Bebarru solidarioak

Gipuzkoako Gurutze Gorriak 2011. urtean egindako ekimen baten berri eman du, arkitektook adi irakurri beharrekoa: Donostiako Altza eta Larratxo auzoetatik hasita, eta bebarruak edo atariak lantresna hartuta, bizilagunen arteko elkartasuna sustatzeko programa bat burutu du erakundeak.

513 ataritan burutu den ekimenak 250 partaide baino gehiago inguratu ditu Gurutze Gorriak abian jarritako Ā«Komunitate-Osasunerako eta Atari Solidario SustatzaileĀ» ekimenera. Programa sinplea bezain argia da: beraien ustez, elkarbizitza da osasunaren lehenbiziko urratsa; mediku batek, kalean topatuko balu zauritu bat, atoan lagunduko lioke, dudarik gabe. Zergatik, orduan, Gurutze Gorrian lan egiten duen pertsona batek ez ditu bere gertukoenak -familiatik at, jakina- lagunduko? Eta zeintzuk dituzu gertukoago, zure eraikineko bizilagunak baino?

bebarruak

Abiapuntu horrekin, gipuzkoar bebarruetan sakabanatu ziren Gurutze Gorriko boluntarioak; atari bakoitzean elkarbizitza sustatzeko dinamikak prestatuz, bizilagunen bilerak egiteko lekuak topatuz -udal liburutegian, adibidez-, eta, oro har, oso ezagun baina oso ezezagun direnen arteko komunikazioa sustatu zuten. Emaitzak ezin hobeak izan dira, beraien esanetan.

Goazen Donostiatik Valentziara. Bertan, Gandian, Vicent Guallart arkitektoaren estudioak unibertsitateko ikasle gazteentzat eta adineko pertsonentzako konplexu bat eraiki du.

Gazteentzako 102 apartamenduek eta adinekoentzako 40 apartamenduek, batez beste, 45 metro koadroko azalera dute. Baina zer geratzen da bizilagunen arteko erlazioa sustatu nahi denean, halako planteamendu batekin?

Guallarten diseinuan, 45 metro horietako %20 komunitate espaziorako ematen da. Horrela, 45 metro horietatik 9 metro guztien erabilerarako izango dira, 918 metro koadroko toki komun bat sortuz. Elkarrekin banatzen diren metro horiek guztiek ez dute espazio erraldoi bat osatzen: lehenbiziko banaketa maila batean, hamabi bizilagunek elkarrekin egoteko 72 metro karratu dituzte; ondoren, beste espazio maila batera iritsiko gara, ehun pertsonek elkarren artean banatuko dituzten 300 metro karratuekin. Horrela, pertsona bakar batek 36 + 72 + 300 = 480 metro karratuko espazioa erabil dezake, intimitate gradu ezberdinekin.

Bi ekimenok, Gurutze Gorriko programa eta Guallarten diseinua, bateragarriak izan beharko lirateke. 70eko hamarkadan Erresuma Batuan jazo zen hirigintza brutalistak elkarbizitzarako espazioak planteatu zituen, eraikin kolektiboetan.

Egungo auzo txiroetako arkitektura horrek bizilagunen bizitza sustatzeko esfortzu ikaragarria burutu zuen, baina, nahiz eta agertokia eraiki, aktoreen falta igarri zen. Hor non agertzen dira Gurutze Gorriko boluntarioak, ekuazioaren aldagaia ebatziz.

Bizitzaren aktoreek beraien antzezlana egin dezaten antzokia besterik ez baita arkitektura.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *