Instant City

Daniel Liebeskind arkitektoari entzundako esaldi batekin hasiko gara: «Guk, arkitektook, etorkizuna hobea izan daitekeela pentsatu behar dugu». Arkitekturaren baitan dago, eta ezin dugu galarazi. Baikorra da arkitektura, bere izaeran topa daiteke. Baikortasun horrek balizko etorkizunak irudikatzera garamatza, agian sekula gauzatuko ez direnak, baina, behin marraztuak, errealak bilakatzen direnak.

instant_cities2Horregatik da arkitektura tresna, edo arma, politikoa. Historian zehar, kolore guztietako demokratek, faxistek, monarkikoek edo komunistek arkitektura erabili izan dute mundua nolakoa izango zen asmatzeko. Albert Speer nazien arkitekto bezala ezaguna zenak, Hitlerri 1936ko Joko Olinpikoetarako eraiki beharreko estadioaren planoak erakustean, beste irudi bat erantsi zuen; bertan estadioaren hondarrak besterik ez ziren agertzen, mila urte igaro balira bezala. Horrekin, Speerrek eternitatearen kontzeptua transmititu nahi izan zion Hitlerri, baita lortu ere.

Horrela sortzen dira bat-bateko hiriak, edo ingelesez «instant-cities»: Tupustean irudikatzen diren hiriak, normalean politikari baten «bisio» megalomaniako baten bultzada txikia erabilita. Nikolas Sarkozyk 2009 Grand Paris ekimena aurkezterakoan erakutsi bezala, estatuburu orok du, sakonki gordea bere baitan, historia liburuetan aztarna uzteko desioa.

Moskuko agintariek, bat-bateko hiri bat sortzeko asmoz, arkitektura lehiaketa bat zabaldu zuten urbi et orbi; 150.000 hektareatan zehar, hiria bikoiztuko duen ekimenaren atzetik hamar arkitektura estudio agertu ziren. Irabazle, OMA estudioa (Rem Koolhaas Pritzker sariduna aurpegi ezaguna duen estudioa).

Errusiako gobernuak, ohi bezain itxiak, ez du askoz xehetasun gehiago eman, baina detaileok ere tranpatiak izango ziren, asmo hutsak bailiran, eta ez gerora gauzatu beharreko errealitateak. Ekialdea utzi gabe, sobietarra izandako Georgiara egin genezake salto, bat-bateko hirien beste adibide bat dastatzeko asmoz: bost minutuko bideo batean, Georgiako gobernuak Anakliako hiriaren proiektuaren berri ematen digu, 2020rako etorri beharreko mirariak eta garapen perfektua azalduz.

Bideoak pasa den mendeko hirigintza astindu zuen funtzionalismoa oraindik indarrean dagoela frogatu besterik ez du egiten. Hamar minutuetan zehar, Marina d’Or zelakoaren publizitatea gogorarazten duen publizitate batek hiri idealaren deskribapena egiten digu: han, negozioetarako hiri-gunea, hor, etxebizitzak, merkeenetatik garestienetara banaturik. Hor, itsaso aurrean, hotel ilara ikaragarria. Hiriaren erdialdean, nonbait Central Park gogora ekarriz, zoologikoa eta aisialdi parkea bilduko dituen berdegune erraldoia.

Georgiar gajoak. Ezin zaie leporatu, Europako intelektualitatetik, ezer okerrik, gu ere bertan baikaude, iraganeko akatsak behin eta berriz errepikatuz.

Izan ere, hiria eraikitzea oso kontzeptu berria baita, ezen, historikoki, hiria “sortu” egiten baitzen, eta ez eraiki; prozesu organikoa zen, mendeetan zehar gertatzen zena eta kontroletik kanpo zegoena.

Boteretsuen kontuak, esan bezala bisioak aurkezteko moduak. Ju-Hyun Kim arkitektoak ere bere Manhattan irlaren interpretazioa egin berri du, Seward parkerako hiri birgaikuntzarako proposamenean. Oraingo honetan, arkitekto baten ikuspena izango genuke; Manhattan irlan hain desiratua izan daitekeen orube batean, Kimek mendi bat sortzea proposatu du. Hori da, mendi bat. Mendi magaletan, eta mendiaren azpian, merkataritza gune bat kokatuko litzateke, baina gainazalean geruza naturala sortuko litzateke, benetako mendia irudikatuz.

Bi ikuspegiok hiriaren itxura aurreikusten dute, gutxienez hamarkada bat aurreratuz. Hiria izaki konplexutzat daukagunontzako, aurreikuspen handiegia, akaso.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua.
©Baigorri Argitaletxea