Bi hormako arkitektura

Aurrekoan, frontoiei buruzko hausnarketa polit bat irakurri nuen LHAB blogean. Zera zioen: «Frontoia herriko plazaren gehigarri bihurtzen da, bere azalera bikoizten du, eguraldi txarretik babestuz». Artikulua laguntzen zuen irudian babes ofizialeko etxebizitzen zozketa baten argazkia ikus zitekeen. Ez da hori frontoiek jasaten duten erabilera aldaketa bakarra: herri bazkariak, kontzertuak, merkatuak, erakusketak, umeen jolasak, aterpea, babesa, biltzeko tokia…

Tipologia anitzeko frontoiak ditugu ikusgai mundu osoan zehar, baina gaurkoan bat ekarri nahi nuke plazara bereziki: Bizkaia frontoia, Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak harri bitxitzat dutena, hain zuzen ere. Proiektuak frontoien tipologiaren berrikuspen bat nabarmentzen du, Azkoitiko Oteiza frontoiek edo Debako Aldats frontoiak markatutako ildo beretik.

Frontoiek arkitektoen oso gustuko gaia azaleratzen dute: espazioak nola sortu. Peiokeria, diozue? Espazioak berez osotzen direla eta ez direla zertan «sortu» behar? Ez dut uste horren erraza denik.

Hasteko, horma behar da. Hor hasten da gizakiaren eta naturaren arteko lehendabiziko gatazka. Herrietan, beharrezko tamaina, geometria eta iraunkortasuna izango zituzten hormak elizen murruetan besterik ez zituzten topatuko. Eliza eta frontoia, horra plazaren hasiera.

Herria eta arkitektura, beraz, lotuta egongo dira leku jakin horretan, baserriaren tipologian familia eta arkitektura lotuta dauden bezala.

Luis Peña Gancheguik Gasteizen eta Donostian proiektatutako frontoietan, herriaren eta hirigintzaren uztarketa hori zuen xede. Hain zuzen ere, Gasteizeko Foruen plazako proiektuaren kasuan, herri kirolen gorazarre ideologikoa egiten zeneko garai batean errotzen da proiektua.

Azkoitiko frontoiek, Carlos Lopez Ceballos arkitektoaren eta Anton Mendizabal eskultorearen elkarlana, ildo beretik jotzen badute ere, eraikin bakana -eta ikusgarria- lortzeko desioa hiri bilbearen baitan txertatzekoa baino askoz handiagoa da. Frontoien ideiaren muinean barneko espazio propio bat sortzeko desioa dago, Euskal Herriko lurralde guztiak adieraziko dituzten sei frontoi txikien batuketa zorabiotsuaren bitartez.

Bizkaia frontoian, Javier eta David Gastonek eta Marcelo Ruizek aurkeztutako proiektuak herriaren eskala hiriaren eskalagatik aldatzen du; jada ez da bilatuko hiri bilbe trinko batekin loturarik (alde zaharretan gertatu ohi bezala), baizik eta Miribilla bezalako Bilboko auzo berri eta «txepel» batekin oreka formala bilatuko da.

Horrela ba, frontoiak ez du tokiz kanpoko keinurik erakutsiko, eta, formalki, oreka mantenduko du, umiltasunez eta inguruarekiko errespetuz. Materialaren aukeraketak soilik egingo du ikusgarri urrunetik ikus daitekeen harri beltzezko bolumentzarra. Gogor, indartsu agertuko da Bilboko hegoaldeko sarreran, baina sekula ez harroputz.

Bolumen izugarri hori modulatze aldera, arkitekturan mendeetan zehar erabilitako baliabide batez baliatu dira arkitektoak: oinalde edo zokalo bat eratu dute, lurrarekin trantsizioa leuntzeko eta bolumenaren eskala modu egokian txertatzeko. Goi partean, aldiz, estalkia desagertzen da, eta harri beltz izugarri horretan koska batzuk besterik ez dira ikusten, barneko trinketaren eta frontoiaren argizuloak, hain zuzen ere.

Argizulo horiek ematen diote fatxadari, nire ustez, duen potentzia: argizuloek harri beltzarekin egindako kontrasteak harri betea harri huts bilakatzen du. Donostiako Kursaal jauregiak bezala, eguna bukatu heinean Bizkaia frontoiak ere barneko espazioak sortutako argia kanpora ateratzen du, hutsaren eta betearen arteko elkarrizketa sortuz.

Elkarrizketa hori, tamalez, bakarrizketa bat da, bai behintzat frontoi tradizionalekin alderatuta; frontoi tradizionalek herrietan zuten txertatzeko modua plangintza modernoen erruz -edo esker, beste zenbaiten ustez- desagertu egin da, bere buruari so egiten dioten eraikin bakartiak lagaz.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *