Ondare industrialaren bigarren bizitza

Kukutza gaztetxearen auziak pasa den mendeko ondare arkitektonikoaren berreskurapenaren inguruko arazoa jarri du agerian eta, bereziki, hiri-bilbean txertatutako hainbat eta hainbat eraikin industrialen balio arkitektonikoaren gaineko begirada ematera garamatza.

Akaso, esango duzue, gaztetxearen alde etsi-etsian egindako azkeneko saiakera izan daiteke, baina Bilboko ondare industrialak pairatutako prozesuaren adibidea dugu Errekalde auzoan jazo beharrekoa; guztiz egokia den arkitektura lan bat, are gehiago, balio sozial eta historikoa duen arkitektura lan bat, inongo eragozpenik gabe eraistear dago. Katalogazioetatik harago, eraikina baliotsua baita.

ondareindustriala

Eraispen hau jarduera industrialera eskainitako eraikin batek jasan behar badu ere, bestelako tipologiek ere bizi izan dute eraldatze-prozesuren bat edo beste: udal merkatuen kasuan, La Bretxa edo San Martin merkatuak ditugu Donostian; Bilboko kasuan, aldiz, Erriberakoa… Eraikinaren izaera hainbat modutan errespetatu da adibideotan, baina «zaharberritzeak» baino -hots, gauzak bere horretan uztea, beharrezko konponketak egin ostean-, «birgaitzeak» egin dira. Horrek, kasurik okerrenean, eraikin osoa bertan behera eraistea eta zerotik hastea esan nahi du, guztiz egokiak ziren eraikinak alboratuz.

La Bretxa merkatuaren birgaitzean egindako handipena. Kalean tuperware bezala ezaguna

La Bretxa merkatuaren birgaitzean egindako handipena. Kalean "tuperware" bezala ezaguna

Eraikin industrialen kasuan are eta okerragoa izan da azkenengo bi hamarkadetan jazotakoa; iragan industriala ahalik eta azkarren ahaztu nahian, Bilboko eta inguruko udalek XIX. eta XX. mendeetako hainbat maisulan suntsitzea baimendu dute, tartean Santa Maria de Boluetako fabrika, Sefanitro fabrika, Bilboko Biltegi Frankoa…

Arkitektooi zenbaitetan onartzeko zaila egiten bazaigu ere, XIX. mendeko eta XX. mende hasierako arkitekturarik ederrenetakoa industriala izan zen, hots, arkitektoek burutzen ez zuten hori. Eraginkortasuna eta ekonomia ikur hartuta diseinatutako egiturak ziren, baina balio estetikoa galdu gabe. Garai horietako zubiek, negutegiek, merkatuek, fabrikek horrela frogatzen dute: Estatu espainiarrean agertzen diren Güell koloniak, Aymerich, Amat eta Jover fabrikak (Katalunian) edo Bizkaiko Zubia horren adierazle dira.

Kukutzaren aldeko eskutitza sinatu zuen Mikel Toralek, Kulturaren Sustapenerako Eusko Jaurlaritzako zuzendariak, oso modu politean azaldu zuen bezala, hiriaren baitan hiritarren arteko nahasketa eta hartu-emana sustatzeko espazioak beharrezkoak dira. Gizarteak espaziook modu naturalean hartzen dituela ere gaineratu zuen.

Hain zuzen ere, eraikin industrialak (kutsaduraren afera gaindituz gero, jakina), bestelako erabileretarako egokitzeko aproposak dira, beraien tipologiaren baitan jarduera ezberdinei egokitzeko ahalmena baitago. Iñaki Azkuna berak, gaztetxearen inguruan egindako adierazpenetan, «industria pabilioi bat alokatu behar» zutela adierazi zuen.

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *