Arkitektura satanikoa

Zer izan dezakete komunean Stanley Kubrick, Esperanza Aguirre, Le Corbusier, Karlos Galeseko printzea, Rufino Basañez edota Enric Miralles bezalako pertsonaiek? Ba, gezurra badirudi ere, denei leporatu zaie arkitektura satanikoaren jarraitzaile amorratuak izatea. Beno, gezurra, denei ez. Charles Mountbatten-Windsor jatorrak arkitektura satanikoari aurre egin zion, edo gutxienez ozen adierazi bere aurkako jarrera: «Arkitektura horrek gauza baterako balio du bakar-bakarrik: Luftwaffearen bonben jomuga izateko».

Hasiera batean hitzok Robert Venturik National Galleryn egin beharreko handitze lanen harira bota zituela pentsatzen nuen arren, gerora ulertu nuen Karlosek 70eko eta 80ko hamarkadetan eraikitako arkitektura modernoari muzin egiteko esan zituela.

Satanismoaren txantxa hau biziki gustuko ditudan blogari batzuen idazkietatik dator; Vicisitud y Sordidez blogean, Madrilgo eta mundu osoko arkitektura «satanikoa» salatzen dute, modu ezin dibertigarriagoan. Blogariontzat, arkitektura satanikoa zera da: hiritarraren beharrei so egiten ez dion arkitektura, xede estetiko eta espekulatiboen menpe bakarrik dagoena. Horrela ba, satanismoaren altzoan hormigoizko lautada amaigabe horiek izango genituzke -zuhaitzik gabeak, jakina-, edo hiritarrarentzat inongo segurtasun sentsaziorik sortzen ez duten lurpeko pasadizoak, edota modu klonikoan zabaltzen diren sobietar tankerako bloke paralelepipedo berdintsu horiek, nahiz polígono, PAU edo banlieue izenpean etorri.

70eko hamarkadara bidaia egitea, hitz gutxitan esateko. Hain zuzen ere, «brutalistak» izan ziren estilo hori Europa kapitalistan txertatu zutenak, batez ere -eta indar handiz- Erresuma Batuan. Bertan, Stanley Kubrickek, oso satanikoa izan zen bere «Clockwork Orange» maisulana filmatzeko orduan, Londreseko hegoaldean den Thamesmead auzora jo zuen. Bertako aintzira artifizialean filmatu zen pelikulako eszena famatu hura, non Alex pertsonaiak bere kideak uretara botatzen dituen. Interneteko zirrikituetan, Le Corbusier da Satanasen mesias berria. Agian ez zaie arrazoirik falta. Benetako hika-mika sortu da Interneteko foroetan; dudarik gabe, gozagarria da hiritar normalak -hots, arkitekturaren «barita magikoak» ukitu gabeak- arkitektura hizpide dutela nola aritzen diren ikustea, baita analisi zorrotz eta gupidagabeak nola egiten dituzten egiaztatzea ere.

Le Corbusier eta beste hainbesteren mandatuei begira, 60ko eta 70eko hamarkadetako hirigileak hiri-erabilerak banatzen hasi ziren; hemen lan, hor jolastu, eta, han, bizi. Gainera, etxebizitza behar larria zuen II. Mundu Gerraren ondorengo Europan, babes ofizialeko hamaika barruti eraikitzear zeuden. Horrek, Frantziako banlieue erraldoiek ondo baino hobeto frogatu duten bezala, ghettizazio prozesu bat dakar, XX. mende hasieran bilatu zen espiritu higienista edo garbizalea guztiz deuseztatuz. 50 urte geroago, eta ideologia oso ezberdin baten eskutik (diruaren boterea, hain zuzen ere), halako «satankeriak» burutzen dira han-hemenka. Madrilen azken urteotan eraikitako PAUek (gazteleraz, Programa de Actuación Urbanistica; euskaraz, Hirigintzako Jarduera Programa) satanismoaren postulatu asko bete dituzte, hurrenez hurren. Izenak hainbat dira: Sanchinarro, Las Tablas, Carabanchel, Vallecas, Seseña… Horietan, arkitektura eskoletako ikasleek argazki kamera digitalekin arkitektura mugarri berriei argazkiak ateratzen dizkieten bitartean, bizilagunek hiri-bilbearekin loturarik ez duten auzoetan topatzen dituzte beraien buruak, ia erabilera nahasketa gabe (hau da, hiri-zentroetan egon ohi den behe solairu komertziala… hots, betiko herri edo alde zahar normala).

Zenbait arkitektura «guruk» beraien diseinurik iraultzaileenak agertzen dituzten bitartean (hor daude, esate baterako, Foreign Office Architects, MVRDV edota Pritzker saria jaso zuen Thom Mayne), bizilagunek itoginekin borrokatu behar dute, garraio publiko gabeziarekin edota saldu gabe, eta, ondorioz, hutsik, gelditu den auzo berriarekin.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *