Frank

Horrela, abizen gabe. Zertarako. Bera da izarra, bera da hizki larriz idatzi beharreko Arkitektoa. Bi autobiografia idazteko kapaza izan zen mende tarteko pertsonaia. Giulius Caesarren antzera, bere buruari buruz hirugarren pertsonan idatzi zituen testuok. Rock’n'roll arkitekturaren aitzindaria, blues arkitektura oraindik asmatzeke zegoen garaian. Zer diozu? Gehry? Beno, Guggenheim bat eraiki zuen, bai, baina ez: gaizki zoaz!

Pertsonaia osoa izan zen Wright, polemikoa eta gizabanakotasunaren erakuslea. Bere bizitzaz hainbat liburu idatzi dira, edozein telenobelatatik ateratakoak diruditen pasadizoekin: lehenengo emaztea, sei seme-alaben ama, bere bezero baten emaztearekin joateko utzi zuen. Bi maitaleek Europara jo zuten, eta Franken ospea zeharo zikindu zen harrezkero (etxe eraikitzaile bat ezin omen zen familia suntsitzailea izan). Bere amaren heriotzarekin batera, dibortzioaren paperak sinatu eta emazte berriaren besoetan erori zen. Gero, tragedia: egoitza eta eskola zuen Taliesin etxean, burua galdu zuen zerbitzari batek bere emaztea, bi seme eta beste hiru pertsona sarraskitu, eta etxea erre egin zuen. Horra non, atsekabeak jota, doluminak emateko idatzi zion emakume batekin ezkonduko den. Baina emakumea morfinaren menpekoa zen (hori punteria, Frank!), eta sei hilabeteren buruan, banandu egin ziren. Azkenez, Montenegroko dantzari batekin eman zituen azkeneko hiru hamarkadak.

Wrightek beste batzuen iturritik edan zuen, arkitekturan uste baino sarriago izaten den maisu-ikasle harremanari etekina aterata. Louis Sullivan arkitektoaren estudioan egin zuen lan. Bere “lieber-meister”-ren (maisu maitea, Wrightek Sullivan deitzeko erabiltzen zuen formula) bitartez, arkitekturak izan dezakeen ildo soziala aurkitu zuen Frankek.

Sullivanek demokrazia berri batek eskatzen zuen arkitekturaren sortzailetzat zuen bere burua, nahiz eta kapitalismo basatiaren habi bihurtutako etxe-orratzen eraikitzaile temati bilakatu zen gerora.

Sullivanek eta Wrightek, hein handi batean, aurre-industrializazioa eta ondorengo gizartearen garaia irudikatzen dituzte. Beren lengoaia guztiz modernoa da, baita biek darabilten teknologia ere. Diskurtsoa da, hala eta guztiz ere, industrializazioaren kalakarekin bat ez datorrena.

Frank Lloyd Wirightek benetako arkitektura amerikarra nahi zuen. XIX. mendean, oraindik ere nerabezaroan zeuden Ameriketako Estatu Batuak eta hango lurra zeharkatzen zuen arkitekturaren erreferente formalak eta ikonikoak, gehienetan, Europatik eratorritakoak ziren. Errepublika berriaren jaiotzan, arkitektoa zen Thomas Jeffersonen eskutik, Erromako ondare ikonikoa harrapatu zen, historiaren armariuan kuxkuxeatuz. Wrightek, aitzitik, ideologia baten erakusgarri izan nahi zuen. Ez da gutxi, Frank!