Zaramari so

Zaramari kolektiboa osatzen duten Gorka Rodriguez eta Maria Aranarekin bildu naiz arkitektura, jasangarritasuna eta gizartea uztartzen duen proiektu bitxi honetaz gehiago jakiteko asmoz. Zuzendu diedan lehenengo galdera ildo horretatik dator: «Zuen lana arkitektura eta gizartearen arteko eragile bilakatzean datza, ez al da hala?».

zaramari copy

Beraien erantzuna ikusita, bete-betean asmatu dudala esango nuke. Bilboko Alondegian burutu berri duten Hiriplay ekimenak ere bide hori jorratzen duela argi dago; pasa den asteburuan zehar, neska-mutilei zuzendutako tailerrak burutu dituzte, hirigintza helburu eta bideo-jokoak aitzakia. «SimCity» bideo-joko ezaguna bitarteko, Zaramarikoek gaztetxoei hainbat balore erakusteko saiakera egin zuten, eta, bide batez, gure bizitzetan hiri jasangarri baten diseinuak izan dezakeen garrantziari buruz hausnartu. Alondegian bizitako abenturak kontatzen ari diren bitartean, atoan heltzen zait bigarren galdera: «Zer da, bada, hiri jasangarri bat?». Mariak, arkitektoa, inolako zalantza izpirik gabe erantzun du: «Hiri jasangarria hiri osasuntsua da, alderdi guztietan, ez bakarrik ekologikoan edo eraginkortasunari dagokionez. Logikak agintzen duen hiria da».

Alondegian burututako ekimenean, gazteen esku gelditu zen beraientzako eredugarria izan daitekeen hiriaren diseinua burutzea, ditxosozko bideo-jokoa lagun zutela. Nahiz eta egun energiaren kontsumoa eta garraioaren garrantzia hitzetik hortzera topatu, hiri-diseinua bezalako berebiziko esparruek ez dute behar besteko garrantzirik izaten; hor zegoen, hortaz, ariketa jostagarri honen xedea.

Zaramari taldearen izena «zarama» izenaren eta «ari» aditzaren loturatik eratorritakoa da; bi partaideen buruan, txikitatik, gauza zaharrak besterik gabe zaborrera botatzerik ez da kabitzen. Umeekin egindako bestelako ekimen batetan, HiriTrash deitua, umeek birziklaturiko kartoiekin eraiki zituzten eraikin idealen maketak, gerora bildu eta hiri propioa sortuz. Materialen berrerabilpena, arkitektura sormena eta hiriaren egituraren kontzeptuak uztartzeko modu polita bide batez.

Hurrengo galdera tupustean datorkit ahora: «Zein da, zuen ustez, hiriaren diseinuan zabortzat har daitekeena?». Berriro ere, erantzuna irmotasun berdintsuarekin iritsi da: «Erantzuna zure galderan dago. Zaborra hiriaren diseinu bera da». Gorkak harago jotzen du: «Bizi dugun gaindimentsionatutako hiri superkapitalista honetan, kontsumorako planifikatutako hiri honetan, diseinu gehiegi dago, baina kontsumoarekin harremana besterik ez du sustatzen».

Pare bat adibide eman dizkidate: Kukutza gaztetxeari buruz jardun gara, bai eta Zorrozaurren burutzen ari den ZWAP ekimenari buruz. Bilbo Zaharrean sortu berri den Espacio Plazari buruz ere aritu gara. Horiek denek ezaugarri bat dute komunean: ez dute espazioaren erabilera merkerik burutuko.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *