Londres eta ni

Arkaitz Fullaondo soziologoaren mezu bat jaso dut posta elektronikoan, postdoc garaian zuen bloga berpiztu nahi duela esanez. Arkaitz soziologoa da, eta eskarmentu handiko profesionala, gazte den arren. Blogaren izenburua “Londres eta ni” da, eta hain zuzen ere, Architectural Association famatuaren doktoretza ondoko kurtso bat egin zueneko garaiaren bizipenak jasotzen ditu. Bloga bitakora polit bat da, eta seguro hemendik aurrera material interesgarriekin beteko dela. Hau guztia buruan, soziologoen irudia etorri zait burura, eta beraien zeregina arkitekturan.

Soziologia eta arkitekturaren arteko erlazioa, herrialde anglosaxoietan, espainiar estatuan baino askoz handiagoa da, “urban planner” irudia lekuko: urban planner bat hiriaren kudeatzaile bat da, ez da zehazki arkitektoa, ezta soziologoa ere, baizik eta gaitasun anitzetako profesionala: arkitektura, ingenieritza, soziologia, biologia, geologia, politika… Hiriaren eraketak baliabide hauek guztia ditu behar, eta argi dago arkitektoen irakaskuntza programak ez dituela betetzen. Mugimendu Modernoaren traza gure ikasketetan jaso dugunok hiria “forma” bezala ikusteko izan gara trebatuak, barnean dauden prozesu dinamikoak (hots, pertsonak), kontutan izan gabe.

EHAEOko hitzaldi baten osteko ika-mikan oso ideia polita atera zen, Teo Arkitekturako kide baten ahotik; arkitekturaren gainetik, hirigintzaren gainetik, paisaiagintza izango genuke, lurraldearen itxura aldatuko duen azkeneko bitartekari bezala. Gure pentsamendu “tradizionalean” (vade retro, Le Corbusier), hirigintza izango litzateke disziplina gorena, paisaiagintza horren menpekoa izanik; aitzitik, hirigintzak “forma” eta “jarioen” (pertsonak, ibilgailuak) ardura hartzen du, baina giza-egitura kontutan hartu gabe. Maiz, arkitektura eskolan, honako esaldiak entzuten dira, bai ikasle eta bai irakasleen ahotik: “Eraikinak honako koxka du, hartara erabiltzaileak (sic) beste aldetik pasarazteko“, edo “Honen bitartez, eraikinak hausnarketa eta isiltasunerako toki bat eskaintzen du“.

Soziologoek, honi, ingeniaritza soziala deritzote, baina eskola tradizionaleko arkitekto batek ohiko jardueratzat hartuko du giza “fluxu” edo jario horiek kontrolatu nahi izatea. Jakina, giza-mugimendu horiek bideratzea egotekotan, arkitekturaren disziplinatik harago dauden irakasgaietan topatuko dugu. Horregatik bilatu behar da, ezin bestean, estrategia berriak eratzeko kide profesional berriak.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *