Private Bagdad

Bartzelonako AV62 estudioak Bagdad hiriko Adhamiya auzoa suspertzeko ideia lehiaketa irabazi du. 7 milioi biztanle duen Irakeko hiriburuaren auzo suniak dimentsio erraldoiak ditu, 400.000 lagun bizi baitira bertan, eta hiriburuaren berraikuntzaren oinarri suertatu daiteke. Estudio katalanak Toño Foraster, Victoria Garrida, Pedro Garcia del Barrio eta Pedro Azara ditu buru, eta aurki abiatu beharko dira ekialdeko harribitxiaren alkatearekin eta lehenengo ministroarekin bilera egitera, enkargua jaso eta lanen azterketa hasteko asmoz.

bagdadEnkargu zaila izango da, dudarik gabe. Alde batetik, proiektua burutzeko ez dute auzoa bisitatzeko betarik izan, segurtasun kontuak direla eta, auzo «arriskutsua» baita: 2007an, Ameriketako Estatu Batuetako armadak lau metroko hormigoi xafla erraldoiz itxi zuen Adhamiya, erresitentziaren puntu beltza bilakatzen ari zen auzo sunian lehergailu eta armen horniketa geldiarazteko. Bestetik, Bagdadeko berreraikuntzan auzo xiiek izan dute lehentasuna, eta espazio publikoa egoera negargarrian da, egun.

Hain zuzen ere, kale eta hiriaren itxuraren berreskurapenak dira AV62 estudioaren ideia nagusiaren ardatz. Horrek bestelako zailtasun bat dakarkio proiektuari, mundu musulmanean, tradizioaren poderioz, kalea etxetik kanpo gelditzen zen hondar-espazioa besterik ez baita. Fernando Chueca Goitia arkitekto eta idazlearen hitzetan, «hiri publikoaren artean, polis grekoa, civitas erromatarra; eta mundu germaniarraren hiri domestiko edo etxetiarraren artean badago bestelako hiri bat, aurreko bien aurrean menderazina agertzen dena: hiri islamiarra, edo hiri pribatua». Greziar platonismoaren oinordeko dugun mendebaldeko hirigintzaren ikuspuntutik okerra den «barrutik kanporako» paradigma hau (hots, kaleak etxe-irlek uzten duten espazioa izatea, eta ez alderantziz) aldrebesa iruditzen bazaigu ere, munduko beste toki askotan hiriaren sorreraren oinarria da.

Mundu islamiarrean, egun, hirigintza modu autarkiko eta autoritarioan burutzen da: Dubai bezalako tokietan, plangintza urbanistikoak lur eremu zabalak hartzen ditu, bertako biztanleak indarrez atera, etxeak eraitsi eta zerotik marrazten da etorkizuneko hiria. Iraken, nolabait demokraziaren antzerkia burutzen den tokian, plangintzak jarrera demokratikoa aurkeztu nahi du; espazio publikoak eta kalea indartzeak horri erantzuten dio. AV62 estudioaren beste proposamen bat, betiere espazio publiko hori indartze aldera, itzalaren erabilpenean datza. Udan 50°C-ra igo ohi dira tenperaturak Bagdaden eta, Euskal Herrian bezalako toki euritsuetan aterpeekin gertatu bezala, itzalak sortzea kale bizia sustatzeko estrategia aproposa da eta, zergatik ez, jarrera demokratikotzat ere jo daiteke.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua.
©Baigorri Argitaletxea