rssgaur8 logotipoa

software librearen ‘haize eza’

Bandera trapu bat da, haizerik ez badabil” zioen DUTen kantu hark. Orain gutxi iragarri dute taldearen behin betiko desegitea. Urteetako ibildeari amaiera eman diote. Baina lau diska utzi dituzte gure apalategietan. Hamaika kantu soinu banda partikularrean. Eta milaka hitz, milaka mezu, oroitzapenetan.

Badira desagertzen ez diren mezuak, eta askorik astindu ez arren, tinko mantentzen diren banderak ere existitzen dira. Horietako bat da DUT: haizerik gabe ere trapu bilakatuko ez den bandera musikala.

Software librearen bandera ere, trapu bat izan daiteke aldeko apostu haizerik ez badabil.

Azkenaldion, eta gure gertuko ingurunean, teknologia libreen banderak haizerik sentitu badu, hori sarean izan da. Idoia Zenarruzabeitiak argi utzitako ezetzari eta azterketa tekniko-ekonomikoa publiko egiteko beldurrari, inon erantzun bazaio, hori Interneteko sareen sarean izan delako. Hortik sortu zen Librezaleko kideen iniziatiba bat: Bai Software Libreari‘ wikia. Wiki honen helburua, Eusko Jaularitzaren ezetzari buelta ematea da. Gertakari nagusienen kronologia egin eta hauen aurrean jasotako erreakzio andana biltzea.

Bertan ere irakur daiteke duela hiru aste pasatxo, Idoia Mendia sozialistak, idatziz eskaera berri bat egin zuela: azterketa tekniko-ekonomikoa publiko egitea.

Eskaera hori haseratik egin zen sarean, software libreari baiezkoa ematen dioten haize korronteetan. Dokumentu hori erabakiaren oinarria zela esan ziguten, eta hori horrela ulertuta, berau eskatzea zen egin genezakeen aldarrikapenik zentzuzkoena. Eta bide horretan kokatzen da, egun, dramaren eztabaida. Asko, dokumentu hori ez dela existitzen pentsatzera ere iritsi gara, eta hori oihukatu dugu mila forma ezberdinetan. Baina, “konbikzio handirik gabe galdezka ari naiz, oihukatzeak ala entzuteak, zer egiten gaituen libre”. Auzi teknologiko honetan, beste kasu askotan bezala, “askatasun desiratuak ez gaitu askatuko” [ DUT, Haize eza ].

Software librearen banderak, apostu politikoaren haizea behar duela jakina da. Izan ere, Administrazio Publikoak software librearen aldeko jarrera praktikoa hartu eta errealitate bihurtzeak, lurralde eremu horretako industriaren eraldaketa ekar baitezake. Industria teknologiko lokala indartzeko biderik eraginkorrena da. Ez da brometarako kontua beraz, eta “ez badiogu neurri hartzen aurrean dugunari, neurria honek hartuko digu, eta ibiliko gara atzetik, galdurik.. hor nonbait…” [ DUT, Hor nonbait ].

Eztabaida mahai gainean dago. Bakoitzaren egungo bideak ere argi daude, baina bide okerretik dabilena ez dabil ondo. Bide zuzenetik oker dabilena ez dabil ondo. Bide okerretik zuzen dabilena ez dabil ondo. Ez gabiltza ondo… Ondo dabiltzalakoan ez dabiltza ondo, norabide okerreko zuzenbidean, zuzena ez dabil ondo okerrak ondo bagabiltza, eta ez gabiltza oker! [ DUT, Oker ].

Adiorik ez DUT, software librearentzat.

azterketa publiko eta ez publikoak

Eusko Jaularitzak egiteko eskatu eta diru publikoz ordaindu duen ditxosozko azterketa irakurtzeko betarik ez dugu izan oraindik. Baina, gaurdaino, mundu mailan, zerrenda amaigabea osatzen duten gisako azterketak egin dira, noski. Eta beraz, Eusko Jaularitzarenaren faltan, beste batzuk aipatu behar. Hemen bi nabarmendu nahi ditugu: bata, MIT, Ameriketako Estatu Batuetako ikerketa zentrorik esanguratsuenean egina; eta biga, Europako Batzordeko software librearen inguruko lantalde batek garatua.

MIT-eko azterketa ekonomikoa 2002an kaleratu zen ‘Public Subsidies for Open Source? Some Economic Policy Issues of the Software Market‘ izenburupean [ http://opensource.mit.edu/papers/schmidtschnitzer.pdf ]. Haseran termino ekonomikoetan mintzo zaigu dokumentua. Dio, ikuspuntu estatiko batetatik, software librea eraginkorragoa dela, kostu marjinalekin funtzionatzen duelako [ alegia, dohan eskaini edo banaketak suposatzen duen prezioan saltzen dela ]. Hain modan dagoen berrikuntzaz ere hitz egiten du MITeko azterketak. Zentzu honetan ere, software librearen aldeko apostua egiten du. Software jabeduna garatzen duten enpresek, beraien jabetza intelektuala babeste aldera, ez dute programaren iturburu kodea publiko egiten. Hori horrela, inork ezin ditu bertan aurkitutako akatsak zuzendu edota inork ezin du programa bera benetako beharretara egokitu. Software jabedunaren kasuan, garapenaren eboluzioa eta berrikuntza maila enpresaren hormen barruan dauden pertsonengana mugatzen da. Software librearen kasuan, milioika begi daude begira. Eta Gobernu lokalen iniziatibak ere aipatzen ditu, esate baterako, Alemania, Frantzia, Italiako zenbait udalerri, Taiwan, Norbegia, etabar luze bat. Horien artean, jarraian aipatu dudan Europako Batzordeko dokumentua ere nabarmentzen du.

Europako Batzordeko software librearen inguruko azterketa honek 2000. urtean ikusi zuen argia. Izenburua ‘Free Software / Open Source: Information Society Opportunities for Europe?‘ zen. Lantalde hau Europako Batzordeko Informazioaren Jendartearen Zuzendaritza Nagusiaren iniziatibaz jarri zen martxan. Lantalde anitza da, nazioarteko aditu asko biltzen dituena. Azterketa honek softwarea-ren merkatuaz, eredu ekonomiko berriez, software librearen eragin zuzenez, jabetza intelektualaz eta etorkizuneko eszenatoki posibleez hitz egiten du. Hontaz guztiaz gain, ordea, software librearen aldeko mugimendua babeste aldera, lantaldearen beraren aholku batzuk ere aurkezten dira dokumentuan. Bertan, software librea aukera eta baliabide garrantzitsu kontsideratzen dute. Eta bestalde, software libreko aplikazioen inguruko formazioaren beharra, instituzioak software librearen abantailez baliatzeko erakundeen sorreraren ezinbestekotasuna eta software librearen erabilerak dituen eragin sozio-ekonomikoak ikertzearen garrantzia ere azpimarratzen dituzte. Bide batez, Europako zenbait erakunde eta enpresek software librearen komunitatean duten motor izaera ere aipatzen dute. Eta azkenik, software librearen merkatuak industria teknologikoaren arauak aldatzeko gaitasuna duela oinarri hartuta, potentzialitate hau hobekien ulertzen duten herrialde, herri, erakunde eta enpresak urrats bat aurrerago kokatuko direla ere esaten dute azterketa horretan.

Azterketa gehiago ere badaude: zerrenda amaigabea da. Denek ez diote gauza bera, batzuk software librearen aldekoagoak dira besteak baino. Hemen bi erakunde esanguratsuren azterketak gerturatu nahi izan ditugu. Pena baita, fisikoki gertuen dugun instituzioak egindako azterketa ezin lortzea. Zergatik ote.

administrazio publikoaren [?] ‘barne-dokumentuak’

Software libreari emandako ezetzaren harira, asteartean, hilaren 15ean, ESLEko ordezkariak Eusko Jaularitzarekin bildu ziren. Atzo argitaratu zituzten bileraren nondik norakoak ESLEko blogean.

Eta ezer berririk ez, ez behintzat jarrera aldetik. Hitz asko, etorkizunerako ateak irekiak mantentzearen aldekoak. Baina azterketa tekniko-ekonomikoa eskatu, eta ezin eskuetan izan. Baina hor bai, zerbait gehiago esan dute: barne-dokumentua dela, ez dutela, edota ezin dutela, publiko egin.

Azterketa hori benetan existitzen bada, eta ia ezinezkoa dirudien arren, eta berauek ozen plazaratu dituzten emaitzak biltzen baditu, zeren beldur dira?

Gardentasun falta urazaleratzen ari da… Gure aldetik, 8. probintziatik eta, ahal den neurrian, gainontzekoetatik, presionatzen jarraitu beharko. Eskakizuna, edo are gehiago, EXIJENTZIA bakarra: emaitzak ahoz kaleratzeko ausardia berberarekin, dokumentua publiko egin dezatela.

gardentasun ezak salatzen ditu?

Gaur astebete, Eusko Jaularitza eta software librearen arteko harreman eskasa argumentutzat duen filmaren beste atal berri bat argitaratu zen internet & euskadi blogean.

Atal berri honetan ez da ezer berririk esaten. Ez da software libreari emandako ezezkoa aldatzen. Ez dute software librea eta jabedunaren artean aukeratzeko erabilitako argumentuen oinarri den azterketa publiko egin. Ezta pentsatu ere. Eta egia esan, gustura irakurriko nuke, epe luzera begira software librea jabeduna baino garestiagoa dela baieztatzen duen ditxosozko dokumentu hori.

Azterketa hori diru publikoz ordaindu dute
. Ziur aski, Eusko Jaularitzaren oso gertukoa den enpresa edo erakunderen batek. Eta azterketa diru publikoz ordaindu bada, guk, azterketa ordaindu dugunok, ez dugu azterketaren benetako emaitzak eskuragarri izateko eskubiderik?

Ez, ez eta ez. Ez dute publiko egin nahi eta kitto!. Zergatik ote? Azterketa egin dela egia bada, noski. Ezin jakin, oraingoz.

AHT + Google-Earth

Bada astebete batura honen emaitza egiazko bezain sinestezina ezagutzen dugula. Jada, Google-Earth tresna erabiliz, AHTdun Euskal Herri bat irudikatzeko aukera dugu. Ibilbide osoa ikus daiteke. AHT Gelditu! Elkarlana, AHTren kontrako koordinadoraren lana izan da, eta egia esan, ez da ezer askorik egin behar AHT neurriz kanpoko proiektua dela konturatzeko:

1. Google-Earth programa deskargatu eta instalatu.
2. AHT_Euskal_Herrian_1.0.kmz fitxategia deskargatu
3. Bi klik eginez, AHT_Euskal_Herrian_1.0.kmz exekutatu.
4. zur-e-ta-lur-gel-di-tu… [ koloreek elementu ezberdinak adierazten dituzte: tunelak, kanpoko tramoak... ]

Eta hau guztia egin nahi ez duzuenontzat, Google-Earth-eko emaitza bera bideo batean ikus daiteke.

Eraikitzen hasi eta oraindik erakutsi nahi ez digutena ikusi nahi duzue? Ireki begiak eta eseri. ;-)

MS :: maitasun-gorroto harremana?

Duela aste gutxi batzuk, Nigeriako gobernuaren erabaki susmagarri baten berri izan genuen, Mandriva-tik Steve Ballmer-i zuzendutako gutun baten bitartez. Honen arabera, itxuraz, Nigeriako gobernuak, bertako ikastetxeetako prezio baxuko 17.000 ordenagailuetan Mandriva Linux banaketa instalatzeko tratua egina zuenean, Microsoftek, kantxan azaldu, eta eskaintza komertzial baten bitartez, Nigeriako gobernuari Mandrivari erositako ordenagailuetan, Mandriva Linux sistema eragilea kendu eta Windows jartzea proposatu zion. Hauek, onartu egin zuten. Zer ezaugarri ote zituen eskaintza komertzial horrek…

Eskaintza komertzial zikinak egin izanaren salaketa zilegi ez dela esan du Steve Ballmer-ek. Eta bakoitzak bere beharretara gehien egokitzen den teknologia aukeratzeko askatasuna izan behar duela aldarrikatu.

Badirudi aukera aske bakarra Microsoft erabiltzea dela.

Halere, zorionez, Nigeriako gobernuak, azken unean, Microsoften eskaintza ez onartzea erabaki zuen.

Baina zerbait aldatzen ari da. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologien munduko bi leihakide nagusienak, Microsoft eta Google, elkarri hitz polittak esanez ikus daitezke azkenaldion.

Microsoftek Google bilatzailerik onena dela adierazi zuen, eWeek webgunean irakur daitekeenaren arabera. Adierazpen berdinetan, online zerbitzu gehienetan Microsoft berak eskaintza hobea zuela ere azpimarratu zuen, noski. Halere, ez da gutxi, Google bere leihakide nagusitzat duen batentzat. Zergatik ote.

Bata bestearen kontrako adierazpenak jarrera normaltzat hartzen ditugun garaiotan, norabide aldaketak ematen ari dira. Microsoft-ek gorrototik maitasunera pasatzeko gogoa duela ematen du, momentu batez bada ere. Kode irekiko sistemen aldeko adierazpenak eta Apple-n iPhone-aren inguruko ezaugarri positiboak azpimarratzera ere iritsi da. Estrategia edo lapsusa? Denborak esango du.

microsoft eta google: botere gerra

Computer Reseller News-en webgunean irakur daiteke albistea. Microsoft-eko lehendakariak, Steve Ballmer [ en ] [ fr ] [ es ]-ek, Britainia Handia-n emandako konferentzia batean, Google-k Gmail-en erabiltzaileen posta elektronikoak irakurtzen dituela baieztatu zuen.

Egia da Gmail-eko kontu bat sortzerako orduan, Google-k berak bere ‘kideei’ erabiltzaileen datuak bidaltzen dizkiela aitortzen duela. Ez du esaten ordea, mezuak irakurtzen dituenik.

Steve Ballmer-ek Google-n pribatutasun printzipioa gezurtatu egin zuen, ondoren, eta inolako beldurrik edota lotsarik gabe, Microsoft-ek bere erabiltzaileen pribatutasuna errespetatu eta gordetzen duela ozen esateko. Baieztapen guztiak doako posta elektronikoa kudeatzeko negozio planen inguruan eztabaidatzen ari zirela egin zituen. Hori da beraien botere gerraren gakoa: enpresa gisa duten negozio plana.

Google-na egia izan daiteke, zergatik ez. Baina Steve Ballmer zerbaitegatik ezaguna bada, bere lehiakideen aurkako ahozko erasoengatik da. Askotan egin ditu Google, Linux eta Apple-en kontrako adierazpenak. Kasualitatez edo kausalitatez, Microsoft-en hiru lehiakide nagusiak dira.

Egia nork esaten duen, bakoitzak erabaki beza.

garzón eta segurtasun informatikoaz

Auto judiziala gora eta behera. Espainiar Estatuko Auzitegi Nazionaleko [ eu ] [ en ] [ es ] Baltasar Garzón epailearen [ eu ] [ en ] [ fr ] [ es ] azken autoak informatikariontzat hain berriak ez diren kontuak aipatzen ditu.

Informatikaren mundua gero eta hedatuagoa eta garatuagoa dagoen heinean, segurtasun informatikoak eta kontrol sozial digitalak bat egiten dute. Hau guztia irakur daiteke, besteak beste, autoan:

A Ana LIZARRALDE PALACIOS, una carta, contenida en un fichero informático de recuperación automática por el procesador de texto, fechada en Marzo de 2.007, y que por su encabezamiento y contenido parece dirigda a E.T.A. En ella, su autora, que ha mantenida una cita física con sus destinatarios, rechaza una propuesta que le han formulado, manifestando que “en estos momentos yo no se si sería capaz de asumir otros compromisos”.

baita hau ere…

A Rufino ECHEBARRIA ARBELAIZ, se le han ocupado, en soporte informático numerosos archivos borrados, que han podido ser recuperados y que, por su volumen no han podido ser analizados individualmente, si bien son todos relativos a la actividad de BATASUNA.

eta banan-banan azaltzen ditu, ustez, ordenagailuan, behin ezabatu eta gero berreskuratu ahal izan dituzten dokumentu elektronikoak.

Informatikak aukera asko eskaintzen ditu. Baina aukerak inoiz ez datoz bakarrik. Gehientsuenetan arriskuei eskutik helduta datoz. Kontuz informazio elektronikoarekin.

nazioguneaz

Gaurko Gara-n irakur daiteke albistea. Bertan Nazio Eztabaida Guneak atzo emandako prentsaurrekoaren berri ematen du, eta bide batez, Nazio Eztabaida Guneak “lanerako zein harremanetarako” garatu duen “tresna komunikatiboa” aurkezten digute: naziogunea.net.

Webguneak hiru atal nagusi ditu: Nazio Eztabaida Gunea, Nazio Eztabaida eta Nazio Estrategia. Era berean, Nazio Garapenerako Biltzarra, Konponbidea Sustatzeko Batzordea, Milakabilaka eta Gogoeta XXI-en inguruko informazioa ere aurki daiteke.

Zalantzarik gabe, “Euskal Herria aintzat hartzen duen eta bere etorkizuna eraikitzearen alde dagoen ororentzat zabalik” dagoen proiektua da. Eta sarera iritsi da, informazio iturri eta ekarpen eske.

Animo eta aurrera.

online ofimatikaz

Oporrak ere bukatzen dira. Ezer ez omen da betirako. Hala diote batzuek. Eta ez zaie arrazoirik falta. Duela ez hainbeste urte, Microsoft Office ofimatika pakete bakarra zela eta beti hala izango zela ematen zuen. Eta alternatiba librea [ OpenOffice ] baduen arren, inoiz ez dela bestea baino hobea izango pentsatzen genuen.

Gerora beharrak aldatu dira. Ez da nahikoa dokumentuak gure ordenagailuan izatearekin. Bizimoduak, azkartasunak, mugikortasunak… behar emozionalak eraldatzeaz gain, gure izaera teknologikoa ere aldatu du. Dena sarean behar dugu. Mugak deuseztatu behar dira: fitxategien alferrikako bidalketak eta sortzen diren kopiak saihestuz. Hortik sortu zen Google-n online pakete ofimatikoa, Google Docs [ en ] [ fr ] [ es ]. Eta horrelaxe argudiatzen dute bideo batean.

Denborarekin garatzen joan diren online pakete ofimatiko honek aurkezpenak egiteko aukera ere ematen du jada. Horrela eman zuten aditzera Google-ko blogean. Hau, eta aurreko aplikazioak, webgunean erakutsitako publizitatetik mantentzen dira. Hori da Google-n negozio eredua: softwarea zerbitzu bezala saltzea.

Microsoft-entzat mehatxu garbia da. Eta hasi da mugitzen, ito baino lehen. Horretarako, ordenagailuen fabrikatzaileek pakete ofimatiko bat hardware-aren barnean sartzeko aukera izango dute [ es ]. Honek ere publizitatea izango du diru iturri, baina ordenagailuak publizitate lehenetsia izango du instalatua. Hori bai, Internetera konektatzean, publizitate eguneratua hartuko du saretik.

Microsoft probatzen ari da: bere negozio ereduak epe luzera balioko dion edo ez. Eta Google? Zer da Google, gure behar teknologikoetara egokitzen den edo gure behar teknologikoak sortzen dituen enpresa? Erantzun ezak ere beldurra ematen du…