Kontainerren paradoxa

Plazatik datorkigu, beste behin ere, etxebizitzaren krisia konponduko duen ekimena; honezkero hamaika bide berri ireki zaizkigu higiezinen burbuila zartarazteko, edo, hobe esanda, burbuilaren eztandak jaurti dituen adreilu puskak saihesteko: oraingo honetan berrerabilitako itsas garraiorako kontainerrekin etxeak egiteko ekimena dugu hizpide.

kontainer

Portuetako garraioetan erabiltzen diren altzairuzko kontainerrak oinarri, ContenHouse enpresa bizkaitarrak etxebizitza modularrak salgai jarri ditu. Kontainer horiek etxearen egitura osotzen dute, eta hainbat modutan gehitu, bildu, batu daitezke, hamaika etxe-tipologia sortzeko: familia bakarreko etxea, solairu anitzetako blokea… Publizitatearen arabera, oso «berdeak» diren etxeak lortzen dira, hots, ekologikoak, etxearen egitura osotzen dute, eta hainbat modutan gehitu, bildu, batu daitezke, hamaika etxe-tipologia sortzeko: familia bakarreko etxea, solairu anitzetako blokea… Publizitatearen arabera, oso «berdeak» diren etxeak lortzen dira, hots, ekologikoak, etxearen zatirik garestiena (bai ekonomikoki bai energetikoki ere) birziklatua izango baita.

Zer berri, zaharrak berri. Maria Antonia Trujillok, Espainiako Etxebizitza ministro izandakoak, 2005. urtean aipatutako 30 metro karratuko etxebizitzen segida, agian. Eraikuntzaren industrian garai zoriontsuak ziren horietan, aurrefabrikatutako moduluok txantxa hutsala izatetik ez ziren igaro. Azken finean, etxebizitzak eskuratzearen zailtasuna ez zetorren eraikuntza beraren prezio altuagatik, baizik eta lurzoruaren salneurri handiagatik. Espekulazio ziklo nazkagarri batean sartuta geunden, banketxeen kredituak emateko erraztasuna lagun, eta arazoa ez zetorren etxe berri gehiago egitean, baizik eta salmentaren prezioa murriztean.

A ze paradoxa; lurzoruaren prezioa jaitsi nahi baina horretarako eraikuntzaren prezioa murriztu. Ez al litzateke errazago mozkinak murriztea, eta hipotekei muga bat ezartzea? Kontainerren balioa ez da ekonomikoa bakarrik (hau da, eraikitzeko merkeak direla), energetikoa baizik (hau da, planetarako energetikoki merkeak direla). Zenbatu ezin daitezkeen euroak dira garrantzitsuak, hots, birziklatzeak dakarren ekonomia berde horren erantzuna. Euro horiek ez dira helduko eroslearen patrikara, agian, baina prozesuan kontuan hartu beharrekoak dira, ezbairik gabe.

Kontainerren burutazioaren jatorria pasa den mendekoa dugu: 1994an argitaratu zen «How buildings learn» (Eraikinek nola ikasten duten) liburua idazteko, Stewart Brand arkitektoak itsas garraiorako erabiltzen ziren kontainerrak moldatu zituen, etxebizitza moduan. Liburuan, bere burua moldatzeko eta errez hazteko gaitasuna zuen arkitekturari buruz hitz egin zuen Brandek, eta kontainerrok izan ziren horren adierazlerik onena.

Branden ostean arkitekto anitzek jaurti dute begirada eraikuntza elementu honen inguruan: Jure Kotnik esloveniarrak «Container Architecture» saiakeran agertu bezala, erabilera anitzetarako elementuak dira kontainerrak, eta horien inguruko berriak urtero-urtero errepikatzen zaizkigu hedabide espezializatuetan, baina erroak sakontzeko zailtasunak dituen sistema dela ematen du. Zergatik ez du, bada, etxebizitza aurrefabrikatuen ereduak esperotako arrakasta lortzen? Gurean ekimen serio bat baino gehiago egon dira, eta Jabyer Fernandez jaunaren Habidite enpresa da horren lekuko.

Garapenkeriaren semeak al dira modulu aurrefabrikatuak? Hain justu kontrakoa argudiatu omen dute eraikitzaileek. Berez, eraikuntza modularra, automozioan egiten den erara, oso eraginkorra da, hots, energia kontsumoa zeharo doitua dago. Eraikuntzaren gastua murrizten badu ere, eta horra berriro ere paradoxa, etxebizitzaren salneurria ez da asko jaitsiko, afera ez baitago eraikuntzan, lurzoruan eta ateratako mozkinetan baizik.

Horra tragikomedia, zauri gazi-geza: jabego sistema berriak sustatu beharrean, eraikuntza berriak egiteko ahaleginetan gaude, infra-etxebizitzaren muga oso ondo non dagoen jakin gabe.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea