Hondakinen arteko arkitektura

Egunotan, hondamendien inguruan -politikoak, militarrak edota naturalak- aritu gara etengabe. Maiz entzun ditut, egunotan ere bai, egia borobila diren hitzok: lurrikarek ez dute inor hiltzen, eraikinak dira jendea hiltzearen arduradunak. Hondamendi naturalek arkitekturaren funtzio primarioa erasotzen dute: dagoena desegiten dute, eta berriro ekin behar diogu eraikitze lanari; tokia New Orleans, Port-au-Prince, Sichuan, Kobe edo Sendai deitu, emaitza beti da berdina.

shigeru_ban

Ikuspegi asko har daitezke Japonian gertatu dena aztertzeko; japoniarren eraikinen teknologiak txunditu gaitzake, eraikinok 9,0 graduko lurrikara bat jasan baitute. Zinez ikusgarriak dira atzera eta aurrera mugitzen diren etxe orratzak eta eraikinak agertzen diren bideoak, Toyo Ito arkitektoak sinatutako Sendaiko mediateka ospetsuarena kasu. Filmaketa horiek ikusita, Japoniako lurrikaren kontrako legedia munduko zorrotzena dela agerian geratzen da.

Lurrikarek bi mugimendu eragiten dituzte eraikinen egituran: aurrera eta atzera jotzen duen mugimendu bat, eta gora eta behera egiten duen beste bat. Egituren kalkuluan, ingeniari eta arkitektoek eraikinaren zurruntasun globala hartzen dute kontuan. Zenbat eta zurrunago, are eta okerrago kanpoko energia zurgatzeko.

Hobeto uler dezazuen, eguneroko adibide bat: ume baten hezurrak ez daude gogortuta oraindik, baina malguak dira. Aldiz, helduon hezurrak, gogorrak badira ere, hauskorrak izaten dira arrazoi horrexegatik. Ondorioa: ume baten hezurrek energia asko zurgatu ahalko dute, nahiz eta ez izan helduon hezurrak bezain gogorrak.

Japoniako etxe orratzekin antzeko zerbait jazo da; eraikinek, zimenduetan, material malguz egindako zapatak zituzten, eta pieza horien bitartez ekidin ahal izan dituzte atzera-aurrerako eta gora-beherako mugimenduak lurrikarak sortutako energia pieza malgu horietan sakabanatzen zen bitartean. Zurruntasun horri malgutasuna eransten ez zaionean, iaz Haitin edo 2008an Txinan izandako lurrikarek eragindako hondamendia gertatzen da eraikinei dagokionez.

Badira Japoniako hondamenditik atera daitezkeen bestelako irakasgaiak ere. Uraren Nazioarteko Eguna ospatu dugula gogoratuz, ordea, kostaldean etengabe eraikitzen ari garen gizartea garela ere azter dezakegu: gizateriaren erdia baino gehiago hiri-guneetan bizi da, eta kostaldeak dira, hein handi batean, populazio kopuru handienak biltzen dituzten lur eremuak. Tsunami baten aurrean arazoak egon daitezke, baina ur hornidura gabeziak are eta arazo larriagoa suposatzen du, ezbairik gabe.

Hondamendien ondorioez ere hitz egin dezakegu. Haitiko errefuxiatu baten eta Sendaiko baten artean ezberdintasunak izanagatik, denek behar dute gauza bera: hasierako babesa, merkea, eraikitzeko erraza eta gizaki baten oinarrizko premiak aseko dituena. Hor topa ditzakegu Shigeru Ban bezalako arkitektoak, mundu mailan ezaguna dena larrialdi eremuetan aldi baterako soluzio arkitektonikoak ezartzeagatik. Bere obren artean oihartzun handiko zenbait topa daitezke, hala nola Hannover Expo 2000 erakusketarako egindako Japoniako pabilioia, edo Pompidou-Metz zentroa, Frantzian.

Banek hainbat hondamenditan hartu du parte azken urteotan: Haitiko lurrikaran, Thailandiako tsunamian… Horietan irtenbide oso originala planteatu du: kartoizko egiturak -hodiak eta xaflak- ditu lanabes, baita garagardo botilak gordetzeko erabiltzen diren plastikozko kutxak ere. Sutearen kontrako tratamendu bat erantsiz -kartoia da, gogora dezagun-, kartoi hodiek errefuxiatuen kanpin dendaren oinarrizko egitura osatuko dute.

Haitin, Banek Dominikar Errepublikako arkitektura ikasleak izan zituen kide egitura horiek muntatzeko. Japoniako hondamendiaren kasuan, non errefuxiatuak kirol instalazioetan sartu ahal izan dituzten, Banek familien arteko intimitatea bermatzeko tabike edo trenkada sistema bat jarri du hiritarren esku. Bere web orrialdean dirua biltzen ari da, egitura horiek banatu ahal izateko.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *