Arkitekturaren gauzak ordenatzeko mania bitxia

Arkitektook dena antolatzeko mania bitxia dugu; kontrolpean izan nahi dugu gauza oro, akaso gure ogibidearen ondorio gisa. Ordena hori gizartera zabaltzen dugunean, ordea, kontraesanak topatzen ditugu: nola ordenatu bizitza, biztanleriaren desioak? Ordena gabeziak, arkitekturan eta hirigintzan, sekulako deskalabruei eman die bidea; Francoren garaitik datorkigun garapenkeria-sistema honen hastapenetan, erregulazio urbanistikorik kasik ez zegoen garaian, hirian kalitate oso eskaseko guneak eraiki zituzten: dentsitate handia, kale estuak, zerbitzu publikoen gabezia…

Bestalde, gehiegizko erregelamenduak ere hiri-eredu aldrebesa, eta gerora ikusi den bezala, anti-jasangarria sortzen ditu: aurreko artikuluan hitz egin nizuen arkitektura «satanikoari» buruz, hots, funtzionalismoaren esanak hitzez hitz betetzen zituen hori: han jan, hemen lan, eta hor bizi. Eredu horrek garraio eta energia kostu handiak dakartza, eta hiri tradizionalaren itxura suntsitzen du.

arkitekturaren gauzak ordenatzeko copy

Arestian aipatu dudan antolatzeko mania bitxi hori ziztatuta, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza-diseinu edo tipologia berriak garatzeko ideia lehiaketa antolatu zuen 2008ko uztailean. Lehiaketaren helburua honakoa zen: planteatutako diseinuetan etxebizitza, eraikina, bi horien arteko lotura, eta eraikinaren eta hiriaren arteko lotura ulertzeko moduaren inguruko hauen egungo eskakizunei erantzutea.

Irabazleak eta hautatutako obrek argia ikusi dute Sailak ekoitzitako argitalpen txukun batean; bertan azaltzen diren guztiek, aho batez, arazo berdina azpimarratzen dute, eta hori azaltzeko lehenengo accesitaren irabazleen hitzez baliatuko naiz: «Etxe batean bizi den familia-nukleo egonkorraz ezagutu izan dena aldatu egin da eta orain askoz ere konplexuagoa da errealitatea, eta batez ere, aldakorragoa».

Proposamen guztiek hartzen dute kontuan malgutasuna, jasangarritasuna eta familia ereduen aniztasuna. Planoetara eramateko orduan, eraikuntza (zurruna) eta gizartea (mugikorra) kontzeptuen arteko dikotomia ebazteko, nukleo «gogorra» duen eraikinaz baliatzen gara; nukleo erresistente horren inguruan, hainbat disposizio har ditzaketen geruzak kokatzen dira. Hau da; eskailera, atondura-hodiak, igogailua, eta abar erdigunean jarriko dira (baita horien menpeko diren gela umelak, sukaldea eta komuna adibidez ere), eta bizitzeko gelak fatxadari so antolatuko dira. Bestelako geruzak izan daitezke: eguzki izpiak iragaziko dituen geruza, geruza begetala, negutegi efektu bioklimatikoa lortzen beirazko geruza, eta abar.

Malgutasuna agertzen da, etengabe, proposamen askoren helburu; denboraren menpeko funtzioa da etxebizitza, gure familia beti aldatzen joaten baita: bakarrik nago, norbaitekin biltzen naiz, seme-alabak izan ditugu, banandu egin naiz, seme-alabak nirekin gelditzen dira, gero badoaz kanpora ikastera, bikote berria topatu dut, seme bat gurekin bizitzera dator eta bere bikotea ekarri du… eta abar.

Dena arautzeko mania bitxi honek gauza onak eta txarrak ditu, jakina. RIBAren arabera (Erresuma Batuko arkitektoen elkargoa), eraikuntzaren esparruak munduan ustiatzen diren energien eta baliabideen %50 erabiltzen du; nabarmena da, obra bat ikusi duen edonorentzat, ustiaketa hori oso modu ez eraginkorrean egiten dela.

Eusko Jaurlaritzaren ekimena, hortaz, zuzena eta beharrezkoa da. Sustapen publikoko etxebizitzek eredu aldaketa bat aurkeztu behar dute, behargin publikoen lan-baldintzak ere eredugarriak diren bezala.

Arazoa, ordea, lubaki edo trintxeraren beste aldean dago; pladurrez osatutako etxerik nahi al du inork, nahiz eta adreilua baino material mila aldiz eraginkor, isolatzaile eta ekologikoagoa izan? Proposamenok eskaintzen duten malgutasuna nahi al dugu? Edo jada zaharkitua den kontzeptu bat errepikatuko dugu, behin eta berriz?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *