Herri bat sortzeko arkitektura

Oso gutxitan topatuko dugu Aro Modernoan, hain epe laburrean, horrenbesteko jenialtasun eta kreatibitatea. Oso gutxitan ezagutu du Historiak sentsazio, pentsamolde, gizartea, ideal eta teknikaren arteko horrelako talkarik. Emaitzak bikainak izan ziren, oraindik ere garaikideak, teknikoki paregabeak, biziak.

gaur8«Konstruktibistak» deitu izan diete, baina beste izen ugari izan dituzte: produktibistak, suprematistak, errusiar avant-garde, mistizistak… Erakunde eta akronimo anitzen atzean topatu ditugu: Proletkult, Agitprop, Asnova, OSA, edota SA. Izen propioak ere badaude, mordoxka gainera: Tatlin, Leonidov, Shukhov, Ladovsky, Melnikov, Lissitzky, Guinzburg, Gabo, Malevich…Azkenean, ordea, maskara horien guztien atzean, garrasi ozena entzuten zen: garai berriak!

Konstruktibismoei buruz Bartzelonako CaixaForumen dagoen erakusketak gaiari beste begirada bat luzatzeko ideia eman zidan; eskola garaian, beste europar abangoardiekin batera ikasi genuen errusiar konstruktibismoa. Zenbaitentzat modernitateak ekialdean hartu zuen itxura besterik ez zen, Mugimendu Modernoaren beste adar bat.

Baina Europa mendebaldeko hainbat arkitektok euren gizarte idealen mesedetarako proiektuak paperean izkiriatzen zituzten bitartean, Errusiako Melnikov, Shukhov, Tatlin eta abar Sobieten lurraldea eraldatzeko prozesuan murgildu ziren, identitate eta egunerokotasun berriak eratze aldera. Baita lortu ere.

Orotariko proiektuak egon ziren, idealistagoak, formalistagoak, abstraktuagoak. Konstruktibismoa zen Shukhov ingeniari eta arkitektoak 160 metroko altueradun irrati dorrerako erabili zuen kontzeptua: azaleko begirada batek makinaren gorazarrea topatuko du, baina propaganda zabaltzeko makina bat zela gogora ekarri behar dugu; geometriaren esklabo zen, baina betiere geometria herrikoia, iraultzailea zen. Konstruktibismoa izan zen, era berean, nahiz eta funtzionalismo oro ukatu, Vladimir Tatlin arkitektoak Hirugarren Internazionalaren Monumentua proiektatzeko aukeratu zuen estiloa. Bertan, Malevich eta gisako artista plastikoek garatutako hiztegi formala agertzen zen: puntua, planoa, marra zuzena…

Salaketa eta pentsamolde aldaketa sorrarazteko, El Lissitzkyk konstruktibismoa erabili zuen. «T» formadun etxe-orratzek Manhattaneko erraldoien antza hartu nahi zuten, baina sozialismoaren helburuetara bideratuta. Horrela, hiriko morfologian etxe-orratzek zuten zentzua irauli egin nahi zuen Lissitzkyk, eta hirien sarreretako garaipen arkuena ere bai.

Konstruktibismoaren bitartez ikertu zuten OSA taldeko kideek Sobiet Batasun jaio berriak pairatzen zuen etxebizitzen gabezia. Talde horren partaide batek, Moisei Ginzburg-ek, konstruktibismoa erabili zuen Narkomfin eraikinen diseinuan, alde batetik Malevich edo Kandiskyren puntu eta marraren geometria jokoak erabiliz, eta bestetik, gerora Europa osoan erabiliko zen etxe barruko banaketa tipologia erabiliz: korridore zentrala, eta bi fatxadetara ematen duten duplex gurutzatuak. Le Corbusierren modukoa, alajaina.

Azkenik, iraultza sozialari akabera emateko, Konstantin Melnikov-ek Rusakov Club, langileentzako klub baten diseinua konstruktibismoaren prismatik sortu zuen. Gizarte berri batek erabilera berriak exijitzen zituen, eta gerora arrastoa laga duen arkitektura oro bezala, konstruktibismoak tipologia berrien sorrera bultzatu zuen.

1920-1930 bitarteko garai horrek (Lenin hiltzean, Stalinek «klasizismo sozialista» ezarri beharreko autarkiarentzat estilo egokiagoa izango zela erabaki arte, hain zuzen ere) Europako mendebaldeko abangoardiek lau hamarkadetan bizi izandako garapen berdina izan zuen; ideiak eta mugimenduak bata bestearen atzetik joan ziren, txinparta elektrikoak bailiran. Sozialismoaren makina elikatuz.

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *