Eta Tindaya Anboto deituko balitz?

Eduardo Chillida eta Tindaya mendiaren auziak hautsak harrotu ditu beste behin ere, donostiarraren familia eta Kanaria uharteetako instituzioen ordezkariak Hernanin bildu baitziren pasa den astean. Mahai gainean, inoiz abian, baina inoiz geldirik egon ez den proiektuari astindua emateko borondatea.

Chillidak, 90eko hamarkadaren hasieran izandako ikuskari edo bisio baten ostean, Fuerteventurako mendia zulatzeko asmoa azaldu zuen: 50 metroko dimentsioko kubo batek maxoen mendi sakratuaren erraiak eguzkia eta ilargia ikusteko behatokia bihurtu ditu, Tolerantziari (sic) monumentua eratuz.

tindaya

Chillidak agertu zituen irudiak zirraragarriak ziren, magikoak ere bai; arkitektoentzat totema zen Chillida, Oteiza, Michael Heizer edo Serrarekin batera. Eskultore hauek arkitektoek debekatua zutena -baina era berean beren baitarako desiratzen zutena- egiteko baimena zuten: formari adierazkortasuna eman, formaren eraketa Arte bilakatu. Tindayaren kasuan, ordea, eskulturaren mugak gainditu izan zituen Chillidak bere proposamenarekin, eta arkitekturak egunero aurre egin behar dien arazoekin egin zuen topo. Jose Diaz Cuyas, «Acto arte» aldizkariko zuzendariaren hitzok ondo azaltzen dute afera: «Chillidak mendia arazo formaltzat hartzen du, eta horrela kitsch-ean erortzen da. Gizateriari omenaldi bezala planteatzen du, baina obra honen ikuslea ez da gizateria izango, turista baizik».

Mitoak gizartearen baitan daude; hauek gabe, ez legoke gizarte eraketarik. Tribuko xamanak, gaueko iluntasuna argitze aldera, sugarren aurrean mundua azaltzen duenean sortzen dira mitoak. Mito horiek, zenbaitetan, kokaleku geografiko jakin bat izaten dute, eta, oso sarritan, mendien itxura hartzen dute kokalekuok: Kailas Tibeten, Sinai Egipton, Koya Japonian, Chimborazo Perun, Anboto haitza Bizkaian… Fuerteventuran Tindaya dugu.

Maxo herriak -irletako jatorrizko biztanleak- aztarnak laga zituen mendiaren tontorrean, eta Tindaya zentro kultural garrantzitsua izan zelako susmo sendoak daude egun. Zenbaiten ustez, maxoek erritualak burutzeko tokia zen Tindaya, leku magikoa, hortaz.

Mendiaren barnean topatu zen marmola ere magikoa zen, zenbaitentzat: urteetan zehar, mendiari bere azala kentzen ibili dira asko, eta irletako hamaika eraikin jantzi dituzte maxoen azal magikoarekin: Oscar Tusquets-ek burututako Alfredo Kraus auditoriuma, kasu.

Mitoak, beraz, ekonomiaren kontra borrokatu behar izan du luze; hasiera batean, harria ustiatu nahi zutenen kontra. Gerora, turismoa helburu (arte eta tolerantzia aitzakia batekin badator ere) zuten ekimenekin. Hori baita gakoa: turismoa. Kanarietako gobernuak Fuerteventurarako erakargarria izango den mugarria bilatzeko grina du. Baina zalantzak (edo ezetz esateko arrazoiak) hainbat dira: 2004ra arte ez ziren lehenbiziko zundaketa geologikoak egin, «ikuskariaren» egokitasun teknikoa frogatze aldera. Ordura arte, egin zitekeen edo ez jakin arte, Kanarietako gobernuak diru publikoa erabili zuen ideiaren promozioa sustatzeko (hamar urteko publizitate publikoa, jakina denez, diru asko da). Beste zalantza handi bat maxoen arrastoen ingurukoa da, ez baita hauen katalogazio egoki bat burutu; etxeko komuna egin duen edonork jakingo duen bezala, obra bat -txikia edo handia- egiterako orduan alboan kalteak eta apurketak egoten dira.

Chillidak mendia salbatzeko desioa zuen, meatze-ustiaketei amaiera emanez. Horretarako, Tindaya magikoan tenplu bat eraiki nahi izan zuen. Tenplua, ordea, jada eginda dago, ez dago gehiago eraiki beharrik. Mendia bera da, berau zaindu, aztertu, ikasi eta maitatu beharra dago, besterik gabe. Non legoke magia sarrera bat bederatzi euroren truke ordaintzean? Ordu laurdeneko bisitaldi batean lepoko mina sortu arte gora begira egotean? Etxera 100 argazki digitalekin itzultzea, lagunei bueltatzeko? Mitoa non legoke? Non magia?

Ibai Gandiaga Pérez de Albéniz
Gaur8-ko erredakzioan orraztua. © Baigorri Argitaletxea

Post a Comment

Your email is never published nor shared. Required fields are marked *