Yona Friedman eta museoak

Museo bat aurkeztu du Rafael Moneok, hain kuttuna duen Universitas Studiorum Navarrensis campusean eraiki beharrekoa. Nahiz eta Iruñean eraiki behar duen museoa, Madrilgo plaza aukeratu zuen proiektua «urbi et orbi» ezagutarazteko. 2013. urterako espero da eraikinaren jaiotza, aurrekontuan agertzen diren 25 milioi euroak xahutu eta gero.

Museoaren berri izan nuenean, beste museo bat etorri zitzaidan burura: Leon hirian dagoen MUSAC eraikina (aipatu beharra dago, txiripa hutsaz bada ere, museo horretako arkitektoak, Tuñon eta Mansilla, Moneoren langileak izan zirela. Arrakasta itsaskorra izango ote?). Leoneko museoaren hormen artean, udazken honetan zehar, Yona Friedman arkitektoaren arte tailer bat burutu da, hungariar-israeldar-frantses utopistaren parte hartzea izan dugularik tartean.

yonafriedman

Nahiz eta lotura zeharkako moduan etorri, bi museoen burutapenak txinparta bat sortu eta burura etorri zitzaizkidan Friedmanen hitzok: «Museo bat ez da eraikin bat». Ekainetik irailera egindako tailerrean, Friedman hamaika kontzepturi buruz jardun da, Métropole Europe izendatutako ekimenaren barnean.

Hilabete horietan zehar, Friedmanek Europa ezker-eskuin zeharkatu beharko lukeen ahalmen handiko abiadura handiko tren sare bati egin dio gorazarre. Nire arreta, aldiz, ez du garapenkeriari egindako dei alegoriko horrek bereganatu, baizik eta MUSAC museoko esperientzia biltzen duen liburuan irakur daitekeen museoen inguruan egindako hausnarketak.

Zer demontre da museo bat? Zertarako balio du? Erakusleiho erraldoi bat besterik ez al da? Giza jakituriaren zati bat gorde eta babesteko erakunde zabal baten zatirik agerikoena besterik ez? Ekoizpen kulturalaren eta arte munduaren mafiaren produktuak kontsumitzeko tokia? Harategi kulturala? Hiritarren parte hartzerik gabe eratutako titaniozko kutxa erraldoia?

Antonio Lopez espainiarraren obra «jateko» Bilboko Arte Eder museoa leporaino bete duten ikusleak, ezbairik gabe, kontsumoko produktua dastatzera joan dira. Horretarako espazioa egokia da, oso. XIX. mendetik aurrera trazatutako eskema argi ikus daiteke: zuek han eta gu hemen, British Museum ospetsuak irekitako ildoaren segidan.

Friedmanek bestelako museo ereduak proposatzen ditu, ohikoa duen tonu utopista jarraiki; Italiako iparraldean dagoen Como hirian, adibidez, kaleko museo bat pentsatu zuen, non hiritarrek plexiglaseko kutxa hutsetan kokatuko zituzten beraien objektuak, arte lanak balira bezala; Parisen, ordea, Grafitien Museoa eraiki zuen, 2009. urtean, etengabe aldatzen zen performance-happening tankerako ekimena; Afganistaneko Bamiyanen, talibanek harrizko budatzarrok zartaraztean zoritxarrez ospetsua bilakatutakoa, afganiar zibilizazioaren museoa proposatu zuen, ibilde ireki batez artikulatua, behin budek okupatutako mendiko zuloa beteko zuena; berriz ere Parisen, «XXI. Mendeko Museoa» aurkeztu zuen. Azken horrek azalpen txiki bat merezi du, bide batez hungariar-israeldar-frantsesaren irudia ezagutzeko balioko baitigu: XXI. mendeko espiritua jasotzeko, Friedmanek ez du zilegi inongo «aditu» komisiok espiritu hori zer den erabakitzerik. Ville Spatiale proiektu utopista xede harturik, Friedmanek 100 urtez luzatuko den erakusketa prozesua proposatuko du, berez eraikiko den museo bat aurkeztuz. Museoa baino, auzoa. Auzo horren biztanleok, bost urtetik behin, ohiko elementu bat «museifikatuko» dute: postontziak, telefono kabinak, arbola bat… beraientzat garrantzitsua den zerbait. Hortaz, mendearen bukaeran, auzo-museo horrek mendeko hiri elementurik garrantzitsuenak izango lituzke bere baitan.

Friedmanek esandako guztiarekin gertatu bezala, hausnarketaren muinera jo behar dugu: aro berriko museoek, eta, bide batez, museo horiek inguratzen dituen arkitekturak, aurreko mendeetako trinkotasuna alde batera uzteko beharra dutela agertzen du.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *