eman nahi badigu, gustura irakurriko dugu :)

Osanet: zerbitzu publikoa?

Aurrekoan komentatu genuen Osakidetzaren Osanet-en kasua. Bitxia inondik ere. Administrazio publikoaren zerbitzuetako batek ez digu gure teknologia propioa aukeratzen uzten. Baina ez al da ba publikoa? Ez al luke herritar guztientzat atzigarria izan behar, Internet Explorer, Firefox, Mozilla, Safari edo dena delakoa erabilita ere? Firefox erabiltzen dugunak, adibidez, ezin gara gaixotu, ala? Gezurra dirudi herritar guztiengana iritsiko dela bermatu gabe administrazio publikoaren zerbitzu bat modu horretan kaleratu izana. Gezurra dirudi, baina egiazkoa bezain larria eta onartezina da.

Osakidetzak dioenaren arabera, jendartearen gehiengoak [%85] ez du inongo arazorik Osanet-eko zerbitzuez baliatzeko. Eta gainera lasai esaten dute. %85 hori, ustez, Internet Explorer-en erabiltzaileak dira. Eta halere! Firefox-en erabiltzaileak %2-a balira ere! Osanet zerbitzu publikoa den heinean, erabiltzen dugun software edo teknologiarekiko independientea izan beharko luke. Zerbitzu bat da, ez aukera bat.

Eta ez gara izan lehenengoak hau esaten. Duela bi hilabete PSE-k programa guztiak kontuan hartzeko eskatu zuen, hau bermatzea Legebiltzarrari exijituz. Eta ez da gutxiagorako.

Teknologiekiko independentzia eskatzea webguneen erabilterraztasuna [en] [fr] [es], W3C estandareak betetzea, CSS estilo-orriekin diseinatzea eta formatu irekiak aplikatzean datza. Eta hori Firefox-ek betetzen du. Firefox guztiona da, erabiltzen dugun sistema eragilea Windows, GNU/Linux, Mac OS edo dena delakoa izanda ere. Erabiltzailearen sistema eragilearekiko independientea da Firefox.

Eta horixe exijitzen diogu guk Administrazio Publikoari: herritar guztiei zuzendutako zerbitzuak eskaintzea. Alegia, gure ordenagailuan zer dugun jakin gabe ere, aukera guztiekiko bateragarriak izan behar duten e-zerbitzuak bermatu behar dituztela. Zer gertatzen da bestela, beraien ustetan %15-a den jendartearen zati hori gaixotzen bada? Ezin dugu zita Internet bidez eskatu? Honek gaixotzen gaitu gu. Zein da sendabidea?

e-administrazioa, Osaneten adibide txarra

e-administrazioa: XXI. mendeko politikoen ahotan maiz entzuten dugun hitza. Administrazio elektronikoa, jendarteari onura ekartzeko sistema, maiz buruhausteak besterik ekartzen ez dituena. Osakidetzaren Osanet da honen adibide garbienetako bat.

e-administrazioaren aurretik ohiko administrazioa izan dugu gure zerbitzura, honen burokrazia eta papel festa, trabak eta nahasteak barne. Zenbat aldiz suertatu ote zaigun udal, ospitale edota bestelakotan edonon paper bat ahaztu dugulako atzera eta aurrera, gelaz gela, mota guztietako kargo publikoa duten pertsonaiekin tratatu behar izatea. Edo nork ez du noizbait entzun funtzionario batek lan egiteko gogo gutxi zuen egun horietako batean jaso zuen tratu txarraren inguruko kexa. Kontu zaharrak, betiko kontuak.

Baina, hau guztia aldatzeko kontu berriak ere baditugu. Administrazioa erreazagoa egiteko pertsonaiak bere loalditik esnatzean, noizbehinka izaten dituzte ideiak, eta batzutan ere ohartzen dira administrazio publikoko zerbitzuetara atzipen unibertsala beharrezkoa dela, publikoa izango bada. Honen mesederako e-adminitrazioa garatu da, hau da, administrazioetara edonondik edonoiz sartzeko aukera, eta funtzionarioen ordutegi malguaz gain, gainontzeko herritar guztiok dugun ordutegian gauzak egiteko aukera ematen duena.

XXI. mendeak eta informazio sareek etorkizunean ekarriko dizkiguten onuretako batzuk ditugu hauek. Etorkizunean, bai, oraindik baditugu nahikoa traba. Atzipena guztiz unibertsala izan dadin, e-administrazio guztiak formatu libre eta estandarizatuak hartu beharko lituzke bere baitan eta ez sasi ia de factokozko estandareak. Berdina e-administrazioaz baliatzeko behar diren tresnekin (nabigazio programak, testu prozesadoreak…), tresna libreak bermatu beharko lirateke, eta ez diru asko balio duten tresnak.

Lehenago aipatu bezala, adibide garbiena Osakidetzaren Osanet proiektua da. Edonork edonondik medikuarekin kontsulta data eskatzeko/begiratzeko/aldatzeko e-administrazio sistema. Ideia paregabea. Baina software libre erabiltzaile garenetik, Firefox-en nabigatzeko arazoak ematen dizkigu, Windows-en gainean izanda ere!. Programazio pixkat jakinda muga hau gainditzea posible zaigu, baina kontxo, hau ez da gure lana, hau beraien lana behar luke! Ze demontregatik egon behar dugu beraiek inposaturiko muga teknologiko hauek zeharkatzeko burujan hauek pairatzen? Zergatik ez egin gauzak ongi hasieratik? Interneta hain eskura dugun garai hauetan, onargarria al da e-administrazio publikoko zerbitzuak firefox-ekin ezin erabili ahal izatea?

Gainera, gu ziur gaude, hau ez dela kasu isolatua, eta nahi eta behar baino gehiagotan gertatzen dela. Izan duzu antzeko esperientziarik? Ezagutzen duzu Firefox-ekin funtzionatzen ez duen webgunerik? Berdin da udaletakoa edo administraziokoa. Firefox-ekin atzitu ez daitekeen zerbitzu publikorik ezagutzen duzu? Eta azaltzeko prest? kontaiguzu…

Kaixo Mundu!

e-torkizunaz bloga mundura begirako leiho bat gehiago da. Eta gure herriaren txikitasunetik abiatuta, euskal e-rabiltzaileon komunitatetik eta komunitatearentzat sortutako leiho birtuala izan nahi du.

e-torkizunaz e-uskaraz hitz egin nahi dizuegu. eta e-ntzun. E-ztabaidarako gunea izatea nahi dugu. Hartu eta e-matekoa. e-san eta e-ntzutekoa. Ondotxo dakigu euskararen komunitate birtualak muga asko dituela, asko kulturalak gainera. Eta hor egin nahi dugu gure e-karpena. e-ragin nahi dugu, e-lkarlanean aurrera e-ginez.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiek [ IKT ] eta Internet-ek gure E-uskal Herri fisikoa e-raldatzen jarraitzen dute. e-tenik gabe eta e-teteko asmorik gabe. Eta horretara gatoz gu: globalitatearen barruan sentimendu lokalez e-torkizuna hurbiltzera. e-torri zuek ere.