Etxebiz-Hitza Donostian

Egunkarietako orrialde lizunetan topa daitekeen istorioa dirudi, baina aste honetan Estatu espainolean jazotzen diren desjabetzeen tragedia hedabideen portada bilakatu da. Burua galdu duen sistema ekonomiko eta sozial baten beste kontakizun bat dugu Berangoko Kukullaga baserrian gertatu dena. Dakizuenez, aitite-amama bikote batek 2006an 25.000 euroko kreditua eskatu zuen, dirua berehala ematen duten banku ikusezin horietariko batean. Maileguaren baldintza latzak direla eta, agureak baserria galtzeko zorian egon dira, desjabetze mekanismoa abian baitzegoen. Zorionez, auzia bertan behera geratu da oraingoz, Berangoko Udala baserriaren kargu egingo baita, bikoteari ustiaketaren eskubidea emanez.

ststrecivic copy

Ez da adibide bakarra Euskal Herrian, eta gutxika egunkarien «ekonomia» ataletik «gertaeren» atalera mugitzen ari diren berriak dira desjabetzeak. Espainiako epaitegietan aurkeztutako desjabetze prozesuek marka historikoa lortu zuten urtearen bigarren hiruhilekoan, 16.464 izateraino heldu baitziren, igaro urtean baino %21,2 gehiago, alajaina.

Kukullaga eta desjabetzearen tragedia hori orain dela 75 urte hasitako drama baten azkenengo kapitulua besterik ez da. Espainiar Gerra Zibilarekin batera, Jose Luis Arrese bezalako arkitekto falangistek gizartea eraldatzeko borondate finkoa erakutsi zuten: maizterrez osaturiko 1940ko gizarte hori jabeen gizarte bilakatzeko asmo garbia izan zuen Francoren erregimenak, jabetza bat bere gain hartzen zuen pertsona «arduratsuagoa» zelakoan, hots, kontrolatzeko errazagoa.

Ez nabil hemen jabegoaren edo alokairuaren ereduen artean erabakitzeko eskatzen; hamaika etxebizitza-eredu daude aukeran, gezurra badirudi ere. Hurrengo astelehenean bertan, urriaren 17an, Donostiako CRAJ aretoan, Etxebiz-Hitza izeneko plataformaren eskutik bestelako etxebizitza eredu bat aurkitzeko beta izango dugu, Kataluniatik datorkigun Sostre-Civic ekimena aurkeztuko digutelarik.

Etxebiz-Hitza plataforma hainbat eragile sozialek eratu dute eta eztabaida eta ikerketarako foro bat dugu; sindikatuak (EHNE, LAB, STEE/EILAS) edota etxebizitzaren afera bere gain hartu duten herritar erakundeak topa ditzakegu (Kepasakonlakasa) bertan.

Beste alde batetik, beren proiektua aurkezteko asmoz ekarri duten Sostre-Civic ekimenak oinarritzat hartzen du ipar Europatik datorren «andel» (danieraz «konpartitu») sistema. Erabilera Kooperatiboan oinarritutako etxebizitza eredu hau luze erabili da Eskandinavian eta Latinoamerikan, eta Katalunian hartu zuen indarra, nahiz eta krisiak Cerdanyolan egin beharreko ekimena zapuztu, edo gutxienez atzeratu.

Proposatutako sistema honetan, eroslea kooperatiba baten parte bilakatzen da, baina etxebizitza erabiltzeko eskubidea besterik ez du irabaziko. Ordainetan, oso prezio murriztu batean erabili ahalko du etxebizitza, baina ezingo du, inolaz ere ez, etxe hori espekulazioaren zikloan sartu. Hori da ohiko kooperatiben aldean egon daitekeen desberdintasunik handiena; horiek, berez, etxebizitza jabego klasikoa indartzen baitute.

Planteamendu arazo bat, jakina. Nolatan ez naiz izango, baina, nire etxearen jaun eta jabe? Jabegoaren sistema hain dago gure nortasun kolektiboan errotua, ze bizi dugun lurrikara ekonomiko honek soilik astin ditzakeen aurreko belaunaldiek lagatako dogma eta aurreiritziak.

Sostre-Civic plataformak honako tratu hau proposatzen digu, 50 urterako egungo hipoteken aurrean: 6.000 edo 12.000 euro inguruko gordailua eman ondoren, eta 300tik 700 eurora bitarteko kuota ordaindu eta gero, etxea erabiltzeko eskubidea eskuratuko duzu. Alokairu merke bat? Bai, baina ez; jabegoa ez da hirugarren pertsona baten esku geratuko, zeu izango zara parte, biztanle moduan, jabegoaren egituran.

Baina hortxe geldituko da, espekulaziotik at. Eta ezin izango duzu ez saldu, ez azpialokatu. Zure oinordekoei erabilera-eskubidea trasmititzeko aukera izango duzu, ordea. Eta hobe da erabilera eskubide hori, 75 urterako hipoteka baino.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *