Arkitekturaren okupazioa

Bilboko Kukutza gaztetxetik zetorren posta jaso dut gaur goizean [oharra: idazki hau, jakina, ekainean idatzi nuen, dexente berandutu bainaiz ere sarera igotzen], interneteko posten hautsak harrotuz ziztu bizian doan gezia bezala. Usurpazio salaketari aurre egiteko atxikimenduen eske zetorren eskakizuna.

Antza, gaztetxeko asanbladak zehaztu ahala, gaztetxea kokatzen den eraikina saltzeko asmoa du jabe den eraikuntza enpresak, salerosketa askeko etxebizitzak egiteko asmoz. Bide batez, Bilboko bizitza kulturala kitzikatzen duen zentro okupatu autogestionatua haizea hartzera bidaliko dute.

KUKUTZA

Gipuzkoako eta Euskal Herri osoko beste zentro okupatu bat datorkit burura, hura ere eraispen arriskuan 2008tik geroztik: Bonberenea etxea, ezbairik gabe, euskal kulturgintzako erreferente bilakatu da, eta eredu bat nazio mailako gaztetxeentzako. Arazoa orain dela zenbait urte abian jarritako San Esteban-Laskorain Goikoa eremurako plangintzarekin etorri da, Bonberenearen egungo kokalekua arriskuan jartzen baita.

Nahiz eta Udalak beste kokaleku bat proposatu, jarrera politiko trinkoa erakutsi dute gipuzkoarrek; lehenengo okupazioa egin zutenetik, 1999ko abenduaren 23an, okupazioa alternatiba politikoa izan daitekeela aldarrikatzen ari dira, hiritarrek, botere publikoetatik at, ekintza kulturalak, sozialak eta politikoak jorratu ditzaketela frogatuz.

Arkitektorik gabeko arkitektura da gaztetxeetan gauzatzen dena; 1964an, Bernard Rudofsky (1905-1988) arkitektoak idatzitako «Architecture Without Architects» saiakeran, tokiko arkitekturaren definizio bat azaltzen zuen, arkitektura tradizionala aztertzeko idatzitako bere liburuaren hasieran. Bere aburuz, arkitektorik gabeko arkitektura kolektibitate batek eginiko bat-bateko eta etengabeko ekintza zen, elkar partekatzen zuten oinordekotza baten ondorioz.

Liburuan, herri-arkitekturaren sorrera eta garapena aztertzen da. Arkitektura hau, plangintzarik gabekoa, atzetik inongo teoriarik gabekoa, paisaia «ederren» sortzailea da: gure alde zaharrak, mendi puntan gordetako herrixkak, baserri multzoak. Urtetan zehar, arkitekturaren historia aztertzerakoan, herri-arkitektura hau gaitzetsia izan da, eta gizateriaren jatorria azaltzeko orduan adibide jasoagoak hartu dira kontuan. Mikel Laboak abestu zuen bezala, «Hain ospetsua zen Bizanziok, jauregiz besterik ez ote zuen bertako jendearentzat?».

Hain zuzen ere, okupazioek tarte hori betetzen dute. Tankera orotariko mugimenduen grinatik sortzen da okupazioa, maiz fidagarriak ez diren botere publikoetatik alde egiteko erreakzioa bezala. Kolektibitate bera da, asanbladan, auzokideentzako arkitektura bat moldatuko duena, denon mesederako.

Hiri eta bizitza eredu berri bati ekiteko posta bidali didate gaur goizean. Bertan, plangintza arrotzez nazkatuta dagoen kolektibitate baten itxaropena topatu dut.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *